ARROPA ZAHARRENTZAT AUKERA BERRIA


2002ko irailaren 01an
Gaur egun birziklapenaren aroan bete-betean gaudela esan dezakegu. Gure inguruko kaleetan ia mota guztietako elementu, produktu eta osagaiak biltzeko edukiontziak ditugu. Etxeetan ere birziklapenaren kultura ezarri da eta hainbat txoko egokitu ditugu papera, beira, plastikoa eta abarrentzako. Baina birziklapenaren ohitura ez da atzo sortutako zerbait, zenbait elementuren birziklapena betidanik egin baita. Arropa adibidez, belaunaldiz belaunaldi pasatuz joan da edo bizilagunen artean ere elkartrukatu da. Hori ez al da arropa birziklatu edo berrerabiltzea? Dena den, gauza guztiak bezala arroparen birziklatzearen prozesua eta sistema erabat garatuta eta modernizatuta dago orain. Modernizazio honen nondik norakoak ezagutzeko asmoz, arroparen birziklapenaren munduan murgilduko gara ondorengo lerroetan.


Hilean 50.000 kilo arropa.

Gipuzkoan arropa birziklatzen duen enpresetako bat Errenterian dagoen Oldberri da. Sarea Fundazioaren bitartez Gipuzkoako Caritasek bultzatutako kooperatiba da Oldberri. 2001eko ekainean eratu zen Donostia eta inguruko hainbat herritan lan eginez. Jesus Mari Garate Sarea Fundazioaren zuzendari nagusiak dioenez oso eremu mugatua hartu dute lanerako, Tolosa, Zarautz eta Irun elkartuz osatzen den hirukia, hain zuzen. Guztira, hiruki geografiko horretan 75 edukiontzi banatu dituzte, baina euren asmoa edukiontzi kopurua gehitzea da. Hiruki geografikoaz kanpo, Alegia eta Lazkaon ere edukiontziak dituzte.
Edukiontzi horietatik at parrokietan utzitako arropa ere jaso eta sailkatzen dute, izan ere jende asko oraindik ohituta dago arropa poltsa parrokietara eramaten. "Gure aiton-amonek txikiak zituzten arropak parrokiara eramaten zituzten behar zuen jendearentzat. Elizaren ingurunea, parrokien bitartez arropa birziklatu duen lehenengoa izan da" jarraitu du Garatek.
Parrokietako bilketa ia Gipuzkoa osoan hedatua dago. Herri batek parroki arropategia izateko baldintza batzuk bete behar dira. Lehenik eta behin boluntarioak behar dira, parrokian biltoki bat ireki ahal izateko eta honela arropa jaso eta behar duen jendeari lagundu ahal izateko. Eta parroki guztietan ez dago behar adina boluntario. Parrokietan jasotzen den arropa gehiena Oldberrira eramaten den arren, parrokiak berak askatasun osoa dauka nahi duena egiteko jasotako arroparekin. Askotan aukeraketa egin ondoren, parrokiko premiadunen artean banatzen dute arropa.
Oldberrik lehen lan urte honetan bere helburuak gauzatzea lortu du. Bost lanpostu eratu dira eta helburu ekonomikoak ere lortu dituzte, bilketa pentsatzen zutena baino askoz ere handiagoa izan baita. Gaur egun edukiontzi eta parrokietan bildutako arropa kontuan hartuz, hilean 50.000 kilo inguru biltzen dute.

Oldberriren jatorria.

Sarea Fundazioaren ondorioetako bat da Oldberri kooperatiba. Fundazio honen helburua lana bilatzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzea da eta Oldberriz gain beste proiektu batzuk gauzatu dituzte. Sarearen proiekturik ezagunena Jazkilan, jantzigintzako tailerrak dira. Proiekturik zaharrena da, garatuena dagoena eta lanpostu gehien sortzeko aukerak ematen dituena. Sarea eta Gipuzkoako Caritasekin batera Bizkaiko Caritasek ere parte hartzen du Jazkilanen. "1998an, Jazkilan nahiko garatua zegoela ikusirik, Caritasek lanerako fundazio bat eratzea pentsatu zuen, ardura zuzenean Caritasek eraman beharrean fundazioak izango zuelarik. Honela sortu zen Sarea", azaldu digu Garatek.
Jazkilanez gain Sarearen bitartez Caritasek beste kooperatiba batzuk bultzatu ditu, besteak beste, Sutondo catering enpresa, Press plantxako enpresak (Basaurin eta Errenterian), Jazkitek ehungintza kooperatiba eta Oldberri.
Jesus Mari Garatek garbi utzi nahi izan du enpresa horiek guztiak autonomoak direla, ez direla Sarea Fundazioarenak. Kooperatiba bakoitzak bere entitate juridikoa dauka. Dena den enpresa horiek askotan bere kabuz baliabide nahikoa ez dutenez, azpiegitura osatzeko laguntza jasotzen dute.

Plantxatzeko arropa bila.

1996-1997 inguruan, Press Basauri plantxa kooperatiba martxan jarri aurretik, plantxa ikastaroa antolatu zen. Ikastaroa egin ahal izateko janzkiak behar zituztenez, parroki arropategietara jotzea bururatu zitzaien. Batetik plantxatzen ikasiko zuten eta aldi berean, bildutako arropa garbitu, higienizatu eta plantxatu ondoren, beste itxura batekin jasoko zuten behar zutenek. Halaber, eskatzen zena baino askoz ere arropa gehiago jasotzen zutela ikusirik, buruari bueltak ematen hasi ziren: "Zer egin dezakegu arropa horrekin? Lanpostu berriren bat sortzeko aukerarik egongo ote da?" Bizkaiko Caritasekin, eta Traperos de Emaus eta Rezikleta birziklapen enpresekin harremanetan jarri ziren, baina lehenengo saiakerak porrot egin zuen. Gipuzkoako Caritasek Oldberri proiektuarekin aurrera bakarrik jarraitzea erabaki zuen eta azkenean iazko ekainean kooperatiba martxan jartzea lortu zuten.

Arropa nola birziklatu?

Edukiontzi nahiz parrokietan bildutako arropari irtenbide bat baino gehiago bilatzen zaio. Bilketa egin ondoren, arropa sailkatu eta aukeratu egiten da. Mota guztietako arropa heltzen da, baina batez ere egoera onean eta txukun dagoena. Berriro janzteko balio duen arropa, garbitu eta plantxatu ondoren, kalera ateratzeko prest dago. Arropa barra-barra biltzen da. Gizarte zerbitzu eta gizarte laguntzaileen bitartez beharra duen jendeari helduko zaio arropa eta gainontzekoa salgai jarriko da. Donostia eta Zarauzko Kintzin, Bidezko Merkataritzako produktuak saltzen dituzten bi dendatan dago Oldberriren arropa salgai. Hernanin eta Irunen jartzen den kale azokatan ere aurki daiteke bigarren eskuko arropa hau. "Bigarren eskuko arropa erosteko ohitura gure inguruan oso errotua ez dagoen arren gorakada nabari da azkenaldian, batez ere gazteen artean" azpimarratu du Garatek, Sarea Fundazioaren zuzendariak. Balio ez duen arropa zapiak egin eta ehun gisa berriro erabiltzeko baliatzen da. Kaleko jendeak emandako arropaz gain, Oldberrira hainbat ehun enpresako jantziak ere heltzen dira. Modaz nahiz denboraldiz kanpo dauden gaiak heltzen dira bigarren aukera emateko. Arropa eman duen enpresarekin ez lehiatzeko, ez da inoiz enpresako marka erakutsiko produktuaren salmenta zuzenean. Bestetik, batez ere kirol jantziak direnean ahal den neurrian, herrialde behartsuetara bidaltzen saiatzen dira.
Edukiontzi eta parrokiak alderatuz, pareko arropa kopurua biltzen den arren, edukiontzien bilketan goranzko joera nabaria da. "Lehen arropa parrokietara eramaten zuen jende askok orain edukiontzietan uzten du, gauza berbera dela dakielako" dio Garatek. Arroparen birziklapenean arazo gehien ematen duten gaiak oinetakoak dira, batez ere merkaturatzeko orduan. Oinetako bat garbitu eta higienizatzea askoz ere zailagoa da. Dena den irtenbidea bilatu diote. Hainbat enpresak oparitutako oinetako berrietatik zati bat salgai jartzen dute eta gainontzekoa beharra duen jendeari ematen zaio.
Dena den, Garatek, Sarea Fundazioko zuzendariak uste duenez, arroparen birziklapenaren merkatua jaioberria da oraindik, garatze prozesuan dago

Bigarren eskuko altzariak
Buru-belarri sartuta gauden birziklapenaren aro berri honetan mota guztietako elementuak birziklatzen dira. Helburua ahalik eta produktu gehien berreskuratzea eta berrerabiltzea da. Honi buruz asko dakite Galdakaon dagoen Rezikleta enpresan, izan ere papera, kartoia, arropa, altzariak eta beste gauza mordo bat birziklatzen dute han.
Inmaculada Acero Rezikletako koordinatzaile komertzialak adierazi digunez, eurek ekonomia soziala bultzatzen dute:"Rezikleta proiektua ingurumenean, boluntario taldean eta gizarteratzean oinarrituta dago". Kooperatiban langileen %40-50 gizarteratzeko arazoak dituen jendea da. Ekologia mailan, ingururumena zaindu eta babesten dihardute, hiri hondakin solidoen birziklapen eta berreskurapenari ekinez. Duela hamar urte, papera eta kartoiaren birziklapena egiten hasi zen enpresa honek kontsumo arduratsua sustatzen du.
Etxeko tresna elektrikoak, altzariak eta liburuak. Rezikletaren bilketa atal nagusietako bat tamaina handiko tresnen gaikako bilketa da. Atal honetan batez ere etxeko gauzetan onarritzen dira. Altzariak, dekorazio artikuluak, ordenadoreak... jasotzen dituzte; etxean dagoena eta zaborra ez den guztia biltzen dute. Inma Aceroren iritziz, "guretzako zaborra ezertarako balio ez duena da eta guk jasotzen ditugun gauzak balio dute, aprobetxagarriak baitira. Etxeetan sortzen diren hondakin horiek guztiek ez lukete zabortegi batean bukatu beharko".
Edozein produkturen birziklapenean, bilketa da lehen urratsa. Rezikletara jendeak deitzen du telefonoz uzteko moduko zerbait duela esanez eta orduan jakiten dute material hori berreskuragarria den ala ez.
Tamaina handiko tresnen gaikako bilketan, jasotzen den %15 berrerabili egiten da. Basaurin eta Bilbon dituzten bigarren eskuko dendetara eramaten dituzte gai berreskuragarri horiek, garbiketa eta tratamendu erraz baten ondoren. Erosleak horrelako altzariak bilatzen ditu askotan eta bestetan bezeroak berak zaharberritu eta bere gustura jartzeko nahi izaten omen ditu. Denda horien bitartez, "kontsumo solidarioa eta ekologikoa" bultzatu nahi dute. "Erabili eta botatzeko kontsumoa" alde batera utzi eta erabat erabilgarriak diren gauzak, baina beste norbaitek erabilitakoak, erosteko aukera eman nahi dute Rezikletakoek. Ohikoena hondakin horiek jaso eta zabortegira botatzea da, baina sistema honekin etxez etxe jasotzen dute aprobetxagarria den guztia.
Gaia ez bada aprobetxagarria, zabor puntura, dagokion egun eta tokian, eramateko eskatzen diote deitu duenari eta gero Rezikletako langileak joaten dira bila. Kaleko bilketa horretatik zati bat birziklatu egingo da eta beste zati batek nahitaez zabortegian bukatuko du, zenbait hondakinen birziklapena egin ahal izateko tratamendurik mementoz ez baitago. Bilketaren %60 inguru birziklatu egiten dute eta %25 kontrolpean dagoen zabortegira eramaten dute.
Gaiak bildu eta sailkatu. Kaleko bilketa egin ondoren material eta elementuak sailkatu egiten dira birziklatu ahal izateko. Egurrezko produktuekin adibidez zurezko oholak egingo dira eta horretan lan egiten duen enpresara eramango dira; burdin hondakina, galdaketa enpresara eramango da; telebistak, ordenadoreak, eta abar osagai elektronikoen tratamenduan lan egiten duen enpresara. Kalean jasotako elementu asko lehengai gisa erabili beharrean, dauden bezala berreskuratu egiten dira, norbait produktu hori erabiltzeko prest dagoenean.
Rezikletaren kaleko bilketa zerbitzua erabili zuen lehena Basauri herria izan zen, 2000ko abuztuan, eta ordutik Bizkaia eta Gipuzkoako beste 12 herri batu dira ekimenera: Etxebarri, Arrigorriaga, Berriz, Amurrio, Urduña, Bermeo, Leioa, Zaratamo, Artziniega, Alonsotegi, Mundaka eta Azkoitia. Baina Inmak azpimarratu duenez, "ia Bizkaia osoan etxez etxeko bilketa egiten dugu, beti ere berreskuragarriak diren elementuak direnean eta zuzenean dendara doazenean (liburuak, arropa, altzariak, egoera onean dauden tresna elektrikoak...)".
Euskal Herriko Caritasekin batera, Berohi kooperatibak ehungintzaren birziklapena lantzen du, Rezikletak bilketa egiten duelarik. Orain bi urte sortu zen kooperatiba horrek urtean 50 tona arropa biltzeko aurreikuspena zuen, baina datu hori bikoiztu egin dute.
Azken urteotan birziklapenaren kultura ezarri dela argi dago datuen arabera. Rezikletaren datuen arabera adibidez, tamaina handiko tresnen bilketa berezituan iaz 1.338.360 kilo bildu zituzten eta 2000. urtean 650.538 kilo. Gorantzako joera nabarmena da, jendearen kontzientziatzea areagotu egin da. Honen guztiaren ondorioetako bat datozen belaunaldien garrantzia da. Rezikletako koordinatzaileak azpimarratu duenez, "umeentzako heziketa ere lantzen dugu eta konturatu gara askotan umeak direla etxean gauzak birziklatzeko ohitura eta modua erakutsi eta ezarri dutenak. Aldi berean antzeman dugu aiton-amonen belaunaldiak ere oso ondo ulertu duela birziklatzearen kontu hau, ziur aski euren garaian baliabide eskasak izan zituztenez, gauzak hamaika aldiz aprobetxatzera ohituta zeuden. Eta berdin gertatzen da baserri giroko jendearekin, berrerabiltzeko kultura hedatuagoa dago hiriekin alderatuz eta hondakin gutxiago sortzen dute; hirietan aldiz erabili eta botatzeko kultura da nagusi"


ASTEKARIA
2002ko irailaren 01a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude