NERABEAK=NORABEAK?


2000ko urriaren 22an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Ez dakit nondik atera duen gure NK-k baina lehengo batean esan zidan: Batxilergoko ikasleen lautik hiruk tratu gozoko irakasleak nahi omen dituztela. Ulerkorrak, gertu egongo direnak, entzuteko joera dutenak... Garbi dago orduan, hori albiste bihurtu bada, seinalea horrelakoak ez garena, pentsatu nuen.
Nik ez dut nire gustuko irakaslerik ia batere izan, ez behintzat neu izaten saiatzen naizen bezalakorik, erantsi zuen hurrena NK-k.
Bigarren baieztapena entzuteko astirik gabe nenbilen. Zergatik nahi ote gaituzte ikasleek ezaugarri horiekin?
Egia da, pentsatu nuen. Nerabeak dira (16/18 urte bitartean dituzte) eta, egun, hogeita hamar urtera arte luzatu da nerabezaroa, gutxienez. Gainera, familia adin horretan estorbua da. Etxean ez dute galdetu besterik egiten eta, batez ere amak, beti galdera berak egiten ditu (aitak hori ere ez, kasu gehienetan). Lehengo otordu amaierako mahainguruak galdu ziren. Orain nerabe direnek ez dituzte ezagutu. Telebista dute solaskide, konfesore, maitale... harekin egiten dute lan, lo, amets...
Koadrila. Bai koadrila hor dago, baina, zertarako irten? Beti gauza bera egiteko? Edan eta erre. Askok, nahiago du etxean duen ordenagailuko power botoia sakatu eta hango jokoen atsegina dastatuz orduak eta orduak igaro. Edo, interneteko astopistan sartu eta edonongo ezezagun hurbilarekin elkarrizketa "sakona" bizi. Ez dago ohiturarik bestearen ahotsa entzun eta hitz-aspertuak hizketaldi gozo bilakatzeko. Nola jasan gero berea egitera datorren irakaslearen sermoiak?


Beno, exajeratzen ari zarela uste dut, bota zidan berriro NK-k, hori, agian, hiriko zenbait gazte arrarori gertatuko zaio baina gure inguruan, oraindik behintzat, jendeak koadrila du gizarteratzeko bitarteko.
Orduan gogoratu naiz NK-k esan duen beste zera harekin eta errepikatzeko eskatu diot: bai egia da, esan dit, non ikasten dira adin horretako ikasleen beharrak zeintzuk diren, zein asignaturatan? Gainera irakasleon jarrera ez al da ikasleekiko distantzia markatzea, gogor egitea... gure ezinaren estaltzeko? Ezin al da gozoa izan eta aldi berean zorrotza? Zer lortzen dugu arto makilak bezala jarrita, gorrotoa, urruntasuna, hotza, hitsa, mina, ezdeusa, zama, makina... besterik? Izan al gaitezke ikasleen lagun irakasleak izanik? Izan behar al dugu? Zertarako?
Azkeneko horrek jota utzi nau, zerbaitengatik noski! Zertarako saiatu hori dena egiten, zertarako bizia hainbeste konplikatu, horrelakorik batere egin gabe soldata bera jaso ahal badugu eta erosoago bizi (gusturago? Tira, utz dezagun horretan).


Gaur etorri zaidan ama batek, ordea, bestelakorik eskatu dit. Kurtso hau noraezean bezala hasi du gure semeak, zion berak. Ez daki zer egin. Gogorik gabe ari dela nabari dut baina, nola lagundu? Ez dut uste zer nahi duen ez dakienik, konfiantza falta zaio; nahi duena lortzeko gai dela sinestea. Eskolan berriz, ikasle barnerakoiak eta isilak, beti, zokoaren ilunean murgiltzen dituzue. Ez du balio sentiberatasunak eta apaltasunak. Zuek erantzuna ematen diezue builarik gehien ateratzen dutenei, bortitzenei, eztenkadarik zorrotzenak ematen dizkizuetenei. Besteak, gurea bezalakoak, ahanzturan galdurik geratzen dira, segurtasuna falta zio, diozue, horrelakoei buruz.
Eta segi du: baina gizartean eta gero lanean edo egunerokotasunean behar beharrezkoak izango dituen baloreak dira sentiberatasuna, izaera gozoa, apaltasuna, lagunkoi izatea... eta eskolak ez ditu batere jorratzen gaitasun horiek adin hauetan. Are gehiago, desagerrarazi egiten ditu, baliogabetu, beste jarrerek bakarrik baitute eragina lortzen.
Zer erantzun ez dakidala utzi nau. Egia esan, erantzun, erantzun diot baina, uste dut, garbi nabaritu didala batere sinetsi gabe bota diodala lehenengo bururatu zaidana. Nora goaz horrela? Batzuk, nahi dugu eta ezin gara iritsi desio genukeena egitera gure ikasleekin eta ikasleentzat eta beste batzuk, gu egitera iristen garen apurraren gainetik pasatzen ari dira ejertzitoko tankeen gisara. Etsia hurbil ikusi dut. Orduan oroitu zait NK-k batzutan esan izan duena: lasai, gauzak etorri bezala joaten dira! Ez daukazu bada arrazoirik horretan NK, batzuei ez zaie etortzen eta, beraz, etortzen ez zaionari ezin joan!


Azkenak
Eguneraketa berriak daude