«Gardentasunak balio du, itxurakeriak saltzeko dira»

  • Sortzez nafarra, andaluziarrak ditu gurasoak. Carlos I.a erregeak Herbehereetako jendea ekarri omen zuen Jaengo meatzetan lan egitera, eta hortik sortu zen harri bitxirik...

Oso gaztetatik omen zara malabarista gitarraren sokatan. Nola hasi zinen musikan?
Gitarra jotzeari goiz ekin nion, 7 urterekin, gaixotasun luze baten eraginez bi urtez egon behar izan nuelako etxetik atera gabe. Baina musika munduan nahi gabe sartzen zara, nik sekula ez nuen pentsatu kantari izango nintzenik. Gehiago gustatzen zitzaidan zuloak egin eta gauzak bilatzea, txikitan arkeologoa edo urpekaria izan nahi nuen. Atzera begira jarri, eta dagoeneko 15 urte pasatu dira! Oraindik ez dut sentitu hau bukatuko denik, eta guk hala uste dugunean bukatu egingo da. Gustatzen ez zaidana da eszenategiak paseatzen dabilen izaki patetiko bihurtzea.

Pertsonalki ere aldatu zintuen gaixotasunak?
Nire adinean umeak jolasten aritzen ziren eskolan. Eta ni bizitza behatzen ari nintzen eserita. Pentsatzeko denbora gehiago ematen dizu, eta ikusten dituzu gauza batzuk agian zure adineko ume batentzat goiztiarregiak direnak. Ikusten nuen nire anaiek babestu egiten nindutela, aulki gurpildunean ateratzen nindutela kalera, nire buruari erruki nion eta baita ingurukoei ere. Ume batenak ez ziren gauzak sentitzen hasi nintzen. Zure denborarekin zerbait egin beharra daukazu. Nire aita margolaria zen eta marrazten erakusten zidan, gitarra jotzen nuen, eskolako lanak egin... Zenbat eta txikiagoa zaren, denbora makalago pasatzen da, eta garai hartan bi urte niretzat hamar bezala izan ziren.

Etxean zer giro bizi zenuten? Aita artista omen zenuen…
Nire aita izan zen gizon bat, txikitatik bere bokazioa argi eduki zuena, baina Gerra Zibila eta gerra ondorena bizitzea tokatu zitzaion. Nire gurasoak andaluziarrak dira, Jaengoak, eta hona etorri behar izan zuten bizitzera. Anai-arreba denok hemen jaio gara. Zure herria utzi beharrak sortzen duen erro faltaren sentimentua oso lazgarria da. Aita autodidakta zen, eta gogoan dut jendea etortzen zela etxera tornua nola egiten zuen ikustera, margolari izateaz gain, zeramikarekin bikaina zen eta. Etxean bizi izan dut pertsona sortzaile baten esperientzia. Pasatu zuen dena pasatuta, gai izan zen arazo denei gaina hartzeko, eta guri eman nahi izan zigun berak eduki ahal izan ez zuena. Aitaren izaerak asko markatu nau.
Dudan arantza da aita oso goiz hil zitzaigula, eta lortu dudan guztia ezin izan duela ikusi. Ziur nago badakiela, ikusiko zuen beste planoren batetik, baina ez du bizi izan.

Andaluziarekin harremanik gordetzen duzu?
Bai, nik bi kulturetatik edan dut. Andaluziaren historia, kultura aberatsa ez dugu ezagutu ere egiten. Paisaiaz ere irudi okerra dugu, Andaluzia beti lehorra irudikatzen dugu, eta ez da hori bakarrik. Baina hemen hazi izanaz ere harro nago, han emakumea ezberdin tratatzen baita. Umetan Andaluziara joan, eta nire lehengusu neskak oso ezberdin hezita zeuden, errepresio gehiago zegoen, giro matxistagoa, anaiei zapatak garbitzen zizkieten... Sutan jartzen nintzen. Ahizpak eta biok Jaenera gindoazen aldiro "iraultza" pizten genuen.

Potasa herrian jaio eta hazi zara.
Potasa oso herri bitxia da, etorkinez, errorik gabeko jendeaz osatutakoa. Agian orain ez hainbeste, denborarekin, kartzela urte batzuekin, eta polizi sarekada zenbaitekin, baretzen joan baita arazoa. Potasa beti izan da nahiko herri heavya, drogekin arazo asko egon dira. Potasako gazte denok leku berean geunden, eta nik ere beste askok bezala buka nezakeen, baina zorte handia izan nuen, musikari esker beste irtenbide batzuk aurkitu bainituen.

Letragile ona zara. Zein dira klabeak?
Oraintxe ari naiz disko berria prestatzen, eta geroz eta gehiago kostatzen da letrak egitea. Ez da gauza gutxiago dituzula kontatzeko, baina bai dagoeneko asko kontatu dituzula, eta ez duzu errepikapenean eta autoplagioan erori nahi. Gainera gaiak benetan estandarrak dira, maitasuna, kezkatzen zaituzten gauzak... Uste dut sekretua dela esaten duzuna sinestea. Hala egingo ez banu, zaila izango litzateke jendeari hori transmititzea. Horrek neroni ere laguntzen dit barruko korapiloak, mamuak askatzen.

Modan dago esatea hitzek ez dutela garrantzirik kantetan…
Ni antipodetakoa izango naiz, baina niretzat kantu batean zerbaitek balio badu, hitzak balio du. Nik ulertzen ditudanetan behintzat. Ingelesezkoetan beste kontu bat da, abestia moldatu eta itzultzen hasitakoan, konturatu izan naiz oso kursiak direla. Nire teoria da musika ona izorratu dezakezula letra txar batekin, eta musika txarra konpondu dezakezula letra onarekin. Adibide garbiak daude, esaterako, Joaquin Sabinarena. Musika nahiko arrunta du, baina kontatzen dituen istorioak oso onak dira. Niretzat errazagoa da musika idaztea, letra baino. Sentimendu asko laburtu behar dira, eta hitz egokiak aukeratu, betiko kontuetan ez erortzeko, gazteleraz dena oso kursia da- eta.

Multinazionalek bakarlaria izateko eskaintza egin izan dizute. Zergatik ez duzu onartu?
Eurek ikusten dute ni naizela idazten duena, aurpegia ematen duena... Eta errazagoa da eurentzat pertsona bat saltzea talde oso bat baino. Baina hori konpainien aldetik oso jarrera berekoia da. Ez dute ulertzen nik musikariak behar ditudala, nire musikariak, ezagutzen eta ulertzen nauen jendea, elkar errespetatzen dugunak... Gainera taldeko musikariek ere parte hartzen dute eta inplikatuta sentitzen dira. Ez da gauza bera lau musikariri ordaintzea gauza pun-tual bat jotzeko. Kasu horretan profesionalak dira, eta ezin diezu inplikatzeko eskatu. Taldeko lagun giroa ez da ordaintzen.
Diru gehiago irabazi nezakeen, eta hori garrantzitsua da. Gure etxean sekula ez da dirurik egon, dudana nik irabazia da eta ez heredatua, eta beraz, badakit zer balio duen. Baina seguruenik badakidalako zer balio duen, niretzat ez du zentzurik auto hobeago bat edukitzeak, nire jendearen babesik sentitzen ez badut, nire buruarekin ongi sentitzen ez banaiz. Eta ez da heroia izatearen kontua. Nik ere denek bezala prezio bat dut, baina asko ordaindu beharko didate taldea uzteko.

Multinazionalekin eta diskoetxe independenteekin lan egin duzu. Zer ezberdintasun dago batarekin edo bestearekin lan egiterakoan?
Lehen bazegoen ezberdintasunik. Lehen independenteak independenteak ziren, alegia, banaketa eta dena eurek lantzen zuten. Taldeek ere independentzia handiarekin lan egiten dute. Multinazionalen atzaparrak urrunago iristen dira, eta diskoetxe txikiek zaila dute lehiatzen.
Baina gaur egun, ikusten ditugu diskoetxe independenteen diskoetako azalak, eta hizki txikia irakurtzen hasita jartzen du "EMI-k banatua". Itxura, look-a, logoak independenteak dira, baina egiatan potajea daramatenak multinazionalak dira, banaketa eurek egiten dutelako. Hor dago tranpa. Independentziaren kontu horrek ez du existitzen.
Gu independenteak sentitzen gara, nahiz multinazionalekin lan egiten dugun, beti gustatu zaiguna egin dugulako. Multinazionalak gure lan egiteko moduarekin ados ez zirela konturatu garenetan, ospa egin dugu. Orain arte ez gaitu inork konpainiatik bota, geu joan gara. Batzutan konpainiek urdina zarelako fitxatzen zaituzte, eta gero nahi dute berdea izatea. Nik ez dut hori ulertzen.

Multinazionalek nola funtzionatzen dute?
Ez dute promozioa taldearen berezitasunetara egokitzen. Promozioa estandarra da, talde denentzat. Uste dut hori dela multinazionalen akatsa. «EPI» konpainian gaude Monica Naranjo, La Oreja de Van Gogh… eta talde denak ezberdinak garenez, talde bat sartzen den zirkuitua ez da beste batentzat egokia.

Zein izan da taldearen ibilbidea?
Uste dut hasieran bezain errebeldeak garela, baina orain lasaiago hartzen ditugu gauzak, ikasi egiten baita nola toreatu gainera etortzen den edozer. Musika garatu dugu, baina era berean nortasuna eratzen joan gara, kantu bat entzutean jendeak badaki Tahuresena dela. Hori garrantzitsua da. Hamabost urtean gauza asko pasatu dira: «buggy-buggy»a modan zegoen, hurrengo urtean "hindi"a… Eta besteen atzetik abiatu eta nortasunik ez baduzu, galdu egiten zara. Talde asko ikusi ditugu horrela sortzen eta desagertzen. Nik nahiago dut atenporaltasuna, bestela moda bezalako gauza puntual bati atxikitzen bazara, berehala oinarririk gabe geratzen zara.

Eta zein izan da, kantari gisa, zure ibilbide pertsonala?
Tahuresekin hasi nintzenean nire begirada gitarraren soketara mugatuta zegoen. Ongi jo nahi duzu, ongi kantatu, baina hori guztia kontrolatzen duzunera arte denbora asko pasatzen da, eta ongi egiten ikasi ondoren, jendearen aurrean eroso sentitu beharra duzu, eta transmititu. Kantari bezala, sekula ez dut teknikarik izan, klase alu bat ere jaso ez dudalako. Ezta gitarrarena ere, erabat autodidakta izan naiz. Kantu klaseak hartu nahi izan nituen teknika hobetzeko, baina irakasleak esan zidan ezetz, bizio batzuk jada hartuak nituela, eta neroni joan nintzela nire teknika hartzen arnasteko, ahotsa kanporatzeko... Beharrak erakusten du, kontzertu asko eman behar dituzunean ikasten da ahotsaren indarra neurtzen. Bizio asko hartuak ditut, baina era berean agian horrek emango dit kantatzeko nire era berezia.

Biolina ere jotzen omen zenuen...
14 urterekin hasi nintzen ikasten, "berandu", eta lana egiten nuen klaseak ordaindu eta biolina erosteko. Bosgarren mailara iritsi nintzen, ongi nenbilen gainera, eta aukeratu beharra izan nuen, biolinari gero eta ordu gehiago eskaini, edo beste bide bat hartu. Familian beste baldintza ekonomiko batzuk egon balira, akaso, baina oso gogorra egiten zitzaidan horretara bakarrik jartzea, besteren kontu biziaz. Orduan sortu genuen "Belladona" taldea, eta rockari eustea erabaki nuen. Oraindik jotzen dut biolina erlaxatzeko, niretzako bakarrik. Barrokoa asko gustatzen zait.

Musika klasikoa rockarekin uztartzeko modukoa da?
Heavy mugimendua hasi zenean kantu klasiko askoren egokitzapenak egin zituzten, askotan inspiratu ziren armonia klasikoetan. Baina denborarekin dena lausotzen joaten da, eta egungo jende asko ez da horretaz jabetzen. Orain egiten dudana egiteko ez nuen biolina ikasi beharrik izango, baina pozten nau beste mundu hori ere ezagutu izanak. Musika barrokoak txundituta uzten nau, eta belarriak garbitzeko ere balio dit, zabor asko entzuten da eta. Orain oso musika gutxi entzuten dut, entzuten dudana apenas gustatzen zaidalako. Asko eskastu da. "Operación triunfo" telebista programako diskoak dira gehien saltzen direnak.

"Operación triunfo" fenomenoak zer ondorio dakartza?
Telebista publiko batek programa bat egin du jendea ateratzeko, uneoro ari zaigu horren berri ematen, diskoei publizitatea egiten die, eta erroskilak bezala saltzen dira. Hori konpetentzia erabat desleiala da, merkatua erabat bereganatu dutelako. Merkatu dena izututa dago, eta oso diskoetxe gutxi ausartzen dira orain talde berrien diskoak ateratzen.

Zenbateraino da programa hori arrakastarako bidea?
Eskola gisa planteatzeko ideia bikaina da, baina ez dut uste jende interesgarria ateratzen ari direnik. Bat kalera bidali zuten "nortasun gehiegi" zuelako, eta artista bati esan dakiokeen gauzarik onena horixe da, nortasun handikoa dela, horrek egiten baitzaitu besteekiko ezberdina. Luxuzko orkestratako kantari izaten irakasten ari zaie. Musikaren mundura sartu dituzte, baina goi mailatik: ederki bizi dira, mila aholkulari, ile apaintzaile eta gainerako dituzte, baina bizitza erreala ez da horrelakoa. Gero komunik gabeko aldagelan moldatu beharra egokituko zaie eta baso batean pixa egin beharko dute, niri pasatu zaidan bezala, eta ez dut inor jantzi eta orraztuko nauenik (ezta beharrik ere!).
Programa horretan erakusten ari zaie Maria Carey eta Luis Miguelek bezala kantatzen, kantuak besterenak dira, eurek interpretatu egiten dituzte. Lehen hori egiten zen errepideetako kaseteak salduz, eta orain ultraluxuzkoak bailiran saltzen dituzte. Hau iruditzen zait musikarentzako erabateko atzerakada dela. Erakusten duelako, saltzeko gauza zaharretara jo beharra dagoela.
Rosana atera zenetik, galdu egin nintzen musikaren kontuan. Ez Rosana ona edo txarra delako, baizik eta bat-batean, rock-and-rollaren ingurutik, modaz pasatako Hego Amerikako doinuetara (saltsa adibidez) igaro delako.

Zerk bultzatzen du moda?
Ez dakit. Entzun Paulina Rubio. Oso kantari eskasa da, uste dut polipoak dituela ahots kordetan. Baina sekulako irudia du, neska «katxarroa» da... Musikari baten inguruan kanpaina bat eratzen da, morboa, eta hau eta bestea saltzen duena, eta une honetan gutxien axola duena da musikari ona edo txarra den.

Musikaren munduan oso gustura omen zabiltza, baina hainbeste urtetan zerbaitek aspertuko zintuen.
Gorroto dut musikariak oso inbidiatsuak eta harroputzak izatea. Harreman txarra dago ez musikarien artean, baina bai musika munduan dabilen beste jendearekin, interes asko dituzte, batzuei bost axola zaie musika edo josteko makinak saltzen dituzten... Ez dute ulertzen musikaria ez dela bulegari: "Idatzi 20 orri hauek makinaz" esatea gauza bat da, eta bestea "egin itzazu 15 kantu 20 egunetan". Gainera «famosete»en inguruan haize asko dabil, txorakeria eta mito galantak, eta saiatzen naiz hortik kanpo mantentzen.

"El tiempo de la luz" diskoak oso gutun berezi bat jaso omen zuen…
Disko horretan jotzen dugun "Because the night" kantua Bruce Springsteenena da. Springsteenek ez ditu eskubideak uzten, ezta inork bere kantak moldatzen ere… Guk kantu horren bertsioa egin nahi genuen, eta hasiera batean Espainiako editorialak ezezkoa eman zigun. Konpainiaren bidez, gure moldaketaren grabazioa Springsteenen eskutara iritsi zen, eta egun ona izango zuen, gustatu egin zitzaion eta eskubidea eman zigun pertsonalki gutun bat bidaliz. Hemengo editorialak barkamena eskatu zigun, eta ederra izan zen hasieratik ezezkoa eman zigutenak eskarmentatzea.

"Emakume zaila"ren gaia sarri ateratzen da zuen diskoetan. Nola ikusten duzu rol hori gizartean?
«Emakume zaila"ren kontu hori itxurakeria da, eta "gizon gogorra»rena ere bai. Nire ustez pertsona batean gehien balio duena gardentasuna da. Itxurakeriak saltzeko dira.

Jendeak nola hartzen du emakumezko rock kantaria?
Ni jendeak asko errespetatu nau. Neroni ere normal agertu naiz, nire lana kantatzea da eta kito, ez dut lirain agertu beharrik, ez itsusi. Nire asmoa ez da neska naizelako bereiztea. Baina beti pizten du arreta rock kantari neska batek. Eta egia da, kontuan hartu zaitzaten mutilek baino askoz hobeto egin beharra duzula. Sarri esan izan didate "gizon batek bezala jotzen duzu!" eta piropo bat bezala hartu izan dut, baina noski, horren azpian dagoen ideia da gizonak direla ongi jotzen dutenak. Gu hasi ginen garaian ez zen hain ohikoa neska bat kantatzen ikustea, eta ongi hezitako animaliatxoa bezala hartzen ninduten, zirkoetako zomorrotxo bat bezala.

Disko berria ateratzekotan zarete. Zertan da aurrekoekiko ezberdina?
Eva Rada gehitu zaio taldeari, oso ongi kantatzen du, gitarra jotzen du, perkusioa ere bai, teklatua... Horri esker lan honetan lehen erabiltzen ez genituen baliabide batzuk sartu ahal izango ditugu. Lehen ez ginen ausartzen, diskoetan zuzeneko kontzertuetan erabiltzeko gai izango garen elementuak bakarrik sartzen ditugulako

- Jaio: Iruñean, 1964an.
- Rock kantaria.
- Belladona taldean aritu zen (1984) eta «Las mujeres y los negros primero» diskoa kaleratu zuten.
- Tahures zurdos taldeko kantaria, konposatzailea eta gitarra jolea da 1987tik. Kaleratu dituzten diskoak: «Tahures Zurdos» (Oihuka); «Tahuria» (Oihuka); «Nieve Negra» (EMI); «Arido» (EMI); «La caza» (EMI); «Azul» (BMG-ARIOLA); «Tak» (CNR-MUSIC); «Basico» eta «Tiempo de la luz» (Sony).


Doinua: Aita izena
Tahures Zurdos dena egin da
pixkanaka-pixkanaka,
eta zeuk ere bide horretan
utzi duzu zeure marka.
Inguruneak ezin zaitzake
zeure bidetik aparta,
nortasuna da esku barnean
ezkutatzen duzun karta,
eta zarena zaren artean
beti izango da bata.

Aitor Mendiluze

Umetan izandako gaixotasunak bai markatu ninduela. Pertsona helduagoa egin ninduen, gitarra jotzen hasi nintzen eta orain naizena izatera bideratu ninduen gaixotasun hark. Baina jada ez dut gauza tristea bezala gogoratzen. Aitaren heriotza ere ez dut gauza tristea bezala hartzen. Dena den, izorratzen nau 19 urterekin bera galdu izanak. Baina horrelako gertaera batek lehendik zeneukana (nahiz eta daukazula jakin ere ez) preziatzen erakusten dizu. Une gogorretan triste egon nintzen, baina gainditu egiten dira, eta zorionekoa eta zoriontsua sentitzen naiz.

1990eko Tahures Zurdos taldea. Aurora Beltranek ez du ile apaintzailerik, ezta beharrik ere!


ASTEKARIA
2002ko otsailaren 03a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude