Noski. Zer galdetu diezaieke senideak bestela etxekoa urrun preso daukatenei? Etxekoa bisitatzen dabilenaren ibilera ankerrak arintze aldera, ez dabilenaren solidaritateak eska dezake presoa hurbildu dezaten, baina etxekoen beharra presoa etxeratzea da. Eta horregatik jo dut egokitzat presoen senideek Gasteizen egin batzarrean beren egiturari eman izena. Etxerat. Amnistia gure artean geroz eta urriago darabilkigun hitza dela eta presoak euskalherriratzea horrek amnistiari gaina hartu diola jakitun, senideen agerraldia eta lekukotasuna bateratasunerako deia da. Baina nago, orain hogeita bost urte amnistia publikoki oihukatzea biziki etekintsua zitzaigun bezala, ez ote dugun egun aski deserosoa, onenean pribatuki aipatzen duguna. Durangoko azokan aurkeztu kultur ekoizpenak eta belodromoan jokatuko den bertsolari lehia izan litezke sozialki gure presoekiko atxikimenduaren adierazle, gure kultur elitearen sentsibilitatearen neurgailu. Jende ospetsuaren solidaritate beroak on egin liezaioke presoari, etxeratzearen ametsa hurbilagotik bizi dezan