OPORRETAN HARRAPATU GAITU HAIZE ERAUNTSIAK


2021eko uztailaren 20an
Eusko Jaurlaritzak ustekabean harrapatu du jendea abuztu bete-betean, mundu guztia oporretan zegoen bitartean, urte amaiera arte inork espero ez zuen erabakia hartu baitu. Haize Energiaren Sektoreko Lurralde Plana (SLP) onetsi du hastapenez, eta horrek esan nahi du ateak zabaldu dituela Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kokapenari dagokionez, 2005. urtera bitartean beste bost parke eoliko eraikitzeko. Lehentasuna eman die Arabako Elgea, Orduente eta Bidaiari; Bizkaiko, Ganekogorta eta Oizi; eta Gipuzkoako Mandoegiri. Beraz, beste 308 haize errota jarriko dira eta, lehendik Elgea-Urkillako parke eolikoan jarrita dauden 128ekin batera, 436 haize-errota izango dira EAEko lurralde osoan. Erabaki horren ondorioz, aurrerantzean parke eolikoak jartzeko egitasmoei dagokienez, alde batera uzten dira Irukurutzeta, Samiño, Gazume, Kolometa eta Arkamoko inguru naturalak, eta Iturrieta eta Aldama-Arlaba Gurutze mendiak.

Erabaki horrek, hartu den garaian hartu izanagatik sortutako harriduraz gainera, aurkako lehen erantzunak eragin ditu; esan bezala, ez dira haize energiaren aurkako erantzunak, baizik eta hura garatzeko moduaren aurkakoak. Dagoeneko iragarri dira lehenengo protestaldiak, irailaren 23 eta 24rako, Ernio eta Gazume mendietan, egun horietan egin ohi diren erromeriekin bat etorriz.

ALEGAZIOAK AURKEZTEKO EPEA IRAILAREN 24 ARTe.

Planari ateak zabaldu ondoren, abuztuan hasi eta bi hilabeteko epea izango da, irailaren 24 arte, jendaurreko jakinarazpenerako eta alegazioak aurkezteko. Epea izan da EHNE sindikatuak bere protesta egiteko lehen arrazoia. EHNE sindikatua oso hurbiletik jarraitzen ari da parke eolikoen gai hau, eta epea urriaren 24raino luzatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, erabakia sakontasunez aztertu eta dagozkion alegazioak aurkezteko nahiko denbora izan dezaten.
Epe horren ondoren, aurkezten diren alegazioak kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko onespena eman beharko dio Haize Energia Sektoreko Lurralde Planari, gerora, dagozkion izapideen ondoren, behin betiko onespena emateko. Industria sailburu Josu Jon Imazek esandakoaren arabera, urte honen amaierarako burutu daiteke prozesu hori guztia.
Imazen iritziz, parke eoliko horiek nahikoa dira Euskadiko Energiari buruzko Plan Estrategikoaren helburuak betetzeko, «ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena sortuz». Helburu estrategiko horien arabera, 2005. urterako EAEn kontsumitzen den energiaren %3 parke eoliko horien bidez sortzea lortu nahi da.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Industria Kontseilariak argitaratu duen aginduan ageri denez, nolabaiteko mugak ezarri zaizkie parke horietako batzuei. Horrela, Ordunten aurreikusten den katearen luzera gehienez 10 kilometrokoa izango da, hasiera batean 19,2koa zelarik. Halaber, Elgea-Urkillakoaren kokapena era mugatu egin da, eta hasiera batean aurreikusten zen 14,8 kilometroko luzera 9 kilometrora mugatu da.
Haize energiaren garapenak paisaian eta ingurumenean duen eraginaz jabeturik, Industria sailburuak eskaera bat egin die energia honen sustapenaz arduratu behar duten administrazioei, hau da, garatu dezatela energia mota hau baina erabiltzen dituzten teknologiek "planean aurreikusten dena baino haize intentsitate txikiagoa behar izatea, parke eolikoak mendi inguruneetatik kanpo dauden lekuetan garatzeko aukera eman dezaten, epe luzera begira EAEko ondare naturala eta paisaia zaindu ahal izateko".

ERAGIN HANDIAGOA INGURUMENEAN.

Ordunten eta Ganekortan jartzekoak diren parkeak dira ingurumenean eragin handiena izango dutenak, eta Mandoegikoak gutxiena, betiere Sektoreko Lurralde Planak (SLP) dioenaren arabera. Hain zuzen ere, eragin hori murrizteko asmoz mugatu da, Ordunteko etorkizuneko parkeko katearen luzera.
Ekonomia eta energiari dagokion errentagarritasunaren ikuspegitik, berriz, eta hau ere SLPren aurrerapenaren arabera, Elgea-Urkillakoa da baldintzarik onenak dituena. Horren adierazgarri da dagoeneko 40 aerosorgailu ari direla han jardunean, Eólicas de Euskadik sustatutako proiektu batean, 4 kilometro inguruko katean. Haren ondoren, errentagarritasun mailan, Oiz, Ordunte, Badia, Ganekorta eta Mandoegiko parkeak datoz.

GIZARTEAREN ADOSTASUNIK GABEKO PLANA.

Bost parke eoliko horiei ateak zabaltzeko erabakia ezagutu orduko entzun ziren herritarren lehen adierazpenak, bakoitza bere ñabardurekin, EAEko Haize Energiaren Sektoreko Plan Estrategikoa gizarteari bizkar emanda osatu dela oharraraziz, eta inolako adostasunik ez dela bilatu eta iritzi ezberdinik ez dela entzun nahi izan salatuz. Ziurrenik, oporraldiaren ondore planarekiko aurkakotasuna gehiago zabalduko da eta presio neurriak zehaztu egingo dira. Azpimarratu beharra dago planaren aurka dauden gizarte eragileak eta sindikatuak ez daudela, berez, haize energiaren aurka, baizik eta hura garatu eta erabiltzeko moduaren aurka.
EHNE nekazarien sindikatuak bere haserrea azaldu zuen jendaurreko jakinarazpenerako epea uda beteko garaian hasi izanagatik, hau da, "alegazioak aurkezteko behar baino zailtasun gehiago dagoen garaian»; eta, hain zuzen ere, horregatik eskatu du epea urriaren 24raino luzatzea. Sindikatu horrek "jendaurreko jakinarazpen prozesuan eta alegazioen aurkezpenean modu egokian esku hartzeko asmoa" erakutsi du. Lehendik ere, EHNEk eskatua die udalei parke eolikoak jartzeko baimenik ez emateko, bere ustez, SLPak "hainbat zehaztasun hutsune eta akats metodologikoak dituelako".
Gipuzkoako Mendizaleen Federazioak ere zera salatu du: "SLPa ez da, inolaz ere, adostasun bidez egin, eta etxea teilatutik eraikitzeko formula aukeratu dela, hots, lehenik zein parke egitea interesatzen zaion erabakitzea, eta gero SLPa onestea. Parke jakin bat une honetan interesatzen ez bazaie, aterako dute beste bat aurrerago".
Gipuzkoako Aldundiak, alegazio bidez, Gazumen inolako instalaziorik jartzearen aurkako jarrera adierazi zuen bere garaian, Gipuzkoaren bihotz-bihotzean honelako ikusmira eragina gehiegizkoa dela argudiatuz. Antzeko jarrera erakutsi zuten Irukurutzetan parke eoliko bat jartzearekiko, Elgoibar, Azkoitia, Bergara eta Soraluzeko udalek. Kontuan hartu behar da bi kokapen horiek, Gazume eta Irukurutzeta, baztertu egin direla SLPn.
Arabako Aldundiak, gaur egun PPren eskuetan, zorrotz arbuiatu zituen bere garaian Eusko Jaurlaritzaren planak. Gasteizeko Udala bera ere Badaiako mendizerran honelako haize errotak kokatzearen aurka jarri zen, landare eta hegazti kolonia garrantzitsuentzat oso kaltegarriak gerta zitezkeelako. Horren arabera, zentzuzkoa litzateke SLP honen aurrean ere aurkako jarrera agertzea.
Komunikabideei dagokienez, «Gara»ren editorial bat argitaratu zen gai honen inguruan, abuztuaren 8an: "Eólicas a espaldas de la sociedad" (Haize energia gizarteari bizkar emanda). Bertan dionez, Eusko Jaurlaritzak Haize Energiaren Sektoreko Lurralde Plana hastapenez onetsi du, eta "ondorioak jasan beharko dituen gizarteari bizkar emanda osatu da plana, eta, teorian behintzat, gizarte horrek planaren onuradun izan beharko luke". Beste pasarte batean dioenez, "orain arte aditzera emandako kritikek ez dute, inondik ere, zalantzan jartzen haize energia beraren balioa, baizik eta berau garatzeko erabili nahi den modua, hau da, zentral indartsuak eraikiz, honelako aukerek bestelako ingurumen-arazoak eragiten dituztelako: kilometro ugariko pistak eraiki beharra, linea elektrikoak, zuhaitz mozketa izugarriak, hegaztientzako arriskuak eta paisaiarekiko kalteak. Horrela energiaren esparruko inperio handiek beste inork ez du onurarik jasotzen, eta, beste hainbat energia-iturrirekin batera, ingurumenaren aldetik pozgarria izan beharko lukeen ekonomiaren garapen aukera bat arazo larri bihurtzen dute»

Mila haize errotatik gora Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian, 2005. urterako, 1.000tik gora haize errota izango dira, eta, guztira, 702 Mw inguru sortuko dituzte. Horietatik 288 Mw Euskal Autonomia Erkidegoan dira ekoiztuko, eta gainerako 414 Mw-ak Nafarroan. Une honetan Nafarroak, Europako parke eoliko handiena duelarik, 17 parke eoliko baino gehiago ditu, 546 haize errotekin; eta ziurrenik kopuru hori handitu egingo da 2005. urterako. EAEk, gaur egun, parke eoliko bakarra du 128 haize errotekin; eta 2005. urterako 436 haize errota izango ditu. Beraz, aurreikuspen horiek betetzen badira, 2005. urterako mila haize errotatik gora izango dira Hego Euskal Herrian.
Honako hauek dira Hego Euskal Herriko parke eolikoak: Gipuzkoan: Elgea-Urkilla (128 haize-errota); Nafarroan: El Perdón (40 haize-errota), Leitza Berruete (32), S.M. de Unx (41), Lerga (41), Leoz (41), Peña Blanca (22), Peña Blanca II (54), Etxague (35), Alaiz (50), Izko (50), Aibar (25), Salajones (33), Aizkibel (13), Ibargoiti (34), Villanueva (30), San Esteban (37), eta Sierra Selva (50).
SLPak, 2005. urtera bitartean, EAEn onetsitako parkeak honako hauek dira: Bizkaian Ganekorta (20), Oiz (35), Ordunte (86); Gipuzkoan Mandoegi (39); eta Araban Badaia (128)


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Bilboko genero-indarkeriagatiko epaiketetan kolore bereizgarriak jartzeko neurria ezabatzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Bilboko bi Epaitegiek neurri hori onartu dute. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek neurria emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko helburuarekin hartu dela esan du, baina Bilboko Abokatuen Elkargoak salatu du kolokan jartzen dituela ikertuen... [+]


Menditik hirira: zer ezkutatzen digu Pirinioetako sendabelar saltzaileen lanak?

XIX. eta XX. mendeetan ohikoa zen hiri nagusietako kaleetan ikustea janzkera tradizional ikusgarria zuten emakume batzuk, sendabelarrak saltzen. Ansotarrak ziren, Aragoiko Ansó ibarrekoak. Erakusketa batek haien historia kontatu digu, eta bide batez azalerazi du atzean... [+]


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


Talgo erosteko eskaintza kenduko du Ganz MaVag talde hungariarrak

Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.


2024-08-30 | ARGIA
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan

Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.


Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute

30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.


2024-08-30 | Axier Lopez
Espainiar eta britainiar kolonialismoaren arrastoak ezabatzen hasi da Trinidad eta Tobago

Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.


2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra egingo da Iruñean

Iruñeak bat egiten du irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun iraunkorra eta espazio publiko partekatuari buruzko hausnarketa sustatzeko diseinatutako jardueraz betetako programa batekin. "Konbinatu eta mugitu"... [+]


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Eguneraketa berriak daude