FORMAK

Lertxundiren baimenaz, eta berak kantan egiten duen aitorpen sintzero hori alde batera utzita, beste zentzu batean egin nahi nuke formen aldarrikapena. Formak, ez eskaparatekoak, ezta "politesse"aren eskuliburuetan arautzen direnak ere. Formak, gizalegearen adierazpen diren horiek. Heziketak erakutsi baina batez ere sentiberatasunak moldatzen dituenak. Protokoloaz ezer jakin gabe ere, senak, baldin eta oso okertua ez badago, agintzen dituen horiek.
Izan ere, hondoan ez ezik, formetan behea jota dabil gure plaza publikoa. Ricardo Huesok Legebiltzarrean lehendakariari egindako iraina mutur batean. Bestean Madrilgo Gobernuaren ordezkariak, Enrique Villarrek Radio Euskadin bertan erabilitako hizkuntza ("hienas", "alimañas"...) eta CNN-Plusen egindako adierazpenak. Tartean Aznarrek Ibarretxerekiko hartutako jarrera prepotente eta edukaziorik gabeko hori. Eta dena osatzeko, Sanzek, muturra berotu izanaren itxura osoz, Nafarroako Legebiltzarrean botatako trauskilkeriak. Formak talantearen ezaugarri eta adierazpide, gordin gordinean, inolako leungarririk gabe.
Gure ama aspaldiko hilabeteetan esaten hasita dago egungo jardun politikoak frankismoa dakarkiola gogora. Bere belaunaldiari gazte gaztetatik ekintza politiko eta kultural orotarako aukera birrindu zion diktadura. Ez da sentipen hori daukan bakarra. Nafar baten ahotik entzunda, gutxi gorabehera hauxe: han, Nafarroan, frankismoan bezalaxe bazterketa sozial eta politikoaren arriskuan dagoela ezkerreko eta abertzale den joera guztia. Diferentzia batekin: orduan diktadura baten barruan gertatzen zela hori eta orain berriz demokraziaren izenean.
Badirudi Jaurlaritza erreakzionatzen hasi dela jasaten ari den erasoaren aurrean. Villarren aurka kereila sartzeko erabakia, justiziaren bideetan itxaropen handirik izan gabe ere, esanguratsua gertatzen da gutxienez maila sinbolikoan. Zaparradaren pean goardasola zabaltzea bezala, besterik gabe. Baliteke ordea, kirtenkerien aurrean, goardasolaren kirtena erabiltzeko garaia iristea nahi baino lehen. Edo nahi ezta ere. Luzaroagorako utzi ezin dena behintzat zera da, forma basati horiek adierazten duten autoritarismoa salatzea.
Gauzak beltz ikusten jarrita, atsotitz zale ez den honi gogora datorkio zera dioen esaera hori: Herri bakoitzak dagozkion agintariak dauzkala. Alegia, "Gran Hermano"ren zaborraz elikatzen den gizarteak ez duela besterik merezi. Izan ere, jakin behar da Hegoaldean teleikusleen ehuneko 57 lortzera iritsi dela saio hori. Hau, baten batek zalantzarik baldin bazuen, saioaren egiazkotasuna, naturalidadea eta ausardia nondik nora doazen garbi geratu eta gero, Presoen Solidarioa sartu zenean. Telecincok zuzenekoa eta benetakoa eta hori dena den emanaldia zapla moztu zuen besterik gabe. Señorita Pepisen etxean bizi diren gazte deshinibitu horiei berriz, urduri baino urduriago, "seguridad", "seguridad" eskatzea besterik ez zitzaien bururatu. Esanguratsua oso Zumosoleko lehengusuaren beharra.
Mercedes Milák ezin hobeto islatzen du saioaren egile eta bultzatzaileen hipokresia eta zinismoa. Liberalidadearen mugan jartzeko itxura egiten du, ñoñeriaren erreinutik irten gabe. Atzerakoikeriaren moral bikoitzak agintzean agintzen duen bezala. Izan ere, kontserbadurismoaren haizeak gogor astintzen ditu zirrikitu guztiak. Modak hortik jotzen du, batere konplejorik gabe.
Ez al gaitu paranoiak harrapatuko, dena den. Gaur goizean, erosketak egin ohi ditudan dendako atean, non entzuten diodan neska bati saltzaileari esaten diola: "A! 'Gran Hermano' daukazue eta!". Jiratu naiz asaldatuta seinalatzen zuen tokira eta bai, hantxe goian, sabaitik zintzilik, pantaila: denda barruko pasiloak zaintzeko kamararen irudiekin. Irrifarrea irten zait, inuxentea eta guzti iritziz kamara salatariari


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude