EGUNERO IKASGELAN

Aurreko orrialdeetan Euskal Herrian berria den fenomeno honek sortutako erreakzioak azaltzen saiatu gara. Kezka, arazoa, oztopoa, ezjakintasuna, kontzientzia eza... hitzak erabili ditugu egoera definitzeko, horixe aurkitu baitugu eskolako arduradunen eta gurasoen ahotan. Noraezari aurre egiteko esperientzia dutenen txostenak irakurri behar dira, atzerriko ereduak ezagutu behar dira... baina haur etorkinak ezin dute itxaron, hemen daude. Eta horixe egin dugu guk, eskoletara jo eta irakasle, guraso eta ikaskideen eguneroko lana ikusi.

Gipuzkoako Legorreta herriko familia euskaldun batek adoptatu duen haur errusiar baten kasua ezagutuko dugu. Gipuzkoako hiriburuan berriz bada ia haur guztiak atzerrikoak dituen eskola publiko bat, San Jose Ikastetxea eta bertako zuzendariarekin aritu gara berriketan. Nafarroara jauzi eginez Iruñerriara abiatu gara D ereduan erakusten duen Hegoalde eskola publikora. Han hegoamerikar, magrebiar eta Europako Ekialdeko etorkinen seme-alaben berri izan dugu. Berriro Gipuzkoara itzuliz Intxaurrondo Ikastetxeak El Salvadorko Segundo Montes ikastetxearekin duen harreman estua azalduko dizuegu eta baita Mundilab izeneko proiektuari buruz ere. Izen eta abizeneko eskolez gain probintziaka lantzen diren proiektuak ere badira. Horrela, Hego Euskal Herrian SOS Arrazakeriak eta beste hainbat taldek 50etik gora ikastetxetan urtero inmigrazioaren, arrazakeriaren eta kulturaniztasunaren gaia jorratzen dute hainbat ekimenen bidez. Laburrean jaso ditugu adibideok, baina informazio gehiago nahi izanez gero «Hik Hasi» aldizkarira jo dezakezue, 58. alean adibide hauek luze jorratu baitituzte.

ERRUSIATIK LEGORRETARA.

Iazko maiatzean heldu zen Vica Errusiatik Legorretako familia euskaldun batera. 10 urteko haurrak errusieraz egiten zuen etorri berritan eta 2001eko irailean Legorretako Ugaro eskolan hasi zuen ikasturtea. Ikasturtea hasi aurretik ordea prestaketa lan ugari egin zuten bai haurrak, bai gurasoek eta baita irakasle eta ikaskideek ere. Iraileko eskolaratzea kolpekoa izan ez zedin eskolako tutorea, Mirari Arregi eta itzultzailea, Ainhoa Azurmendi etxera joan zitzaizkion beren buruak aurkeztera. Eskola, bere gela izango zena eta ikasteko materiala eta guzti erakutsi zieten uda aurretik. Ikaskideak ere aurrez ezagutu zituen jolas parkean. Pertsonak ezagutzeaz gain hizkuntzarekin izango zuen arazoa. Errusieraz besterik ez zuen egiten eta Azurmendi itzultzailea ohartu zenez ama hizkuntzaren alfabetoa ere ez zuen ondo ezagutzen. Lan ildoa garbi zuten: ama hizkuntza ez zuen galdu behar, alderantziz, alfabetoa ikasi eta maila hobetu behar zuen. Horrekin batera euskara ikasiko zuen eta hizkuntza berria ikasi ahala ikasgaiak barneratuko zituen. Irailean 3. mailan hasi beharrean 2. mailan hasi zen eta hiru hilabetez egunean bi orduz egoten zen itzultzailearekin gelan. Ikaskideen erritmoa jarraitzen zuen haurrak, baina itzultzaileak aldiro euskarazko materiala itzuliz. Itzultzailea Gipuzkoako Diputazioak eta EAEko Hezkuntza Sailak bideratzen duen laguntza da, baina hiru hilabeterako soilik. Denbora horretan gutxieneko ezagutzara heltzea da helburua. Mirari Arregi tutoreak dioenez administrazioak teorian ama hizkuntza zaindu behar dela dio, baina eskaintzen dituen baliabideekin ezinezkoa da. Bigarren hizkuntzaren ulermen maila eskatzen diote ikasleari baina hori ez dela nahikoa azpimarratzen du Arregik. Gainera, administrazioak etorkinei erantzuteko itzultzaile plantila eduki beharko lukeela dio.

DONOSTIAKO SAN JOSE IKASTETXEA.

Karitateko Alaben konpainiaren eskola da hau eta 100 urteko ibilbidearen ondoren, gaur egun 130 bat ikasle dituzte. Kopuru horretatik gehienak haur etorkinak dira. Eskolan hogeita bi herrialdetako haurrak dituzte, besteak beste, Kolonbia, Peru, Errusia, Bulgaria, Portugal, Txina eta Errumaniakoak. Gainerakoak bertako ikasle izandakoen seme-alabak dira.
Eskola honek duen etorkin kopurua izugarria da beste eskolekin alderatzen bada eta egoera horren arrazoiak bi dira nagusiki. Batetik, haurra ikasturteko edozein garaitan sar daiteke ikastetxe honetara. Matrikulazio epea urte osoan zabalik dute. Batera eta bestera ibiltzen diren atzerritarrek beraz, errazago dute haurra eskola honetara ekartzeko. Gabonak igaro ondoren adibidez, hogei ikasle sartu ziren eskolan. Bestetik, eskola doakoa da. Ia inork ez du ordaintzen jangela, ez testu liburuak ezta eskola asegurua ere. Ikastetxeak haurrentzat bekak eskatzen ditu gastu hauei aurre egiteko eta horrela moldatzen dira.
Hizkuntzari dagokionez nolabaiteko nahasketa egiten dute. Eskolaurrean haur guztiei euskaraz erakusten diete, baina Lehen Hezkuntzan B eredua jarraitzen dute. Dena dela, Rosario Irigoien zuzendariak aitortzen digunez, «B eredua A eredurantz hurbiltzen da». Eskolaurreko haurrek ez dute arazorik B ereduan ikasteko, baina ikasle asko ez dira eskola horretan eskolaurrean aritutakoak. Beraz, bigarren hauek euskara ez dute batere ezagutzen eta batzuek ezta gaztelera ere. Gazteleraz ezer ez dakiten hauei ohiko ikasgelatik at eskola bereziak ematen zaizkie eta batzuetan uda osoan ere aritzen dira gaztelera ikasten. Haur hauentzat ez dute itzultzailerik, irakasleak berak moldatzen dira.
Hizkuntzaren arazoaz gain, gainerakoan ikasleen elkarbizitza ona dela esan digu Irigoienek. Zenbait herrialdetatik etorritakoek, txinatarrek eta errumaniarrek adibidez, hainbeste jolas egitearekin harrituta daude. Beraien herrialdeetan diziplina zorrotzean ohitu ziren eta hemen beste era bateko eskolarekin aurkitu dira. Ikasgelatik kanpo ikastetxea familiekin harremanetan egoten da. Kasu batzuetan gurasoak lan bila aritzen dira Euskal Herrian eta beren helburuak lortzen laguntzen diete eskola honetan.
Ghettizazioa bultzatzeko arriskuaz galdetuta erantzuna garbi du San Jose ikastetxeko zuzendariak: «Egia da beste eskola bat ordain dezakeenak ez duela hona ekartzen bere semea edo alaba, baina ikastetxea denei irekia dago». Zuzendariak badaki hainbeste haur etorkin pilatzeak eskolaren funtzionamendua asko oztopatzen duela, baina ikuskariak esan ohi diona gogoratzen du; beste eskolek arazo bat gutxiago dutela horrelakoei esker, alegia.

IRUÑERRIKO HEGOALDE ESKOLA.

Eskola publikoa da Hegoalde eta Iruñeko hegoaldean dago kokatua, langile auzoan. D ereduan ikasten dute 12 urte arteko haurrek. Auzo honetan etorkin gehienak Latinoamerikakoak dira, kolonbiarrak, ekuatoriarrak eta Perukoak. Magrebiarrak ere dezente dira eta azken aldian Europa Ekialdeko etorkinak hurbildu dira Iruñerriko auzo honetara. Eskolan etorkinak dituzte noski, baina Aitor Etxarte zuzendariak ez digu datu zehatzik eman, haur etorkinen gurasoek ez dutelako berain seme-alaben daturik erabiltzerik nahi. Hala ere, auzoko eta eskolako etorkinen gorabeherez hainbat datu eskura jarri digu. Aipatutako etorkin taldeen ezaugarriak ez dira berak eta eskolatzen diren haurrengan ere badu eragina horrek. Esate baterako, etortzen diren magrebiar gehienak gizonezkoak dira eta taldean mantentzen dira hona etorritakoan. Beraz, ez du jaioterritik haurrik ekartzen eta hemen bertan ere ez da ohikoena familia osatzea. Europako Ekialdekoekin beste hainbeste gertatzen da. Ukrainatik, Bielorrusiatik eta beste hainbat herrialdetatik etortzen hasi dira, baina gehienak gizonezkoak eta familiarik gabe. Hegoamerikatik berriz, familiako kide ugari etorri ohi da eta horiek eskolarako haurrak dituzte. Hala ere, ez dira guraso eta seme-alabek osatutako familia «tipikoak». Askotan eskolako atea jotzen duena amona izaten da (ezin dugu gure Europako ereduko gizarteko amona batekin alderatu Latinoamerikako amonak 40 bat urte izan baititzake). Amona hori dator bilobekin eskolara haurren gurasoak sarri jaioterrian baitaude oraindik edo bestela, inguruko herrietan edo autonomia erkidegoetan lan bila. Familia giro hau izanda haurrak eskolan iraungo duen denbora zehaztea zaila da, batetik bestera baitabiltza gurasoak.
Hegoalde eskolaren kasuan hegoamerikar ikasle hauek euskara ikasi behar dute, D ereduan ari baitira. Haur hauentzat euskara ikastea bertako haurrentzat baino zailagoa denik ez du uste Aitor Etxarte bertako zuzendariak: «Bertako ia haur guztiek eskolan soilik dute euskaraz aritzeko aukera, hegoamerikarrei gauza bera gertatzen zaie». Beste kontu bat kulturen arteko enkontrua da. Garbitasuna, elikadura, diziplina... kontzeptu asko eta asko, ohitura asko desberdinak dira eta horrelako egoeretan moldatu beharra izaten dute. Eskolako zuzendariak aitortu digunez, alde horretatik ez dute arazo handiegirik izan eskolan, ezta musulmanekin ere beraien erlijioa itsu-itsuan jarraitzen ez dutelako. Europako Ekialdeko etorkinekin dituzte orain arazo larrienak. Nahiz eta hauexek izan kultura aldetik gure gertukoenak, integrazio arazo gehien beraiek dute. Etxarteren iritziz kontua zera da: «Magrebiarrak, hegoamerikarrak tropelean etorri dira, elkar babesten dute eta arabieraz, frantsesez edo gazteleraz moldatzen dira». Hauei laguntzeko bideak jarriak daude, gaztelera erakusteko ikastaroak dituzte, bai kalean eta bai eskolan, Europako Ekialdekoek ez. 10 urtetik gorako haurrek-eta arazo larriak izaten dituzte laguntza indibiduala behar dutelako hizkuntzak ikasteko eta askotan beren jaioterriko beste inoren laguntzarik aurkitzen ez dutelako.
Hegoalde eskolan etorkinen seme-alabez gain jatorri askotako beste hainbat haur bada. Bikote mixtoak asko ugaldu dira eta aita edo ama (ama gehienetan) Euskal Herrikoa eta aita edo ama (aita gehienetan) atzerrikoa duen haurrak badira eskolan. Bestalde, atzerrian adoptatutako ikasleak ere badituzte. Hauen guztien integrazioa ez da erraza eta Etxarte eskolako zuzendariak aitortzen digu etorkin asko eskolaratu diren ikastetxeetan bertako gurasoek haurrak eskolaz aldatu dituztela. Dena den, etorkinak gero eta gehiago etorriko direla argi du Etxartek: «Guretzako berria da fenomeno hau, baina adibidez Erriberan lehenago ezagutu zuten. Guk ere ohitu egin beharko dugu. Gure ikasleentzat oso arraroa izan zen ikaskide beltzak izatea, baina lehenengoekin gertatu zen hori, orain ez».

EL SALVADOR ETA SAHARA.

1994an El Salvadorko Segundo Montes komunitateko eskolatik hainbat kide etorri zen Donostiara beraien proiektuak abian jartzeko diru laguntza eske. Intxaurrondo ikastolara joan ziren El Salvadorkoak beraien berri ematera. Intxaurrondokoei interesgarria iruditu zitzaien eskola honekin harremanetan jartzea eta horrela gaur arte harremana mantendu eta hainbat ekimen egin dute, eskolari lagundu eta bide batez Intxaurrondo ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek elkartasunaren eta berdintasunaren balioak ezagutuz. Dagoeneko irakasle zein gurasoak izan dira Segundo Montes komunitatean eta haiek ere hona etorri dira. Diruz laguntzeaz gain hemengo eskola programak erakusten zaizkie eta beraiek ere han dituzten moldeak hona ekarri dituzte. Ikasleak bertara joan ez badira ere posta trukaketa zerbitzua dute ikasleen arteko harremana manten dadin. El Salvadorrera begira lanean ari zirela Hegoa Gobernuz Kanpoko Erakundeak Mundilab izeneko proiektuan parte hartzeko gonbitea egin zion ikastolari. Bada, 1994an hasitako bidea utzi gabe proiektu berri honetan buru-belarri sartu ziren, honek ere kulturaniztasuna lantzeko aukera ematen baitzien. Lehen aipatu dugun «saloia»ren moduan hauek laborategi izena jarri diete kulturaniztasunaren bilguneari. Laborategian beste lurraldeetako mapak, argazkiak, aldizkariak, informazioa... dago. Ikasleak irakaslearekin aritzen dira bertan lanean. Iaz, martxoa eta apirila bitartean Saharako kultura landu zuten eta Euskal Herrian bizi diren saharauiarrak gonbidatu zituzten ikasleekin egotera. Laborategiari amaiera emateko ikastolaren sarreran sasi-jaima bat antolatu zuten.


BIZI DEZAGUN ANIZTASUNAREN ABERASTASUNA.

Inmigrazioaren, arrazakeriaren eta kultur aniztasunaren inguruan ekimen ugari jarri da abian azken urteotan. Horietako bat antolatzen dute SOS Arrazakeriak, Mugarik Gabek, ijito talde batek eta baita Traperos de Emaus eta beste talde batzuek ere. Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko ikastetxeetan abian jartzen dute ekimena urtero. Gipuzkoan sei urte daramatzate antolatzen eta iaz 27 ikastetxetako 1.350 ikasle elkartu ziren. Nafarroan duela bost urte hasi ziren eta 19 ikastetxetako 1.200 ikaslek hartu zuen parte aurreko ikasturtean. Iaz Gasteizen 600 ikasle elkartu ziren eta Bizkaian 11 ikastetxetako 500 gaztetxo izan ziren. Urtean urtean ekimen honetan parte hartzen duen irakasle kopuru ere gorantz doa. Kataluniatik ekarritako programa hau hamabi eta hamasei urte bitarteko ikasleekin lantzen dute eta hiru zati nagusi ditu. Lehenbizi DBHko ikastetxe guztiei programaren berri ematen zaie, nahi duen ikastetxeak parte hartzeko nahia agertzen du eta horrela, material didaktikoa eskura jartzen zaie berau landu dezaten. Bigarren etapan kulturen arteko topaketak egiten dira. Topaketa hauen oinarria «saloiak» dira. Hau da, kultura batzuk aukeratzen dira eta bakoitzean jatorri horretako pertsonak ekartzen dituzte azalpenak emateko. Ikasleek gustuko duten saloia aukeratzen dute. Saloi magrebiarra, ijitoena, Afrika Beltzekoa eta latinoamerikarra dira gehien antolatzen direnak. Hauetan, ikasleei arabiar alfabetoa erakusten zaie, Afrika Beltzeko edo Latinoamerikako dantzak ikasten dituzte edo ijitoek flamenkoa ezagutzeko aukera ematen diete. Bizkaian adibidez, ijitoen kulturari begirako «saloia» soilik antolatu izan dute, premia larriena hauengan somatzen dutelako. Behin kultur topaketa hauek eginda ikasleek ikasi eta bizi dutena elkartrukatzen dute. Honela, kultura bat baino gehiagoko ezagutza izaten dute


Eguneraketa berriak daude