Laguntzaileen borondatez sortu zen Oihartzuna elkartea duela 10 urte. Xede nagusia diru iturriak biltzea du, egitura publikoa ez baita aski ibilmoldeen gastua estaltzeko. Urtean ekitaldi nagusi bi apailatzen dituzte: batetik, Arrosako «Euskal Herria zuzenean» festibala uztailean eta kanpaina bertzetik, otsail eta martxoan gaindi egiten dena. Nafarroa Behereko herri guztietan dituzte laguntzaileak, ia 200 osatzeraino, gazteak gehienak. «
Desberdintasun handiak egoten dira laguntzak ematerakoan, ikusmoldearen arabera jendeak laguntza bat ematen du, 50 liberatik hasita (1.250 pezeta), 500 liberaraino. Bada halaber, gehiago ematen duenik ere
» azaltzen digu Maritxu Lopepe kanpainako arduradunak. Urteko buxetaren % 30 pasa etxez etxeko kanpainarekin lortzen da. Festibalarekin aldiz, % 25 inguru. Gainontzekoa laguntza publikoarekin erdiesten da, hots, irrati publikoei irrati komertzialek ordaintzen dituzten zergetatik banatzen zaienaren zatiarekin. Aurten haatik, bada berezitasun bat: inkesta baten egitea entzuleen iritzia ezagutzeko, bi puntu azpimarratuz: berrien emaiteko manera eta musika saila.
«Irulegiko Irratia sare batean da Xiberoko Botza eta Gure Irratiarekin batera. Entzuleen ikusmoldea ukan nahi dugu beraz, ea gisa horretan hurbiltasun hori atxikitzen den, irrati batetik besterat aldea atzematen delako»
. Musikaren inguruan gogorregia, zaharregia edota sobera kanpokoa sartzen ote duten galdetzen zaie.
Etxe guztietan banatua izanen da inkesta hori eta bete ondoan, berriz igorriko dute irratirat. Aurtengo sos biltzeak dena den, zinez mamitsua behar du izan, bestelako gastuei artoski heltzeko. Izan ere, informatikan inbertitu dute emankizunak artxibatzeko, baita gaueko emisioak errazteko ere. Bestalde, irratiak hedadura handiagoa ukan dezan potentzia nabarmenki handituko dute
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...