EUSKARAN MURGILDU


2001eko urriaren 28an
AEK eta Murgildu! Dei horixe egin du Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak bere hamalaugarren festa eguna iragartzeko. Urriaren 28an Zestoan egingo da AEK Eguna eta Urola Kostako herri honek berezkoa duen euskal giroan murgilduko da bertaratuko den oro. Edizio honen arduradun, Eneko Ibargurenek adierazi digunez, AEK Eguna Zestoan egiteak aukera hori emango du: "Joango denak badaki euskal giroa eta euskara topatuko dituela, alegia, euskaraz biziko dela egun horretan".

Festa honen bidez, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osora zabaltzeko eskatuko du AEK-k, eta irailetik abian den matrikulazio garaiaren amaiera iragarriko dute. Iaz hamabost bat mila lagunek eman zuten izena AEKren euskaltegietan, eta aurten ere kopuru horri eutsiko dioten itxaropena agertu du Gipuzkoako AEKren arduradunak, Joxe Leon Otañok.

EGITARAU ZABALA.

Haur, gazte, heldu eta zaharrentzako moduko egitaraua antolatu dute Zestoako herritarrek aurtengo AEK Egunerako. Hiru gunetan banatuko dute festa. Lehenengo gunea, bereziki, haurrei zuzendutakoa izango da. Bertan, besteak beste, magoak, pailazoak, puzgarriak eta haurrentzat herri kirolak egongo dira. Bigarren gunea, erdi-gunea izango da; herriko plaza. Eta plaza guztietan bezala, erromeri giroa nagusituko da, Etzakit taldearen doinuekin, besteak beste. Hirugarren gunean (kanpan), berriz, mota guztietako musikak entzuteko aukera izango da: EH Sukarra, Idi Bihotz, Doktor Deslai eta beste hainbat euskal talde.
Musikaz eta euskaraz blaituko da Zestoa urriaren 28an. Euskaraz mela-mela eginda amaituko dute gerturatuko direnek; izan ere, euskaran murgiltzera deituko baikaitu aurtengo AEK Egunaren kantuak.

MEZU BAIKORRA.

Jon Maia bertsolariaren hitzak erritmo latinoekin nahastu dituzte Eztanda taldeko kideek eta emaitza mezu positiboa da, doinu fresko eta dantzagarriz lagunduta. Hitzen jabeak berak adierazi duenez, bere intentzioa festarako eta ondo pasatzeko mezua zabaltzea izan da: "Askotan salaketa kantuak egiten dira, baina hau festa eguna izango denez, saiatu naiz euskararen ikuspegi positiboa agertzen". Bertsolariaren iritziz, ez da erraza ezer berririk asmatzea euskararen inguruko kantu bat egiterakoan: "Azken finean beti antzerako helburuak izaten dituzte, eta asko dira euskararen alde egiten diren jaiak, AEK eguna tarteko". Maiak dio euskara ikuspegi baikor batetik ikusten dutenek eta harekin egunero lan egiten dutenek ez dutela uste euskarak arazorik duenik, baizik eta oso mundu erakargarria eta zabala dela: "Leihoak irekitzen dizkion giltza bat bezala ikusten dugu euskara, eta hor barruan naturaltasun osoz bizi eta murgiltzen gara. Ikusirik euskararen zabalkundeak aurrera egiten duela, ikuspegi positibo hori laburbiltzen saiatu naiz kantuan".
Euskararen ikuspegi positibo horrekin bat dator Joxe Leon Otaño Gipuzkoako AEKren arduraduna ere, eta baikor agertu da euskararen etorkizunari begira.

TRABAK GAINDITZEN

. Duela hogei eta hamabost urte Euskaltzaindiaren babesean gau eskolak sortu ziren eta bide horretatik jaio zen AEK, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea. Urte hauetan guztietan, hainbat oztopo eta traba gainditu du eta Baltasar Garzon epaileak jarritako autoa ere gaindituko dutelakoan dago Joxe Leon Otaño. Bata edo bestea esatea arriskutsua deritzon arren, Otañoren ustez, "datozen bi hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira AEKrentzat".
Gipuzkoako AEKren arduradunak adierazi digunez, Baltasar Garzon epailearen autoaren berri jakin zutenetik denbora asko pasa da, eta ez da ezer ere aurreratu: "Ikusi da aipatzen ziren puntuek inolako oinarririk ez dutela". Garzonek administrari judizial bat izendatu zuen AEKren funtzionamendua ikuskatzeko eta laster emango dio epaileari Koordinakundeari buruzko txostena. AEKko administratzailearekin hitz egin du eta Otañok azaldu digunez, hark bere lana amaitu du eta ezer susmagarririk ez duela aurkitu adierazi die: "Berak hitzez hitz esan bezala, aldekotasuna emango dio Garzoni. Gero ikusiko da bestearen jarerra, batek daki Garzonek nola jokatuko duen".
Ogasuna eta Gizarte Segurantzari iruzur egin izana ere egotzi zien Garzonek, eta AEK-k helegitea aurkeztu zuen. Erantzuna pare bat edo hiruzpalau urteren buruan jasoko dutelakoan daude, baina balizko zor horrekin ez jarraitzeko Gizarte Segurantzarekin negoziatzea erabaki zuten. Herri ondasunak eta beste ondasun batzuk eskainiz, balizko iruzurrari aurre egitea da AEKren asmoa. Hori betez gero, Gizarte Segurantzarekin egunean egotea lortuko luketela azaldu digu Joxe Leon Otañok: "Hori da bizirauteko dugun baldintza bakarra, Gizarte Segurantzarekin egunean ez bageunde, zailtasunak izango genituzke diru laguntzak jasotzeko". Oraingoz, azken eskaintza egin dute. "Borondate izugarria dago ‘normalizazio egoerara’ iristeko, baina borondatea beti bi aldeetakoa behar da; beraiek ere borondate minimo bat izango balute eta ikusita ikerketek zer eman duten, gurekikoak amaituko lituzkete".
Egoera zaila izan arren, aurtengo AEK egunaren leloa bezain baikor agertu da Gipuzkoako euskaltegien arduraduna. Auto horrek kalte handia egin dio AEKri, eta mediatikoki ere oso erabilia izan dela esan digu Otañok, baina horren aurrean "irmotasun handiagoz" jokatuko dutela eta AEK-k aurrera egingo duela adierazi digu


Eguneraketa berriak daude