Bianaldea. San Gregorioko altxor ezezagunak


2001eko urriaren 21an
Ibilbidearen 34,5. km.an Esprontzeda zeharkatuko dugu, eta berehala Desoio. Biak ere inguruko laborantzaz arduratzen diren herrixkak dira. Azken herritik zuzen, 6,5 kilometrotara aurrean Dorreaga-Torres del Rio agertuko zaigu, Logroñorako bidean. Beste kilometro. batean elizaurrean azalduko gara.

Hilobi Sainduaren eliza oktogonala (XII. mendea) nafar erromanikoaren adibiderik garrantzitsuenetakoa da, eragin islamiarra erakusten duten hainbat elementurekin, hala nola, kapitelen apaingarriak edota nerbaduradun kupula. Orain, kilometro pare bat atzera eginez, Urantziarantz zuzenduko gara, tartean Santzol (Burdin Aroko aztarnak dituena) herritxotik pasatuz.
50. kilometroaren inguruan zenbait bidegurutzetan sigi-saga egin ostean. (Erne ibili!). Urantzia dugu aurrean, Ptolomeok aipatutako "Curnonium" erromatarraren gainean Erdi Aroan sortutako herria.
Alde zahar osoa bisitatzea merezi badu ere, batez ere XII-XVIII. artean hainbat estilotan eginiko Santa Maria eliza (atari platereskoa, klaustro ojibala, Andra Mari Beltzaren tailua, apaingarri barrokoak eta dorre ikusgarria) azpimarratu behar da. Gainera, San Blas ermitaren abside erromanikoa, Erdi Aroko Gaztelako Atea, bere aurreko harlanduzko Zubi Zaharra eta hainbat jauregi aipatu behar ditugu.


San Gregorioko eskultura naturalak

Eliza eta Zubi Zaharraren arteko errepidetik, Acedorantz abiatuko gara. Kilometro batzuk eginda daramatzagula, urrunean jada monolitorik ikusgarriena eta hurbil duen eliza ikusiko ditugu. Gure zain dauden bailarako jabeak ematen dute.
Urantziatik 5 kilometrotara Muez herria zeharkatuko dugu, monolitorik handienaren pean bizi den herrixka. Hemendik bertaraino bidea oso aldapatsua da. Herritxo honen ostean, errepidearen eskuinaldean bestelako monolitoak ere agertzen ikusiko ditugu, geroago etorriko denaren aperitiboa.
Muezetik bi kilometrora eskuinerantz Sorladarantz abiatuko gara, eta bertara 2,5 kilometrotan ailegatuko gara. San Gregorio mendiaren beste aldean gaude. Herrian sartu aurretik eskumara errepidetxo bat ateratzen da, "San Gregorio" txarto seinalizatzen duena. Herriaren parte altutik, karteletik 50. metrora ezkerrera jo eta gero beti zuzen. 300 metrora dugun bidegurutzean eskuinerantz jo, San Gregorio Ostiense tenplu barroko eder bezain ezezaguneraino. Basilikatik irten eta 100 metrora ezkerrera aldiz, bidexka bat hasten da, San Gregorioko Monolito itzeletik hurbil dagoen zelai bateraino.


SAN GREGORIO OSTIENSE

Nafarroako Bianaldean, Muez eta Soroslada herritxoen artean jasotzen den mendixkaren gainean, leku nahiko ezkutatu eta ezezagunean, basilika ederra eta monumentu natural are ederrago batzuk altxatzen dira. Horrela, bi herriak dominatzen dituen mendian "galdurik", euskal herritar askorentzat erabat ezezagun, bisitatzea biziki gomendatzen dugun San Gregorio izeneko osotasun arkitektoniko-natural hau kokatzen da.


San Gregorioren Basilika

Soroslada (Sorlada) herritik igoz, hauxe da bien artean aurkituko dugun lehenbiziko interesgunea. Arratsalde polita pasatzeko oso egokia den atsedenleku-askaldegi baten ondoan kokatua dago, eta bertatik inguruko bista politak ikusteko aukera ere izango dugu.
Iritsi eta berehala, oso apainduta ikusiko duzuen aurrealdeak harritu egingo zaituzte, ikusten ari zaretena mendiko baseliza arrunta baino, herri garrantzitsu bati dagokion tenplu handia baita. Horrela, barrurantz sartua ageri zaizuen sarrera nagusia apaingarriz beterik ikusiko duzue: estatuak, alboetako espiral itxurako zutabeak, kapitel landuak, atearen gaineko armarri handia, ondo landutako hormak... Elementu guztien aberastasuna, eliza non kokatzen den kontuan izanda, osotasun harrigarria sortzen dute. Gainera, aurrean dituen, eta beren tartean belarra hazten doan harrizko baldosek, agian falta zaion eta ondo geratzen zaion basa kutsua sortzen diote.


San Gregorioren Monolitoak

Monolito harrigarri hauek muino honetan zehar barreiatzen dira, lurretik nabarmenki gailenduz. Ikusgarriena, eta zeharo txundituta uzten gaituena basilikatik kilometro batera dago, aparkalekutik hasten den bidezidorra hartu eta handik 100 metrora (aparkalekutik bertatik ere ikusten da).
Monolito izugarri hau Muez herriari eta inguruko bailara osoari begira dago, muinoaren erregea bailitzan, eta guri Rapa Nui edo Bazko Irlako aurpegi-itxurako estatua erraldoi eta misteriotsu horietako bat gogorazi digu, nahiz eta kasu honetan giza itxurarik ez eduki.
Gainera, argiaren arabera tonuak gorrixketatik urdinxketara aldatzen dituen harritzar hau, naturak sortutakoa dela jakin arren, aspaldi gizakiak sei-zazpi arroka hartu eta bata bestaren gainean jarri zituela pentsatzeko tentaldia sortzen digu, behatzen duguna hain harrigarria baita.
Horrela, 20 bat metroko garaiera duen eta beste txikiago baten alboan kokatua dagoen haitz handi honek, arroka naturala baino gizakiak sorturiko estatua traketsa ematen du, inoiz amaitu gabeko estatua erraldoi baten hasiera.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
URANTZIA
Jatorduan:
Mavi Bar-Jatetxea- La Serna 2.
Jan eta lo egiteko:
**Hotel Mónaco- Plaza del Coso 22. 948- 64 00 00 / 01. Log. bikoitza 4.950 pzta.
**Hostal Ezequiel- La Serna 14. 948- 64 02 96. Logela bikoitza 4.800-5.500.


Azkenak
Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

 

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Eguneraketa berriak daude