Egun hauetan betetzen dira ehun urte gaur egun desagertuak diren Bizkaiko Labe Garaiak sortu zirenetik. 1902. urteko otsailean jaio ziren hain zuzen ere. Inori ez zitzaion burutik pasatzen orduan enpresa izugarri hura, geroago Hego Euskal Herrira eta Estatuko beste lekuetara ere zabalduko zena, eta Europan ere adarrak izan zituena, desager zitekeenik. Europako Batasunako arazo ekonomikoen eta Espainiako Estatuko arazo politikoen bateratzeak Labe Garaien desegitea ekarri zuen, PSOEren gobernuaren garaian egin zen burdingintzaren birmoldaketa basatiaren ondorioz. Era berean, inori ez zitzaion bururatu, ekoizpen sistema berri baten alde eginez, aldaketa izugarria zetorrela laster.
Birmoldaketa gogor haren ondoren, Labe Garaiak egon ziren lurren parte txiki batean ezarri zen haien ondorengo izango zena, Bizkaiko Altzairutegi Trinkoa, ACB. Enpresa berria zen, 1987an Labe Garaietan ziharduten 8.000 langiletatik 330 baino gorde ez zituena. Baldintza teknologiko berrien eraginez, ezin sinetsizko moduan hazi zen langile bakoitzeko ekoizpena. Aski da 1987an Labe Garaien langile kopurua 8.000koa zela gogoratzea, eta berotan egindako 1,4 tona banda ekoizten zituztela; gaur egun, ACB berriarekin eta 330 laguneko talde txikiarekin, 1,050 milioi tona baino gehiago ekoizten dira jada. Bilakaera hori, berez ikusgarria izanik ere, are ikusgarriagoa izango da 2003. urtean, instalazioen zabalkundea, hasia dagoeneko, bukatu eta lanean hastean.
INSTALAZIO BERRIAK GEHIAGO EKOIZTEKO.
Hala, Barakaldon, gaur egungo euskal altzairutegiaren lurretan eraikitzen hasi diren instalazio berriei esker, 45 langile gehiagorekin, ez besterik, 2000. urteko ekoizpena, 1,050 milioi tonakoa, 330 langilerekin lortua, 1,8 milioi tonakoa izatera igaroko da, 375 langilerekin. Horrek esan nahi du ACBren aurreneko ekoizpena (860.000 tonakoa), duela urte batzuk hasi zenekoa, bikoiztu baino gehiago ere egingo dela. Argi dago instalazio berri hauek sortuko duten ekoizpen/langile ratioaren hazkunde handia. Dudarik ez dago hainbesteko aldaketa ez zitzaiola inori bururatu ere egingo altzairutegi berria ibiltzen hasi zenean.
Izan ere, ACBk ekoizpen linea berri bat sortzea erabaki du, bigarrena, eta horretarako hiru enpresari esleitu zaizkio obrak, SMS, LOI eta Ingelectric-i. Enpresa horiek, bestalde, inguruko enpresak eta lantegiak azpikontratatuko dituzte. 90,15 milioi eurokoa da zabalkunde proiektuarentzat aurrez ikusten den inbertsioa. Kopuru horren %70 azpikontratazioetarako erabiliko da.
ACBren ahalmena handiagotzeko lanak bi alditan egingo dira. Aurrenekoan gaur egungo 1. labea, 145 tonakoa, berriztatuko da. Berriztapen hau bere kideko 2. labean antzeko berritze lanak burutu ondoren egingo da, ganga eta estalki batez hornitu eta galdaragintzako beste lan batzuk egingo dira. Bigarren aldian, ijezketako zazpigarren kaxa muntatzeko eta ezartzeko lanak egingo dira, eta bobinatzeko makina berri bat ere ezarriko da, aurreneko banda 2002ko lehen lauhilekoan bilduko duena.
Bigarren ekoizpen linea hau lanean hasten denean, ACB ia 601 milioi euro fakturatzera irits daiteke, eta era horretan 2000. urteko fakturazioa, 240,40 milioi eurokoa izan zena, bikoiztuko du. Eta fakturazio bikoitz hori, ekoizpenaren bikoizteari ere badagokiona, langile taldea 45 lagunetan bakarrik gehituz lortuko litzakete. Erabateko aldaketa da beraz.
ACB, BURDINGINTZAREN ARO BERRIA.
ACB sortu zenean, ziklo historiko bat itxi zen eta burdingintzaren aro berri bat abiatu zen Euskal Herrian. Atzean geratu ziren, suntsiturik, Labe Garaietako instalazio historikoak, eta atzera geratu ziren halaber milaka langile, aurrez jubilaturik, eta milaka familia; haien seme-alabek ezin pentsatu zuten jadanik beren gurasoen lana jarraitzerik, euskal burdinola beraren Aprendiz Eskola jada desagertu ondoren. Labe Garaietako milaka enplegatutatik, 330 langile bakarrik ari dira gaur lanean ACB berrian, 2003. urtean beste 45 langile gehiago izango dira.
ACB aurrenekoa da Europan bere ezaugarriak dituztenen artean. 360,01 milioi euroko inbertsioa behar izan zuen, eta 1996ko uztailean inauguratu zen, bere lehen lehendakari gaur egun erretiratuta dagoen Javier Perez Agote izan zen. ACB berri honek sei aurrekari ditu, lau Estatu Batuetan, bat Mexikon eta beste bat Korean.
ACBk fabrikazio sistema berritzaile bat erabiltzen du, C.S.P. (Compact Strip Production) deritzana. Prozedura horri esker ekoizpen ahalmena eta energia kontsumoa hobe daitezke, eta asko murrizten dira eraldaketa gastuak. Azkenean, ACBk bobina beroak ekoizten ditu. Bobina horren ezaugarriak honakoak dira: 790tik 1.560 milimetrorako banda zabalera dute 1,5tik 12,7 milimetrorako gutxieneko loditasuna dute, eta 28 tonako gehieneko pisua. Bere lehen ekitaldi osoan, 1997an, 600.000 tona ekoitzi zituen ACBk, 168,20 bat milioi euro fakturatu zituen eta lortu zituen irabaziak 12,02 milioi eurokoak izan ziren.
Hasieran, 18 ekonomia eta finantza talde ziren ACBko akziodunak, eta horien artean Corporación Siderurgica, Socade, Gonvarri, BBK, BBV, Urquijo Bankua, BCH, BEX eta Nafarroako Aurrezki Kutxa zeuden. Gaur egun, hasierako akziodun askoren partaidetzak erosiz joan da Aceralia, eta elkartearen %70 inguru kontrolatzen du. Parte bat burtsara atera du. Euskal erakunde batzuk akziodunen artean jarraitzen dute ordea: BBK, Socade eta Nafarroako Kutxa.
Aceralia, talde horretakoa baita ACB, aldizkari honetan adierazi zen bezala, Usinor eta Arbed-ekin bateratzeko prozesuan dago joan den urteko urriaz geroztik, eta halaxe sortu da munduko lehen siderurgia taldea, guztira 110.000 langile izango dituena. Erraldoi berri honek urtean 46 milioi tona ekoitziko ditu, salmentak 30.041 milioi euro ingurukoak izango dira (5 bilioi pezeta), eta Luxenburgon izango du egoitza.
ACB Bilboko ezkerraldean edukitzeaz gainera, beste hamairu lantegi dauzka Aceraliak Euskal Herrian, eta langileak guztira 5.300 dira. Bizkaian, Etxebarrin (latorri ijezketa eta galbanizatzea) eta Basaurin (Laminados Velasco, banaketa) ditu lantegiak. Gipuzkoan beste bost lantegi dauzka: Zumarragan (barrak eta alanbre trefilatua), Azpeitian (eraikuntzako biribila), Zestoako Lasao auzoan (sarea), Olaberrian (eraikuntzako habeak) eta Bergaran (profil txikiak). Araban beste bi lantegi dauzka: Gasteizen (Galycas SA, trefilaketa) eta Agurainen (Laminados Velasco, banaketa). Lapurdin, lantegi bat dago Baionan, eta, azkenik, Nafarroan, beste lau lantegi dauzka, Bera (Zelain), Lesaka, Legasa eta Berriozarren