GEBARA

Lehen gerla karlista bukatu zenean, Gasteiz oso herri txikia zen;goitik, Campillotik, Arabako lautada oso ongi ikusten zen, gaur ez bezala. Jende anitz zegoen ekialdera beha 1839ko azaroaren 30ean, arratsaldeko ordu bietan, Gebarako gaztelua suntsituko zuen eztandaren zai. Gaztelu horretan babestu ziren azken karlistak, eta bolbora 288 arruek bota behar zuten. Bai eta bota ere; lehenago, Zurbano generalak Gebara herriko jauregia eta ondoko hamahiru etxe erre zituen, gerla gerla delako eta, omen, zibilen eta militarren artean bereiztea ez zuela merezi, gaur bezala.
Gebara izenak badu esanahia Arabako historian. Hasteko, ongi kokatua zen: Elgea azpian, Bitoriatik Iruñera edo, San Adrian zulotik, Gipuzkoara zihoan bidearen gainean. Gebaratarrak nagusiak ziren Oñatin eta Leintz bailaran, eta Erdi Aroko gatazketan Nafarroaren alde jokatu zuten, Gaztelaren zaleak ziren Mendotzatarren aurka. Hots, gure probintziak dituen oinarrien ispilua izan da.
ARABA ez da Euskadi berdearen paradigma; aranistek asmatu modelo berde eta estua baino zabalagoa da, mendietako bi isurialdeetan zabaltzen den Euskal Herriaren osakin historiko eta naturala. Amaren altzoan euskara ikastearekin identifikatzen den multzoan ez bezala, kasteilanoa du hizkuntza herrikoia eta euskara dugu jatorria, presentzia eta aukera. Hautu politikoetan, Nafarroako erresumaren mendebaldeko aitzinaldea izan zen jatorrian, eta, gero, kasteilanoen aurkako ala aldeko borroketan, euskaldunen arteko gerla zibil haietan, Gipuzkoa eta Bizkaia baino gehiagotan egon zen nafartarren alde. Karlistadetan, berriz ere gerla zibilak, beste probintziak bezain beste sufritu zuen.
Gazte nintzenean, frankismoaren denboran, abertzale gutxi ginen Araban. Hogeigarren mendean Bitorian finkatu zen funtzionario, militar eta apaizen sozietatea ez zen oso gure alde. Baina Araba ez zen eredu aranista bezalako probintzia, eta bertako nazionalistek, gure nekadurarako, bi frentetan borrokatu behar genuen: hurbileko haurride karlista eta frankisten aurka, eta iparralde berdeko haurride abertzaleen kondeszendentziaren irensteko. Nekosoa zen iparraldekoei gure "integrazioaren" frogak eman beharra; Araba, printzipioz, kasteilanotzat zuten, hizkuntzaz, paisajez eta politikaz, eta haien aurrean "euskaldun" bilakatzen ginen gure nortasuna ukatuz eta traizionatuz. Anekdota eta pasadizo piloa dugu arabar abertzale zahar guztiek, eta nobelistentzat utziko ditut.
ORAIN Euskal Herriaren beste modelo bat ofizialdu da, behintzat ezker abertzalean, zabalagoa, egiatiagoa, eta Nafarroakoaren buztanari lotuak zerbait egokitu zaigu arabarroi. Gaur onartzen da alor berdetik kanpo sortu garenok, amaren altzoan euskara ikasi ez dugunok, horiek ere Euskal Herriko jendea garela. Bestalde, arabar gazteek, euskara ikastolan edota euskaldun berrien familian ikasitakoek, Gipuzkoa edo Bizkaiko gazte gehienen fonetika daukate, eta hori euskararen onerako ez bada, bai behintzat euskaldunen integraziorako.
Baina Araban sortu da Unidad Alavesa zirtzila, orain PP nagusi da, eta gure hirikide Gebara ageri da Lizarraren aurka, jelkideen tendentzia kontserbadore eta erregionalistarenaren aitzindari. Badirudi gatazka zibiletan hainbeste mende igaro eta, espainiolismoaren eta oportunismoaren aukera dela gure probintzian nagusia.
Horiek hola, ez dut esango arabarra izanik harro edo lotsaz nagoela: garenak gara, eta asumitu behar, baina amorrua ematen dit euskalduntasunean gure lekua normaltzen ari denean, politikan horrelakorik jasan behar izatea. Badira hogeita hamar urte Arabatik kanpo bizi naizela eta ez daukat aholkurik emateko hango politikagintzan ari direnei; baina, zinez, aspergarria da zoldak kendu ezinean ibiltzea, eta gutaz mutur fin ari diren Euskadi berdeko garbizaleei motiboak ematea


Azkenak
Zahartzaroak

Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]


2024-05-27 | Jakoba Errekondo
Bertan bertan... erlesemeari

Maiatzak 4 zituen, larunbatarekin. Ez zen giro bereziki beroa, baina bai, hotzik ez behintzat. Halako batean burrunda, burrunda galanta, aspaldi entzun gabekoa. Hor azaltzen da etxeko atarian erle pila, milaka erle hegan, hegada sinkronizatu dotorean, dunbots batean. Erlesemea.


Eguneraketa berriak daude