Euskal herri asko dago. Nik zazpi bat bizi ditut nere xumean. Edo gehiago. Hurbilenean, euskalduna bizi dut, Daniel Dergi euskal presoa bere borondatez egiten duen gose greban bizia ematen ari den hori bizi dut. ETAk, Daniel partaide duen horrek suetena eman eta denboraldi horretantxe Espainia eta Frantziako presondegiak euskal militantze gizendu egin duten hori bizi dut. Zakurrak muturrekorik gabeak eta oskidunak diren hori. Popo Larre desagertarazi eta hobenduntzat Iparretarrak aurkeztu zutena. Postaz edo faxaz hil mehatxuak jasotzen dituenena. Beren senide eta lagun presoak ikusteko milaka kilometroko bidaiak egitera behartzen dituztenena. Eskola Publikoa erdalduna eta Seaska Euskal Eskola bere borondatearen kontra, pribatua izatera behartzen dutena. Filip, Gabi, Juantxo... euskalduntzat duena. Eta nekez, bainan bizi behar izaten dut halabeharrez vasco frances-basque espagnoloenena, ETAk bere Gasteizko ekintzaz berindartu duena. Abertzaleak abertzale izate hutsagatik nazitzat hartuak garenena.