FRANCISCO GONZALEZ BBVA-KO PRESIDENTE


2002ko urtarrilaren 06an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Aurreikusi baino hiru hilabete lehenago, BBVAren lehendakaritza pertsona bakarraren eskuetan geratu da: Francisco Gonzalez, orain arte Emilio Ybarrarekin lehendakari kidea zena. Izan ere, Ybarrak uko egin dio, bat-egitea gauzatzerakoan hartutako akordioen arabera, martxoa bitartean bete behar zuen karguari. Ybarrak erretiroa hartzeko data aurreratu du, bat-egitea finkatua zegoela iritzita eta presidente bakar berriari 2002ko eta etorkizuneko erronkei taldearen berrantolaketa batekin aurre egiten uzteko. Ybarraz gain, kontseilari ordezkari Pedro Luis Uriartek ere kargua utziko du. Uriarte Ybarrak alboan izandako konfiantzazko pertsona izan da eta bera izan zen BBV eta Argentariaren bat-egitearen eta aurretik, Bilboko Bankuaren eta Bizkaiko Bankuaren fusioaren egile garrantzitsuenetarikoa. Ybarra eta Uriarterekin batera, hauei lotutako zuzendaritzako beste hainbat goi karguk utzi du bankua: besteak beste, Javier Echenique, Mario Fernandez eta Antonio Fernandezek. Beraz, presidente bakar berriak eskuak libre izango ditu bere konfiantzazko pertsonak zuzendaritzako organigraman jartzeko.

Ybarrak eta Uriartek kargua uzteko emandako arrazoi ofiziala, ziklo bat bete dela alegia, egia izan daiteke, baina ez egia osoa.Uriarte eta Gonzalezen harremanak ez dira oso onak izan eta euren banku estrategiak oso ezberdinak dira. Gauzak horrela, Ybarrak kargua uztearekin Uriartek logikoki ez zuen bankua uztea beste aukerarik, lau urtez jarraitzea aurreikusia zegoen arren. Javier Goirigolzarrik ordezkatuko du Uriarte. Berau Bilboko Bankutik dator, baita Uriartek sustatutako taldetik ere. Baliteke Uriarte izatea etorkizun hurbilean EAEko aurrezki kutxen fusioa egiteko aukeratutako pertsona. Uneon ezer ofiziala ez dagoen arren, batzuek BBKren presidentziara jo dezakeela diote, aurreikusitakoa baino lehen erretiroa har lezakeen Berroetaren ordez.


FG-REN KARRERALASTERRA.

Finantza ingurunean "efege", FG, izenez ezaguna den Francisco Gonzalez izango da lehendakari berria. Esan ohi denez, hutsetik sortua, baina Espainiako Gobernuko lehendakariordearen eta lehendakariaren, hau da, hurrenez hurren, Rato eta Aznarren laguna. Lehenik Argentariako lehendakari izan zen, Aznarrek izendaturik, eta gero BBVAko lehendakari kide Ybarrarekin batera. Aurrerantzean bera izango da lehendakari bakarra ehun mila langiletik gora dituen BBVA taldean, munduan zehar sakabanaturiko 8.700 sukurtsal ingururekin munduko frankiziarik handienaren buru. Finantza erakunde honek bi bilioi pezetatik gorako fondo propioak ditu, 2.408.763 milioi pezeta (14.477 milioi euro, 94.963 milioi libera), eta 50 bilioi pezetatik gorako aktiboa guztira (300.506 milioi euro); 302.000 milioi pezetatik gorako etekinak (1.816 milioi euro), zergak ordaindu ondoren. Horiek 2001. urteko lehen bederatzi hilabeteei dagozkien zifra ofizialak dira, eta, beraz, 2001eko urtearen amaierakoak, laster ezagutuko direnak, nabarmen handiagoak izango dira.

Bilboko Bankuaren eta Bizkaiko Bankuaren bat-egitetik sortutako eta, orain arte behintzat, egoitza Bilbon duen euskal finantza erakunde honen historian lehen aldiz gertatu da lehendakaritzan dagoen pertsona Euskal Herritik kanpokoa izatea. Duela ehun urte baino gehiago sortutako finantza erakunde horietan, azken hogeita hamar urteetako lehendakariak Galindez eta Toledo izan dira Bizkaiko Bankuan, eta Sanchez Asiain eta Ybarra Bilboko Bankuan. Nola ote dabiltza Neguriko familia handiak? Lasai ote daude urrats garrantzitsu honen ondoren? Garai bateko botere borrokak berrituko ote dira? Denborak hitz egingo du. Bat-egitean hitzarturik dagoenaren arabera, gutxienez 2007. urtera bitartean FG izango da BBVAren lehendakari bakarra. Egoera hori baliteke aldatzea beste bat-egiteren bat gauzatuko balitz -ezin esan ezinezkoa denik-, eta, gainera, beste bat-egiteren bat izatekotan, ziurrenik, nazioarte mailakoa izango litzateke.
Francisco Gonzalez Rodriguez, FG, Chantadan, Galiziako herri txiroenetako batean, jaio zen 1945ean. Beraz, 57 urte ditu gaur egun. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Madrilen, eta 1970ean lizentziatu zen. Informatikako hainbat enpresatan aritu zen lanean, eta 1983an Truke eta Burtsako agente izateko oposaketa gainditu zuen.
1987an 751.265 euro biltzea lortu zuen, eta azterketa elkarte bat eratu zuen. Handik gutxira, 1989an, Gonzalezek F&G Inversiones Bursatiles enpresa sortu zuen, eta Espainiako Estatuko agentzia garrantzitsuenetako bat bihurtu zuen. 1996an Merry Linch-i saltzea erabaki zuen. Eragiketa horrekin mozkin oso esanguratsuak bereganatu zituen: 96 milioi euro inguru. Esan ohi da oso bere erakoa eta itxia dela eta bere langileetako bat berak ere ez zuela eragiketaren inolako berririk izan. Berehala, 1996ko maiatzaren 16an, Argentariako lehendakari izendatu zuten, garai hartan Espainiako Gobernuko lehendakari izendatu berria zen Jose Maria Aznarren eskutik. Aznarren gobernuak egindako lehen izendapena izan zen, boterea 1996ko maiatzaren 5ean lortu ondoren. Geroagokoak dira beste izendapen esanguratsu batzuk: Villalonga Telefonicako lehendakari, edo Alfonso Cortina Repsolekoa.
Argentariako lehendakari izendatua izan ondoren, FGk Ramon Bustamante, Ratoren senitartekoa, izendatu zuen bere taldeko bigarren buru. Hala ere, FGk, bere egoera fisikoa zaintzen asko ahalegintzen den, erre eta edan egiten ez duen eta kafea txurroekin gosaltzen duen gizon honek, ez zuen inolako zalantzarik izan eta, bankua ondo ez zebilela ikusi zuenean, hura kendu eta Francisco Gomez Roldan jarri zuen haren tokian. Hiru urtetan zehar, BBVrekin bat egin zuen arte, FGk eraldaketa lan handia egin zuen Argentarian. Horrela, erakunde bakar batean bildu zituen Banco Exterior, Caja Postal eta Banco Hipotecario, eta horien langileria berregituratu eta teknologia berrietan inbertsio handiak egin zituen. 1999an FGk, BBV bazkide bat aurkitzeko gogoz zebilela jakitun, bere bankuarekin eta Ybarrarenarekin bat egin eta BBVA sortzea negoziatu zuen haiekin. Batzuk diotenez Aznarren Gobernuak, edo Ratok (FGren babeslea) berak, jakinarazi zion FGri euskal finantza erakundea bazkide bat aurkitzeko asmoz zebilela.
FG oso gizon langilea dela esan ohi da, den guztia bere buruari zor diola, baina ez dela inorekin fidatzen, galiziar on bezala. Eta Aznar bezala, zeinak, Gescarteraren gorabeherak zirela-eta, zipriztindu aurretik babestearren, bere buruaz beste inorretaz ez zela fidatzen esan zuen, badaezpada ere.

RATO, BERE BABESLE NAGUSIA.

Nola iritsi da FG honeraino, ia hutsetik abiaturik? FGren historia ezagutzen dutenek ziurtzat ematen dute Rodrigo Rato izan dela haren babesle nagusia. FGk 1993an ezagutu zuen gaur egungo Rato ministroa. Garai hartan FG 1989an sortutako F&G Inversiones Bursatiles elkarteko lehendakaria zen. Enpresen eta politikaren inguruneetan ezagun egiteko asmoz, urtean bi mintegi antolatu ohi zituen FGk. Errenta Finkoari buruzko 1993ko Nazioarteko mintegira Rodrigo Rato politikaria gonbidatu zuen, une hartan PPren bozeramaile zena Kongresuan.
Ratoren jardunaldi horretako ekitaldia prestatzeko, kronista batzuek diotenez, biek elkarrekin bazkaltzea erabaki zuten. Hor hasi zen gerora jarraitu duen harremana. Gaur egun lagunak dira. Horrela hobeto ulertzen da Aznarren Gobernuak Argentariaren lehendakaritzarako egindako lehen izendapena FGrentzat izatea.

KOMUNIKAZIO TALDE PROPIOA.

Enpresa guztiek, bereziki handiek, eta oso bereziki finantza arlokoek, izugarri zaintzen dute beren irudi ona, eta irudi on hori ematen saiatzeko ez dute inolako zalantzarik egiten diru eta laguntzaile kopuru handiak erabiltzeko. Horregatik, hain zuzen ere, ez da batere harritzekoa finantza erakunde handietako Komunikazio eta Irudi Saila lehendakaritzatik guztiz hurbil egotea eta zuzen-zuzenean haren meneko izatea. Sail horren arduradun nagusia, gehienetan, zuzendaritza nagusi baten jabe izaten da, komunikaziokoarena edo lehendakaritzari erantsiarena. Bere lana finantza erakundearen irudia eta komunikazioa indartu eta zaintzea da, eta horretarako ezinbestekoa da komunikabideekin etengabeko harreman onak izatea.
Orain artean BBVAk komunikazio eta irudi onaren maila handia lortu du prentsan. Ez da kasualitate hutsa komunikazio enpresek noizbehinka antolatu ohi dituzten komunikazio eta gardentasun arloko sariak behin eta berriz jaso izana. Azken hogeita hamar urte hauetan, lehenik Sanchez Asiainekin BBn, gero BBVn, eta azkenik Ybarrarekin BBVAn, Antonio Fernandez izan da euskal finantza erakundearen komunikazio taldeko buru. Orain, Ybarrak alde egitean, BBVAren komunikazio eta irudi arduraduna ere joan egin da, aurretiko erretiroa harrarazita. Eta Argentariatik datorren beste pertsona bat igo da BBVAren komunikazio gailurrera, Javier Ayuso; horixe zen hain zuzen ere FGrekin eginkizun horretan aritzen zena, Argentariako lehendakari zen garaian. Honekin batera, BBVrekin bat egin ondoren, pertsona ugari zuen sail hartako beste langile batzuk ere sartu ziren BBVAn. FGk, bai lehen eta bai orain, oso kontuan hartzen du bere irudia zaintzeko arloa. Horregatik, erabat bere konfiantzazko pertsona bat izango du sailaren arduradun, hau da, Argentariako garaian zuen berbera.

SOZIETATEAREN EGOITZAK BILBON JARRAITUKO AL DU?

Behin baino gehiagotan hitz egin izan da BBVAren egoitza aldatu eta Bilbotik Madrilera eramateko arriskuaz. Hitz hutsak baino gehiago entzun izan dira, eta abertzaletasunaren aurkako sektoreek, zenbait une politiko gatazkatsutan, zorrotz eskatu izan dute aldaketa hori egin dadin. Orain arte, nagusiki Neguriko pertsonek kontrolatzen zituzten lehendakaritza eta administrazio kontseiluek egoitza hori Bilbon jarraitzearen alde egin dute, hiri horretatik zetozelako gaur egungo BBVA eratu zuten Bilboko Bankua nahiz Bizkaiko Bankua. Baina, hori egia izanik ere, ezin da ukatu azken urte hauetan erakundearen eragiketarako makineria Madrilen egon dela nagusiki.
Orain, lehendakaritza bakarraren buru FG izanik, ikusi egin beharko da zer-nolako mugimendua sortzen den zentzu horretan. Gaur egun administrazio kontseilua hiru multzotan banaturik dago: Neguriko antzinako familiak; Argentariatik etorritako kontseilari multzo bat, gehienak taldeko oso akzio gutxirekin; eta akzio ugari dituen hainbat familia: Entrecanales, Alicia Koplowitz, Alfonso Cortina edo Placido Arango. Egia da BBVAko administrazio kontseiluan, abertzaletasunetik hurbil zegoen Uriarte joaterakoan, kontseilariak ez direla abertzaleak. Beraz, egoitza Bilbon mantentzeko gogoaren oinarrian ez dago inolako jarrera abertzalerik. Neguriko familien tradizioaren indarra dago, zeren, abertzaleak ez izan arren, bilbotarrak edo neguriarrak baitira, eta orain artean behintzat ez dute egoitza aldatzerik nahi izan. Baina, gaur egun horietako inor ez dago lehendakaritzan, eta indar handia du lehendakaritzak. Eta, gainera, bestalde, gerta liteke aurrerantzean nazioarte mailako bat-egite bat iristea, eta horrelakoren bat gauzatuz gero, egoitzaren aldaketarako arrazoi eta abagune benetan indartsua gerta liteke hori. Denborak eta, batez ere, "egoera politikoak" izango du azken hitza


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Sektore publikoan gurasotasun baimena luzatu eta seme-alaba bakoitzeko diru laguntza handituko duela iragarri du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren Familia, Haur eta Nerabeen V. plana aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak asteazkenean. Hamazazpi "trakzio-neurri berritzaile" jaso ditu planak, baina ez dute zehaztu noiz jarriko diren indarrean.


Eguneraketa berriak daude