PRESOAK

Joxean Artzek esan zigunez, "esaten den guztia ez da egia, eta egia guztiak ez dira esateko". Presoen egoera dela eta, totem eta tabuen erdian gara. Hasteko, presoen arazoak euskal herritar guztiak hunkitzen dituela eta gehiengoak haien etxeratzea eskatzen duela aldarrikatzen da. Bai, denek dakite presoak badirela, baina ez da segur denek nahi dutela haien eskubideen errespetua, are gutxiago haien askatasuna. Estatuarentzat, politikari gehienentzat eta opinioaren parte batentzat, presoak ongi dira preso eta kartzela denbora konplitu behar dute. Askok nahi dute presoen zigortzea, eta mendekua zuzena iruditzen zaie: hori omen da demokrazia, hori zuzenbidezko estatuaren legea. Beraz, bai, herri osoak badaki presoak badirela, baina haien askatasunaren alde garenak ez gara herri osoa, eta ez dakit gehiengoa garenez. Asko bai, eta motibatuak. Esperantza izateko, nahikoa.
ESPERANTZARAKO, bai, baina irabazteko adina? Etsaiak indartsuak eta harroak dira; horien makurtzeko estrategia egokia behar da, indarrak biltzen dituena eta behar den lekuan aplikatua. Eta presoen askatasuna ez da garaipen politiko-militarraren ondorioa. Epe laburrean edo ertainean, indar harremanak ez dira independentzia eta sozialismoaren alde, eta nekez ikusiko ditugu Espainia eta Frantziako gobernuak eta militarrak garaituta, Euskal Herriko independentzia onartzeko behartuak eta, ondorioz, preso guztiak askatzeko dokumentua izenpetzen. Helburuek mantentzen gaituzte, haien bila mugitzen ari gara, baina ez da oso egokia horien lortu arte presoek dauden egoeran jarraitu behar dutela onartzea. Beno, ez dela egokia iruditzen zait. Gero, komunikatu, artikulu edo manifestaldi batzuetan entzuten dena entzunda, badirudi presoen artean askok bereganatu dutela irabazteko eta irabazi arte sufritu behar badute, sufrituko dutela. Hori bada kanpotik txalotzen den jarrera nagusia, disziplinarik gabeko lagun epelentzat leku gutxi. Heroismoak bakartasuna nahi du, eta ibiltzen denari ez zaio leihotik aholkurik eman behar. Beraz, presoen eskubideak sostengatzeko gutxiengoa oraindik minoritarioagoa izango dela asumitu behar eta adio konponketa partzialen esperantzari.
ZURRUNBILO hilgarri honetatik ateratzeko negoziaketa errealista bat beharko da. Errealista, hau da, azken helburu politikoak negoziaketatik kanpo uzten dituena, eta presoen askatasuna borroka armatuaren bukaeraren trukez negoziatzen duena. Su-etena presoak hurbiltzeko, eta borroka armatuaren bukaera amnistia lortzeko, helburu helgarriak dira; eskakizun horiekin ETAk, bere denbora historikoa egina, lekua uzten badio ezker abertzaleari, Euskadiko maioria politikoa bil daiteke, Lizarrako denboretan ikusi zen bidetik. Badakit askok ez dutela horrelakorik nahi, esanez "presoak armaren trukez" gauza lotsagarria dela. Bale. Alta, nahiz eta negoziaketetan presoen askatasuna eta eraikuntza nazionala ez lotzea, amnistiaren aldeko oldar sozialak bide berriak irekiko dizkio abertzaletasunari, eta ondorioak ez dira hain "lotsagarriak" izango.
Alderantziz, presoen eskubide minimoen gauzatzeko ere, borroka armatuaren jarraipenak dena baldintzatzen du: gose-greben inguruko ekintza eta mobilizazioak lagunen esparruaren barnean gertatu dira, fidelen sua mantentzeko eta kito, egoera aldatzeko gaitasunik gabe. ETAk egindako bakoitzak areagotu du esparru horren isolamendua, eta "ETAren atentatuak eta presoen eskubide demokratikoak independenteak direla" esatea alferrikakoa da. Ondorioz, jende askok mobilizazioak jarraitu ditu konbentzimendurik gabe, baita presoen artean ere: batzuek gose greba egin dute barnean behar dituzten sostengua eta adiskidetasuna mantentzeko, baina arrunt konbentziturik alferrikako mugidak zirela. Beraz, Joxean Artzek esandakoaren kontrarioa egin dut. Ez dakit egia hauek egia diren, baina askori eta askotan entzun dizkiet: errepikatzea komeni da


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude