Heriotzak berdintzen omen du gizateria guztia. Hala diote batzuk behintzat, baina nahikoa garbi dago jaiotzetik hartarainoko bidean, izan, badirela klase bereizketak eta larritasun frankori aurre egin beharrean izan dela beti jende xehea. Eta horren adibide bitxi samarra zekarren kontura I. Zubeldiak ZERUKO ARGIAN, "Baztanga" izenburu bakartzat zuen idazlan luze eta mamitsuan. XX. mende haseran Hernaniko herriari bizitzea egokitu zitzaizkion gertakizun latz batzuen inguruan ziharduen.
TIFUSAREN ERASOA JASAN ZUTENEKOA
I. Zubeldiak zioenez, bitan azaldu zen tifus gaitza Hernanin, 1913an bietatik batean. "Gaur hainbateko antibiotikorik ez zala garai haietan badakizue -azaltzen zuen gizonak- eta berebiziko beldurra sortzen omen zan jendearen artean horrelako gaitzak zirela medio. Hori dala-ta, esne eta barazkiak Donostiara eramatea galerazi omen zieten ernaniarrei. Neurri hori zela-ta kalte handiak izan ziren herrirako". Beste neurri bat ere hartua izan omen zen, gainera. "Herrira zetozen urak moztu eta aundi gisako ontzietan Donostiatik ekartzen omen zuten ura".
Nola edo hala pasako zuten hernaniarrek egoera latz hura, baina ustekoa da ez zitzaiela berehala ahaztuko. Eta hara non, handik urte batzuetara, 1918ko udan edo Lasarteko hipodromoa zabaltzeko asmotan zirenean, baztanga Lasarten sortzen den. Eta zein izango agintarien erabakia? Bada, Donostiara eraman beharrean, baztanga zuten gaixoak Hernaniko Miserikordira ekartzea!
HERRI OSO BAT BORROKARAKO PREST
Goxoak jarri ziren hernaniarrak, noski. Horrela kontatzen zituen I. Zubeldiak agintarien erabakiak izan zituen ondorioak: "Gipuzkoako Gobernadore izandako Conde de Pinofiel gure herriko Miserikordia ikusten izana omen zan bezperan. Biharamunean (...) gure herrian gertatutakoa gogoangarria benetan. Egun berean jakin zuen jendeak erabakiaren berri, baiñan hala ere ez ziran lo egon. Herria guzia kalera erten omen zan, baztanga zutenei herrian sartzen ez uzteko, lantokietako langilleak ere kalera erten ziran, nagusiak berak aginduta gaiñera, eta herriko sarrera guzietan barrikadak ipiñi, egur, enbor, koltxoia eta arrapatzen zan tresna guziekin. Agustinetako komentu aurrean jarri omen zan oztoporik haundiena eta Zinko-eneko tellatu gaiñetan gizonak prest, olioa irakiten zutela behera ixuritzeko. Indar haundiko hariak ere gertu omen zeuden gaixoei laguntzen zetozenak kixkaltzeko. Eleiz Nagusiko torreak duen balkoian, beste gizon batzuek Galarretako gaiñera begira, eta gaixoak herrian sartzeko bide bat aukeratzen zutenean, Kanpana buelta jendeari alderdi hartara joateko esanaz. Kolore eta pentsamolde guzietakoak elkarturik ikusten omen ziran. Goiko eta beheko, ezker eta eskuiko, zutik ibiltzeko gauza zan guzia indarraren bidez ipiñitako gertakizunaren aurka jaikita".
Bien bitartean, herriko alkatea, Jose Mari Ubarretxena, Espainiako Gobernu-buru zen Antonio Maurarekin harremanetan jarri omen zen, arazoari irtenbidea aurkitu nahian. Baina hobe dugu I. Zubeldiari berea kontatzen uztea: "Larritasun hartan emakumeak erakutsi zuten ederki asko borrokatzeko garra. Batez ere Mikela Garmendiak (Mikela Pruttu) ta Asuntxion Errazkiñek (Asuntxion Añarri). Ez zan gutxiagotako, zibillei fusillak kentzen omen zizkieten eskuetatik eta zaldiak Lasartera begira jarri. Hoien adibidea ikusita, beste emakumeek ere agertu omen zituzten bereak eta bi.
Beste emakume bat ere aipatu beharra dugu, oso gurean dugun sail batean, hau da, bertsolaritzan. Egia esan ez nuen uste iñor bere amaz lotsatzen zenik, baiña Josefa Zubeldiaren (Josefa Barbax) ondorengoak lotsaz dira honek bertsoak jarri zituelako eta ez nolanahikoak gaiñera. Beroien aginduz ezingo ditugu bertso honeik argitaratu, nahiz eta benetan tamala bada ere".
Dena den, I. Zubeldiak agertzen zuenagatik, badirudi buru pixka bat zeukan agintariren bat ere bazela Gipuzkoan orduan. "Eguerdi aldera Gobernadorea etorri omen zan zibillei eta beste indarrei erretiratzeko esanaz, gaixoak Ernanin ez zirala sartuko agindu ondoren". Zentzuz jokatu zuela, alegia. Baina begira zer gertatu zitzaion: "Gobernadore hau biharamonean bere agintaritzatik kendua izan omen zan".
ARAZOAREN BENETAKO GAKOA
Zergatik egin zuten agintariek hura guztia? Xaloki azaltzen zuen I. Zubeldiak zeraren gakoa: "Lasarteko inguruan txabola batzuk jaso zituzten gaixoak zaintzeko, Madritik eta beste tokietatik zetozen haundi jendeak kutsa ez zitezen". Hernaniarrek, beren aldetik, "pentsamolde eta giza mailla guztietakoak elkarturik jokatu zuten, hau da, erdiko burgesia, burgesia txikia eta jende soilla, burgesi haundiak hartutako erabakiaren aurka jeiki ziran, eta neretzat hontan datza gertakizunaren mamia. Baztangak hartuta zeudenak Donostiara eramango zituzten bestela, baiñan garbi dago zergatik ez zituzten eraman, nahiz eta Donostiak Lasarten duen lur muturrekoak gaixoak izan"
Eliza euskalduna
Lehen ere aipatu izan dugu au, baiña berriro, lo dauden goikoak eztenkatzeko, bide ematen digu Frantzian ontaz egin dan batzarrak. (...) Elizak bat, baiña ezberdiña izan behar duela esan dute. Ondorio au Batikano Bigarrenaren erakutsietatik atera dute. Lurralde bakoitzeko Elizak bere buruaren jabe izan behar du eta ez Erromaren "ordezkari" soilla.
Gure Eliza, zoritxarrez, Erromara begira dago denerako itsu-itsuan. Eta politika-diplomatziaz lotutako Erromari, ain zuzen ere. (...) Esan al diteke Euskal Erriko Eliza euskalduna denik? Eta euskalduna ez bada, Euskal Errian Elizarik dagoenik? Eman al diezaioke onelako Elizak erri arazoari eta langille arazoari tajuzko erantzunik? Ez diola ematen denok dakigu. Or daude urtetan galdera berdiñak edo antzekoak erantzunaren zai. Sua sortzen den bakoitzean erantzuna agintzen zaie, baiña erantzunik ez da behin ere izaten. Beti gerorako luzatzen da, gizaldietan eta gizaldietan. Ez da erantzunik ematen. Eman al dezake? Ez, noski. Bai al du Elizak, gaur, emen, bertakoa izateko gogorik, indarrik eta asmorik? (1972-VI-18)