POZA SALGAI


2001eko ekainaren 03an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Telebistako mikrofonoa oso termometro ona da kaleko giroa neurtzeko. Ez juxtu jendeak mikrofono aurrean esaten duenagatik, normalean "bai-ez-ez dakit" baino askoz gehiago esaten ez bait zaio uzten gainera. Neurgailu ona da jendeak mikrofonoa hurbildu ahala hartzen duen jarreragatik. Liskar garaian presa ikaragarria izaten du herritarrak, erantzun ezina. Aldi lasaiagoetan, adibidez suetenaren garaian, errazago jartzen da bere iritzia ematera.
Maiatzaren 14ko goiza, eguraldi polita, asteleheneroko azoka Gernikan. Han daude hiru emakume adineko, saltzaileak, txutxumutxuan nerabeak lez. Ikusten du batek telebistako mikrofonoa eta kazetariak ezer esan aurretik botatzen dio agurra: "Egunon!" argi, ozen eta sinpatikoa. "Ze jenero ekarri dodan? Bueno, ezer ez, poza! Horixe, poza!". Kronika baterako abiapuntu ezin grafikoagoa; aurreko egunerako Bilbon, Gasteizen eta Donostian desenbarkatu zuten ehundaka kazetariak ez ziren ordea hurbildu Gernikako azokara, ez beste inongo kaletara, biharamoneko argazkia egitera. Ez zuten kontatu poza ez zela mugatzen irabazle gertatutako koalizioaren alderdikideetara.


Biharamonaren biharamoneko kronikak bestelako jarraipena izango zuen: "Ze gutxi irauten duen pozak!" entzun zitekeen Zarauztik etorritako eztandaren oihartzunarekin, paketeak bihotz askotako kristalak pitzatu izan balitu bezala. Berriro gurpil zoroaren mehatxua.
Emaitzak argiak izan direla esatea begibistakoa ez ezik, motz geratzea da. Hauteskundeok katartikoak izan dira. Ez bakarrik finkatutako kopuruengatik, aurretik bizi izandako giroarengatik baizik. Nik neuk ez dut gogoratzen politikaz horrenbeste mintzatu izana, ez bada 70eko hamarkadako talde kontzientziatuetan. Ezberdintasun batekin, orduan jende asko geratzen zela bazterrean, iritzirik gabe edo eman nahi ezta. Oraingoan futbolari, "Gran Hermano"ri eta antzeko hizpideei konpetentzia egin die politikak eguneroko solasetan.
Katarsia emerjentzia egoerak eragindakoa izan da, jakina. "Basta ya"k eta enparauek azken urte luzean hezurmamitu duten gurutzadaren aurrean erreakzionatu eta planto egitea. "Eredu arabar" goraipatua Araban ere ez da gailendu. Bestetik, EHko bozeramaileek azken orduan beren botuari eman nahi izan dioten baliagarritasuna ez du aintzat hartu ezta bihotzez eta ibilbidez ezker abertzalekoa den askok. Balizko nazio jaioberria bideraezinezkoa sentitzen da, batez ere harako bidea metrailaz minatuta baldin badago.


Emerjentzia egoera ez da ordea bukatu. Izatekotan ere, joko zelaia garbi marraztuta geratu da, eta orain hasten da partida. Ibarretxek izango ditu lanak jaso duen hondarea artez administratzen. Ez harrokeriaz, baina bai harrotasunez egin dezakeela hori. Izan ere azken bi urteotako esperientziatik ondorio bat behintzat atera behar genuke gurutzadaren erasopean egon garen guztiok: ez dugula hain apalak izan behar, hain herabeak. Ez daukagula zertan kokildu, ezta mea culpaka eta barkamen eske ibili beharrik geuron buruoi bertatik garatu eta gobernatutako herria opa izateagatik.
P.D. Herri horren paisaia Kantauriko olatuak ozta ozta saihestuz, mendi kaskoak ia eskuarekin laztanduz, "Lau Haizetara" erakutsi diguten hiru lankideei gorazarre. Seguraski horixe da hartu beharreko ikuspegia, ausarta eta errealista bezain maitekor eta ederra.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude