Duda egin nahi dut


2001eko azaroaren 04an
Soziologian lizentziatuei sukaldaritzakoaren gisako titulua eman beharko liekete: «Jakiak manipulatzeko Agiria»ren antzeko «Aburuak manipulatzeko Agiria», alegia. Izan ere, gero eta argiago, ikerlari soziologikoen profesionaltasuna ez da neurtzen errealitaterantz hurbiltzen diren arabera, kontratatzaileen desioak ispilatzen dituzten arabera baizik. Nolako errealitate irudikatu nahi duen bezeroak hala saiatuko dira kabinete soziologikoak gaiak oratzen, beren profesionaltasuna maila jokoan bada ere.

Orain berri argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak CIES kabineteak egindako azken «barometro soziopolitikoa». Bezeroa, noski, UPNren Gobernua. Egia da, emaitzak ikusita, ez zaizkiola ongi ateratzen kontuak bezeroari. Baina, hainbat gairi buruzko itaunketa prestatu duen kabinete honen maila profesional aparteko honi ezin diogu uko egin jakina.
HONA nire dudak. Miresgarria da, bereziki, zein zintzo ibili den CIES hau bezeroekin. «Zein egoera izanen zenuke gustukoen Nafarroarentzat» itaunari eskainitako aukeren sailkapenari erreparatzen badiogu: aukera bakarra - «Erkidego berezi eta propio, dagoen bezala jarraitzea»- UPNk desio dituen ustekoentzako, baina lau aukera alternatibo gainerako Hego Euskal Herriarekiko loturak gustuko izanen genituzkeenentzat -«Hego Euskal Herria espainiarra» bi aukeretan (ezetz asmatu zein bitan banatu duten hau!) eta «Hego Euskal Herria independente» bertze bitan (berriro ere ezetz asmatu!)-. Hau profesionaltasun froga sotila, CIESkoena!
Baina egon badago bertzeren bat. Hainbat arlotako Gobernuaren kudeaketa balioztatzeko sailean, euskararena dugu desadostasun maila altuenetarikoa eta adostasunik baxuena adierazten duena emaitzetan. Areago, aurten protestarik jendetsuenak sorrarazi dituena dugu euskararekiko Gobernuaren jarrera. Bada, hara!, CIESkoek ez dute gai hau «Gehien kezkatzen zaituzten arazoak» sailean sartu. Ez dut uste, jakina, gai baten kudeaketarekiko desadostasunak, berez, kezka maila parekoa ekartzen duenik: gauza bat baita zerbaitekin ados ez egotea, eta bertze bat horretaz biziro kezkatzea. Baina, badirudi interesgarria izanen litzatekeela (benetako barometro soziopolitiko batean) jakitea zein neurritan kezkatzen duen gizartea horren desadostasun maila altua islatzen duen arlo batek. Finezia handiz ibili dira honetan ere CIESko profesionalak.
Descartesen garaietatik, duda sistematikoa izan bada, ezagumendura iritsi ahal izateko bide zuhurrena, gaur, botere mediatikoen garaietan, hauek diotenari buruzko duda tematia dugu buru-osasunerako botikarik oinarrizko eta ezinbertzekoena. Itzal handietako kazetaritzak eta ikerlari soziopolitikoek, pultsoka irabazita, meritu hori dute: kartesianismoa osasunbide ere bihurtzekoa. Eskerroneko nauzuen honek hau guttienez pozik eta gustura eskertzen diet.
HONA nire ustea. Ez diot, benetan, segimendurik egin CIESek kontsulta askotan lorturiko igarpen mailari hauteskundeetako boto-intentzioari dagokionez. Baina honetan, goian azalduriko duda sanoak gorabehera, susmoa dut barometroko emaitzak ez daudela oso desbideratuak. Aspalditik nago nafar gehiengo soziala ez dela tontolapikoa, lapiko ustelari muzin egiten ez dioten horietako izan arren. Hainbat arlotan, askok Gobernuak egindako politikari gaizki deritzotelarik ere, ez dirudi prest daudenik UPNri boto-zigorrik ezartzeko.
Logalegarriegia Cordobillako paperaren itzala? Paper horren irakurlegoaren zati handi bat eskelazalea omen da gehien bat: erran liteke hilerrietako betiereko lozorroa nahiago duela, lau haize aldakorretako bizitasuna baino. Baina hori bakarrik izanen balitz!
Zeren eta, artean, horra hor gure abertzale ortodoxoak, kutsu kristaueko eskuzabaltasunaz, botoak mila oparitzeko prest. Hilotzen Berpizkunde Eguna gertu dagoela sinetsita-edo, baina, alafede!, etsaiak eskomikatuz bizirik diraugun bitartean hilerriak ere egurastu nahi dituztenak.
Déj… vu. Descartes jauna, otoitz, irakats nazazu honetaz ere duda egiten!


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude