BESTE KRISI BATEN ATARIAN DAGO BABCOCK EUSKAL HERRIAN


2002ko irailaren 08an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Kezkati ageri dira Trapagarango Babcock Borsing España (BBE) enpresako enplegatuak, berriro ere beste estualdi bat etor dakiekeelakoan. Jakina denez, Babcok Borsing (BB) multinazional alemanak erosi zuen Babcock Wilcox (BW) enpresa, aurrez eta ondoz ondo INI eta SEPI erakundeek kudeatu zuten jabetza publikoa, eta haren segida-edo da ekipamenduzko ondasunak ekoizten dituen Euskal Herriko lantegi hori. Jakina da, halaber, 80ko hamarkadaz geroztik beti krisian eta etengabe lanpostuak urrituz ezagutu dugula denok Babcock Wilcox enpresa publikoa, eta, pribatizatu ostean ere, hau da, duela hamar hilabete BB talde alemanaren eskuetara pasatu eta gero, 500 lanpostu suntsitu direla enpresa horretan: 1.150 langile ziren hasieran eta 650 dira gaur egun. Aurrekoak horrela izanik eta multinazional alemanak pagamenduak etenda dauzkala ikusita, ez da batere harritzekoa langileen buruhaustea.


ALARMA SEINALEEZ OHARTURIK, ATZERA JO ZUTEN BANKUEK.

Joan den ekainaren erdialdean igarri ziren lehen seinaleak: enplegatuen nominak pagatzeko likidorik gabe zebilen BB multinazional alemana. Hurrena, uztailaren 5ean, holdingeko 61 enpresetatik 25 aitortu zituen pagamenduen etenean izeneko egoeran. Egitate hori publiko egin zenean, areagotu egin zen larritasuna. Benetan, ordea, zer ari zen gertatzen? Bada, halako batean, finantzako erakundeak jabetu ziren multinazionalaren Frankfurteko Burtsako akzioek bizkor zihardutela balioa galtzen, eta bere kasa edo laguntzarik gabe utzi zuten taldea. Bestalde, Klaus Lederer presidentearen erabaki batetik etorri zen beherako joera hori. Arduradun nagusi horrek salgai jarri zuen HWD ontziolako akzioen %25, eta Ipar Amerikako banku batek erosi zuen parte hori, orduan nahiz orain ezezaguna den inbestitzaile baten izenean. Saldu aurretik, submarino ez atomikoak fabrikatzen espezializatutako ontziola horixe zen BBren negoziorik errentagarriena eta gainera taldeak kontrolatzen zuen gestioa, zeren bera baitzen akzioen %51ren jabe.

Horren segidan, berriz, beste berri hau jakin zen: aurrerantzean, multinazionaleko kargua utzita, HWD ontziola kudeatzen bakarrik arituko zen BBko presidentea. Gehiengoa galdu ondorengo erabaki horrek korapilatu egin zuen dena, lehenaz gain. Halatan, finantzako erakundeei iruditu zitzaien BBren diru egoera kaskarragatik zihoala ihesi lehendakaria, eta ukatu egin zioten taldeari finantzatzeko iturria. Orduan, BBko kudeatzaileek publiko egin behar izan zuten beren egoera: nominak pagatuko bazituzten, 200 milioi euro behar zituzten kreditutan, eta, bankuek eman ezean, ez zeukaten aurrera egiterik. Kontuak horrela, hauteskunde garaian egonagatik, Alemaniako Gobernuak berak hartu zuen parte, baina bankuek ez zuten aintzat hartu presio politikoa eta BBko arduradunek aitortu egin behar izan zuten pagamenduen etenaldia.


AURRERA SEGITUKO OMEN DU EUSKAL HERRIKO FILIALAK.

Etxe nagusiak pagamenduak etenda dauzkanez gero, zer gertatuko zaio Euskal Herriko BBE enpresari? Trapagarango BBEko arduradunek diotenez, beren enpresan ez dago "ordaindu ezinik geratzeko arriskurik". Bestalde, badakigu SEPI erakundea saiatu dela BB taldeari "pagamenduen etenaldia aitortzeko ez beharrik, ez asmorik dutela" dioen idatzia sinarazten, baina ez dakigu gorabehera hori zertan den.

Gertakizunen harira, ezkerraldeko enpresa horretan ordezkaritza duten sindikatuak ere berriro ari dira aztertzen zer kondiziotan pribatizatu zen eta multinazional alemanak nola eskuratu zuen. Alde horretatik, gogorarazi dute SEPIk Euskal Herriko egoitzaren bost urteko funtzionamendua bermatzeko letra izenpetu zuela pribatizazioko akordioan. Orduko dokumentu hura kontuan izanik, BBEko sindikatu handienak, UGTk alegia, berriro jabetza publikoko enpresa bihur zezatela eskatu zuen uztailean, irizten ziolako etxe nagusiak Alemanian pagamenduen etenaldia aitortu izanak pribatizazioaren porrota erakusten zuela eta multinazional alemana finantza ahuleko konpainia zela egiaztatzen. Ordea, ez dirudi oso erraza denik berriro Espainiako Estatuaren jabetzara bihurtzea. LAB eta ESK sindikatuak, adibidez, ez datoz oso bat enpresa batzordeko gainerako ordezkaritzekin. Bi erakunde horiek duda-muda handiak dituzte Euskal Herriko filialaren geroaz, zeren, diotenez, alde bakar batek ere ez du argi zehazten benetan zer kondiziotan saldu zitzaion enpresa publikoa multinazional alemanari.
Behin BB talde alemanaren pagamenduen etena gertatuta, epaileek izendatutako administratzaile bati dagokio orain multinazionala sektoreka antolatzeko eta bultzatzeko plan berria onartzea. Joan den abuztuaren 31rako bukatua izan behar zuten egitamua, baina orain diote irailaren erdirako edo amaituko dutela. Multinazionalaren egoitza guzti-guztien geroa definitu beharra daukatenez gero, plan horretan agertuko da Euskal Herrikoarena ere.


BESTE ZUZENDARITZA BAT.

Enpresa publikoa erosi zuenean, multinazional alemanak ordeztu egin zuen lehengo zuzendaritza. Sindikatuek diotenez, talde berria oso kaltegarri gertatu da enpresarentzat, edo, bestela esanda, multinazional alemanak enpresa arriskuan edo galbidean jartzeko pertsona egokienak izendatu zituen. Sindikatuen iritziz, zuzendaritza horrek ez du ezertxo ere egin edo bete: ez lan komertzialik, ez agindutako transferentzia teknologikorik, ez agindutako prestakuntzako planik. Hitz batean esanda, hutsaren hurrengoa bakarrik. Kontuak horrela, hala sindikatuek, nola SEPI erakundeak, eskabide bera egin diote multinazional alemanari: alda dezala oraingo zuzendaritza. Itxura batera, ematen du zerbait egiteko prest daudela edo zerbait egiten hasi direla. Adibidez, badirudi egoitzako lehendakariordeak, Carlos Vento jaunak, zuzenduko duela hurrengo taldea, betiere etxe nagusitik burujabeago jokatzeko eta lan komertzial beregaina egiteko helburuarekin. Gaur egun, etorkizun oneko merkatua dute Espainian zentral elektrikoek, eta kondizio horixe izango litzateke ezkerraldeko enpresako zuzendaritzak berebiziko aldaketa egiteko oinarria.


BETI KRISIAN.

Gaurko BBE, hots, lehen Babcock Wilcox zena, krisia krisiaren gainean izandako enpresa da, eta beti diru publikoaren laguntzaz atera izan da zulotik. Ondasun ekipamenduzkoak ekoizteko Trapagarango enpresa hori jabetza pribatukoa zen 70eko hamarkadan, eta 5.000 lagun inguru enplegatzen zituen. Arian-arian, garai hartan ere pagamenduen etenaldia egon zen, eta orduko huraxe da lehen krisi ardurakoa. Jaitsaldiari aurre egiteko, garai hartan Euskal Herriko enpresa garrantzitsuenetakoa zena aitzineratzeko, noraezekoa izan zen Espainiako Estatuaren esku-hartzea.

Lantegi horretan ezarri zuten, hain zuzen, enpresak salbatzeko lehenbiziko plana: 52 urtez gorakoentzako erretiro aurreratuetan funtsatzen zen egitamua, eta izugarrizko dirutza gastatu zuen fisko publikoak. Geroenean, sektore batean eta bestean, plan bertsua baliatu zuten krisian zeuden hainbat enpresa publiko aurrera ateratzeko: ontzigintzan, siderurgian eta abar. 80ko hamarkadan, jada enpresa publikoa zela, eta behin PSOE gobernura iritsita, askoz enplegatu gutxiagorekin funtzionatu zuen BW enpresak, eta pixkanaka aldendu egin zuen krisia. PSOEko gobernuak izendatu zuen lehendakaria edo enpresako kargudun gorena. Batetik, enpresa batzordeko UGT sindikatuko kidea zen jaun hori, eta bestetik Bizkaiko PSOEko goi karguduna. Lagun horren gidaritzapean, irabaziak ematen hasi zen enpresa eta hala segitu zuen urte batzuetan. Tartean, dena dela, ustelkeriazko kasu zenbait ere gertatu zen, eta ez zioten on handirik egin enpresari.
Boterean PP txandatu zenean, gobernu berriak beretako bat izendatu zuen, eskualdatzea prestatzeko. Enpresa saneatzen 600 milioi eurotik gora xahutu ondoren pribatizatu zuten BW; orduan aldatu zen BB multinazional alemanaren eskuetara. Orain, behin behar eta, berriro krisian da lehen BW eta orain BBE deritzan enpresaA.

Endesaren esku dago egoitzaren geroa
Egungo egunean, Endesaren esku dago Euskal Herriko BBE enpresaren geroa, hau da, bere garaian jabetza publikotik pribatura aldatu zuten beste enpresa baten ardurapean, zeren konpainia elektriko horixe baita ezkerraldeko enpresaren Espainiako bezero onena. Esate baterako, oraintsu esleitua zion bi zentral elektriko eraikitzeko eta abian jartzeko lana, Palman bata eta Kanaria Handian bestea, eta sinatzear zuten bi aldeek 300 milioi euro inguruko kontratua. Hitzarmena, dena dela, BB multinazional alemanaren etxe nagusiak eta Duro Felguerak negoziatu zuten, zein, bestalde, etenean jarri baitzuen Endesak joan den uztailean. Euskal Herriko egoitzako sindikatuek bitartekari aritzeko eskatu diote SEPI erakundeari, Endesak hitzarmena alde batera utz ez dezan. Gainera, izenpetzailea BBE enpresa izatea nahi dute, hau da, Euskal Herriko filiala bera eta ez Alemaniako etxe nagusia. Orain, elektrikako enpresa espainolaren erantzunaren zain daude

Multinazional alemanaren zifra eta datu funtsezkoak
Alemaniako Babcock Borsing (BB) multinazionalak 22.000 enplegatu inguru dauzka mundu guztiko 60 konpainia baino gehiagotan banatuta. Multinazionalaren Trapagarango filialean, hots, Bilboko ezkerraldeko enpresan, 650 lagun enplegatzen dira. Diotenez, 22.000 lanpostu horietatik 12.000 bakarrik geratuko dira, antolamendu berria abian jartzen dutenean.

Aurtengo uztailaren 5ean aurkeztu zuen multinazionalak pagamenduen etenaldia: 800 milioi eurotik gorako zorra aitortu zuen. Etenaldi horrek holdingeko beste 25 enpresari erasan die.
BW pribatizatu ostean, duela 10 hilabete sortu zen Babcok Borsing España (BBE) enpresa, Euskal Herriko filiala. Orduan, 1.150 lanposturekin hartu zuen talde alemanak, eta 500 murriztu ditu epe laburrean. Espainiako SEPI organismo publikoaren esku egon zen pribatizatu aurretik, eta erakunde horrek 600 milioi euro gastatu zituen saneatzen.
Energiarekin eta ingurumenaren tratamenduarekin ikuskizun duten ekipamenduak eraikitzen edo fabrikatzen aritzen da batik bat multinazional alemana. Gaur egun, ez dauka ontzigintzako jardunik.
Babcock Borsingen Euskal Herriko filialak, orain, Repsoleko eta Txinako zenbait ekipamendutan dihardu lanean. Euskal Herriari dagokionez, Bilboko portuko Bizkaiko Badiako zentral elektrikoa eraikitzen ari da


Azkenak
2025-07-29 | Gedar
609 langile kaleratuko dituzte Ezkirozko BSHn

Plantillak baiezkoa eman dio aurreakordioari, eta, printzipioz, urte hau amaitzean itxiko dute fabrika.


Gasteizko lorezainek lau hilabete bete dituzte greban, Jaurlaritza eta Enviser enpresa aurrean manifestazioa eginda

Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik. 


Álvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia errudun jo dute iruzurra eta eroskeriagatik

2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izan zenari gutxienez lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiokete. Auzitegi Gorena 2018an hasi zen ikertzen Uribe, Ivan Cepeda senatari ezkertiarrak jarritako salaketa batean lekuko ziren hainbat paramilitarri... [+]


Israeldar kolono batek ‘No Other Land’ dokumentala grabatzen lagundu zuen aktibista palestinar bat hil du Zisjordanian

Yinon Levi izeneko kolonoak Odeh Hadalin aktibista hil du Zisjordania hegoaldean. 'No Other Land' dokumentala grabatzen lagundu zuen Hadalin, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen martxoan. Kolono hiltzailea palestinar lurraldeak okupatzeagatik AEBetako zigor... [+]


2025-07-29 | Mikel Aramendi
Analisia
Kanbodia eta Thailandia, gerra-plantak egiten?

Arma astunekin elkarri erasoka lau egun eman ondoren, baldintzarik gabeko su-etena adostu dute Kanbodiak eta Thailandiak, Malaysiaren bitartekaritzarekin, Kuala Lumpurren egin duten aurrez aurrekoan. Ezingo dute akabera hori ikusi bonbardaketetan, alde batean zein... [+]


Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Eguneraketa berriak daude