XX.MENDEKO HIRUGARREN DIMENTSIOA

Artea desmaterializatzen ari omen da. Objektu fisikoak gero eta garrantzia gutxiago du, ideiak jan baitio apurka garrantzi hori. Eta, hala ere, ez da hainbeste denbora eskultoreek estatua hutsak besterik egiten ez zituztenetik. Erantzun borobila emate aldera, 100 urte direla esan daiteke, XX. mendeko data baitute modernotzat har daitezkeen eskultura lanek.

Artearen esparru guztietan ekarri zuen iraultza aurreko mendeak, baina abangoardiak berebiziko apurketa ekarri zion eskulturari. Barroko garaitik eskulturaren oinarriak ez ziren berrikusi eta artistek estatua hutsak egiten jarraitzen zuten. Eskultura eta estatua esanahi bereko hitzak ziren haientzat.
Bi hitz horien arteko esanahi desberdintasuna ezagutu nahi duenak, urriaren 21a arteko epean Gasteizko Vital Kutxa aretora gerturatzea du egokiena. «Eskulturaren iraultza XX. mendean» izenburupean 27 artisten maisu lanak bildu dituzte, eskultura modernoaren bilakaeraren erakusle. Eta irakasle. Bildutako ia 60 lanekin unitate didaktiko bat osatu baitute. Obrak kronologikoki antolatu eta testu osagarriez lagundu dituzte, bisitariak, begi aurrean dituen harri eta metal puska landuez haratago, ehun urte horietan eskultura munduan izandako aldaketa handia ikus eta uler dezan. Britainia Handia, Estatu Batuak, Italia, Espainia eta Frantziatik ekarri dituzten piezak ez dira tamaina handikoak, erakusketaren koherentzia mantentzeko, batetik, eta eskultura erraldioek garraio eta espazio arazoak eragingo lituzketelako bestetik. Dena den, obra txikiak izanik ere, ez zaie erraza gertatu izen handiko hainbeste artisten handiren obrak biltzea. Rodin, Arp, Picasso, Miro, Txillida, Oteiza... Horien guztien lanak areto bakar batean erakustea ez da egunero egiten den gauza. Eta ez dirudi erakusketa hau Gasteiztik kanpo beste inon ikusteko aukerarik izango denik.

Rodinen eskutik.

Aldaketaren lehen urratsak Auguste Rodin frantziarraren eskutik, edo hobeto esanda, bere eskuekin egindako lanetatik etorri ziren, XIX. mendea amaitzear zela. Giza irudiekin lanean jarraitu zuen Rodinek. Baina ordurarte gorputz biluzia testuinguru mitiko, klasiko edo literarioetan soilik onartzen zenean, hark gizabanako arrunta biluztu zuen brontzean. Edozein gizakiren jarrera azaltzen zuen, gorputzaren irudia desmitifikatuz, eta bere garaikideen artean eskandalua sorraraziz.
Rodin ez zegoen bakarrik, hala ere, eta beste eskultore batzuek ere ekin zioten mendearen hastapenetan bidea zabaltzeari. Rodriguez edo Rosso horren adibide dira, baita Aristides Maillol frantziarra ere. Rodinen lanean sinbolismoa nabari bazitekeen ere, mugimenduko eskultura adibide nagusia Maillol eta bere emakumezko gorputzak direla esan daiteke.
Sinbolismoa aipatu dugu, baina abangoardiako beste mugimenduek ere izan zuten emaitza eskultorikoa. Expresionistek Afrika beltzaren eragina ekarri zuten, futuristek mugimendua erantsi eta konstruktibistek, aldiz, espazio egituratuak. Eskulturaren ikuspuntu aniztasuna kubisten eskulturen planoek ekarri zuten eta horren adibide mordoa dago bildurik Gasteizko erakusketan: Archipenco, Lipchitz, Picasso... Berezko estiloa landu bazuen ere, kubistetara iritsi garen honetan, ezin ahaztu Julio Gonzalezen lana. Batetik, bere lan ugarik kutsu kubista nabaria du (aurreko orrialdean ipinitako adibideak, esaterako); bestetik, Picassok espainiarra izan zuen maisu eskultura kontuetan.


Arp toki guztietan.

Vital Kutxan topatu daitekeen artistarik garrantzitsuenetakoa Jean edo Hans Arp alsaziarra da (Jean frantsesez idazten zuenean; Hans alemanez idatzitakoa sinatu behar zuenean). Margolari, poeta eta eskultore, abangoardiako makina bat mugimendutan parte hartu zuen. 1912an «Blau Reiter»eko expresionistekin batu zen. Hamarkada horren erdialdera abstrakziora jo zuen eta 1916an, Zurichen, mugimendu dadaistaren fundatzaileetako bat izan zen. Ordutik aurrera bere estiloa kurbaz beteriko abstrakzioan oinarritu zuen.
20ko hamarkadan Parisera joan zen bizitzera eta han surrealistekin egin zuen bat (Gasteizko erakusketan, mugimendu honetako beste artista garrantzitsurik ere bada; horren lekuko lerro hauen gainean ipini dugun Daliren eskultura). Egurrezko erliebe margotuak eta kartoizko eraiketa umoretsuak landu zituen garai hartan. Vital Kutxa aretora «Forma» izeneko bere lan bikaina ekarri dute.

Giacomettik 100 urte.

Zaila da Alberto Giacometti italiarraren lana mugimendu jakin baten barruan kokatzea, baina ukaezina, era berean, XX. mende aldakorrean utzi zuen arrastoa. Aurten betetzen da gainera bere jaiotzaren mendeurrena, eta Gasteizera bere lana ekartzea lortu dute, eragozpenak eragozpen. Izan ere, Giacomettiren beste bi eskultura ekartzeko negoziazioak itxita zeudela, Suitzako Giacometti Fundazioa finantza ustelkeria kasu batean nahasi eta gobernu suitzarrak muga itxi zien italiarraren arte lanei.
Giacomettik tradizio zaharretatik edan zuen (Erdi Aroko eskultura, Egiptokoa...), baina natura eta ingurua izan zituen iturri, nagusiki. Bere ikerketa lanen ondorioz, irudiak muturreraino luzatu zituen Borgonovokoak, estilo arin eta hauskorra erdietsiz. Horrela, eta artistak berak bere lan piktorikoaren garrantzia erreibindikatu bazuen ere, eskultore gisa markatu zuen joan berri den mendea.
Vital Kutxako erakusketako piezak «harri bitxi»tzat jo ditu Marisa Oropesa komisarioak, bere tamaina txiki eta garrantzia handiarengatik. Azkenean, nolabait, XX. mendean hiru dimentsiotako formak sortzearen arteak emandakoaren maketa baten aurrean gaude. Pribilegio bat


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude