«Gidoitik irteten jakiteak erakusten du nor den ona»

Sabeliztuna zara. Sabelarekin hitz egite hori ikasi daitekeen teknika da ala berezko dohaina?

Teknika bat dago, baina sekretua da eta ez dizuet kontatuko! Ez da ikasteko zaila, baina mantentzea ez da erraza. Izan ere konstantzia handia behar duzu, eta egunero-egunero landu. Bestela, esaterako ahots tonu altu bat bi edo lau egunetan lantzen ez baduzu, gero ezin duzu bat-batean errekuperatu, eta zerotik hasi behar berriz ere!

Bentrilokia nondik dator eta zein bilakaera izan du?
Hasieran bentrilokia oso lotua zegoen "vodeville"arekin. «Vodeville»ak konpainia batzuk ziren, antzokietara oso artista ezberdinak eramaten zituztenak: abeslari bat, dantzari bat, itzalekin formak egiten dituena, magoa... eta artista horietako bat sabeliztuna zen. Garai hartan, sabeliztuna sorgindutako artista bezala ikusten zen, efektu bereziak egiten zituena. Esaterako, ura edan bitartean abestu egiten zuten, erre bitartean hitz egin, edo abestu bitartean kandelak itzaltzen zituzten. Nik erretzearena oraindik ez dut lortu, baina edan bitartean abestu dezaket. Bentrilokia modernoa Edgar Bergen amerikarrak ekarri zuen, munduko sabeliztunik onenak. Bergen izan zen bentrilokia umorera eraman zuena, eta egun ikusleak ez du umorerik erabiltzen ez duen sabeliztunik onartzen.

Sabeliztun gisa helduentzat hasi zinen emankizunak eskaintzen. Zer alde dago ikuslea haurra denean?
Oso ezberdina da. Normalean helduekin txisteak, ironia eta gaur egungo gaiak erabiltzen dira. Umeekin ez, umeekin oso zuzena izan behar duzu umorean, eta keinu asko egin behar dituzu. Eta ez da erraza, zeren normalean sabeliztunen posizioa oso zurruna izaten da, panpina da mugitzen dena. Umeentzat, berriz, hitz gutxiko gidoia asmatu behar duzu, eta batez ere soinu edo onomatopeia asko erabili. Panpinaren mugimenduak hartzen du garrantzia, eta ez hainbeste txisteak. Haurren arreta lortzeko ahotsa modulatzen ere ondo jakin behar da.

Inoiz gertatu zaizu ikusleak zure umorearekin mintzea?
Ez. Ikusleekin zuzenean sartzen naiz, baina ez zait sekula inor haserretu. Behin Valladolid-eko sabeliztun bat ikusten ari nintzen Bilboko areto batean. Goizeko 3:00etatik aurrera sekulako fauna elkartzen den areto horietako bat zen. Valladolid-eko sabeliztun hau benetan ona da, asko inprobisatzen du. Bere panpina ume bihurri bat zen, baina nazkagarri amorratua! Ikusle artean mozkor bat zegoen, sekulako zepelarekin. Mozkorra panpinari builan hasi zitzaion. Halako batean, umeak buelta erdi eman, eta sekulakoak bota zizkion mozkorrari, ixildu gabe, bere irain zerrenda ezin bukatu. Jendea algara batean. Sabeliztunak panpinari errieta egin zion: "Mesedez, errespetu pixka bat ikusleekiko...". Eta mozkorrak, bere onetik irtenda: "Ixil hadi heu eta panpinak jarrai dezala hizketan!".

Euskaldun berria zara. Zer esan nahi du zuretzat ikuskizuna euskaraz egiteak?
Oso ezberdina da niretzat. Ordubeteko ikuskizuna eman behar duzunean benetan garrantzitsua da inprobisatzen jakitea. Egokiena da gidoitik atera eta ikusle batekin zuzenean sartzea, hor ikusten da artista ona zaren edo ez. Nire lehen hizkuntza gaztelera da, eta beraz panpinarekin dudan elkarrizketa ez da hain freskoa. Nire inprobisazio ahalmena oso txikia da, eta horregatik elkarrizketa dena buruz oso ondo ikasita eraman behar izaten dut. Horregatik une honetan ez naiz ausartzen helduen aurrean euskaraz emanaldirik eskaintzera.

Sabeliztuna eta pailazoa zara. Nola sartu zinen mundu horretan?
12 urterekin Bilbon pailazo talde bat ikusi nuen, lehengusuaren jaunartzean. Ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina txundituta utzi ninduten. Bi astetara jada nire pailazo jantzia egina nuen. Pixkanaka eskolan emankizunak eskaintzen hasi, eta geroxeago lagunak elkartuta talde bat osatu genuen, zahar eta gaixotutako umeentzako emankizunak eskaintzeko. Lagunetako bat magoa zen, bestea akordeoilaria, eta beste saio bat behar genuen showa osatzeko. Nik banuen bentrilokiari buruzko liburu bat, eta liburu hura irakurrita hasi nintzen sabeliztun gisa.

Nola trebatu zinen pailazo lanetan?
Umetan karabanetara sartu eta pailazoei enbarazu egiten! Eskolan Mundaizen nenbilen, apaizetan. Burdinazko zubia zeharkatuta, hortxe kokatzen zituzten karabanak zirkokoek. Ikasgelatik ihes egin eta karabanatara joaten nintzen pailazoei hankapera, ikasi egin nahi nuelako. Grabagailu bat hartuta denetarik galdetzen nien. Esketxak nola egiten zituzten, edo nola makilatzen ziren azaltzen zidaten. Jende asko ezagutzeko zortea izan nuen, oso onak ziren pailazoak gainera, nahiz eta gero ahaztu ditugun. Elkarrizketa horiez gain, etxean bideo eta liburu piloa ditut.

Zein pertsonaia ditu pailazoen hirukote klasikoak?
Aurpegi zurikoa Clown da, eta besteak Augusto lehena eta Augusto bigarrena dira. Sekretua kontrastean dago. Clown argia da, Augustoak berriz tontoak. Augusto lehena pailazo barregarria da, baina erasokorragoa. Augusto bigarrena on puska bat da, inozenteagoa.
Augusto izena nondik datorren ziur ez dakigu, baina diotenez Alemaniatik dator. Teoria baten arabera, pailazoak zaldien ikuskizun batean sortu ziren. Bat-batean gizon mozkor bat pista erdian agertu omen zen, eta ikusle denak barrez, noski. Mozkor hark Augusto izena omen zuen, eta badirudi hortik jaso dutela pailazoen hirukote klasikoko bi pertsonaiek Augusto izena.

Zirko askotan egin duzu lan. Nolako giroa bizitzen da zirkoan? Nolakoa da artista-jende hori?
Zirkokoa oso giro berezia da. Bizimodu nomada da. Galdetu bestela Joxe Mari Mendizabal bilbotarrari, zirkoko apaizari! Mendizabalek garai batean bazuen bere karabana, eta zirkoarekin joaten zen. Meza ematen zuen, eta ez zen batere erraza bere lana. Ezkontzeko, bikoteen erregistro zibila eskatzen dizute, non jaio zaren dioen agiria. Baina zirkoko jende askok ez daki nongoa den, eta apaizak bilatu behar izaten zuen zein parrokiatan erroldatua zegoen! Neroni ere berak ezkondu ninduen eta esaten dutenez zirkoko apaizak ezkondutako denak banandu egiten dira azkenean.
Betiko artistek etxea badute euren herrian, eta euren ametsa lursailtxo bat edukitzea izaten da, karabana sartu ahal izateko modukoa. Baina segun eta zer motatako artista zaren, eta zer mailatakoa zaren, hainbeste kobratzen duzu. Zirkuitu batzuetan asko kobratzen da, dela Alemaniako kabaretetan, edo Karibeko ontzien zirkuituan. Baina kasu askotan familiako semeak dira soldata altu hori lortzera iristen direnak, ez familiako aitak. Aldiz, beste familia batzuk ez dira sekula zirko txikitik irteten. Oso bizimodu gogorra da, baina batzuk izugarri irabazten dute.

Zirkoko artista izatea, familiako tradizioak dakar?
Orain dela 10-15 urtera arte hemen ez zegoen zirko eskolarik, eta beraz familiako tradiziotik ikasten zen. Txinan eta Errusian, berriz, betidanik egon izan dira zirko eskolak. Errusiarrak teknikoki oso onak dira, baina berotasuna, goxotasuna falta zaie. Europan orain sortu dira eskolak, zirkoak teknika handia eskatzen duelako.

Zirkoaren inguruan mafia omen dago...
Artistak eta familiak oso jende fina dira, benetako lagunak ditut. Baina gero beti daude elementu ederrak, jende horren kontura aberasten direnak. Mafia dago zirkoaren inguruan.
Orain dela lau urte, Frantzian zehar emanaldiak eskaintzen ari ginela, Madame Zabata andere dirudunak eskaintza bat egin zigun, Poitier-en aktuatzekoa. Gu pozik. Eskaini genituen emankizunak, baina kobratzerako orduan ez zidan agindutako diru guztia eman. Kargu hartzera joan eta berak itxurak egiten zituen, guk kopurua gaizki ulertu geniola esanaz. Bat-batean bere atzean bi morrosko puska jarri ziren. Muturrekoka hartu behar gintuztela ikusita, ospa egin genuen. Gainera Madame Zabataren senarra bera ere "scroquer" bat da, alegia kotxeak lapurtu eta ostera saltzen dituen iruzurgile horietakoa! Beste herri batera alde egin genuen lotara, lagunek esan baitziguten bertan geldituz gero ederki berotuko gintuztela.

Nondik dator zirkoa?
Ingalaterratik datorrela esaten dute, eta batez ere zaldiarekin oso lotuta dago. Hasieran zirkoa ez zen borobila, hipodromoko pistetan egiten zen. Gerora zirko borobilak sortu ziren, baina finkoak, eraikinak direnak. Mota guztietako espektakuluak eskaintzen ziren bertan, eta hain zuzen zirkoaren egitura oso egokia da areto gisa, borobila izanik jende guztiak ikus dezakeelako eszena. Paris halako zirkoz betea dago. Donostian ere bazeuden. Gipuzkoa plazaren ondoko Jesuiten eliza, esaterako, zirko finko bat da. Beste bat Grosen zegoen, bestea udaletxe atzean...

Zein zirko mota bereizten dituzu gaur egun?
Alde batetik, Cirque du Soleil dago, gaur egungo famatuena. Zirkoaren mundura antzerkiaren efektuak edo tresnak sartu ditu (argia, musika, historia). Baina niretzat iluna da, tristura ematen dit. Eta beharbada, jende gehiegi agertzen da pista erdian.
Gero bada beste estilo bat, zirko amerikarra, AEBetakoa. Pistan jende andana agertzen da, sartu-irtenean, eta ez duzu apreziatzen. Niri gustatzen zait pistan artista bakarra, edo bi-hiru soilik agertzen diren zirkoa, ondo ikus dezakezuna, garbi, askoz gehiago komunikatzen duelako.
Zirko europarra (Knie suitzarra, edo Frantzian Arlette Gruss, Alemanian Roncalli), elegantea da, ni bezalako zirko tradizionalista zaleentzat gustukoenak direnak. Ez dira haurrentzat pentsatutako zirkoak, helduentzat baizik. Jada zirkoa umeei zuzendutako espektakulua dela sinetsia dugu, baina ez, zirkoa familia guztiarentzat da. Baina nik uste bereziki helduei zuzendua behar duela, helduek bakarrik apreziatu dezaketelako zer dagoen artista baten atzean. Haur bat ez da hainbeste harritzen ekilibrista soka gainean ikusita, heldu bat gehiago jabetzen da arriskuaz eta merituaz. Umeek pailazoak ikusi nahi dituzte, eta batez ere animaliak.

Zuri berriz ez dizu graziarik egiten zirkoan abereak erabiltzeak...
Ez zait batere gustatzen animaliak zirkoan edukitzea, pena ematen dit lehoiak kartzelan preso dauzkatela ikusteak. Zaldiak bakarrik gustatzen zaizkit zirkorako. Jakina, gero alde ederra dago animaliak zaintzeko moduan! Austriako zirkoetan animaliak oso ondo zainduak dituzte, baina beste askorena lotsagarria da! Zirko asko ezjakinen eskutan dago, zirkoa maite ez dutenen eskutan. Eta zirko bat ondo eramateko zirkoa maite beharra dago, edo bestela txapuza galantak egingo ditu.

Holliday zirkoak ez ditu animaliak oso ondo zaintzen...
Tarteka borondatez joaten naiz pailazo emankizunak eskaintzera, zirkoan oso ondo pasatzen dudalako. Hori bai, Holliday benetan zirko txarra da. Cascanten lehoi guztiek ihes egin zuten, eta Goardia Zibila denak harrapatu nahian ibili zen! Eta Castron ere berdin, oraindik oroitzen ditut ikusleen orroak!
Beste behin krokodiloen ikuskizunak sortu zuen ederra. Aurkezleak (familia bateko aitak) bere hitzak esan bitartean, "Eta orain, zuekin, Indiatik ekarritako krokodiloak...", semeak kaxa ireki, eta krokodiloak agertu behar zuen. Krokodiloa zinta isolatzailearekin ahoa estalita zegoen. Aurkezleak jarraitzen zuen: "Begira, krokodiloa nola datorren aurrera", eta krokodiloa geldi. "Hara, gero eta aurrerago dator" eta krokodiloa geldi. Aitak semeari, ahopeka, "Zer gertatzen da?", eta ostera mikroa hartuta, "Tira, badirudi arazotxo batzuk daudela...". "Arazotxoa" zen krokodiloa hilda zegoela! Semeak isatsetik tiraka atera behar izan zuen!

Angel Cristoren zirkoan ere aritu izan zinen. Nola erre zen bere zirkoa?
Lehen Donostiako Amara auzoan bizi nintzen, eta bertan jartzen zituzten zirko guztiak. Goiz batean, irratian entzun nuen Angel Cristoren zirkoa sutan zegoela, eta ni jantzi eta arrapaladan atera nintzen etxetik, laguntzeko asmotan. Iritsi nintzen zirkora, eta denak lo, karabanak erredurarik gabe, eta su apur bat baino ez zegoen. Gero jakin nuen Angel Cristok berak eman ziola su bere zirkoari, seguruaren dirua kobratzeagatik.

Zein egoeratan dago orain zirkoa?
Ez dago oso memento onean. Badaude oso zirko onak, baina gutxi dira. Gainera Ekialdeko artistek oso gutxi kobratzen dute (errusiarrek, poloniarrek), eta soldatak jaitsi dituzte. Gaur egun jende eta tramankulu askorekin ikuskizuna egitea ez da errentagarria. Egungo antzerki taldeak ere jende gutxiz osatuak daude. Gainera, zirko bat jartzeko egun hirietan ez dago ia lekurik. Aldi berean, konpetentzia handia egiten dio telebistak, eta irudimena da behar dena eta justu horretatik egun gutxi dago! Sekretua hortxe dago: telebistari zirkoarekin edo zuzeneko beste ikuskizun batekin irabazteko modu bakarra da sentimendua eskaintzea, emozioa. Telebistak zailago du ikusleengana iristeko, zirrara sorrarazteko. Horregatik, esaterako Raluy zirkoak beti hartzen duen estiloa joan zen mendekoa izaten da, lasaia, goxotasuna duena. Zirko italiar eta espainiarrek, berriz, ikuskizun erdian zozketa bat sartzen dizute, edo gaizki tratatutako animaliak atera!

Etorkizunik izango du zirkoak?
Bai, zirko onen esperientziak badaudelako eta jendeari gustatzen zaiolako. Hori bai, jendeari gustatzen ez zaiona gerra osteko eredua jarraitzen duten zirkoak dira. Gerra osteko zirkoan harmail kaxkarrak erabiltzen ziren eta behin baino gehiagotan ikusi nuen ikusleren bat hankaz gora lurrera erortzen. Langile askok ikuskizunak iraun bitartean harmail azpian paseatzen zuen, neskei kuleroak ikusteko. Orain, sarreran kobratzen dutena ikusita, ez dut onartzen erosotasun minimo batzuek ez dituen zirkorik. Zirko "titi" inprobisatu horiek, jendea engainatzen dutenek desagertu egin behar dute. Espektakulu gisa bere erritmoa izan behar du... alegia, zirkoa ez dadila atzean gelditu. Zineak, antzerkiak, magiak eta musikak aurreratu badu, guk ere berritu beharko dugu

- Jaio: Bilbon, 1960. urtean.
- Bizi: Donostian.
- Pailazoa, sabeliztuna eta Osasun Saileko kontularia.
- Pailazo: 12 urterekin hasi zen emankizunak eskaintzen. 17 urterekin Hermanos Donosti taldea osatu zuten, eta azken 8 urteotan Gari, Montxu eta Joxelontxo hirukotean dabil.
- Zirkoa: beste askoren artean, Raluy, Bouglione, Mundial, Rudy Bros, Italiano, Holliday edo Angel Cristoren Circo Ruso-n aritu izan da pailazo lanetan.
- Sabeliztun: «Elvi» izenarekin aurkeztu du bere burua. Helduentzat emankizunak eskaintzen ditu. Telebistan umeen saioetan aritu da: «Barrebusa»n hasi, eta aurten «Altza Porru»n dihardu.


Ni 13 urterekin Nojara joan nintzen oporrak pasatzera, familiarekin. Herriko enparantzan gauetan titiriteroak etortzen ziren karabanatan, "La licha" egitera (mota guztietako ikuskizunak eskaini, eta gero borondatea eskatzen zuten). Enparantza erdian zirkoko pista moduko bat jartzen zuten, fokoak eta megafonia jarri, eta jendea nor bere aulkiarekin etortzen zen ikustera. Izugarri gozatu nuen, inpresionatuta utzi ninduen. Urteak pasata, Kopenhagera joan nintzen Cirque du Soleil zirkoa ikustera. Gauean, artista batzuren aitarekin hizketan ari nintzela pasarte hauxe kontatu nion eta, asko espero ez nuela, esan zidan: "Kontxo! Horietako bat ni nintzen eta!". Gaur oso lagun mina dut.


Doinua: Haiziak bidali du

Zirkoak liluratuta
pailazo zen egin,
gero taldea osatuz
joan da denborakin.
Orain zuen zirkoari
nahi diozue ekin,
ea laster entzuten den:
«eta orain zuekin...»


Eguneraketa berriak daude