IZUAREN GALERA


2001eko martxoaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Psikologo sozialek izango dute zer azterturik urte batzuk barru. Baita ideologoek ere. Material ugari ari gara pilatzen egunetik egunera: izuaren erdian nola molda litekeen, bizimodu onarekiko gustoa galdu gabe. Nola sortu litekeen aberastasuna festari ezer kendu gabe, nola familiak hazi eta hezi, eta lagunarteko harreman oparoak izan; nola antzezlanak taularatu, bertsolaritza ikuskizun bihurtu, literatura idatzi, musikaren arlo guztiak landu eta kirola egiteko astia hartu; bazterrak zaindu, Realaren etorkizunaz eztabaidatu eta sagardotegiak lepo bete aste gorrian ere. Hori dena bonba batek goizeko zortzietan lanera doazen gizon anonimo batzuk harrapa ditzakeenean.


Psikologo sozialek aztertuko dute fenomenoa eta emango dituzte esplikazioak urte batzuk barru. Orain, berotan, intuizioak somatutako zertzelada hipotetiko batzuk zirriborratzea besterik ezin egin. Inkonszientzia hutsa ote da gurea? Eskizofrenia? Edo gerra garaietan sortzen omen den jarrera psikologiko berezi hori, arriskuaren hurbiltasunak eragindako carpe diem zoroa?
Galerak, galera materialak, pezetatan ez ezik, eurotan kontatuko ditugu laister. Saminari, ordea, preziorik jarri ezinik jarraituko dugu. Ondorio batzuk identifikatzearekin konformatu beharko: bizipoza zapuztea, tristura, gorrotoa... Baina bada gainera beste galera mota bat, kopurutara ekarri ezinezkoa izan arren detektatzeko modukoa: sentsibilitate sozialaren galera deituko nioke, izenburu bat jartzearren.
Bi zutabetan bereiziko nuke galera hori, gatazkaren mutur banatatik zintzilik. Batean, uholde modura eskuinetik datorkigun horretan, Madrildik barrena eta Parisekiko konexioekin, izpika eskuratutako ondare demokratikoaren murriztea ari zaigu gertatzen. Talibanak Afganistanen monumentu historikoak suntsitzea nazioarteko eskandalo bihurtzen den bitartean, hemen Europako zibilizazioan harribitxi den hizkuntza hankapean darabilte. Autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena diskurtso politiko arruntera pasatu orduko, herejia izugarri bihurtu da. Desobedientzia zibilaren bidea zirriborratzen hasi direnak berriz, gartzelan daude.
Eta parean, hor dago beste zutabea. Biolentziaren erabilera sakralizatzen duena. Erabiltzaileak ukiezintzat dituena. Hau da, kritika izpirik ere ez astakeriarik haundienen aurrean; jarrera horren arrazoitzat, onenera jota, etsaiari argudioak ematea dela. Onenera jota diot, izan ere, isiltasunaren azpian sarritan soma bait liteke beste arrazonamendu xinple hori: egin badute, zerbaitegatik izango da. Modu batera edo bestera, kontua da ezikusiarena egiten zaiola gizatalde zabaletan ETAren jarduerari. Urrutixko dabilen bitartean, odol zipriztinek alkaldora zikintzen ez diguten bitartean... hor nonbait.
Kritika falta horrek, jarrera pasibo horrek gehitxo gogorarazten du diktadurapean ezagututako apolitizismo hura. Koldarkeriaren erreinua, fatalismoarena. Utz ditzagun gauzak bere horretan, ezertan nabarmendu gabe, inori behatzik zapaldu gabe, auzoan norbaiti lepoa mozten ari bazaizkiote ere. Libra gaitezen gu eta gutarrak mutu eta otzan egotearen kontura.


Urte batzuk barru, jarriko diote izena sindrome hauetako bakoitzari. Gizarte zientzietako eskuliburuetan ikasgai izango da euskal kasua. Antropologoek ez dute gehiago bilatu beharko herri honetako enigmaren argitzea. Lapiko expressetako metraila zatiekin birrindu omen zen .


Azkenak
Eguneraketa berriak daude