HOGEI URTE


2000ko urtarrilaren 16an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Errege egunean egin zituen hogei urte Xabier Amurizaren lehen txapelak bere buruan. Edozein data eta urteurren ospatzeko joera neure eginez, gaztetu bat eman nahi nioke nire buruari Baldako oroitzapenei atxikirik.
Amurizak bertsomindu ninduen ni, egun hartako Amurizak bereziki, eta zuetako gehiago ere bai seguraski. Ordurarteko bertsogintzak ez zidan talan apartekorik egiten, ez behintzat nire indarrak oro hartara murgiltzeko lain. Ba omen ziren hotsak bizkaitar hark ikaragarri bertso ederrak botatzen ote zituen. «Baina mantso!» erantzungo zuen giputzetan klasikozale eta itxienak. Orduan purian zebiltzan bertsolariek antzeman omen zioten zer zetorren. «Hori ez dek ordea bertsoa!» tematuko ziren berrikuntza dastatzearen alferrez edo ezgaitasunez.

NIK
ez nekien zer zen. Baina katigatu egin ninduen. Esanindar bortitza zuten haren esamoldeek. «Gizona ez da ogiz bakarrik bizi» gaia jarrita lehen bertsoa honela hasi zuen:

Gai horrek badu mamia
baldin ez banago gor...
Ez dut uste denboraz eta lapitzez ere inork hobetu dezakeenik. Eta bigarrenari hasera hau eman zion:

Nik ez dakit ogi-puskak
indarrik baduenentz...
Ogi-puskak, auskalo. Bertso hasiera horrek bazuen indarra aski Euskal Filologia ikasketak hasten ari zen honentzat.
Beste bi bertso amaiera josi zitzaizkidan gogoan betirako. Nik ezagutzen ez nituen kultur-koderen batetik sortuak ziren, hain mehatxu eta hain gordin:

Esan dudana gezurra bada
urka nazazue bertan!
Hesteak harri bihur bekizkit
hori ez bada horrela!
A ze danbatekoak! Hiperbolea beti txantxetarako erabiltzeko joera dugunontzat bide berriak begi bistan. Aitari hiru bertso bota behar izan zizkionean gehienongan sortu zuen zirrara. Hainbeste gauza kontatu zizkigun!: aita zuela inoiz geza inoiz gazia, guria beti, bertsotan egiten zuela eta hari zor ziola zaletasuna, gorriak paseak zirela baserrian, preso eraman zutela Zamorara... eta han zegoela hil zitzaion aita hura bizirik ikustea nahiago zuela edozer baino. Azken agurra berriz, honakoa bota zuen:

Aizak hi txapel, zer sentitzen duk
ene eskura heltzean?
Ez haut buruan erabiliko
baizik zintzilik iltzean.
Iltzea berriz josia diat
nik dakidan bihotzean
han egongo haiz uda beroan
eta neguko hotzean
bizi naizela biontzat eta,
berarentzat ni hiltzean.
EZ
nuen, bertsozale helduberri, bere berean ulertu azken agurra. Iltzearen erreferentzia urrunegi geratzen zitzaidan bukaeratik, «goragi», bertsoa ongi gozatzeko. Gerora joan nintzen ulertzen.
Nik uste Amuriza hasi zela bertsogintza «konplikatzen». Eta konplikazio horrek ondorengooi lanak eman badizkigu ere, xarma duela beregan. Neu bederen, gauza «zail» haiek probatzera abiatu nintzen entzun nuen unetik. Gaur berriz, hogei urteena aprobetxatuz, gogora ekarri nahi izan ditut atzenduak geneuzkan hainbat bertso-printza. Geu gaztetzeko batetik, eta bestetik, bai baitut susmoa etxanoarrarekin ez garela izan behar bezain eskerroneko


Azkenak
Eguneraketa berriak daude