«Ni lehenengo Bakarne naiz, eta gero beste dena»

  • Begiek barrura begiratzeko balio diote, bere burua ezagutu eta lantzeko. Eta nola ez, kanpokoekin komunikatzeko.
Legazpin eskaini zenuten «Zure aurpegia ikusi aurretik» antzezlana. Itsu eta gor-mutuentzat ere moldatuta dago. Nola prestatu duzue?
Agertokiaren maketa bat egin dugu, %10 txikiagoa dena. Itsuak maketa ukituta badaki nolakoa den agertokia, eta imajinatzen du non gertatzen den gauza bakoitza. Gainera braillez idatzitako testu bat pasatzen diegu, antzezlana aurkezten duena. Obra hasita, entzungailu batzuk ematen zaizkie, eta ikusten ez dituzten gauzen informazioa jasotzen dute horrela, mugimenduak nolakoak izango diren, esaterako.
Gor-mutuentzat nola prestatu erabakitzeko buelta asko eman dizkiogu buruari, egiteko aukera ezberdin asko baitago. Agertokiko goiko aldean pantaila bat jarrita, irakurri dezakete antzezlea zer ari den esaten. Baina goiko pantailan jartzen badute arreta, ezin dute aldi berean antzezlanaz gozatu. Beste aukera bat da agertokiko txoko batean, fokoz argituta beste batek nire testua keinuz azaltzea. Baina horrek arazo bera dauka, edo keinuei begira egon behar duzu, edo ikuskizuna jarraitu. Orain martxan jartzen ari garena zailagoa da, beste lagun batek nirekin gor-mutuentzako keinuak egingo baititu, bera ere dekoratu barnean dagoela. Horrela aldi berean jarraituko dituzte keinuak eta nire mugimenduak. Gainera keinuen mundua hain polita denez, estetikoki ere oso ondo geratuko da.

Itsu eta gor-mutuentzat antzezlana egokitzea ez da oso arrunta...
Adibidez, ukipen maketa ez da sekula egin. Museoetarako-eta erabiltzen dira, baina antzerkirako sekula ez. Niretzat oso garrantzitsua da, ezin dut jasan jendea kanpoan geratzea ezintasun fisikoren bat duelako. Niretzat garrantzitsua da denok parte hartzea kultura arloan. Kultura ez da elitearentzako bakarrik, niretzako kultura bizitzeko modu bat da.

Zerorri ere agertoki barruan oso ondo kokatzen eta mugitzen zara. Nola prestatu duzue?
Espazioa oso ondo kokatuta dago, ezinezkoa da ni hor barruan galtzea. Keinu guzti-guztiak daude zehatz-mehatz kalkulatuta: hanka beti erortzen da modu berean. Hasteko, ez ditugulako gorputzaren mugimenduak bortxatu. Egiten ditudan mugimenduak, naturalki etorri ziren. Nire gorputzaren berezko mugimenduak dira.
Lurra ere dena ardi larrua da. Baina ardi larru ezberdinak josi ditugu, eta ileek osatzen duten marrazkia, mugimendua ezberdina denez, nik hankekin nabaritzen dut non nagoen uneoro. Oso garrantzitsua da, une batean arin-arina dantzatzen baitut, eta bukatzerako ez dakit non nagoen. Dantza bukatzean agertokiaren atzeraino joan behar dudanez, lurreko erreferentziarik gabe publikoaren gainera joango nintzateke. Eta niri berdin zait, baina zuzendariak esan zidan ez zela oso txukuna...
Bestalde, sentsualitatea ere badauka larruak. Gorputzaren azala bezalakoa da. Bost zentzuak erakutsi nahi izan ditugu.

Nola lantzen ditu antzezlanak zentzumenak?
Oso ikusgarria da, baina entzuteko ere nahi adina badauka. Gustua ere badu, esaterako, laranjaren gustuaz hitz egiten du testuak. Usaina ere bai, ez dago ezer usaintzeko, baina testuak sujeritzen du. Sentsualitatea, bakoitzak bestearekin komunikatzeko daukan gaitasuna agertzen da.
Obra egiten ari naizela, dudan inpresioa da ikus-entzule bakoitzarekin ari naizela zuzenean, ez denekin batera. Publikoarekin erlazio hori behar dut.

Ume garaiaz has gaitezen. Etxeko salan anai-arreben argazkiak dituzue...
Hiru anai-arreba gara. Ni zaharrena, ondoren Susi eta gazteena, Aitor. Ez ditut maite nire anaia eta ahizpa direlako, horrek ez dit axola. Direna direlako maite ditut, beste nonbait aurkituko banitu, esango nuke "hauek nahi ditut laguntzat". Bi pertsona horiek niretzat oso garrantzitsuak izan dira. Asko sufritu zuten nik ikusmena galdu nuenean, baina beti hor egon dira. Beti sinetsi dute nigan, eta ez dute sekula nire alde egin, beti esaten zidaten "gogorra zara eta tira, goazen".
Amona ere oso bitxia zen. A zer bizitza-filosofia zeukana! Diabetea zeukan, eta zahartzaroan itsu geratu zen, gurpil aulkian ibiltzen zen, eta gero hanka bat moztu zioten… Eta hark beti bizitzaz hitz egiten zuen, bizi egin behar dela, eta ondo bizi gainera. Sufrimenduak beste filosofia batekin hartzen zituen. Ikusmena galdu nuenean, hark gauza bakarra esaten zidan: "Zuk aurpegia jaso. Inori burua makurtuta hitz egiten badiozu, inork ez du zurekin hitz egin nahiko. Jaso aurpegia, eta esan zein zaren". Barruan daramat bere indar hori.

Musikan ere umetatik murgildu zinen?
Bost urterekin hasi nintzen musika ikasten. Beti elkarlotu izan dut musika eta ikastola. Ez ditut bi eskolak bereizi, niretzat beti izan da mundu bat eta bakarra. Nire osabak eskusoinua jotzen zuen, eta musika iruditu zait beti gauzak esateko erarik zabalena eta unibertsalena. Etxean beti utzi digute libre aukeratzen zer izan nahi dugun, eta askatasun hori nire barruan daramat. Nahiz eta baten batek esan zerbait ez egiteko, nik beti egingo dut nahi dudana, txikitatik ikasi dut independentea izaten, neronek aukeratzen zer den ona niretzako.

Hemen ikasi zenuen eskusoinua jotzen. Frantzian lantzen jarraitu duzu?
Lantzen jarraitu dut, baina oso modu ezberdinean. Niretzat sentimendua garrantzitsuagoa da ongi jotzea baino. Teknika oso ondo dago, baina ez baduzu ezer esaten, hobe da etxean geratzea.

14 urterekin ikusmena galdu zenuen.
Oso azkar galdu nuen ikusmena, eta hori oso gogorra da. Batetik, zuk ez dakizu zer gertatzen zaizun, eta jendeak ez du ulertzen. Zuk ezin duzu azaldu zer gertatzen zaizun, eta jendeak edozer gauza esaten du, ez gaizki egiteagatik, beldurra duelako baizik. Edozer gauza horretan min asko egiten da. Zorionez nire gaixotasunak, erretinosiak, ez ditu begiak ukitzen. Kanpotik begiratuta ez da nabaritzen nik ikusten ez dudanik. Hori jendeak ezin du ulertu. Itsu batek estereotipoak ditu, begiak geldi edo erdi puskatuta, janzkera oso ezberdina du... Nik ez. Hori kontserbatzen lan handia egin dut. Nik ez dut ikusten, baina egin ditzaket gauza asko. Gauza horien artean dago besteekin bizitzea. Besteekin harremanak izateko behar duzu zerorri ondo egotea, eta besterekin komunikatzea. Eta besterekin komunikatzeko alderdi fisikoa oso garrantzitsua da, eta hori ere landu behar da. Horrek dakar beste aldeko disfuntzioa: inork ez duela sinesten. Nik egindakoa nik ulertzen dut, baina beste inork ez.

Sarri entzungo duzu «ez duzu itsua ematen».
Horren azalpena oso filosofikoa da. Jendeak galdetzen dio bere buruari "nik ikusiko ez banu, horrelako gauzak egiteko gai izango nintzateke?" eta sekula egon ez direnez egoera horretan, berehala pentsatzen dute "ez, ez da posible". Eta "nik ezin dudanez, berak ere ez" pentsatzen dute, beraz, «gezurra da hori itsua denik». Ez sinestea ez da nire arazoa, hori da beren beldurrak jartzen dien muga.

Oso gogorra izan zela diozu. Nola gainditu zenuen, nola eman zenion buelta egoerari?
Ez dakit inoiz buelta ematen diozun, baina ikasten duzu horrekin bizitzen. Ez duzu sekula esaten "bale, ez dut ikusten, baina aurrera, besteak bezala…". Oso zaila da ez ikustea, eguneroko gauzak oso zailak egiten dira. Baina aldi berean, zu zarena zara, eta besterik ez duzu. Une batean esaten duzu, bi gauza egin ditzaket, bata da "zer pentsatuko dute besteek" esaldia hartu eta bueltak ematen hasi, gaizki egon zeure buruarekin, eta hil. Edo bestela bizitzari aurre egin. Aurre egiteko daukazun dena jarri beharra daukazu, tripak, begiak… Hori egiteko aukera oso zaila da, zure galdera da "zergatik ni eta ez beste bat? Hainbeste gauza nituen egiteko, eta orain zer?". Jarrera horrekin geratzen bazara, hobe duzu hiltzea. Errazena hiltzea da, bizitzari agur esan eta bukatu. Bizitzak daukan indarra aurrera eramatea zailagoa da, baina askoz gehiago betetzen zaitu.
Frantziara joateak asko lagundu zidan, itsuak garatzeko ikastetxe batera joaten nintzen… Ikastetxe hartan irakatsi zidaten lehen gauza makilatzea izan zen. Besteari zer irudi ematen diozun eta zuk nolakoa izan nahi duzun pentsatzen. Gero datoz beste trebetasunak, baina garrantzitsuena da zu nor zaren jakitea. Zuk ikusi ezin dezakezuna bestek esan diezazuten: "zein polita zaren» edo «nolako begiak dituzun!" Beti abiapuntu berberera iristen gara, besteekin bizi garela, ez zarela zu bakarrik bizi. Horrek eman zidan bizitzeko gogoa. Ez banintz Frantzian egon, eta Odile Banvillet egon ez balitz une horretan, ez dakit zer gertatuko zen.

Nor da Odile Banvillet?
Nik Frantzian lan egin nuen eskolan berak filosofia, letrak eta latina irakasten die itsuei. Niretzat dena da, berak salbatu zidan bizitza, berak esan zuen "neska hau ezin dugu horrela utzi, eta lagun diezaiokegu". Berak eman dizkit karta denak txintxonean jolastu eta irabazteko. Berak eman dit konfiantza, nire sustraia, txikitatik neukana ateratzeko bidea berak erakutsi zidan. Orain antzerki konpainiako zuzendaria da, testua idatzi duena, nire managerra da… eta gainera munduan dudan lagunik onena.

Umetan ikusi zenituen gauzen eta itsu geratu ondoren ezagututakoen artean bada alderik?
Niretzat beti oso tristea izan da amaren aurpegia ez ikustea. Norbaiten aurpegiak asko esan nahi du, horregatik du antzerkiak "Zure aurpegia ikusi aurretik" izena. Norbaiten aurpegia ikusi aurretik mila istorio imajinatzen dituzu, eta gero, aurpegia ikustean beti eramaten duzu ezustekoren bat. Horrek era berean galdu egiten zaitu. Nire oroimenean denak geratu dira ikusten nituen garaian bezala, oso gazteak, nahiz eta hamabost urte pasatu diren.
Koloreen kontua da oso zaila. Koloreen oroimena oso azkar galtzen baita, eta sekula ez duzu errekuperatzen. Galtzen dituzunean, kolore bakoitzari sentsazio bat erantsi behar diozu, "horia poza, berdea pikantea", baina plastikoki gorria zer den galdetzen badidazu, ez daukat ideiarik. Ni ezin naiz bizi lehen ikusten nituen gauzak gogoratuz. Lehengoa lehengoa zen, eta oraingoa oraingoa. Bestela beti arituko nintzen oroimenean atzera eta aurrera eginez, eta nik nahi dudana da orain bizi. Orain gauzak beste era batekoak dira, baina era hori ez da txarra, ikusmena dutenek ikusten duten gauza bera ikusten duzu baina beste era batera. Agian sakonagoa da sumatzeko era hori, eta agian ez. Hori da bakoitzak zer bilatzen duenaren araberakoa.

Zergatik lantzen dituzte ezinduek bere gaitasunak Frantzian, eta zergatik ez zaie hemen maila berean laguntzen?
Frantzian Francorik ez da egon, eta hogei urteko aurrerapena daramate. Frantzian pertsona bezala hartzen naute, eta hemen, lehenengo ezintasun bat duen pertsona bat naiz. Ni lehenengo Bakarne naiz, eta gero beste dena.
Han ez dago hainbesteko ezberdintasunik ikusi eta ez ikustearen artean. Han ere beldurra dute, baina ohitura bat ere bai, gauzak orain dela denbora askotatik egiten dira, eta horrek beste kontzientzia bat dakar. Gizarte segurantzak diru gehiago ematen die ezinduei, gauzak erraztu egiten zaizkigu.

Musikoterapia ikasi zenuen. Zer da?
Autista, itsu eta gorrekin lan egin nuen, eta musikoterapia ikastera joan nintzen, musikaren indarra baliatu ahal izateko. Bukatu nuenean konturatu nintzen, musikoterapiak berak bakarrik ez duela balio, beste terapia baten lagungarri dela. Baina ikasi nuen musikak baduela beste zentzu bat, triste gaudenean denok musika jartzen dugula, eta ez dugula edozein musika aukeratzen. Musikak eramaten gaitu umore puntu batetik besteraino, eta ikasi nuen nola joan umore puntu batetik bestera bide egokian.
Musikak gizartean ere zer zentzu duen aztertzeko erabili dut musikoterapia. Esaterako, zergatik jartzen dute beti supermerkatuetan musika? Zergatik jartzen dute tabernetan musika hain ozen? Zergatik ez dago musikarik kartzelatan?
Horrekin lotuta, etnomusikologia ikasi nuen, herri bakoitzeko musikak herri bati zer ekartzen dion aztertzeko. Musikak egiten duen aurrerabidea beti dago gizartearen egoerari lotuta. Hemen jendea kalean bizi da, eta musika kalean egoteko da. Frantzian musika gehiago da etxean egoteko eta hitz egiteko aukera emateko.

Musika zertan aldatu da Euskal Herrian?
Ziur gauzak aldatu direla. Baina ni Frantziara joan nintzenean atzerriko musika gehiago sartzen zen orain baino. Orain sustraia duen musika indartzen ari da, txalaparta, esaterako, modan jartzen ari da. Alboka ere kanpora ateratzen ari da, trikitixa ere berdin. Kepa Junkeraren diskoa niretzat soziologikoki aztertzeko oso aberatsa da. Georgiako jendea, katalanak, eta leku guztietakoak elkartuz, mundua txikia dela erakusten du. Disko horrek atzerabiderik ez duen leku batera eraman du musika. Euskal musika erakusten du, trikitixa eta abestiak hemengoak dira, baina beste lekuetako tresna eta estiloekin nahastu daiteke, lotura unibertsala da. Sustraia duen hemengo musikari eutsi, eta aldi berean unibertsala dela erakutsi, lotuta dagoelako munduko beste musikekin. Musikarekin lotu ditzakegu herriak, eta herri minorizatuak edo handiak, berdin balio dute.
Taiwanera joan nintzen, eta haientzat musika unibertsala zen Taiwango musika kendu eta amerikarra jartzea. Txinatarrak ateratzen ziren musika anglosaxoia joaz, bere sustraia galduta. Euskal Herrian hori ez da posible, musikak oso funtzio garrantzitsua du, horregatik daude hainbeste talde, hainbeste musika ikasle…

Txalapartarekin disko bat ateratzekotan omen zara…
Nik eskusoinu klasikoa jotzen dut, eta txalaparta nahastu nahi dut, baina nortasun propioa duen instrumentu gisa. Ez erritmo kaxa bezala, horretarako ordenagailu bat jarri dezaket martxan. Instrumentu bakoitzak du bere bizitza, eta identitate hori gordetzea da garrantzitsua. Txalaparta txalaparta da, eta eskusoinua eskusoinua, bi unibertsoak lotzea nahi dut

CURRICULUMA
- Jaio: Zumarragan, 1970ean. Betidanik legazpiarra, Clermont-en (Frantzian) bizi da.
- Musika konposatzaile, akordeoijole eta antzezlea.
- Musika: «Bakarne» diskoa atera zuen 1997an, «La voix sonore» diskoe-txearekin.
- Antzerkia: Besteren artean, «L’a attrape théâtre», «tandem» eta «La balanÇoire» antzerki konpainiekin hainbat antzezlan egin du. Orain «Zure aurpegia ikusi aurretik» lana antzezten ari da «Kirikokéta» taldearekin.

BERTSOA
Doinua: Aita izena
Gure aurrean ditugulako
hainbat sentipen biluzi,
ustez sentitu ezinagatik
beldurra dugu nagusi.
Baina zentzuak sentipen gisa
hartuta liteke bizi,
ukituz entzun daitekeelako
eta dastatuz ikusi,
bizitza biziz bere kolore,
doinu, zapore ta guzi.

BIZITZAREN PASARTEA

Orain bizitzen ari naizena oso gogorra da. Antzezlan horretan gertatzen da gauza bat egunero, niretzat oso bitxia dena. Jotzen dudan bakoitzean, isiltasun oso bat dago, eta bukatzen denean denek dakite bukatu dudala, eta txalorik ez dator. Zazpi segundo geroago hasten dira zaparrada batean eta ez dira gelditzen. Joaten naiz aldatzera, eta itzultzean jendeak eserlekuetan jarraitzen du, mugitu gabe, ordu erdiz. Zer egiten dute hemen? Bukatu da!
Oso gauza bitxia gertatu zen estreinaldian, Frantzian. Obra osoan hitz egiten dut musikari buruz. Memento batean eskusoinu handia hartu eta sartzen naiz karrusel batean. Orduan sumatu nuen jendea intrigaz, arnasari eutsiz. Hasi nintzen soinua jotzen, eta jendeak lasaitasunez hasperen egin zuen. Antzezlana bukatzean galdetu nien zer gertatu zitzaien. Eta erantzun zidaten: "Hiru ordu laurden pasatu dituzu musikari buruz hizketan, eta gero pentsatu dugu: ea orain ez dakien akordeoia jotzen!".


ASTEKARIA
2002ko otsailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude