ESAN ZER JATEN DUZUN, ESANGO DIZUT ZER ZAREN


2001eko martxoaren 04an
Alferrikakoa da batzuei galdera hau egitea, platerekoari buruz ari garelakoan geratuko dira, jatea eta irenstea eztarriko zulotik zerbait barruratzea besterik ez baita gehienontzat. Beste askok berriz, ez daki zer erantzun edo ezin du: batzutan zer jaten duenaren arrastorik ez duelako eta besteetan hizketan ez dakielako, behien, ardien, txerrien (hauetako batzuk hiztun badira ere), oiloen e.a.en kasuan bezala.
Baina ni pertsonetaz ari naiz, edo pertsona direla uste dugunetaz behintzat, askotan, egiten dituztenak ikusita, hala ote diren, zalantzan jartzen bagara ere. Eurotzea eta erotzea batera samar iritsi baitzaizkigu. Gu ohartu gabe iritsi ere, baina ederki nozituko dugulakoan nago. Txuleta hezurrik gabe utziko digutelako? Ez noski, haragiaren gaixotasuna ez delako okelarekin amaitzen, hasi baizik!


Gure bizimodua, azturak eta azkurak bideratzen dituzten pentsu fabrikak ez dituzte hertsiko eta bai, aldiz, berriak ireki. Adibidez:
Zinemara bagoaz zine-pentsu fabrika handiek kudeatutako zinemetan haiek nahi duten filma ikusiko dugu, ia beti amerikarra. Telebistakoa ez dut aipatu ere egingo.
Musika arloan ezer gutxi da ingelesetik at egiten dena eta hura badela jakinarazteko ere, "astobeltxaren" lanak egin behar izaten dituzte.
Argitaletxeetan, arrain handiak txikia nahi duenean irensten du eta berea da itsasoa, eta hala izaten jarrai dezan, bitarteko guztiek balio diote pentsu-liburu fabrikari, baita epaile ahalguztidun bat bere pentsu salmentan komertzial jartzea ere.
Hezkuntzan eta testu liburuetan erreformaren kontrarreforma iritsi zaigu eta "revalida" garai batekoa izan zela uste zuenak, laster ikusiko du hamar urtetik hamalau bitarteko eduki guztiak batera jasotzen dituen liburu bakarra berriro, aspaldiko "escuelas unitarias" haietan, espiritu nazionala gailentzeko asmoz zerabilten bezala.
Baina, gotzainak ere erotu nahi dituen pentsu fabrikako fulano honek, gaur arte erokeria zena erotasuna dela sinestarazi dio askori edo, duela urte gutxi seko jota zegoenak bakarrik zeraman bizimodua, egun, hedatzen ari da. Gero eta bakartiagoak gara; gure ordenagailua, kalkulagailua, telebista, diskmana, autoa, kontu korrontea ... izanez gero ez dugu inoren beharrik; bozketetan desbinkulatzea normaltzat daukagu edo, geure lantokiko konbenioak eskatzen dugunari erantzun diolako beste denen greba deiari ezezkoa erantzuten diogu; eskirolak ez dira elkartasunik ez duten xomorroak, lan egiteko eskubideaz baliatzen diren langile eta herritar libreak baizik; eztabaida denbora galtzea da, hobe da ugazaba, irakasle, agintari edo dena delakoaren aurrean zure iritzia gorde eta isilik egotea, gero etxean bakarrik zaudenean egingo baituzu nahi duzuna; ETTak, droga saltzaileak, eskupekoak, torturak, sorgin ehizak, sakabanaketak... denak du lekua kontzientzi ezaren zaku zulatuan. Politikan edozer esan eta egin daiteke: behien gaixotasunaren errua baserritarrei bota, elkar iraindu (irendu ere bai ahal balute), senitartekoak entxufatu, bahiketak asmatu eta epailearen nahiz lekukoen aurrean erridikuloa egin... edozerk balio du hedabideetan azaltzen bazara eta, inkestek, mezua jasotzen duenak sinesten duela badiote.


Batxilergoan eta Lanbide Heziketan gero eta ikasle gehiagok eskatzen digu berak ez duela talde lanik egin nahi, ez dela ongi moldatzen taldean lanean eta, ea ezin al duen berak bakarrik egin. Berdin zaiola besteek baino lan gehiago egitea ere. Gu saiatzen gara geroko ikasketetan edo lanpostuan, sarritan, jardun beharko duela taldean lana egiten eta, orain entrenatu beharko lukeela ikusarazten. Hala ere, esan ahalak esan, derrigortuta eta desgogora egiten dute agindutakoa, ezeroso eta lekuz kanpo sentitzen dira, neurri batean behintzat, beldurra diote besteekin adostuta ari beharrari, besteen iritziak kontuan hartuta funtzionatzeak denbora galaraztea beste probetxurik ez omen dakar, gainera, haien kritikak jasotzeko arriskua ere hor dago.
Zergatik dator ezaugarri hauek dituen belaunaldi berria? Ez al du horrekin zerikusirik elikadurak? Eskolak gero eta eragin gutxiago du izaera hornitzerakoan eta hedabideetatik nahiz inguruko gizarte erakundeetatik egunero jasotzen dutena da nagusi. Zain ezazue, etxeetan bereziki, zuen seme-alabei eskaintzen diezuen elikagai aukera.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude