EMAKUMEZKOEN ORGASMOA: PLAZERRAREN GAILUR ALA MUGA?

  • Zorionez, joanak dira emakumeari plazerrerako gaitasuna ukatzen zitzaioneko garaiak. Garai victoriarreko debeku eta bekatuei urrundik begiratzen diegu XXI. mende honetan. Eta XX. mendeko sexologiaren "aitei", aldiz, eskerronez. Freud, Reich, Masters eta Jhonson, Kinsey eta enparauek emakumeak orgasmoa bazuela esan zuten. Eta orgasmo hori simultaneoa izan zitekeela. Eta multiplea ere bai. Eta tartean G puntua ere agertu zen. Emakumeari sexualitatearen ateak zabaldu zitzaizkion. Ala ez? Mintzakide izan ditugun sexologoek garbi dute erantzuna: gizonezkoen eredua saldu diete emakumeei eta hauek euren sexualitate propioa berreskuratzeke dute oraindik.
Orgasmoa erantzun sexualaren fase bat da. Estimulazioak hainbat aldaketa fisiologiko eragiten du: genitalen basokongestioa, erritmo kardiakoaren azelerazioa, izerdia, tentsio muskularraren igoera... Tentsio sexualak gora egin dezake muga batera iritsi arte. Muga gainditzean tentsioaren deskarga gertatzen da; muskulu genitalen kontrakzio espasmodiko eta inboluntarioa, orgasmoa.
Gizakia gizaki denetik ditu emakumeak orgasmoak (edo agian lehenago, aurrerago ikusiko dugun moduan, hainbat ikerlarik primate emeetan ere orgasmoa badela defendatzen baitu). Baina gure gizartean badirudi XX. mendean deskubritutako zerbait dela. Sarritan ahaztu egiten dugu beste kultura eta garai batzuetan sexualitatea modu askeagoan bizi izan dela (edota bizi dela egun). Mendebaldeko zibilizazioaren hastapenetan dagoeneko Hipocrates, Platon eta Aristotelesek sexualitatearen inguruko idatziak plazaratu zituzten. Hor dago, halaber, Ovidio poeta erromatarraren "Ars amatoria" gida. Mendebaldetik urrun, Mallanga Vatsayana indiarrak ere Antzin Aroan idatzi zuen "Kama Sutra" ezaguna. Erdi Aroa eta Aro Modernoa ere oparoak dira, mendebaldean nahiz beste hainbat kulturatan, sexualitateari buruzko gida praktiko zein ikerketa lanetan. Egia da, orohar, iritsi zaizkigun idatziek gizonezkoen sexualitatea dutela jomuga. Baina egia da, halaber, emakumeari ez zaiola plazerra ukatzen.
Ukazioa moral victoriarrak ekarriko zuen XVIII. mende bukaeran. Emakumea ez zen plazer sexualerako gai. Ugalketa zen haren funtzioa. Emakumezkoen orgasmoa, kontzeptu gisa, ez zen existitzen. Eta egoera honetan ez zen aldaketarik izango XIX. mendearen amaiera arte, sexologia zientzia bezala jaio zen arte.


Sexologiaren "aitak".

Krafft-Ebing sexologiaren aita deitua bada ere, zientzia honen benetako "aita" Sigmund Freud-Havelock Ellis bikotea dela esan genezake. Bietan ezagunenak, Freudek, bi orgasmo mota bereiztu zituen emakumezkoetan: orgasmo baginala eta orgasmo klitorideoa. (Egun bereizketa hori baztertua dago).
Bikoteak ekindako bideari Wilhem Reichek eman zion jarraipena. Berak banatu zuen lehen aldiz gizakiaren erantzun sexualaren zikloa lau zatitan. Orgasmoa zikloaren hirugarren zatia da eta Reichek ez du bereizketarik egiten emakumezkoen eta gizonezkoen orgasmoen artean. Alfred Kinsey eta emakumezkoaren jarrera sexualei buruzko azterketa (1952) etorri ziren ondoren eta honen atzetik Masters eta Johnson eta heziketa sexualaren garrantzia.


Aurrerapausoak?

Prozesu honetan emandako "aurrerapausoak" horrela laburbiltzen ditu Anne Dickson-ek "The Mirror Within" lanean: "Lehen aldaketa esanguratsua orgasmo klitorideo eta baginalen arteko bereizketa izan zen. Handik aurrera, orgasmo baginala "emakume sexualki heldu eta asebetea"ren helburu nagusia bihurtu zen. Hala ere emakume hura ez zen luzaz lasai egon, berehala bigarren moda bat agertu baitzen -orgasmo simultaneoaren bilaketa- denborari arreta berezia jartzea eta bikotearekin sinkronizazio perfektua eskatzen zuena. Helburu berri horrek ahalegin dezente eskatzen bazuen ere, askok lortu zuen, baina, zoritxarrez, denbora gutxira ikerlariek emakumeek orgasmo multipleak izan zitzaketela deskubritu zuten. Horrela 'emakume sexualki heldua eta asebetea' ez zen bakar batekin konformatu. Orduan "G" puntuaren (Grafenberg) aldarrikapena etorri zen". Dicksonen aburuz, "esperientzia sexualaren zati txiki horri neurrigabeko garrantzia" eman zaio.
Iritzi berekoak dira Amaia Makazaga eta Birginia Ezeiza, sexologoa lehena eta psikologo-sexologoa bigarrena; Sustraia Sexologi Elkarteko kideak biak.
Egungo gizartean emakumezkoen orgasmoaren onarpena berdintasunaren aldeko lorpentzat hartu ohi da. Sexologo hauek dakusaten errealitatea bestelakoa da, ordea. Amaia Makazagaren esanetan, "emakumearen orgasmoa zirkunstantziala da, ez da beti ematen eta ezin da orokortu. Gizonak bere harremanetan orgasmoa bermatua dauka, kontratatu egiten du beti. Baina emakumeak ez. Eta gizonak isurtzen duenean emakumearen orgasmoa baldintzatuta dago".
Birginia Ezeizak emakumeei eurena ez den erantzun sexual bat saldu zaiela gaineratzen du. "Emakume askok orgasmoa gizonaren isurketaren parekoa dela pentsatzen jarraitzen du eta euren esperientzia ez dute identifikatzen. Orgasmoak dituzten arren, anorgasmikoak direla pentsatzen dute".


Orgasmoa eta plazerra.

Orgasmoak plazerra dakarrela ukaezina da, plazer puntuala bada ere. Baina plazerra ez da orgasmoa soilik eta horregatik gure solaskideek dedikazioan oinarritutako harremanak aldarrikatzen dituzte. "Gizarte honetan orgasmoa gozatu gabe lortu nahi dugu eta hori salto batean Everesteko gailurrera iritsi nahi izatea da. Sexualitatean orgasmoa plazerraren ondorioa da, gailurrera iristeko behetik hasi eta gorainoko bidea egitea". Baina bide hori ez da behar beste jorratzen eta emakumeak lehenbailehen demostratu behar du orgasmora iristeko gai dela. Garai batean emakumeari ez zitzaion plazerrerako gaitasunik onartzen eta Ezeizaren aburuz "mutur batetik bestera joan gara. Orain, bat-batean, superorgasmikoak izan behar dugu". Amaia Makazagak "erronka sexualitate" gisa definitu du egoera.
Eta "erronka sexualitate" horretan plazerraren dimentsioa galdu eta orgasmora lehenbailehen iristeko lehia gailentzen da. "Jokoa luzatu beharrean, moztu egiten dugu. Gure bizitza sexuala, azkenean, lehiaketa bat da eta, horren barruan, orgasmoa segurtasun elementu bat, erreferentzia bakarra plazerrerako hezia izan ez den emakumearentzat, gizonarentzat bezala. Segurtasun kodeak behar ditugu plazerrean eta horregatik, dagokigun rola betetzen dugu".


Gizonezkoen ereduan.

Emakumeak bere sexualitate propioa ez duela berreskuratu diote, gizonezkoen sexualitate kodetan mugitzen dela. "Gugandik espero dena egitera jokatzen dugu eta lasai geratzen gara, ondo geratu garelako. Gure eginbeharrarekin kunplitu dugu".
Sexologiaren mundu "ortodoxoa" parametro horietan mugitzen omen da eta gainera patologiak sortzeko joera handia dagoela diote: "Orgasmorik ez baduzu, anorgasmia duzu". Emakumea plazerrera hezia ez badago, orgasmoa izateko beharra sortu badiote ere, agian ez da lortzeko gai izango "eta horregatik betetzen dira kontsultak emakumez" diote bi sexologoek.


Non dago emakumeen sexualitatea?

Zentzu honetan esanguratsuak dira Carol Rinkleib Ellison-ek duela hilabete gutxi argitaratutako "Women's sexuality" lanean plazaratutako datuak. Inkestan parte hartu zuten 2.311 emakumetatik %70ak orgasmoa antzeztu izan duela onartu zuen. Horietatik hiru laurdenak sarritan egin ohi duela erantzun zuen. Liburu honetan ez da arrazoirik aipatzen. Baina egungo sexu harremanak koitoan oinarritzen dira gehienbat eta "Nuevo informe Kinsey sobre sexo" lanean argitaratutako datuen arabera emakumeen erdiak ez du koitoarekin gozatzen (beste egile batzuek portzentajea %75era iristen dela diote). "Orduan, zer saltzen ari dira" dio Makazagak, "non dago hor emakumearen sexualitatea?".
Duela urte batzuk ez zegoen inon, haren existentzia ukatu egiten zen. Egun, solaskide izan ditugun sexologoen arabera, emakumeen sexualitatea ez da existitzen ez bada gizonezkoen sexualitateari lotuta.
Azken mendean emakumezkoen sexualitatean emandako pausoen onurak zabaldu dira urtetan; orain diskurtso berri batek hori guztia zalantzan jartzen du. Hortaz, nondik jo behar da? Zein da emakumeen sexualitate propiorako bidea? "Emakumeok gure sexualitatea berreskuratzeko gure plazerra deskubritu eta landu beharko genuke". Ezkor ageri dira, ordea; ez dute iraultza sozialik espero. Aldaketa indibidualean, pertsonalean ikusten dute aukera bakarra. "Baina horretarako lehenengo emakumeak mugak eta zailtasunak dituela onartu behar du".

EUSKAL ORGASMOAK
Literatura erotikoa idazkera bezain zaharra dela esan daiteke. Baina hainbeste denboran ereduak ez dira gehiegi aldatu. Egileak gizonezkoak izan dira gehienbat, baita kontsumitzaile nagusiak ere. Emakumezkoen orgasmoaren deskribapena, hortaz, ez da orokorrean kezka nagusia izan. Egun gauzak aldatu egin dira eta badirudi emakumezkoek gizonezkoek adina idazten dutela literatura erotikoa.
Hala ere, Juan Martin Elexpuru Txalaparta argitaletxeko Literotura saileko arduradunak dio euskal literatura erotikoan oraindik emakume gutxi dagoela. "Euskal Herrian gehienbat gizonek idatzi dute literatura erotikoa eta gizonen ikuspuntutik egin dute". Horrek ez omen du esan nahi gizonek ikuspegi sexista batetik idatzi dutenik; "askotan saiatu izan dira emakumeen lekuan jartzen". Saiatzea gauza bat da, baina "emakumeak sentitzen duena erabat islatzea ezinezkoa da. Sekula ezin daiteke %100ean beste sexuaren tokian jarri, ez fisikoki eta ez mentalki ere. Nik ez dut inoiz jakingo emakumezkoaren orgasmoa zer den".
Segidan euskal literaturako hainbat pasarte erotiko jaso dugu non emakumezkoen orgasmoa deskribatzen den:

"Eta galapan hasi zen,
aurrera-atzera
eta gora eta behera...
eta bihurrika,
suge sorgindu baten antzera...
eta bat, eta bi
eta hiru orgasmo lortzeko gai zen,
inongo arazorik gabe.
Eta orduan,
galaparen erritmoa
lasaiago zebilela,
John Wayne zela esan zidan,
eta barre egin zuen
neskatoen moduan"

Paddy Rekalde
Sex 15, "Sex Abaroa"
"Nik, bai mingainaz bai hatzez egiten nizkion laztanak geroz eta gustorago hartzen zituen. Noizbehinka, plazer espasmo batek eraginda, zangoak ixten zituen azkar eta bortizki baina berehala zabaltzen zituen berriro, gonbidatuak bere losin eta musu goxo horiekin jarrai zezan.
Plazer espasmoak eta oihu txikiak.
Hauek sarriagotan suertatzen hasiak ziren. Lehertzeko moduan zegoen. Jadanik ez zen sartzen bere eserlekuan. Eserlekua txiki-txikia geratu zitzaion. Gorputz eder hori kontrolik gabe mugitzen zen. Une horretan, bidaiariren bat sartu izan balitz ere ez ginen konturatuko, ez baikenuen tutik ikusten. Haren eskuek ez zioten uzten nire buruari lorategi zoragarri hortatik alde egiten, eta orduan nire ezpain zoriontsuek lorategiko lorerik ederrena xurgatu zuten azkenengo aldiz.
Oihu luze batez bukatu zen. Orgasmo baten ondorengo isiltasuna nagusitu zen. Trenaren traka-traka-traka eta gure arnasa besterik ez nuen entzuten".

Xabier Etxaniz Rojo
"Eta begiak itxi zituen"
"-Ba esaten nizuena, ezpatarekin sartu da nire aluan, batere arazorik gabe, ondo prestatua bainago, ezin zabalago eta bustiago, eta orgasmoaren amildegian behera erortzen hasi naiz. Atsegina, iritsi denean, nik inoiz sentitu dudan bortitzena izan da, eta gorputza estali dit manta bero batek bezala. Orduan, begiak itxi ditut eta mundu esmeraldaz bete da, kolore berde biziko izartxo iheskariek zeharkatu dute nire ikusmen eremua, eta ni Bat naiz, perfektoa, betea, jatorrizko andrea, berezko emea, nik beti izan nahitako Elsa osatua eta burutua, neuk jakin gabe barruan eraman dudan Elsa, Elsa beharrean, Elsaren zirriborroa izandakoa hainbeste urtean...
Eta visio esmaradigma izan dut.
-Oso mistikoa- ondorioztatu du Pedrok, ironiaz.

Lucia Etxebarria
"Visio Esmaradigma"
"Ai, gure aurrean iturri,
Jaunak eman dizkin metak!
Hire bihotzak barruan
lekurik ez, ta kanpora
luzatu ditun aihenak.
Zelai zuri-zabala,
aihen-azpi hunan.
Beherago, basa-beltzeko
leizea errekartean...
Etzan hintzananean
San Migeletako ur-biziak
gogora nizkinan.
Sumendi-ahoa
irakiten heukanan.
Salda berotan burni harrotua
aguro goritan ninan.
Ta hire poza leher zanean,
urruma-artean: "Biok bat!"
intziri egin hidanan."

Nemesio Etxaniz
"Eztai-gaba"
"Ibiltari lasai bat bezala galdu nintzen haren ezpain haragitsuetako bidetxigor eta ezpondetan; ahoa haren leize erdian tinkaturik, mihiaz astindu nizkion sarrerako barrunbeak; pipitatxo mardula atzemanik, mihi-puntaz zigortu nion, errukigabe.
Ezkilatxo baten txilina zirudien.
-Horrelaxe! Xurgatu! Karameloa bezala!
Ezpainetan bildurik, kanpaihots gorgarri bat entzunarazi nion. Indarrez sakatzen zidan burua bere paradisu zingiratsuaren kontra, ia itomena sentitzeraino. Azkenean, kobaren sakonenetik orroaka etorri zitzaion orgasmo basati bat, dardaraz jarri zuena zein lurrikarak etxea."

Juan Martin Elexpuru
"Krabelina beltza"
Suzko su sutsuaren sugarretan
amilka
biribilka
egunsentia etortzen, eta itsasoaren
goraldiak
hondarretara baztertutako
landare exotikoen gisan
pasioaren lore asetuak
hotzikara batek ditu hartzen.

Xabier Lete
"Suzko ezpainetan"
"Puntu-puntuan nengoela, beltzak bere ahalmen guztia sartu zuen nire barruan, eta bultzaka hasi zen kementsu, nire gizonak klitorisa igurzten eta titi-muturra horzkatzen zidan bitartean. Ehun tonako kamioia gainetik pasatu balitzait bezala izan zen.
Nire orgasmoa joan eta etorri, joan eta etorri ibili zen olatuka, gero eta bortitzago. Garrasi egin nuen eztarria urratu arte, eta leher eginda erori nintzen. Kotoi artean, nire senarraren ahotsa entzun nuen zera esaten: "Zorionak eta urte askotarako!".

Pilar Cristobal
"Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak"
Ezpain likits, esku lizun,
atseginetan jakintsun
bularretik belaunera
haragi biok ikara,
jauzten zaitut, neska lizun!
Hiltzen naizela dirudi:
batetan mila su-ziri
ene burmuinetan sartu...
Botz-uhinak uzten gaitu
hilik garela dirudi.

Jon Mirande
"Oianone"
"Neskak bazekien zer eta nola egin. Eta mutila esperientzia berrien egarri zen. Bata bestearentzat eginak. Mutilak, izerditan, hormako baldosetan behera irrist egiten zuen eta neskak indarra egin behar izan zuen ez erortzeko eta kontzentraziorik ez galtzeko. Jokoaren haria ez zen galdu behar. Behin hasitakoa bukatu artean jarraitu eta mantendu behar zen. Kosta ahala kosta. Eta lortu zuten. Lehenengo mutilak. Eta gero, ahal bezala, eskuaz jarraitu zuen neskarekin, honek ere jolasa amaitzen sentitu zuen arte. Biek eztanda egin eta, baretasunean, aurpegia begiratu eta begietan lotsa ikusi zuten arte.
-Nola deitzen zara?"

Jasone Osoro
"Tentazioak"

ZERTARAKO BALIO DU ORGASMOAK?
Goiko galderaren erantzuna erraza da sexualitatearen ikuspuntutik heltzen badiogu. Zertarako? Plazerrerako. Baina badirudi zenbaitentzat arrazoi hau ez dela nahikoa eta ugalketa prozesutik begiratzen diote gai honi. Horrela, azken urteotan hainbat teoria mahaigaineratu da emakumezkoen orgasmoari "justifikazio" biologiko bat topatu nahian.
Gizonengan, orgasmoa ejakulazioa errazten duen adaptazio baliotsutzat jotzen da, baina emakumezkoen obuluen fekundazioan euren orgasmoak ez du zerikusirik. Horregatik hainbat ikerlari eboluzionistek (Symons-ek 1979an, Gould-ek 1987an edo Fox-ek 1993an) orgasmo femeninoa gizonezkoenaren azpiproduktu ebolutibo hutsa dela esan izan du. Stephen Jay Gould-ek esaterako "istripu"tzat jo zuen. Ikerlari hauetako batzuk, emakumezkoen orgasmoak ezertarako balio ez duenez, extinzio bidean egon daitekeela esatera iritsi dira. Natalie Angier biologoak ""Woman. An Intimate Geography" liburuan ironikoki dioen moduan: "Eboluzioaren gurpilaren zorigaiztoko astindu bat, eta zuntz horiek agian ez dute inoiz gehiago erreakzionatuko".
Beste askok, aldiz, selekzio naturalaren prozesuaren ondorioz lortutako benetako adaptaziotzat jotzen du. Alegia, emakumearen orgasmoak ugalketa ahalmena hobetzen laguntzen duela diote. Baina nola? Ikerlariak ez dira adostasunera iritsi.
Morris-ek 1967an eta Eibl-Eibesfeldt-ek 1989an orgasmoak bikotearen lotura sortu eta estabilizatzen laguntzen duela defendatzen dute. Hrdy-rentzat, aldiz, (1981) orgasmoa emakumeak gizonezko ugarirekin harreman sexualak izan ditzan motibatzeko mekanismoa da. Alexander (1979) eta Alcock-en (1987) esanetan emakumeak bikotea osatzeko orduan selektiboak izatea ahalbidetzen duen indikatzailea da orgasmoa.
Baina hipotesi adaptazionista hauen artean espermaren erretentziorako mekanismoaren hipotesia da zabalduena. Orgasmoak espermari eusteko balio duela, alegia. Morris-ek (1967) eta Levin-ek (1981) diote orgasmoaren ondorengo logura eta nekeak emakumea etzanda gelditzera bultzatzen duela eta horrela inseminatutako esperma gutxiago galtzen dela. Fox (1970) eta Singer-en (1973) iritziz, erretentzio mekanismoa aktiboagoa da: orgasmoaren bidez esperma xurgatu egiten da. Azken hipotesi honetan oinarrituta Smith-ek 1984an orgasmoak emakumeari espermatozoideak hautatzeko aukera ematen ziola esan zuen. Baker eta Bellis-ek (1995) adierazi bezala azken hipotesi honek orgasmo femeninoaren eta lehia espermatikoaren arteko lotura ezartzea ahalbidetzen du. Horrela, orgasmoak espermaren erretentzioan nolabaiteko kontrola emango lioke emakumeari. Orgasmoa kalitate handieneko gizonezkoen espermatozoideak aukeratzeko mekanismoa litzateke, azkenean. Baina nola neurtu gizonezko baten "kalitatea"? Aditu batzuek geneen "asimetria fluktuante"an bilatu nahi izan dute erantzuna. Hipotesi honen laburpen sinplea ondorengoa litzateke: kalitate gutxiko geneek asimetriak sortzen dituzte gizakien gorputzean. Gizonezko asimetrikoekin izandako harreman sexualetan orgasmo gutxiago omen dituzte emakumeek. Azkenean, gizonezko asimetrikoek aukera gutxiago dute ugaltzeko. Zientzia fikziotik gertuago dirudien hipotesi hau frogatze aldera, Palmer eta Strobeck-ek hainbat gizonezkoren belarri, oin, eskumutur eta ukalondo neurtzen jardun zuten. Baina ikerleek beraiek onartu behar izan zuten "ikerketa berrien zain egon beharra dagoela hipotesi hori baieztatzeko". Federico Guillen eta Gemma Pons antropologo valentziarren esanetan, ez hipotesi hau, ez aipatutako gainontzekoak, sustengatuko dituen oinarririk ez da topatu.
Bitartean, eta ugalketaren ikuspuntutik jarraituz, ez dirudi jaiotze tasaren gora-beheretan oraingoz orgasmoaren justifikazio ebolutiboak eragin handirik duenik.
Eta, bitartean, sexualitateari helduz, badirudi hainbatentzat galderaren lehen erantzuna (orgasmoak plazerrerako balio du) nahiko dela

HILDEGARDE VON BINGEN: ORGASMOA ERDI AROAN
Hainbat kulturatan sexologiaren alorra sakonki landua izan zen sarritan iluntzat hartzen diren Erdi Aroko urteetan. Judu eta islamdarrek Antzin Aroko tradizioari eutsi zioten. Tunisian esaterako Sheikh Nefzawi-k arabierazko sexu gida-liburua argitaratu zuen. Txinan berriz "Su-Nui-Jing" gida famatua eman zen argitara lehenengoz. Europan plazerra ez zen neurri berean paperera islatu. Dea den, Da Vinci, Vesalius edo Fallopioren ikerketa anatomikoek sexu organu eta funtzioak zituzten hizpide. Kontrakoa pentsatzeko joera badago ere, Erdi Aroan sexu kontuak modu nahiko aske eta naturalean bizi zirela ondorioztatzeko elementuak iritsi zaizkigu. Hor da, esaterako, Hildegarde Von Bingen (1098-1179) monja germaniarraren adibidea.
Emakume hau aitzindari izan zen hainbat alorretan. Teologia, naturaren historia eta medikuntzaren inguruko idatzi ugari utzi zuen Hildegardek. Musika konpositore ezaguna ere izan zen eta egungo hainbat New Age musikarik haren eragina jaso du.
Besteak beste, sexu harremanen inguruko ikuspuntu positiboagatik eta emakumezkoen ikuspegitik eginiko plazerraren deskripzioengatik dira ezagunak XII. mendeko emakume honen idatziak. Emakume batek idatzitako emakumezkoaren orgasmoaren lehen deskribapena ere berea da:
"Emakume bat gizon batekin amodioa egiten ari denean, beroa sentitzen du garunean plazer sentsualarekin batera. Plazerra jarduerarekin zabaltzen doa eta gizonaren haziaren isurketan laguntzen du. Hazia bere tokian isuri denean, garuneko bero indartsua jaitsi eta berehala emakumezkoaren organu sexualak uzkurtu egiten dira, eta menstruazioarekin irekitzeko prest dagoen guztia itxi egiten da haziari eusteko, gizon indartsu batek bere eskuez zerbait heldu dezakeen modu berean".
Oraindik kanonizazioa iritsi ez bada ere, Hildegarde beatifikatua dago

ANIMALIA EMEEK BA AL DUTE ORGASMORIK?
Arren orgasmoak isurketarekin lotu ohi direnez, gai honek ez du jakinmin edo zalantza handiegirik sortzen adituen artean. Baina emeek, sentitzen al dute orgasmorik? Animalia espezie askotan jarduera sexualen ondorioz, emeek erreakzio fisiko jakinak izan ohi dituzte. Baina plazerrarekin zer lotura duten ez dago jakiterik. Adituek, izatekotan, primate emeengan eman daitekeela diote. Horretarako hainbat ikerketa egin izan da azken urteetan eta macaca arctoides espeziearen inguruan egin dira gehienak. 1974an Chevalier eta Skolnikoff-ek espezie honetako eme ikertuen espresio fazialean oinarritu zuten euren baieztapena. 1980an Goldfootek uteroaren kontrakzioak eta tasa kardiakoaren igoera ematen zirela baieztatu zuen, eta 1989an De Waalek gehiago sakondu zuen Chevalier eta Skolnikoffen ikerketa: orgasmoaren ondorioz etor zitezkeen keinu eta jarrerak sei topaketetatik batean ematen zirela ondorioztatu zuen.
Beste makako batzuekin ere ikerketak egin izan dira. Macaca fuscata espezien baginaren muskuluen uzkurdura ikertu zuen Wolfe-k 1984an eta gauza bera egina zuen Burton-ek urte batzuk lehenago, 1971n macaca mulatta emeekin. Makakoez gain, beste primate batzuk izan dira ikerketen helburu. Esate baterako, Allen eta Lemmon-ek lehen aipatutako kontrakzioak topatu zituzten pan troglodytes espezieko emeetan.
Hauek dira oraingoz zientziak goian egindako galderari eman diezazkiokeen erantzunak. Eta, hala ere, aditu batzuentzat ebidentzia horiek ez dira nahikoa. Aipatutako espezieen emeek nolako plazerra sentitzen ote duten erantzunik gabeko galdera da


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude