«Ofiziozko lanean sinesten dut, ez egun bakarreko arrakastan»

Bost urterekin hasi zinen eskusoinua jotzen. Nolakoa izan da eskusoinuarekiko harremana?

Adin horretan hasiz gero, musikak gauza ederrak eskaintzen dizkizu: sentimenduak adierazteko bide ematen dizu, agian beste ume batek ez duena, bereziki mutilok hainbeste arazo ditugunean barneko kontuak adierazteko. Gainera kantuen bidez mundu batzuk deskubritzeko aukera ere ematen dizu. Pentsa, ni 7 urterekin Holandara joan nintzen txapelketara, 8 urterekin Frantziara, 10 urterekin Alemaniara… zirkuitu horretan sartuta duzun presioa izugarria da. Ikasi egin behar da, nerbioak jasan... Eta denbora ere kentzen dizu. Baina tira, jolasean ere aritzen ginen, ez dut oroitzen ume bakartia izan naizenik, auzoan kale giroa bizi genuen.
Urte askoan amodio eta gorroto harremana izan dut eskusoinuarekin, baina adinarekin gauzak beste modu batera ulertzen joaten zara. Nire buruari askoz ere presio gutxiago ezartzen joan naiz, eta azken urteetan oso gustuko instrumentua dut, oso soinu berezia zait. Ume denei aholkatuko nieke instrumenturen bat jotzeko, baina presiorik gabe, gustuz.

Gazteagotan, euskaldundu aurretik euskal taldeen zalea zinen…
Bai, eta gainera buelta asko ematen dizkiot oraindik horri. Harrigarria zait gaur egun Euskal Herrian zer ezberdinak diren erdal mundua eta euskal mundua, eta egia da erdal munduak oraindik ez duela gure berri. Muga handia dago, gainera sendotu egin dena. Guk naturaltasun handiz entzuten genuen Itoitz edo beste edozein talde, eta dirudienez gaur egun zaila da euskal mundutik kanpo euskal kantaririk ezagutzea. Lehengo batean, erdalduna den lagun batek esaten zidan: "Jakina, guk gauza horiek ez ditugu ezagutzen, eta ezagutzen dugun bakarra da borroka armatua…". Beste kontu batzuk ezagutzera eman behar genituzke, baina hori egiteko traba dezente dugu. Eta ez dut ondo ulertzen zein den klabea, baina, adibidez, ikusten dut Katalunian lortu dudala euskara ulertzen ez duen jendea kontzertuetara gustura etortzea, eta pixkanaka publiko bat izatea.

Hitza ulertzen ez zenuenean, zerk erakartzen zintuen?
Itzulpenak irakurri egiten nituen. Baina, hala ere, hitzak ulertzen ez dizkiozun kantu batek bere xarma badu. Batetik musika duelako, eta bestetik, hizkuntzek ere badutelako bere musikalitatea. Oso ederra da munduko beste hizkuntzetan diskoak entzutea. Jorge Drexler abeslari uruguaitarrak aipatu zidan hitzen hautaketan asko zaintzen dudala musikalitatea, eta baita ahoskera ere. Espainia mailan, kantari batzuek ez dute zaintzen hitzek belarrira nola jotzen duten. Aldiz, Mikel Laboari entzuten badiogu: "Bihotz, buztinezko bihotz", ez da bakarrik erdaldun batek itzulpenean "corazón" irakurrita zer esanahi hartuko duen, askoz gehiago ere bada: nola ahoskatzen duen, eta zer fonetika duen, horrek badu magia bat. Baina jakina, horretarako pixka bat irekia behar duzu izan, eta


aldez aurretik euskararen kontra bazaude, gorroto baduzu, akabo. Katalunian jendea belarri-begiak zabal-zabalik jartzen da. Jarrera irekia dute.

Desberdina da publikoa Katalunian eta hemen?
Batetik ikusten dut Katalunian autore musikarekiko zaletasun handiagoa dagoela. Esaterako, Manresan "El club de la canción de autor" sortu dute, bazkideen bidez funtzionatzen duena. Diskoteka bat alokatu eta hilero kontzertu bat antolatzen dute, xehetasunik txikiena ere zainduta. Bazkide bakoitzari gutuna bidaltzen diote emanaldia iragarriz, eta jarraitzaile baten testu labur bat banatzen zaio jendeari, kantautore hori zergatik gustatzen zaion azaltzen duena. Kontzertu bukaeran, pastak eta cava atera, eta jendeak kantautorearekin hitz egiten du. Zer dago horren atzean? Sekulako zaletasuna. Memento honetan Euskal Herrian ez dut hori sumatzen. Gainera jendea irekiagoa ere bada. Han kontzertu batean denetik entzuten duzu, lotsarik gabe oihukatzen dute edozer, saltsa hori badago. Hemen, irribarre bat egitea ere oso zaila da.
Bestalde, Katalunian ikusi dut gizarte bat badagoela. Eta hemen kontzertu batera joaterako, zure lehen zalantza izango da: "Ez dakit bada, ez ote dabilen nahiko hurbil ez dakit zein partidutik…", eta orduan besteak esango dizu: "Bai, baina gogoratzen naiz ez zuela sinatu ez dakit zer…", eta besteak: "Baina dena euskaraz egiten du, puto vasco!". Memento honetan gizarte mailan zatiketa ikaragarria dago, eta horrek ere badu eragina musikan. Gizartea osatu egin beharko dugu, sendotu. Jakina, euskaldunok gure identitate asmoak izaten jarraitu beharko dugu, baina uste dut gizarte zatiketak ez digula batere mesederik egiten. Kataluniako herri batean kontzertua ematen dudanean, han biltzen dira herriko umeak, zaharrak, gazteak, eta beraientzat kontzertua jai bat da. Han puntu batean daude ados: hizkuntzan. Baina gainerakoan, ziur nago kontzertuetan oso jende ezberdina biltzen denaz, eta hori niretzat oso aberatsa da. Bestela, lau bizilagunekin elkartuz bukatuko dugu.

Manresako bazkideak aipatu dituzu… Ez zaizu iruditzen hemen ez dugula kulturan inbertitzeko kulturarik? Pirateoaren kasua ere hor dago…
Pirateoari buruz hipokrisia handia ere badago. Esaterako, "Espainiako Musika Saria" jasotzera joan ginenean, gala hartan oso diskurtso paternalistak entzun genituen, "pirateoa ilegala da" eta halakoak esanez. Ilegala dena da zuek mugitzen ari zareten industria hori! Horiek 15,03 eta 18,03 eurotan jartzen dituzte diskoak, eta gero egileak 0,48 euro jasotzen ditu. Demagogia handia egiten ari da. Egia da pirateoak, batez ere kultura gutxiagotuetan, kalte handia egin dezakeela. Jakina, Alejandro Sanzi pirateoa dela-eta salmenta 800.000 diskotatik 500.000ra jaistea, ez da arazoa. Baina hemen, 5.000 diskotatik 2.000ra jaistea sekulako arazoa da, hurrengo diskoa ez ateratzea ekar dezakeelako. Euskal Herrian kontzientzia eduki behar genuke, ez dela gauza bera euskaraz egindako disko bat pirateatu, edo hizkuntza hedatu batean egina pirateatzea. Ez dakit inori axolako zaion, baina nik badaezpada azken diskoan horixe jarri dut: "Hizkuntza gutxiagotu batean grabaturik dago. Ez egin kopia piratarik". Kontuz, gazte jendearen egoera ere ulertzen dut, badakit ez dabiltzala dirua sobera dutela. Baina gutxienez jakin nola dauden gauzak, eta gero bakoitzak egin dezala nahi duena.

Talde askotan arituagatik, berandu hasi zinen abesten. Entzuna dizugu egia ofizialen aurrean zure egia esan nahiak bultza zintuela abestera. Zein dira egia ofizial horiek, eta zein zureak?
Garai hartan,"egia ofizialarena" aipatu nuenean, ziur aski mezuari buruz ariko nintzen. Bi bando egotearenak-eta ez nau batere konbentzitzen, "nirekin edo bestearekin" egon beharra ez zait buruan sartzen. Kontua ez da paso egitea, baina bai gauzak beste modu batean egitea.
Baina musikan «egia ofizialak» ez ditut mezura bakarrik mugatuta ikusten: marketingak sortutako plastikozko izar horiek dute gaur egun indarrik handiena. Eta hitzez bakarrik ez, jarreraz ere esan behar da: "Nik musika mota honetan sinesten dut, bide honetan, eta ez egun bakarreko balizko arrakastan». Madrilen euskarazko albumik onenaren saria jasotzeko diskurtsoan esan nuen bezala, nik ofiziozko lanean sinesten dut. Kiko Venenok oso modu ederrean bota zuen, telebista katalanean geundela aurkezleak galdetu zionean: "Orduan, zu ez zara izar bat?". Eta Kikok "Ez, izatekotan flamenkoa naiz, edo kantautorea". Aurkezleak harrituta galdetu zion: "Zer ezberdintasun dago, bada?". Eta Kikok elegante: "Kantautore eta pop izar baten arteko ezberdintasuna da, izarrak itzali egiten direla. Eta kantautorea edo flamenkoa da ohean hiltzorian dagoela, iloba ‘aitona, kantaidazu azkena!' esanez hankatik tiraka daukana". Ofizioa hori da, bizitza osoan zehar lantzea. Baina dirudienez egia «ofiziala» edo orokorra, indar handiena duena oso beste bat da, eta horrexegatik dugu gure egia txiki hori esateko beharra: "Nik honetan sinesten dut, nire lanbidea hau da".

Hain gustuko duzun satira, bada akuilatzeko baliabide bat...
Urte askoan oso gustuko izan dut satira. Joera gaizto xamar hori izan nuen, beti komentarioak botatzekoa… ustez oso umoretsuak ziren, baina geroz eta grazia gutxiago egiten didate. Umorea mingarri bada bestearentzat, ez da oso gomendagarria. Goazen umore sanoago bat egitera. Biok barre egitea posible bada, hobe.

Zure abesti askori idazleek jarri diote hitza. Zergatik?
Idazle euskaldun horiekin afinitate handia dut, badakit idazten dituzten hainbat gauza nire sintonian daudela. Niretzat luxu bat da hain idazle onak direnekin talde lana egin ahal izatea. Eta aberasgarria ere bada, den-dena egiten duen kantautoreak errepikakorra bihurtzeko arrisku handia baitu, estilo oso-oso markatuan kateatu daiteke.

Kantautoreen zirkuituak zer osasun dauka?
Nahiko jota ikusten dut. Egunkaria hartu eta agendari begiratu bat ematea nahikoa da, zenbat kontzertu dauden ikusteko: katxetarekin, ekipo majo batekin, eta behar bezalako promozioarekin oso kontzertu gutxi daude. Harrigarria da panorama, harrigarria edo penagarria. Batetik, egia da jendea gero eta gutxiago joaten dela kontzertuetara. Baina programatzaileek ere euren eragina izango dute. Kataluniako programatzaileek bilerak egiten dituzte eta bilatu egiten dute zer kantautore ezberdin dauden. Hemen ez da mugimendurik ikusten.
Egoera ikusita, kantautoreak promozionatu egin beharko dira. Horretarako, telebistaren eragina ukaezina da. Oraintxe ikusi dugu zer gertatu den "Operación Trueno" edo "Operación Tiburtzio"rekin, nahi duzun bezala deitu. Guk ez badugu presentzia minimorik oso zaila dugu jendea erakartzen, jendeak ezagutzen ez bazaitu nekez joango baita zure kontzertura. Eta presentzia minimo hori lortzeko ere sekulako arazoak ditugu. Disko berria atera eta aurkezpen "ofiziala" eskaini nuen, orkestra eta guzti. Bulegoak ETBri eskaini zion kontzertua, eta ezezkoa jaso! Oso lanpetuak omen zeuden, gauza asko omen zeuden emititzeko. Aldiz, Bartzelonako "Cova del Drack"en kontzertua eman, eta hilabete lehenago telebista katalana bera ari zitzaidan deika.
Ez da promozio kontua bakarrik, gainera. Erdal mundua euskal mundura erakarri nahi badugu, muga hori hautsi nahi badugu, medio erdaldunetan ere presentzia lortu beharko dugu. Eta horretatik ere oso hurrun gaude. Madrilen saria jaso, eta bi lagunek telefonoz deitu zidaten, sutan. ETB2an, "Premios de la musica" erreportajea ematen ari omen ziren, eta euskaldun bakarraren izena, irabazlearena, ezta aipatu ere! Hori bai, Rosarilloren sujetadorea gora eta sujetadorea behera aritu ziren! Oso gogorra da ikustea zer egiten ari diren medioak euskal kulturan. ETB2ren bitartez ez bagara erdal jendearengana iristen, nork lagunduko digu? Talde mediatiko anti-euskaldun indartsuek?

Eta prentsa idatzian?
Musika saria irabazi, eta biharamunean egunkari guztiak miatu nituen, baina jakina, nola "Españako" saria den, orrialde bateko izkina galdu batean, ahalik eta zutabe txikiena eskaintzen zaio. «El Correo»k alderantziz, noski, orrialde osoa eman zion albisteari, baina euskal kantautore irabazleari bi lerro eman zizkioten testu osoan, bi lerro. Sariak prentsan izan duen oihartzuna ia oso txikia izan da; askoz hobea izan da Iparraldean, harritu ere egin nau.
Bestetik, nik ikusten dut oso tratamendu uniformea ematen zaiela prentsan autore guztiei, eta agian hori ere aldatu behar litzateke. Badakit exageratu egiten dudala, baina hemen berdin da Mikel Laboak diskoa atera edo nire bizilagun Josetxok ateratzea, presentzia antzekoa izango dute, antzeko orrialdea edo artikuluxka aterako da. Badakit oso herri txikia dela, baina hori bakarrik ez da arrazoia. Kritika ere gutxi ateratzen da hemen.

Garai batean kantautoreek entzuleria handia erakartzen zuten. Jende gutxiago doa orain emanaldietara. Zergatik?
Arrazoi orokorren artean, globaltasuna da nagusiena. Kultura txiki guztiek elkarren berri izango dutela eta guk aukera gehiago izango ditugula-eta saldu nahi zaigu, baina hor sekulako tranpa dago. Jendeak ez du ezagutzen beste kultura gutxiagotuetako kantautore bakar bat ere. Bestetik indarra hartzen ari da "iupi-iupi, iuju-iuju" ikuskizuna, dena da su artifiziala. Hori Yankilandiatik inportatzen ari gara, eta niri ez zait askorik gustatzen. Giro intimoagoa, sakonekoagoa galtzen ari da. Zuzenekoa ere galtzen ari da, eta kultura domestikoa indartzen. Gero eta telebista handiagoak eta musika aparailu sofistikatuagoak ditugu etxean, eta gero eta nagikeria gehiago dugu kontzertuetara joateko, nahiz eta zuzenekoak magia zoragarria duen.
Arrazoi zehatzagoak ere badaude, euskal kantautoreei zuzenean dagozkienak. Elkarrizketan zehar aipatu ditugu, eta bada beste bat gehiago ere: oraindik konplexuak ditugula. Jackson Browne-rekin diskoa grabatu nuenean, oraindik oso ondo akordatzen naiz euskal irrati ezagun batean galdetu zidatenaz: "Nolatan deitu dizu Jackson Brownek?". Jackson Browne berak esan zuen disko horretan Kiko Veneno eta Jabier Muguruza zirela gustukoenak zituenak. Eta horrekin nor harrituko, eta euskaldun bat harritzen zaizu gainera! Herri txikia izatea ez da txarra, konplexua izateak egiten digu mina. Harrokeria oso txarra den bezala, konplexuak ere kaltegarriak dira norberarentzat

Zorionekoa sentitzen naiz bizitza bete didan giza-inguruarekin. Ezagutu ditudan pertsonek balio handia dute niretzat, bai lagunek, emazteak eta baita euskal kulturaren ingurukoek ere. Euskaldundu baino lehen jada niretzat oso erreferente garrantzitsuak ziren. Euskaldundu eta zortea izan nuen horiek ezagutzeko, kulturalki sekulako maila dutenak, eta euskaldunak direnak. Sarri ez diegu euren benetako maila onartzen, geuk gutxiesten dugulako geure burua. Pertsona horiek hain gertu eduki ahal izatea luxu bat da.

- Jaio: Irunen, 1960. urtean.
- Musikaria.
- Bost urterekin hasi zen eskusoinua jotzen. Urteetan akordeoi kontzertulari aritu ostean, rock talde eta bakarlariekin kolaborazio lanetan hasi zen: Kortatu, Zarama, Delirium Tremens, Imanol, Antton Valverde, Xabier Lete...
- Taldeak: Les Mecaniciens taldea sortu zuen, eta hiru disko atera ere bai: «Erabakia» (1990), «Ia xoragarria» (1992) eta «Euskadi jende gutxi» (1993). Joxe Ripiau taldea etorri zen gero, eta honekin beste lau disko: «Karpe Diem» (1996), «Positive Bomb» (1997), «Paradisu Zinema» (1998) eta «Bizitza Triste Eta Ederra» (2000).
- Kantautore: Bere bakarkako ibilbidean 5 disko atera ditu: «Boza Barruan» (1994), «Kitarra bat nintzen» (1996), «Aise» (1997), «Fiordoan» (1999) eta «Hain guapa zaude» (2001).
- Jackson Brownen omenez egindako «Cantame mis canciones» lanean parte hartu zuen.
- Bernardo Atxagarekin batera, «Itzultzaile bat Parisen» eta «Groenlandiako Lezioan» errezitaldiak eskaini ditu herriz-herri.
- Zirkuitua: Euskal Herritik kanpo bere zirkuitua zabalduz joan da Madril, Zaragoza, Andaluzia, Asturiasera, eta Katalunian bereziki oso harrera ona du bere musikak. Jaialdiei dagokienez, besteak beste Vic-eko Mercat de la Música Viva jaialdian euskal kantautoreak ordezkatu izan ditu (1996, 1998, 2000 eta 2002 urteetan), baita Bartzelonako Sepharad jaialdian ere. Europa mailan erreferentzia diren jazz klubetaran jotzera ere gonbidatu izan dute: Bartzelonako La cova del drack eta Jamboreera, hain zuzen.
- Saria: Espainiako Musika Sarietan euskarazko albumik onenaren saria jaso berri du «Hain guapa zaude» diskoak.
- Literatura: Haurrentzat argitaratuak ditu «Sei lagun, sei sekretu» (1994), «Gabon Guanito» (1995), «Sebas leihotik begira» (2001) eta «Zubi misteriotsuan» (2001). Helduei zuzendutako narrazioak dira, berriz, «Bizitza pusketak» (1996) eta «Laura kanpoan da» (1999).

Doinua: Mutil koxkor bat
Autore baten kezka badoa
sormena baino harago,
beste gauzetaz kezkatuko da
sortzeaz baino gehiago.
Medioek hartu duten jarreraz
sortze bideak akabo,
nahiz eta lana baloratzea
genukeen guk nahiago
hutsalkeria arte den hontan
sormena krisian dago.

Lau urterekin etxe aurreko traktorean.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude