«JAURLARITZAK BERAK EGIN BEHARKO LUKE KONTZERTUAREN ARAUDIA»


2002ko otsailaren 17an
Kontzertu ekonomikoaren itunean parte hartu zuen Juan Jose Pujanak, 1981ean, EAEko lurraldeentzat berritua izan zen orduan. Gaur egun bizi duen egoeraz galdetu diogunean, Kontzertua zer den azaldu beharra azpimarratu du Pujana jaunak: «Kontzertua, Foruak 1816an deuseztatu zirenekoen erlikia bat baino ez da. Estatua zergak biltzeko estrukturari gabe geratu zen hemen. Antzinago, Hego Euskal Herriko lurralde historiko bakoitzak zeukan eskumen hori. Orduan, zergak biltzearen truk, bertako erakundeek -diputazioek- estatuari kupo bat ematen zioten, kupo finko eta akordatua zen. Hori da, funtsean, Kontzertuaren muina».

Iragan mendean, Francok Gipuzkoari eta Bizkaiari (probintzia traidoreak izendatu zituenean) eskubide hori kendu zien; Kontzertua Nafarroan eta Araban baino ez zen geratu frankismopean. Estatuaren Autonomien garaia etorri zenean, EAEk, kasu, Gernikako Estatutuaren bidez eskubide hori berreskuratu zuen.
Ordutik gaurrera -Espainiako Estatua Europako Batasunan (EB) sartzean- zergen estrukturak aldatu dira, BEZ eta beste hainbat zerga berregituratu dira. Pujanaren ustez, horretan datza Kontzertuaren inguruan bizi den gatazkaren gakoetako bat. Badago besterik, ordea: «Kontzertua ez da alde baten kontua, bi aldeen ituna baizik. Gatazka handi batean gaude, Espainiako Estatuak autonomiari buruzko planteamenduak aldatu nahi dituelako. Esaterako, Nafarroako hitzarmena eta EAEko Kontzertua, biak bat datoz izate juridikoan eta egituran, Kontzertu berri hau egituratzean lehenengo ezberdintasunak elkartu baitziren».
1839. urteaz geroztik hasi ziren Espainiako Estatua eta Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko tirabirak. Pujanaren arabera, berauek indarrez sartuak izan ziren Espainiako Konstituzioan. Hortik dator egungo gatazkaren jatorria. Nafarroa Erresuma probintzia arrunta bilakarazi zuten juridikoki:«Foralistek esan dezakete nahi dutena, baina gogora dezaten gertaera hori. 1841eko ‘Ley paccionada’ delakoa osorik irakur dezaten. Lege hori gerra eta inposaketaren dekretu bat da. Madrilgo Gobernua hasi zen diputatuak hautatzen».

Gatazka ez da berria historian, ezta Kontzertu berriaren bilakaeran ere; 1982ko LOAPA dugu gogoan.
LOAPAk izugarrizko eragina izan zuen. Estatu kolpe saioaren ondoren (beste gerra deiadar bat) eskumen esklusiboak Estatuko Gobernuaren esku gelditu omen ziren. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak artikulu batzuk deuseztatu zituen. Gorte Nagusietan (Senatua) onartu ziren legeek zulo galantak egin dizkiote Gernikako Estatutuari. Harrezkero, Auzitegi Konstituzionalak ematen ditu legeen sententziak. Nolako legeak halako erabakiak. Auzitegi honek, irizpide murritzak erabiltzen ditu Estatutua interpretatzerakoan.

1984-85ean ere blokeoa izan zen?
Baina ez egun bezala. Orain gauza bi daude auzitan, legea bera, ituna bera, Kontzertua eta Kupoa. Estatuak Gernikako Estatutua ez garatzea erabaki du, hainbat eskumen eta baliabide oraindik garatu gabe daude. Eskumenak bitarteko finantzariak ahalbideratzeko tresnak dira. Aldi berean, Espainiako Estatuak Europako ordezkaritza hartu du Estatutua deuseztatzeko. Kanpo arazoak direlakoan, eskumenak bereak direla argudiatuz. Europaren bidez gure eskumenak hartzen ari da Espainiako Gobernua.

Bestalde, Eusko Legebiltzarreko aurrekontuen inguruan tirabirak izan dira. Lehen ere gertatu izan ziren. Zuk ondo ezagutzen duzu bere araudia...
1985-86ko aurrekontuak oraingo espiritu eta irizpidearekin bozkatu ziren. Egiagarai jaunarekin araudiari buruzko eztabaida izan nuen; orduan ere orotariko zuzenketak oso ezberdinak izan ziren, orain gertatu den bezala. Juridikoki aurrekontuak ezin zirela bozketa bakar batez deuseztatu esan nuen plenoan.
Legebiltzarrak bere borondatez argi eta garbi aditzera eman behar du zer eta nola egin behar den. Funtsean, Jaurlaritzak Legebiltzarraren borondateari jarraitu behar diolako. Orduan, eztabaida izan zen eta oposizioa era adeitsuan portatu zen, irizpide ezberdinak genituen arren ez zen orain gertatu dena gertatu.

Juan Mari Atutxak araudia erabili duen modua ontzat jotzen duzu?
Juridikoki araudi horren erabilpena zuzena da, bestela -aurrekontuen baietza eta ezetza aldi berean onartzea- aberrazio juridikoa izango litzateke. Legebiltzarrak Jaurlaritzaren gestioa kontrolatu eta bultzatu egiten du, hartara, nolako bultzada emango dion gobernagarritasunari mahai gainean kontraesan bat jartzen badio? Zer eredutan jarri beharko luke proiektu berria Gobernuak emendakinak kontraesanezko aurrekontuekin onartzen badira?
Juan Mari Atutxak ondo interpretatu du araudia. Gainera, araudiak Legebiltzarreko lehendakariari ahalmenak eta bideak jartzen dizkio berau interpretatzeko. Gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta, badaude irizpide objektiboak horrela interpretatzeko. Beraz, oposizioak muntatu duen iskanbilak juridikoki ez du funtsik, eta politikoki ‘filibusterismo’ arrunta da, Legebiltzarrarekiko errespeturik eza.

Legelari zaren aldetik, zelan ikusten duzu autodeterminazioaren eskubidea egun?
Autodeterminazioari buruzko lege zehatzik baldin badago, Autodeterminazioaren Legea bera da. Espainiako Estatuak bi tratatu ditu sinatuak eta berronartuak, 1966. urtekoa bata, giza-eskubideak eta eskubide politikoak jasotzen dituena. Tratatu horrek ez du bereizten eskubidea norentzat den, herrien eskubidea ere barne delarik. Autodeterminazio politikoa, frankismotik beretik sartuta dago Espainiako ordenamendu juridikoan; demokrazian, aldiz, trantsizioan -1976an- birsinatu zenetik. Autodeterminazioaren eskubidea oraingo Konstituzioarena baino lehenagokoa da eta bere gainetik dago, beraz.

Gauza bat dira legeak eta beste bat praxi politikoa, ordea.
Jakina. Autodeterminazioaren eskubidea nazioarteko itun bat da, baina estatuen gogoa falta da indarrean jartzeko. Autodeterminazioaren eskubidea norbanakoak izan nahi duena erabakitzeko eskubide bat da, beste kontu bat da zer erabakitzen duen. Nik, juridikoki, estatuek beren konstituzioetan ez dutela ezer berritu behar, esan nahi dut.

Gurean, lurraldetasuna berebiziko arazoa ote da?
Lurraldetasunari buruz gauza bat: Nafarroan -Amejoramenduaren arabera- ez zen erreferenduma egin. Beraz, hor ere oinarri demokratikoa zalantzan jartzeko modukoa da, inposizio bat izan zen. Alderdiek nahi dutena esan dezatela, hauteskundeak izan direla eta beste, baina Nafarroako Estatutua ez da bozkatua izan. Halaber, Gernikako Estatutuak komunitate politiko bakar bat egiteko ahalmena nortzuk daukaten garbi uzten du: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, baita Nafarroa ere. Dauden prozedurak bete baino ez da behar. Lurraldetasuna onartzen da, beste gauza bat da egiten den edo ez. Lurralde bakoitzak erabakitzeko ahalmena baitu.

Hala izanda ere, Euskal Herria eskualde horiek baino gehiago da.
Jakina. Lau lurralde horiekin ez da Euskal Herria osatzen, eta hor ere badago gako bat. Estatu biren arteko arazoa da. Guk ez dugu Euskal Herrian mugarik jarri historian, estatuek jarri zuten frontera hori. Bi Estatuek «Faisanen edo Konferentzien uhartean» sinatu zuten Pirinioetako delako bakea. Bakea baino ezbeharra izan dena. Baztandarrek eta baigorriarrek, edota bidasoarrek eta saratarrek ez zuten muga ezarri. Euskal lurraldetasuna deuseztatzeko Frantziako Iraultzaz geroztik gauzatu den politika oso ankerra izan da.

Demokrazia sistema ez da une onenean, antza. Gurean ere ez. Hona hiru adibide: «Iruñeko Gaztelu plazaren auzia». «Sakanan, Guardia Zibilari buruzko erreferenduma» edo «Boroako zentral termikoaren ingurukoa». Klase politikoak ez du batere demokrazia zuzenean sinesten.
Demokrazia zuzena posible ote da gaur egun, ordea? Grezian bere garaian, ‘polisa’ edo hiria zen Estatua, egitura politiko nagusia, eta hango hiriak oso gutxi ziren, beraietan oso biztanle gutxi ziren, estadio batean biltzeko eta eztabaida gauzatzeko adina. Udaletan kontzeju irekia zegoen eta auzokide guztiek eztabaidatzen zuten, baina gaur egun ezin da. Erreferendumak arazo puntualetan gehiengoaren oniritzia emateko dira.

Aldeak alde, Ibarretxe lehendakariak burutu nahi duen kontsulta garatzeko, zer behar da?
Espainolen jarrerra ikusita Juan Jose Ibarretxe lehendakariak aipatu kontsulta ezin da garatu, ez da posible. Lehendakariak hemendik urte batera erreferenduma egingo dela esango balu ere, boluntarismo hutsa litzateke.

Nola atera gaitezke bizi dugun gatazka honetatik, orduan?
Bada, borondateak bilduz, ez banatuz. Eta gehiengoa alde dagoela sumatzen denean erreferenduma egiteko prestatu. Estatuekin negoziatu behar da, areago Europan izanda. Guk Europako sostengua lortu eta zertu behar dugu. Herri baten borondatea argi eta garbi dagoenean oztopoak gainditzen dira. Herri batek bere buruaren jabe egin nahi duenean hori lortu egiten du, ez dago hori lortu ez duen herririk

Gizartea edo herri hau ez al dago klase politikoa baino helduagoa, hala ere?
Seguru. Alderdi politikoek ez zuten maiatzaren 13ko emaitza espero. Beraz, herria helduago da klase politikoa bera baino

«Joseph Paul Goebbels, Jaime Mayor Orejaren ondoan ikasle ezjakina ze n»
Anjeles Iztuetak zuzentzen duen Hezkuntza Sailean ari zara aholkulari gisa. Euskal Unibertsitateko lege berria iragarri du berak. PPk desobedientzia zibilerako deia gisa hartu izan du bere egitasmoa.

Lehen desobedientzia zibila Barne Ministerioak egiten du hemen; Raxoi presidenteordeak publikoki esanda. Hainbat aldiz, HBri zor zaizkien diruak ordaintzea onartu dituzte auzitegiek. Legearen eta botoen araberako dirua da eta ez zaio ordaintzen, eta Raxoik mantentzen du egundokoak eta bi egingo dituztela ez ordaintzeko. Horra hor desobedientzia.

Jaurlaritzak Kontzertuaren inguruan daraman politika ondo ikusten al duzu? Zuk nondik joko zenuke?

Kontzertua bi parteen artekoa da. Akordiorik ez den unetik kontratua bukatua da. Kontzertuaren inguruan akordiorik ez balego, Gobernuak gai izan beharko luke araudi berezi bat egiteko. Kupoa Estatuarekin konpondu beharko luke, aparte. PPk dioenez, Estatutua EAE eta Estatuaren arteko itun bat da. Bada, parte batek ez badu berau betetzen besteak ez al du eskubiderik bertan behera uzteko? PPk inbutuaren legea aplikatu nahi du. Estatutuaren kontra egon zirenak alde daude orain. Nola ote?

n Araudia sortzen badu konfrontazioa gogorra izanen da. Ibarretxe lehendakaria bide onean ikusten al duzu?
Ibarretxe irizpide onez ari da. Kontzertua itun bat izaki, bete behar dela dio. PPk Estatutua arma politiko bezala ulertzen du, ordea, eta legea ez betetzeko txantajea egiten du. Hitlerren eskumaren esku izan zen Goebbeles -III. Reicheko propaganda arduradun nagusia- Mayor Orejaren ondoan ikasle ezjakina zen. PPko buruek Estatuak dituen baliabide guztiak erabiltzen dituzte Euskal Herriaren aurka. Ez dakit zer egingo luketen Euskal Herririk ez balego. Haien izatearen arrazoia al gara-edo?

Bestalde, Batasunaren «Bake proposamenean» bilakaerarik antzeman duzu zuk?
Batasunak aurreko legealdiaren itunetik legealdi honetara atzera egin du. Besterik ez. Badakizu zer nolako agiria sinatu zuen EHk orduan. Hor dago gakoa. Hark jarri zituen espainolak urduri, ez beste ezerk. Euskaldunon artean dugun arazoa indarkeria da. Gainera, gure eskubideak ezin dira indarrez jarri, indarraren printzipioaren arabera eskubide bat ezartzen badugu, herri bezala azkena litzateke


ASTEKARIA
2002ko otsailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude