Momentu interesgarria da sortzaileok hizkuntzarekiko bizi dugun hau. Literatura burutzerako orduan begibistakoa da gure hizkuntzaren egoerak eskaintzen digun baliapideen oparoa. Espainolez ari den idazleak baino hizkuntza-sormenerako aukera handiagoak ditu euskaraz ari denak. Espainolez ia dena asmatua dagoelarik, mendeetako usadio literario zamatsuaren eraginpean, zirrikitu gutxi izango ditu sortzaileak hizkuntzarekin jolas egin eta printza berriak asmatzeko.
Besterik da, zorionez, euskaraz. Gabeziek ireki digute leihoa. Usadiotik daukaguna hartu, eta hura ere berri zaio jasotzaileari, usadioaren ezagutza ere galerazi egin bait digu urteetako egoera politiko eta sozialak. Eta usadioari, aldi berean eta parez pare berrikuntza erantsi geniezaioke, albo-erderaren batetik edo bestetik hartutako eta geurera ekarritako hitz eta esamoldeen bidez, edo geuk propio sorturikoak gaineratuz.
Ahozko jarduerari gagozkiola, txapelketarako almazena txukundu dugun hontan, nire buruan iltzatutako errima-zerrenden gaineko gogoeta egin dut egunotan. "ET" amaituriko hitzak gutxi dira euskaraz. Horregatik erabili izan da hain gutxitan bertsotarako. "DET" gipuzkerako aditz-forma, "DEZAKET" batukoa... eta gutxi gehiago. Baina bila ibili gabe datozkit burura, "LAKET" iparraldeko hitza, "TET A TET" frantsesezko esamoldea edo-ta "PIOLET" albo-erderatan darabilten hitz gurekotua. Eta gai sentitzen dut nire burua errima-hitz horiekin berbaldi koherente eta ulergarria osatzeko, euskaldun entzulegoa berbaldi hori ulertzeko eta gozatzeko gai dela ziur bait nago.
"DUT" eta "DIZUT"ekin gauza beretsua. "XURRUT" klasikoa, "ARRUNT" adiera bikoa, "XUT" lizarditarra eta "MAMUT" berria edo "IMPUT" are berri eta teknikoagoa nahastearen aldekoa naiz. Igortzaileok badakigu hainbeste, eta jasotzaileek ere bai orohar. Berbaldi berean denak egoki katigaturik hitz bakoitzak har dezake bere zentzua. "AMAPOLA" kanpotar lore lurringabea, "ZIRIMOLA" gure literatura puntakoenetik ikasia, "BIDEOKONTSOLA" etxean ikusi eta jasan duguna eta "ESOLA" baserritarra, maila bereko hitz modura hartzen ditut, denak baleko eta denak geure.
Ez naiz azalaz ari, mamiaz baino. Aurrera egiteko era da, idatzian zein ahozkoan, hizkuntza formalean zein ez formalean, ikasi, pilatu, nahasi eta egokitasunez ematea. Aurreiritzi, arauegoskorkeria eta horrelakoen gainetik, sortzaile eta lotsarik gabe jokatzea dut aldarri. Irekitasunik gabe ez goaz inora. "Coitus interruptus" edo "leon-castillo" entzunda sudurra muzintzen duenak, gabon gauean nekez onartuko du bere mahaira suhia camerundarra, edo koinatu portugaldarra. Indi-oilarrak ez dio onik egingo eta intxaur-saldak ere ez