BAKEAN BEZA ATSEDEN


2002ko uztailaren 21an
Betitik gizartea kezkatu duen gaia izan da eta gogo onez inor gutxik onartzen duena. Gehienean, begi larriak ikusi ohi izan zaizkio heriotza hurbil duenari, ikusteko astia izan dugunean! Gutxi batzuk patxada eta egonarri bikainean aurre egiten diote. Gogoan dut herri txiki bateko apaiz egoskor bat hilzori zegoen aitonari olio santua ematera joan eta -okurrentzia hark ere- zer moduz zaude? galdetu "gaixoari". Aitona, ordea, gerra, gosea eta pasa beharreko denak pasatakoa nonbait, ez zegoen hain beldurturik hurbil zuenaren aurrean eta, bertsotan ekin omen zion apaizari, bururatutakoak zapla boteaz. Handik ordu gutxira eman omen zuen azken arnasa, "gaixoak".

Normalean, gaixotasun larriren bat dugunean edo sendikoren batek badu, isilik gordetzeko joera dugu. Batzutan, gaixoak ezik, inguru hurbileko gehienek jakiten dute baina, "ez inori esan" gomendioaz lagundurik jakindako berria izan ohi da (horixe izaten da mundu guztiak jakiteko era azkarrena askotan). Gaitz senda ezina duen bat baino gehiagok, gainera, ez du inor ikustera joaterik ere nahi izaten, ezkutuan bere burua gordetzea nahiago.

Zer esanik ez, bere buruaz beste egiten dutenen kasuan, are eta nabarmenagoa da ezkutatzeko nahia eta familiakoa bada, urteetan irauten duen zama izan ohi da, orbain senda ezina bailitzan daramaguna eta, ahal bada, inork jakin ez dezan saiatzen garena.
Horiek horrela, zer aldaketa gertatzen da, ordea, gure jarreretan, heriotza iristean? Zergatik horrenbesteko publizitatea eman beharra/nahia?
Askotan sumatu dut nik elizkizunetara (agur ekintza ohikoenak) edo hileta ekintza publikoetara joandako jendetzaren zenbatekoak, hildakoarekiko estimuaren maila adierazten ote duen susmoa: jende asko hiletan pertsona ezagun eta estimatua bestela... Beste batzuk, elizkizunean apaiz asko, ekitaldian hizlariak, korua edo trikitia-bertsoak-aurreskua edo... horrelakoetatik neurtu ohi dutela ere jabetu naiz. Neurgaiak dira noski. Behin Lazkao Txikiri lagun batek esan omen zion hileta baten amaieran: "hauxe hileta elizkizun ederra eta dotorea" eta hark erantzun "bai, baina horretarako hil egin behar" .
Beste batzutan berriz: «zein da gaur periodikoan hainbeste eskela jarri dizkioten hildako hori? Orri osoa beteta dator, jo, hori norbait bazan e?».
Hil denak, bistan denez, ez ditu eskela guzti horiek ikusiko eta beharko, haiek jartzen aritu direnek, berriz, diru pila galanta gastatuko zuten, zertarako? Bat ez al da aski? Zenbat iragarki jartzen dituzte lanpostu bera iragartzeko egun berean? Bai, bai, bakoitzak bere eskubidea dauka nahi duena egiteko aukera duen neurrian, baina, orri erdia betetzen duen eskela jartzen badiozu bati eta besteari orria beteko eskela pila, ea zein ausartzen den hurrengo egunean hiltzen! "Kottaua, gixajoa, haure etzun inor askok ezautzen", esango du batek baino gehiagok.
Iruditzen zait behar ez diren beharrak sortzen ditugula edozein egoeratan, edo sortu dizkigutela eta gu zepoan erori. Negozio galanta egiten da behintzat horren kontura; bati, eskelen periodikoa deitzera iristeraino. Batzutan erreparo handirik gabe negozioa egiten saiatu ere, hildakoa hozteko ia astirik gabe etxera deika hasten direnean ea nola antolatu nahi dugun hileta, jarriko al dugun eskela komunikabide honetan edo beste hartan...

Zera falta zaigu, hileta edo azken agurreko ekitaldi xume baten eredua eskuratzea. Inbertituko duguna, nola dirutan hala sentimenduetan, benetan behar dutenengan geratzeko aproposa izango dena eta ez hainbeste iragarki efektua bete eta premian denaren beharra hutsik uzten duena. Mundu guztiak daki zer gertatu den baina sendikoek betiko "sentimenduan laguntzen dizut" hori besterik ez dute jasotzen eta hor egotea beharrezkoagoa da, kasu batzutan nabarmenago gainera.
Beno, amaitzeko, bizitza oro heriotzaren habian bizi da eta Euskal Herriko baserriak, garai batean, bizitoki, eliza eta hilerri ziren, aldi berean; hilen eta bizien arteko denbora-espazio elkarbanatua, etxekoandrearen begiradapean antolatua. Agian, horregatik hiltzen zen jendea bakean eta atseden hartzeko esperantzan, bai baitzekiten berek eraiki eta gauzatutakoaren osagarri izaten jarraituko zutela geroan ere


ASTEKARIA
2002ko uztailaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude