BALDINTZA POLITIKO BERRIAK

Hauteskundeetan gauzak ez dira errotik aldatu, baina bai arazo zaharrei aukera eta irtenbide berriak bilatzen saiatzeko bezainbeste, bederen. Hori dela eta, bi interesguneri erreparatu behar diegu bereziki. Lehenengoa erakunde politikoak osatu eta kudeatzeko aukerek eta baldintzek osatzen dute: hau da, behin-betiko helburuak lortzeko bidean taktika mailakoa dena. Bestea, herri bezala osatu behar dugun proiektuarena da: dimentsio estrategikokoa eta lehenbizikoa -taktikoa- zuzendu behar duena, hain zuzen ere.
EAEko erakunde politikoak nahi bezain osatuak eta beteak izan gabe ere, garrantzi-tsuak gertatu dira herri honen gainbehera historikoari aurre egiteko eta eraikuntza nazionalaren ildotik abiatzeko. Lortu denak dituen gabezien aurrean egiten diren hainbat kritikarekin ados banago ere, ez dut inondik inora zenbat eta okerrago hobeto planteamendua nire egiten. Urrutira joan gabe, Iparraldean nahiko lukete izan hemen lortu diren hainbat eskumen, eta, bestalde, azken egunotan Korsikako lorpenak txalotzen dituzten askok ahaztuta dute erakundetze maila hori -edo handiagoa- gure artean aspaldian dugula. Estrategia egokiaren gidaritzapean oso baliagarri gerta daiteke EAEko erakundeak era egokian erabiltzea; hau da, eraikuntza nazionalaren izenean.


HAUTESKUNDEEN ondorioz Gasteizko Legebiltzarrean abertzaletasunak eserleku bat galdu du -41etik 40ra jaitsiz-, baina, bestalde, bere baitako indar bat irabazle gertatu da, 33 parlamentari lortuta. Legebiltzarrean ondo babestuta egongo den gobernua osatzeko erantzukizuna EAJ-EA koalizioak hartu behar du bere gain, eta ahalegin horretan zaila du EHrekin kontatzea. Zeren eta azken indar honek Legebiltzarrean modu iraunkorrean parte hartuko balu ere, ETAren jokoa gaitzesten ez duen bitartean, gutxieneko etika demokratikoak eta egungo gizarte baldintzek ezinezkoa egiten baitute abertzale guztien arteko lankidetza.
Nola batu, orduan, erakundeetan beharrezkoa den egonkortasuna eta helburu estrategikoa, hots, euskal naziogintzan aurrera egitea ahalbidetuko duen adostasun parlamentarioa? EAEko errealitate anitza ikusita, gomendagarria izan daiteke euskal nazionalistek bestelakoekin gobernua osatzea, baina PSE-EEren laguntzarekin burututako gobernuak muga gaindiezinak izango lituzke xede horri begira.
IU-EBrekin akordioa lortzea, berriz, desiragarriagoa dirudi premia instituzionalak eta helburu nazionalak ezkontzeko; gainera, alderdi horrek Lizarrako akordioan ere bete-betean hartu du parte, eta bere izaera aurrerakoia zentro-eskuineko nazionalismoarentzat osagarri gertatuko litzaioke. Horrela jokatuta, badirudi posiblea dela taktika instituzionala eta estrategia politikoa bat etortzea.


HALA ERE, EAJ-EA/IU-EB aukera hori gauzatuko balitz, nolako harrera egingo lioke ezker abertzaleak gehiengo instituzional horri? Zein leku beteko luke ezker abertzaleak bere premiarik ez duen, baina bere planteamendu nazionalak eta sozialak neurri handian ordezkatuko lituzkeen gobernu eta gehiengo parlamentarioaren aurrean?
Gobernu-paktu horren aurrean, gainera, EH Legebiltzarrera eskuarki joateko posibilitateak beste planteamendura garama-tza: zein izango litzateke EHren jarrera bete-beteko aurkariak ez zaizkion alderdien ekimen parlamentarioen aurrean?
EHk lan garrantzitsua bete-tzeko aukera izango luke, beti ere interes partidista itsuaren gainetik begiratuta. Batetik, estrategiaren arabera egokitzat jotzen diren gobernu-partaideen ekimenei babesa zabalagoa eskainiz; bestetik gobernu horrek epelkerietan erortzeko ahulezia inoiz adieraziko balu, joera hori salatuz eta estrategikoki gomendagarriagoak izan litezkeen proposamenak aurkeztuz.
Baina, dena dela, EHk dinamika horri eutsi diezaion oso argi izan behar du bere estrategia zein taktika zein-tzuk diren; eta hori lortzea ez zaio erraza izango. Une honetan nahasmen handia susmatzen baitut euren militantziaren baitan: garbitasun ideologiko eta pragmatismoaren artean eta baita talde armatuarekiko hartu behar duen jarreraz ere.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude