MUSULMANEN BIZIPENAK EUSKAL HERRIAN

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mustafa Abdelrmongim egipziarra da. «Turismo» aldizkari aurrerakoi eta herritarrean idazten du, baita «El diplomatico Mundial» egunkarian ere. Etorkin gehienek bezala, Europako amets eroak ekarri zuen hona, orain hamar urte, eta errealitateak zapuztu: «Denok espero duguna da aukera berri bat, etorkizuna... Neska polit bat ezagutzea, diruduna, eta etxera itzultzea kotxe berri batean... Iritsitakoan, aurkakoa aurkitu nuen!» Asto lana egitea tokatu zaio berari ere: «Zertan ez ote dut lanik egin! Zaldiak zaintzen, zabortegian, nekazaritzan, eraikuntzan, iturgintzan...» 4 urte pasa zituen lanerako eta bizitzeko «paper» bila. Bizitakoak bizita, ziur dago: «Denborak atzera egingo balu, ez nintzake itzuliko».

Euskal Herrira iritsi aurretik, El Ejidon (Almeria) ibili zen. Hango tratua ez zen hobea izan «Lana baino langile gehiago geunden. Nire lagun bati, 1992an gertatu zitzaiona ez da makala: nekazariak etorri ziren morroi bila, eta denen artean aukera egiteko giharreak eta eskuak miatu zizkieten, noraino zailduta zeuden ikusteko. Ondoren, zaldiei bezala ahoa zabaldu eta hortzak arakatu zizkieten. Ezta esklabuak bagina ere!»

Euskaldunekiko tratua

. Euskal Herriak etorkinen artean fama ona omen du. Mustafaren esanetan, euskaldunok ongi ulertzen dugu zer den besteren menpe egotea eta elkartasun gehiago adierazten dugu beste gutxiengoekiko. Txima luze eta krestek ez dute Alemania edo Ingalaterra aldeko kazkamotzek adina izutzen. Baina ondotxo daki hemengo neska gazte batengana hurbiltzen bada, ez dela «geroarte»tik urrutira iritsiko. Zabaldi teterian bertan, «kultura ezberdinetakoek elkarrekin nola ligatu» ikastaroko iragarkiak daude eskegita.
Ezezaguna eta ezberdina denak beldurtzen gaitu. Mustafari oso astuna egiten zaio beti jendearen begirada soinean eraman beharra: «Supermerkatuetan zaindariak askotan atzetik etortzen zaizkit, lapurtzen dudan behatzera. Lehengo egunean, berriz, gizon bat erori egin zen, eta altxatzen laguntzera joan nintzaion. Eskua patrikara eraman zuen, eta bakean uzteko eskatu zidan. Min handia egin zidan.» Baina azkenerako ohitu egin da, eta bere buruari errepikatzen dio «badakit ni ni naizela, eta ez dudala eurek nahi dutenerantz aldatu behar, nik nahi dudana izan behar dut».

Lana bide

. Lanak asetzen du Mustafaren gogoa. Gizarte langilea delako gustatzen zaio hemengo bizitza. «Atzerritar batek hemen sustraitu nahi badu, lana gogor egin behar du, eta sufritu. Baina ordaina jasoko du; berak ez bada, gure ondorengoek. Nire herrian, berriz, lan egiteak ez du esan nahi miseriatik aterako zarenik. Zerbait egiten duenari bidea mozten diote, ustelkeria asko dago.»

Egiptoko eta hemengo enbaxadore.

Seme-alabarik gabe etorri da. Ez omen du bere ondorengoak hemen hezitzerik nahi. «Ez zait hemengo gazteen jarrera gustatzen. Ez naiz ohituko seme-alabek gurasoei ‘Hi, zaharra’ deitzen dietela entzuten. Gure herrian zaharrei errespetua zor zaie, esperientzia estimatzen da. Orain arte gurasoei eskua musukatu zaie.»
Berak ere ez du bere jatorria ahazten. Antena parabolikoa du jarria etxean, Egiptoko berri izateko. Ez da Mendebaldeak islamari egiten dion aurkako propagandaz batere fio. Hemen Egiptoko herriaren ordezkari da, baina Egipton Euskal Herriko enbaxadore dela gogorarazten digu, gu konturatu ez arren: «Nire herrikoek Euskal Herria nire begien bidez ikusten dute. ETAri buruz eztabaidan hasitakoan, isiltzeko eskatzen diet. Gauzak iristen zaien informazioak dioen bezalakoak ez direla esaten diet. Hori alde bateko propaganda dela, eta herriari galdetu behar zaiola zuzenean, bitartekorik gabe. Elkar ezagutzeko besterik ez bada ere.»

Azpi hiri bat sortuz.

Bere erlijioaren aurka ez dagoen dena onartzen omen dute musulmanek. Gizakien arteko harremanetan, hemengo bizimoduan... integratzeko prest daude. Baina bere kultura galdu gabe. Iruñeko islamdar komunitatean, bakoitzak ahal duena egiten du bere eguneroko bizitzari eusteko; errezoak antolatu, jendea ezkondu eta hileta elizkizunak egin, jende ikasiak jakintzarik gabe datozenei eskolak ematen dizkie...: «Komunitate oso batek egiten duena pertsona gutxiren artean betetzen dugu. Nork egingo du bestela? Bi aukera ditugu: egin edo ez egin; izan edo ez izan». Musulman eskola bat, hilerri bat... proiektu asko dituzte buruan, baina mugak ere bai: «Opus Deik agintzen du Nafarroan, itzaleko gobernua da. Eta musulmanen aurka dago, erabat. Guk azpi hiri bat eraiki nahi dugu: mezkita, eskola, abokatuak, harategi berezitua... Eta zubiak eraiki bi kulturen artean». Bi komunitateen arteko zubia, errespetua da: «Ez dizut eskatzen nire kultura praktikatzeko, errespetatzeko baizik». Euskal gizartea lotuta dagoen bezala, beste gutxiengoei ere (tartean musulmanak) garatzen utzi behar zaiela aldarrikatzen du. «Utzi jendeari sortzen, utzi lan egiten, eta probatu ondoren, juzgatuko dugu zuzen edo oker zeuden».

Azken errezoa.

Mustafa agurtu dugu, ganbeluko gida baimena ateratakoan Egiptora bisitan joango gatzaizkiola aginduta. Ibañeta Mendia kaleko mezkitara abiatu gara. Errezoa bukatu denean, oinetakoak erantzi, eta tunika eta palestinar zapia soinean, sartu gara mezkitara.
Bertan zain dugu Abdelkader Belkalai aljeriarra. 1989an iritsi zen Iruñera. Bere aurpegiera oso markatua ez bada ere, emazteak beloa jazten du eta kalean doazenean ingurukoen begiradak jasan behar izaten ditu. Emaztea eta koinata Tuterakoak ditu, eta ezkondu eta gerora musulmandartu ziren.
Tuterako emaztea izan, 12 urtez Iruñean bizi... Eta hala ere ez omen du integratzerik lortu: «Atzerritarra beti atzerritarra da, mila urte pasa eta beste hainbeste ahalegin egin arren. Beti ixten dizkigute ateak gure koloreagatik»

Allahren legea gizalege
Islama ez da erlijioa soilik. "La illaha illa Allah" esanez geroztik egunero bost aldiz errezatzeak bizimodu bat markatzen du. Mekara begira beti, egunsentiko argiak, eguerdiko itsutasunak eta ilunabarreko itzalek mundua ikusteko era bat ematen dute. Coranak arau orokor batzuk ematen ditu, ongia eta gaizkia bereizteko. Guk gizalegea deitzen duguna liteke. Zer den jator portatzea esaten duena.


Islama itxia ote?

Munduko %18 musulmana da. Zer esanik ez, Sahara edo Arabiako bizimodua ez dira berdinak. Islamaren lerroak oso oinarrizkoak dira, eta horien barruan, herri bakoitzak bere klima, tradizio eta kulturaren araberako gizartea sortzen du. Allahk berberak, 99 izen ezberdin ditu Coranean, bakarraren eta aniztasunaren irudi. Gainera, Coranak onartzen ditu islamdarrak ez diren pertsonak ere: "Jaunak nahi balu, munduko denek sinetsiko lukete beragan. Nork derrigortu ditzake, orduan, gizakiak sinestera?" (Corana, 10, 99, 100).

Moderazioa.

Kontsumismoarekin kotrakotasunean, islamak moderazioa eskatzen du, ez da gero eta gehiago egin, kontsumitu eta txikituzalea. Ramadama liteke horren adibide: hilabeteko barauak gogorarazten die gizakia ez dela jainko, berez ahuldu egiten dela eta jan beharra duela bizitzeko. Jakien balioa estimatzen ikasten dute horrela. Gainera ez dute jateko ordurik. Goseak eskatu ahala ematen diete gorputzari.

Dena bat.

Islamaren ikuspegitik errealitate osoa da pieza bat. Munduko dena egin du Allahk, eta polifonia horretan armonia bilatu behar da. Gizakia orkestrako beste bat gehiago da, ez ezeren zuzendari, eta beraz ez du natura menperatuko, zaindu baizik. Arkumearen ofrendak ematen digu horren berri: urtero arkume bat hiltzen da Allahri eskaintzeko. Bizitzeko beste batzuk hiltzen ditugunaz ohartarazten du erritu horrek. Eta beraz, zor bat dugula bizitzarekin. Mendebaldekook, berriz, asko profesionaldu dugu borrero lana, eta baditugu harakinak, baditugu ehorzleak... Esnea kaxatik eta xolomoa hozkailutik sortzen direla sinesten hasiak daude umeak, eta eskuak garbi, heriotzik ikusi nahi ez dugunez, ez gara jabetzen besteren lepo bizi garenaz.
Ziurrenik Mc Donald's-ik ezin jarriak etsaitu ditu EEBB. Oso exotikoa zaigu, beste era idiliko batean bizi diren irla bakartiak imaginatzea. Baina ikuspegi erabat ezberdina duen hori Mendebaldeari itzal egiten hasten zaionean, deserosoa suertatzen zaigu

Etorkizuneko migrazioa
G rafikoetan ikusten denez, munduan bizi garen lau katuak xaguen abiadan biderkatzen gara. Baina teilatu denek ez dute pitxitxi kopuru bera: "Lehen Mundu"ko herrietan gero eta gutxiago gara, eta "Hirugarren Mundua»n titiak baino aho gehiago jaiotzen dira. Gure gizartea zahartrosiak jo du, eta hirugarren munduak "beti gazte" jarraituko du datozen 50 urteetan. Europan, 2050. urterako, gizartearen %47 jubilatu egingo da; aldiz, Afrika, Asia eta Hego Amerikako 62 herrialdetan %40 baino gehiagok 15 urtetik behera izango ditu.

Nork eutsiko dio gero eta zerbitzu eta behar gehiago sortzen dituen gizarte zaharkituari? Nazio Batuek iragarri dute, datozen 20 urteetan Europak 123 milioi etorkini ateak zabaldu beharko dizkiola, jubilatu etxe luxuzkoetan neskame eta morroi beltzaranak izan ditzagun.
Orain arte ere gure esklabu izan dira, 1998an esaterako, ekonomia inbertsioen %75 «Lehen Mundua»n egin baitzen, eta %25 besterik ez, garapen bidean dauden herrietan. Baina laster, gure herrian hartu beharko ditugu

Afganistan: nortasuna jokoan
Bin Laden beharrean, islama ari dira epaitzen Afganistanen. Mustafa ez omen da sekula talibanen zalea izan, baina anaiak ditu Allahren aurrean. Bonbarik inteligenteenak ez du arazoa konponduko, hildakoak eta gorrotoa lehertarazi baizik. "Bin Laden hiltzen badute, badakizu zer sortuko den? Milaka Bin Laden" iragarri du. "EEBBak eurak ari dira egiten Bin Laden mundu musulmanen lider". Integrista edo estremista ez diren Afganistango musulman arruntek, ez omen dute etorkizunik ikusten. Badakite bonbek ez bada goseak hilko dituela. Beraz, zutik hiltzeko prest daude. "Era batera edo bestera, EEBBak gelditu behar dugu. Noiz arte iraungo dugu lehertu gabe, beti azpian gauzkate eta?". Onean ez bada txarrean, mundu osoaren jabe egiten da EEBB. Baina musulmanek badute azkeneraino eutsiarazten dien zerbait: erlijio hutsean baino, euren kultura eta bizikerarenganako sinesmena. Mundua aurka jarrita ere, euren tradizioak ematen diete arrazoia. Ikusi, bestela, musulmanen esaera zaharrek zer dioten: "Otsoak uluka aritu arren, karabanak bere bidea jarraitzen du". "Zuhaitz indartsuenari botatzen zaizkio harriak"

Prest al gaude?
Eskulan merkearen beharra dugu, baina prest al gaude langile berri horiei herrian leku bat egiteko? Patera baino garraio eraginkorragoak eman, lotarako lekua, zer jana... Etorkinek mantenduko bagaituzte, etorkinak mantendu behar ditugu.


herri bat eraiki

behar da, kanpotik datozenek bertan sustraiak bota ditzaten. "Ongizatea ez da dena" esaten digute islamdarrek. "Hemengo bizi maila oso tentagarria izanda ere, ez nago nire kultura eta nortasuna galtzearen truke lortzeko prest". Hona kultura eta ohitura batzuekin datoz, eta ez dute aldatu nahi, egokitu baizik. Nola integratzen da atzerritar bat bertako kulturan, berea galdu gabe? Horra etorkinen buruhausterik handiena.

arazo praktiko batzuk

dituzte eguneroko bizitzan musulman izateko. Musulman batek egunean bost errezo egiten ditu, eta ostiral eguerdiz mezkitan belaunikatzen da. Nola esaten zaio fabrikako nagusiari une batez lana eten behar duela nagusi gorenago bati zerbitzeko? Ramadam hilabetean, berriz, (aurten azaroaren 15-16an hasiko dena) jan gabe pasatu behar dute eguna, eta lanean beti bezain indartsu egoteko eskatzen zaie. Bestetik, langabezira ez botatzearen truke, sarri baraua hausteko unean (ilunabarrean) lanean jarraitu behar izaten dute. Txikikeria dirudi, baina musulmanentzat baraua hausteko orduan senideekin ez elkartzea guretzat Gabonak etxetik kanpo pasatzea bezala da. Lanean ari den atzerritarrari ez zaio bizitza ziurtatzen, baina hilda ere ez ditugu onartzen: Iruñean bost urtez ari dira islamdar hilerri bat eskatzen, eta oraindik, eurentzat santua ez den lurretan ehorzten dituzte.

kultura transmititzea

da arazorik larriena. Islamdar heldu iritsi direnek ez dute egun batetik bestera bizarra moztuko, baina euren seme-alaben nortasuna zalantzan ikusten dute. Eurek era batera hezi nahi dituzte, baina eskolako lagunak, gizartea, telebistako irudiak... aurkako norabidean iristen zaizkie. Bere ondorengoak zer izango diren galdetzen dute, hemengo heziketa duten musulmanak, edo musulman heziketa duten hemengoak. Kultura transmititzeko lehen pausoa litzateke islamdar eskolak sortzea eta bertan hizkuntza, historia, eta balore musulmanak lantzea.
Musulmanak gugana bezainbat egokitu beharko dugu gure gizartea eurengana. Baina oraingoz hemengo legea eta sistema ez dago etorkinak hartzeko prestatua. Gainera presioa egiteko oso ahalbide gutxi dituzte: botere ekonomikorik batere ez, eta politikoki ez dute bozkatzeko eskubiderik


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Eguneraketa berriak daude