«NIK EZ DAUKAT MEZURIK INORI EMATEKO»


2002ko apirilaren 14an
Autoan zihoala eta gelditutakoan deituko zigula erran zuen zintzoki. Abesteko duen ahots latz berarekin esan zigun telefonoz bilduko ginen tabernaren izena. Txuma Murugarren Errenterikoa da izatez, baina ibiltaria bizimoduz. Ortuellan elkartu ginen berarekin lan berriaz eta bere ibilbideaz hitz egiteko.

Hegazkinek arima al dute?
Hasteko nik "El alma del controlador aéreo" izeneko liburua irakurri nuen. Eta oso erakargarria iduritu zitzaidan. Gainera, nik bigarren lan honetarako zehaztu gabeko ideiak irudiz azaltzeko asmoa neukan. Oroimen bezala ditugunak, baina ez direnak oroimen, burura etortzen zaizkizunean ez baitira leku zehatz bat, bestelako kode bat dira. Perfume bat, usain bat edo tenperatura bat. Hitzez ezin daitezke sentsazio horiek adierazi, irudien bidez bakarrik egin daitezke. Orduan, oso irudi egokia "Hegazkinen arima" iduritu zitzaidan: arima, zerbait inkonkretoa delakotz; eta hegazkina, zeruan barna, inmaterialtasunaren erdian dagoen materia pusketa bat baita. Orduan, irudi horrekin jolastuz eta liburuaren laguntzaz idatzi nuen titulua.

Fito y Los Fitipaldis, Ke No Falte, PiLT, eta Split 77 taldeetako partaideak dituzu taldean. Rock bandetatik datozen musikariak dira guztiak.
Nire betiko ukituetatik ihes egitea nahi nuen, beti aje bat baitaukazu musika egiten duzunean eta beti gauza berberak edo antzekoak egiten amaitzen duzu. Zaila izaten da norbere buruarengandik ihes egitea, ez badizu kanpotik norbaitek laguntza edo ikuspuntu berri bat ematen. Orduan, horretan pentsatzen nenbilela, behin Kafe Antzokian Rafa Ruedarekin egin nuen topo. Rafa eta biok aspaldiko lagunak gara, unibertsitate garaian ezagutu genuen elkar eta garagardo bat hemendik eta beste bat handik galdetu egin nion ea lan hau nirekin egin nahi zuen. Horrela sortu zen. Nik ez nuen pentsatzen talde gogorreko partaideren bat behar nuen ala ez. Rafa musikari bezala ezagutzen nuen, gustuko nituen berak egiten zituen gauzak. Oso musikari berezia da, asko gustatzen zaizkio giroak, pilo bat jostatzen du giroekin eta horrek beti erakarri nau. Eta elkarrekin hasi ginen lanean. Gero berak esan zuen banda sortzekotan agian hau edo beste hori hautatuko zuela, nik beste hura esan nion eta guztion artean banda sortu genuen. Bandak bere ukitua jarri du diskoan, eta Rafak ere bai. Rafak kantak hartu zituenean nik askatasun guztia eman nion beraiekin nahi zuena egiteko. Kanta batzuetan armonizazio guztia aldatu du, beste batzuetan erritmo kontua izan da, beste batzuk ia ez ditu ukitu. Ni berez ez naiz kantautore bat. Ni talde batetik nator eta beti taldeetan ibili naiz jotzen eta konposatzen. Bakarka zaudelarik zure gitarraren laguntza baino ez duzu eta horrela lan egitea ez zait gustatzen gehiegi. Nahiago dut talde batek eskaintzen duena hor edukitzea, taldeak indar berezia ematen diolako zure lanari. Musikari bakoitzak bere inpronta jartzen du disko batean, nahiz eta pandereta bakar bat jo. Izan ere, ukitu horrek nolabait kantuaren espiritua aldarazten du. Oso pozik gelditu naiz taldearen lanarekin.

Sasoi Ilunak taldeko partaide izan zinelako ezagutzen zaitu jende askok. Bestalde, lehenago Viuda de López taldean jo zenuen.
Viuda de López bigarren edo hirugarren banda izan zen. Hasieran beste batzuk ere egon ziren, gaztaroko banda horietakoak. Viuda de López ere horietako bat da, bi maketa egin eta erraz galdu zen taldea. Sasoi hartan Viuda de Lópezek egiten zuena oso bitxia zen. Imagina ezazu, orain Euskal Herrian popa egitea ez da hain arraroa, badirelako beste talde batzuk, baina garai hartan ez zegoen deus ere. Eta gainera, Euskal Rock Radikalaren garaia zen. Orduan, guztiz desbideratuta geunden zentzu komertzialean. Hortaz, bi maketa egin eta kitto. Hori utzi eta bidean ezagututako beste talde batzuetako jendearekin harremanetan jarri ginen eta Ttak ahula sortu genuen. Banda hori oso esperimentala zen eta ez zuen musikari finkorik. Batzuetan saxo batekin jotzen genuen eta beste batzuetan teklatu batekin. Hortaz, gure emanaldi bakoitza performance antzeko zerbait zen. Talde horrekin maketa bat grabatu genuen. Ondo pasatzeko ongi zegoen, baina ez zeukan talde baten espiriturik, ez zeukan talde baten senik. Banda hori beste proiektu batean urtu zen, Sasoi Ilunak taldean. Sasoi Ilunak 1989-1990ean sortu zen eta segituan lehendabiziko diskoa argitaratu genuen.

Sasoi Ilunakek ere nahiko musika berezia edo alternatiboa egiten zuen...
Alternatiboa komertziotik at jendeak hautatzen duena da eta Sasoi Ilunakekin ez da hori gertatu. Izan ere, Sasoi Ilunak ez da hautatua izan ez komertzioan eta ez ahoz-aho horretan ere. Beraz, gure ibilbidea nahikoa isila izan da, arretarik jarri ez diotelako. Eta pena da, taldeak gauza anitz egin zituelako eta gauza oso interesgarriak gainera. Kritika oso ederrak, baina gero publikoarengana heltzen jakin ez. Jendeak ez zuen gauza berriak deskubritzeko gogorik. Nik uste dut Euskal Herrian asko gertatzen dela hori. Jendeak buruz ezagutzen dituen kantak abestea nahi ditu. Ez ditu gauza berriak deskubritu nahi eta patxada hori ez da batere ona, oso negatiboa iduritzen zait. Eta buruz dakizkiten kantak esaten dudanean, musika mota ere bada. Hemen, Euskal Herrian, musika gogorra, erreibindikatzailea hitzetan onartuta dago erabat. Oso gauza bitxia da, kanpotik datorren musika edozelakoa entzuten baita. Hemen beto bat dago, Euskal Herrian musika egiten baduzu, zenbait gauzari betoa jartzen zaio. Eta hortik hastean, betatuta dauden gauza horiekin hastean, dagoeneko puntu bat gutxiago duzu. Orduan, puntu bat gehiago borrokatu behar duzu. Hemen borroka latza dago. Nik uste dut panorama aldatzen doala pixkanaka-pixkanaka. Badago jende bat bide berriak jorratzen, hor duzu Bide Ertzean, Jabier Muguruza edo Piztiak, talde madarikatu bezala gelditu dena.

Ahotsa da zure musikaren bereizgarrietako bat. Ahots kordetan nodulo bat zenuela-eta ebakuntza egin zizuten, ezta?
Bai, azkenean ezin nuen hitz egin ere. Hori Sasoi Ilunaken bigarren diskoa grabatu eta gero izan zen. Bigarren diskotik hirugarren diskora lau urte pasa zirela uste dut. Eta horregatik izan zen, talde aldaketa bat ere egon zen, gitarra jole berri bat sartu genuelakotz. Baina horrek ere bere eragina izan zuen. Ahotsa hasieratik izan da deigarri, baina ez bakarrik ahotsak duen lakartasunagatik. Nik uste dut abesteko beste modu bat ere badagoela atzean. Hemen jendeak ez du gehiegi lan egiten ahotsarekin, Euskal Herrian ahotsa gutxi lantzen da eta uste dut horrelako bat entzuteak atentzioa deitzen duela.

Hitzetan gauzak garbi eta zuzen esaten dituzu.
Nire abestietako hitzak ez dira mezu bat daramaten horietakoak. Izan ere, nik ez daukat mezurik inori emateko. Nik nire abestietan mezu bat bidali behar dudala pentsatzea jokabide nahiko harroa iduritzen zait. Mezu bat bidaltzeko gauza zarela pentsatzeko oso goian izan behar duzu zure autoestima. Nik ez dut horrelakoa, beraz, nik uste dut ez dudala mezurik bidaltzen nire abestietan. Egiten dudana da noizbait ikusi, sentitu edo bizi izandakoa bertan nolabait irudikatzea. Eta asko gustatzen zait egoera arruntetatik abiatzea, taberna bat, pertsona baten begirada... horrelako gauza xumeak, baina era berean dauden bakarrak. Izan ere, gure bizitza ez baita liburuetan idatziko edo telebistan agertuko kristolako pelikula batean. Gure bizitzak arruntak dira, baina arrunta izateak duen berezitasunarekin, izan ere, arrunta dena handia baita. Eta xumea denak harro egon beharko luke bere xumetasunean.

Poeta samarra zarela esan daiteke?
Poesia asko gustatzen zait eta lagun anitz ditut poesiaren inguruan ibiltzen direnak. Oso aberasgarria iduritzen zait poesia eta musika uztartzea. Idazteko edo poesia irudikatzeko sentiberatasuna oso present edukitzea gustatzen zait.

Nola egiten du jauzi bakarkako ibilbidera beti taldeetan ibili den musikari batek?
Nekez eta ilusioz. Nire kasuan Ritxi Aizpuru Oihukako koordinatzaileak proposatu zidan. Hori Sasoi Ilunaken hirugarren diskoa grabatu eta hilabete batzuetara izan zen. Nik garai hartan ez nuen ikusten nire burua zerbait bakarka egiteko moduan. Inoiz ez nuen horrelakorik pentsatu. Lehen esan bezala, niri taldean lan egitea gustatzen zait. Baina gauzak horrela dira. Sasoi bat izan nuen animoz oso makal nengoela, desherriratu egin nintzen, Nafarroan egon nintzen urtebetez. Eta hor Sasoi Ilunaken ikusten ez nituen kanta batzuk ateratzen hasi ziren. Beste formato bat eman beharrekoak ziren. Orduan Ritxik esandakoarekin oroitu nintzen eta, horrelako abesti gehiago ateraz gero, bakarka hasi nintekeela pentsatu nuen. Eta egia esan, material piloa atera zen. Ritxiri deitu nion eta banda batekin lan egin nahi nuela esan nion. Azkenean, arin ibili behar izan genuen eta oso gutxi landu ahal izan nuen taldearekin. Horregatik, banuen nik bigarren disko honetan kendu beharreko arantza bat. Taldeari protagonismo gehiago eman nahi nion. Disko honetan lortu dut.
Bakarka aritzerako jauzi hori nahigabean edo ustekabean egiten da. Bat-batean zenbait gauza bildu eta egokitu egin baitira hori egiteko. Nekez ematen da pauso hori, jendeari bakarka hasiko zarela edo beste talde batekin hasiko zarela esan behar diozulako. Eta horrek ere beti min pixka bat ematen dio zurekin hainbat urtetan ibilitako jendeari. Izan ere, bakarka jartzen nintzelarik ezin nuen Sasoi Ilunak banda bezala eraman, bestela Sasoi Ilunak izango baitzen. Horregatik, nekez eta penaz. Eta beste alde batetik, ilusioz, ea zer demontre irteten den hortik ikusteko. Nolabait esateko zure lanerako beste presentzia bat da. Polita da


ASTEKARIA
2002ko apirilaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude