«Arrisku egoeretako lagunak bizitza osorako dira»

Borrokaren gorrian» liburuan kontatzen dituzu gazte garaiak. Frankismoan hazteak zer esan nahi du?

Nik joera dut garai haiek garai epikoak, benetako militantzia baten garaiak, eta batez ere gauzak oso argi genituen garaiak balira bezala gogoratzeko. Epikaren ezaugarri bat da hori: gauzak zuri edo beltz izatea. Ona oso ona da, eta gaiztoa oso gaiztoa. Gero bizitzak erakusten dizu grisa hor dagoela eta onak ez garela hain onak. Diktadura batek sinplifikazio hori dakar. Diktadura bortitza da, ez du uzten tarterik eta militantzia politiko batean abiatzen denak, nahiz eta oso bakezale eta moderatua izan, kristorenak eta bost ikusi beharko ditu. Bestalde lagunak gogoratzen ditut. Arrisku egoeratan ezagutzen dituzun lagunak bizitza osorako lagunak izaten dira, eta kamaradak badira, gehiago. Militantzia politikoak askotan etsai gogorrak sortzen ditu baina baita lagun minak ere.

Kontatu gazte garaiko pasadizoren bat...
Franco garaian ikurriña bat atera nuen Urbian (Aizkorri mendi magaleko ordekan), Aberri Egunean. Nire lehen "balentria" izan zen. Nire iniziatiba propioa, ez nuen erakundearekin ere kontatu. Zirt-zart egin nuen, eta kito. Baina pasadizo hura ere gazi-geza izan zen.
Ikurriña bat lortu nuen. Baina ikurriña hura ez zen oso-osoa. Alde batetik hiru koloreak josiak zituen, baina beste aldetik gorria bakarrik zen. Ikurriña atera nuen, eta sekulako liskarra sortu zen. Batzuek "Gora ETA!" oihuka hasi ziren, besteak "Gora alderdia!"… Ni "Batasuna, batasuna!" oihuka hasi nintzen. Liskarra gainditu zuen euforiak, "Gora Euskadi askatuta!" lemak. Ikurriña motxilan sartuta itzuli nintzen etxera, pentsatuz egunen batean elizako kanpandorrearen puntan eskegiko genuela. Saiakera asko egin genituen, baina poliziak harrapatu gintuen. Ikurriña ez zidaten harrapatu, amak zuhur jokatu zuen, eta etxea miatzera etortzerako desagerrarazi zuen.

Garai hartatik hona militantziaren zentzua aldatu al da?
Gaur egun politikak beste zentzu eta indar ezberdin bat du. Diktaduran politika erlijioa bezala bizitzen da. Hortara sartzen bazara, hortarako bakarrik bizi zara. Gaur egunean, zorionez, askoz gauza ezberdin gehiago ditugu egiteko eta bizitzeko. Niretzat politikak garrantzia handia izaten jarraitzen du, baina egun beste era batera bizi dut eta zaletasunei lehen baino denbora gehiago eskaintzen diet.
Gaur egun ere badaude muturreko militantzia bizi dutenak, baina sozialki, bere orokorrean hartuta, bai aldatu dela. Gaur egun batzuk militantziaren profesionalak dira, hortik bizi dira kobratzen dutelako. Mendebaldean desakralizatu egin da politika, eta normala da gainera.

Militantzia profesionalizatzea onerako da?
Oro har onerako da militantzia profesionalizatzea, pertsona gauza asko delako bere osotasunean. Eta zorte handia da gauza gehiago egiteko aukerak izatea. Gainera ezin zitekeen bestela izan, politikak gaur egunean ez duelako lehen betetzen zuen eginkizuna betetzen. Bere garaian esaten genuen dena zela politika, eta egia da. Poesia ziztrin bat egiteko zentsura edo politika baten errepresioa sentitzen zenuen zure gainean. Mendira joateko ere, sekulako arazoak zeuden Pirinio inguruan ibiltzeko. Zer esanik ez sindikalismoaren aldarrikapenetan.

Zer da, bada, politika gaur egun?
Nire ustez egun politika da gizartea aldatzeko bide bat gehiago, beste bideen artean. Ezin da ukatu bere balioa, gizartea aldatzeko egitura politikoak aldatu behar direlako. Baina era berean, ez dut uste gizartea politikaren bidez bakarrik aldatu daitekeenik. Sarri gainera beste aldaketa batzuk ematen dira politikoen aurretik. Egun politika oso desprestigiatua dago, batez ere gazteen artean. Ez zaie horretarako arrazoirik falta. Politikaren inguruan dagoen ustelkeria, gauza bat esan eta bestea egitea eguneroko gauza bihurtu da… Baina ez dut uste pasotismoa edo politikaren kontra egotea denik irtenbidea. Beste politika mota bat egiteko beharra aldarrikatzen dut. Ezker abertzalearen ikuspuntutik, eta gauden egoeran egonda, politika berritzaile hori nola egin da benetako gakoa.

Zein lirateke politika berritzaile horren gakoak?
Bai moduz eta bai helburuz izan behar luke berritzailea politikak. Noski dela errazagoa esaten, eta oso zaila gauzatzen. Egun garbi dut zer ez den egin behar. Profesionaltasunari buelta eman behar zaio, eta berriro borondatezko lanari heldu behar genioke. Bai alderdi eta bai gizarte mugimenduetan boluntariotasunak izan behar luke oinarri.
Bestalde, mundu honetan sekulako aldaketak eman dira teknologian azken hamar urtetan: Internet, produkzio moduak… Ekonomia ere, sekulako fabrika handiak izatetik sare gisan antolatutako enpresa txikietara pasatu da. Baina politika egituratzen duten partiduak oso atzeratuta daude zentzu horretan: oso egitura pisutsuak izaten jarraitzen dute, hipertrofiatuak eta gainera oso bertikalak.

Alderdi bertikalak ez al dira, ordea, eraginkorragoak?
Bertikaltasunak baditu, bai, bere alde onak. Esaterako, koordinazioa eta helburu bateratuak izatea. Baina nire ustez askoz ere deszentralizatuagoak eta sare moduan antolatuak izan behar lukete. Horretarako aukera ematen dute Internetek eta teknologia berriek. Politika egiteko modu berri hori ari da pixkanaka gauzatzen globalizazioaren aurkako mugimenduan. "Eltxo multzoa"ren antolaketa sistema deitu diete batzuk. Hortik ikusten da aniztasunaren barruan posible dela helburu zehatz bateratuak gauzatzea. Modu eraginkorrean, gainera. Garai batean eraginkortasuna zentralizazioarekin lotuta zegoen. Baina gaur egunean milaka pertsona koordinatzen eta kontzentratzen dira manifestazio berean, modu deszentralizatu baina oso eraginkor batean.

Zer beste faktore aldatuko zenituzke egungo ildotik?
Beste oinarria da aniztasuna. Garai batean homogeneitateari ematen zitzaion garrantzia. Talde politikoa zenbat eta homogeneoago, hobe. Homogeneoa ez bakarrik politika egiteko moduan, baita pentsamenduan ere. Gaur egunean ere helburu bateratuei eutsi behar diegun arren, aldi berean aniztasuna arazo baino gehiago bertute gisa ikusi behar genuke. Egun alderdi denek toleratzen dute heterodoxia eta disidentzia puntu bat, baina maiteago dute uniformetasuna. Nik uste dut alderantziz izan behar duela: aniztasunaren barruan bilatu behar da batzen gaituen helburua.
Eta gero dago helburu eta bitartekoen kontua. Errealitatea gordina da, eta sarri bitartekoek egiten dute helburua. Ni ez nago batere ados prozedura horrekin. Ikusi ditugu iraultza handiak usteltzen: Errusiakoa, Ekialdeko erregimenen porrota… Hor ikusten da gizakia helburu duten ideologiek ezin dutela gizakia zapaldu. Ezin da pentsatu gizakia alderdi, estatu edo dena delakoaren esklabo bihurtuta gizaki berri bat sortuko denik. Che Guevarak arrazoi zuen zioenean gizaki berri hori ekinean ari garen artean egin behar dela. Borrokatzeko moduak ere izan behar duela askatzailea. Gurean dagoen eztabaida oso argia da. Ni ez naiz bakezale inozoa. Historiak eta eskarmentuak erakutsi dit, bai aldaketa aurrerakoiak, zein injustiziaren desagerpena borrokaren eskutik datoztela. Baita ere, borroka horren intentsitatea, gehienetan boteretsuek, aldaketa nahi ez dutenek jartzen dutela (beste kontua da, helburuak eta bitartekoen artean zer nolako lotura izan behar den). Boterean dagoenak ez du gogo onez berea uzten (oroit Salvador Allenderi gertatu zitziona). Baina, egia da ere, iraunpen luzeko gatazketan, heltzen dela eguna, non bakea lortzea premiazko larritasuna den. Hori gertatzen da egun, gure herrian.
Niretzat bitarteko eta helburuen arteko harremana funtsezkoa da. Militantzia politikoak eta iraultzan hainbeste urte irauteak ez luke mereziko, gero ikusten baduzu zure ideologiaren aurkako hori bera bihurtu zarela.

Zer borroka mota planteatuko zenuke?
Ni ez naiz bakezalea. Diktadura garaian borroka armatua erabili nuen. Greba orokorrak bultzatu ditut, barrikadak… Gose greba bezalako metodo baketsuak ere erabili ditut. Artikuluen bidez hitza erabili dut… Eta gaur egun desobedientziaren bidea hautatzen dut. Garaian garaiko borroka bultzatu behar dugu, gizartearen bilakaeraren araberakoa. Jendearen miresmena eta onarpena lortzen duten borroka motak behar ditugu. Niretzat intsumisoen mugimendua erradikalagoa da, autonomia estatutua aldatzeko eskatzen duena baino. Intsumisioak armadaren existentziari muzin egiten diolako. Eta jende askok txalotu du intsumisioa. Demoak ere oso erradikalak dira. Eta bi kasu hauek erradikalismo zibila erabiltzen dute, inori minik egiten ez diona. Biolentzian hainbeste urte dirauen herri bat asetu egiten da, eta aldaketak eskatzen ditu. Neke fisiko, intelektual eta politiko bat dago, aldaketa eskatzen duena.

Politika profesionalizatu bada, gizarteak parte hartzeko aukera gutxiago ditu, edo urrunago daude?
Urruntasun hori badago. Nire ustez politikak galdu egin du gizartea mobilizatzeko zuen gaitasuna. Baina hori ez da politikarekin bakarrik gertatzen, baita beste gauza askorekin ere. Fenomeno hori lotuta dago neoliberalismoak eta kapitalismoak lortu duten pertsonaren etxeratzearekin eta indibidualtasunarekin. Garai batean umeok gure kasa jolasten genuen, eta egun umeek jolas dezaten dinamizatzaileak, eta espezialistak kontratatzen dira. Kirolarekin gauza bera, edozer kirol egiteko ordaindu egin behar duzu. Profesionalizatzea gauza guztietan eman da. Herriaren desmobilizazioaren aldetik txarra da profesionalizazioa, baina beste gauza batzuetarako ona. Maila altua baitago.
Ni harritzen nau gazteriaren maila kulturalak. Gaur egun ematen duzu hitzaldi bat neoliberalismoari buruz, eta hitzaldia entzuten ari diren gazteek ez dute izango zeuk duzun esperientzia politikoa, baina filosofia eta ekonomia arloan zu baino askoz jantziago daude.

Batasuna barruko talde txiki bateko partaide zara. Nola uztartzen dituzu bi taldeak?
Bietan lana egiteak, askotan eskizofrenia sortzen dit, baina baita esperientzia interesgarriak izateko aukera. Alde horretatik ikusita, pribilegiatua naiz. Gertatzen da, askotan zubi lan hori, ezinezkoa dela, aldeak urruntzean (eta egun, asko ari dira urruntzen) zubiak behera egiten baitu. Hori da egun, nire zalantza nagusia, epe motzera begira, bederen.
Nire burua eta bihotza zatituta daude. Alde batetik jarraitzen dut sinesten ezker abertzaleak batasuna behar duela. Ez zaizkit gustatzen joera zatitzaileak. Baina bestalde garbi dut gaurko egoeran zenbait gauzak azaldu egin beharra duela. Eta ezin baditugu denek bateratuta azaldu, bada hori horrela dela ikusten dugunok eskubide osoa dugu gauzak adierazteko. Aberri Egunean guk esan nahi izan genuen, orain arte indarrean egon diren bi estrategiak, alegia, autonomia estatutuarena eta borroka armatuarena agortuta daudela. Eta bestetik, bi aldeek hitz egin beharra dutela. Horrek ez du esan nahi, adierazpen horrekin bat egiten ez dutenekin lanik egingo ez dugunik. Baina aldi berean garrantzitsua da egun batzutan geure mezu propioa adieraztea.

Ezker abertzalea sekula baino zatituago dago...
Bakoitzak bere bidea egin behar du. Egoera aldatzen bada ezker abertzalea berriro elkartuko den? Hori nahi nuke nik, baina gaur egun ez da posible. Ahalegina egin behar da ezberdintasunek sortzen duten gogortasuna eta sektakeria baztertzeko. Badakit zatiketak gertatzen direnean anaia izandakoa etsai bihurtzen dela askotan, baina esperientziaz badakigu hori epeltzen joaten dela eta adiskidetze prozesuak sortzen direla. Baina egun arazo honez gain badugu beste bat: egoera politikoa asko gogortu da, estatuaren errepresioa Batasunaren kontra zuzendua dago batez ere… horrek egoera asko konplikatzen du. Oso garbi izan behar dugu, errepresioa Batasunaren kontra badoa, gizarte osoaren kontra doala. Talde politiko bati ahotsa kentzen bazaio, demokrazia eta herri hori gaixo geratzen baita. Solidariotasun pertsonal eta militantearen beharra dago. Ezin dugu onartu estatu batek, hala nahi duelako, disidentzia politikoa era horretan zapaltzea. Beste gauzetan elkartzen ez garenok kasu honetan elkartu beharra dugu

- Jaio: Errenterian, 1945. urtean.
- Zutik alderdi politikoko militantea eta Batasunako Gipuzkoako batzarkidea.
- Militantzia:
+ETA: 1964an sartu zen, eta 1970ean ETA VI-koekin geratu.
+CCOO: sindikatuko partaide izan zen 1964an.
+1966an atxilotu zuten lehen aldiz. 1969an bizitza klandestinoa hasi behar izan zuen, eta 1976ko amnistia legearekin itzuli zen.
+LKI: sortu zutenetako bat. 1990ean LKI eta EMK batuta sortu zuten Zutik.
- Argitalpenak: Bost liburu hauek kaleratu ditu: «Borrokaren gorrian», «Ekaitz aroa», «Los obreros tienen patria?», «Satorra lagun zahar horri», eta «Orereta, herri borrokalari baten historia». Ehunka artikulu argitaratu ditu prentsan: «Egin»en, «Euskaldunon Egunkaria»n, «Gara»n, «Argia»n, «Hika»n, «Viento Sur»ren...


«Okerrena ez da egunero munduan zehar gertatzen diren arazoei ezin erantzuteak sortzen duen ezintasuna eta amorrua. Okerrena, mila aurpegi dituen arazoari erantzuterakoan dugun bakartasunaren sentsazioa da, internazionalismoaren eskasia hain zuzen.»
Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-06
«ETAri gaizki egin duela esatea posible da, baina helburu gisa konponbidea jarrita.»
Euskaldunon Egunkaria, 2000-10-22
"Erradikala izatea, injustizia guztien aurkakotasuna eta gizarte aldaketa xedetzat hartzearen sinonimoa da. Horrek gehienetan, instituzioetan baino gehiago, lantegietan, herrigintzan aritzea eta kalean borrokatzera garamatza.»
Euskaldunon Egunkaria, 2001-07-24
«Iraultzaileak pazientzia behar du.»
Argia, 1999-10-24
«Giro nagusiari darion zinismo horrek azkenean kutsatu egiten gaitu.»
Euskaldunon Egunkaria, 2000-04-01

Doinua: Esne saltzailearena
Normala da haserak
indarrez hartzea,
normala pausoz pauso
martxa mantsotzea,
normala da jaztea
nork bere etxea,
normala beltza zena
zuri geratzea,
baina zein tristea den
difuminatzea!

ZAHARRA
ZAHARRA
1964ko lasterketa batean. Abebe Bikila zuen bere idolo, eta hortik ezizena.

Bigarren umea jaiotzear zela, etxetik abiatu ginen Zumarragako ospitalera. Andreak esan zidan "ez dago presarik, baina hala lasaiago egongo gara. Goizaldera edo etorriko da umea…" Ikusi nuen andrea urduri xamar zegoela. Baina jarraitzeko lasai esaten zidan, aise iritsiko ginela… Andrea ginekologoa izanik, ez nion kontra egingo! Andoain eta Villabona tartean esan zidan: "Gelditu kotxea hor bazterrean, badator eta!". Kotxea aparkatu nuen, eta andreak lasaitasun osoz eman zizkidan instrukzioak. Kotxean jaio zitzaigun alaba. Horrela atera zaigu, sorgin samarra! Oso esperientzia polita izan zen.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude