MUXARRAREN NEGU LOA

  • karraskari hau ezkutukoa baita. Gautarra da esna dagoenean eta duela hilabete maiatza arterako loaldia hasi du. Pottolo-pottolo lokartu da eta pisuaren erdiarekin esnatuko da.

1999ko abenduaren 19an
Negua inguratzen den heinean, gizakiok, kotoi geruza mordoaz estali eta berogailuetara hurbiltzen gara, baina denek ez dute bide berdina aukeratzen. Bada animalia xarmangarri bat neguko hotza lo goxoan saihesten duena. Nahiko genuke bai, eboluzioaren gailurrean gaudela uste dugunok, lotarako muxarraren oporraldiak edukitzea.
Muxar grisa (

Glis glis
), mikrougaztuna, karraskarien taldean sailkaturik dago. Animalia hau nahiko ezezaguna egiten zaigu bere ezaugarriak direla eta. Alde batetik gautarra izanik, babesleku ezkutuak erabiltzen ditu eta bestetik, urteko zazpi hilabete loaldi goxoan igarotzen ditu. Euskal Herrian, muxarren artean ugariena dugu muxar grisa. Animaliaren batekin alderatzekotan, urtxintxarekin pareka daiteke, gorputzaren itxura eta bere isats iletsua direla-eta.
Gehienbat nabarmentzen zaiona, bere begi beltz ikusgarriak dira, askotan, eraztun beltz batez inguratuak agertzen zaizkigu, begien tamaina handiagotuz.
Oso taktu fina duela adierazten duten bibote beltz luze-luzeak ageri zaizkio. Belarriak txikiak eta borobilak, sagutxo baten parekoak, gaueko hots nimiñoena ere entzuteko prestatuak. Zentzu hauek guztiek defentsa onak eskaintzen dizkiote animalia gautar honi.
11 cm-tatik 15 cm bitarte neur ditzakeen isats arro eta atzapar sendoen bidez, edozein zuhaitz edo horma ziztu bizian igotzeko ahalmena du eta adarretan zintzilikatzeko munduko trapezista trebeenaren pareko ere bada. Ukitzeko aukera izanez gero, ohartuko ginateke bere larruaren leuntasunaz. Gainaldetik grisa eta azpialdetik berriz, zuri-zuria da. Hala ere, kolorea aldatu egiten zaio heldua denean, gorriskagoa bihurtzen da, gainaldean ile beltzak ugaltzen zaizkio eta bizkarraldea sabelaldetik bereiziz, lerro horixka bat ageri zaio. Muxarraren pisua aldakorra da sasoiaren arabera, neguloaren haseran, izugarrizko pisua dute, egunak aurrera joan ahala pisua gutxituz doalarik. Dena den, 130-250 gr bitartean pisatu ohi dute eta luzera 13-18 cm-koa izan ohi da.
Baltikotik Bretainia arteko atlantiar kostan ezik, Europa osoan agertzen da muxar grisa, Iberiar penintsulan aldiz, kantauriar isurialdean soilik. Euskal Herrian, hostogalkorreko basoetara mugatua dago. Ugarien, goroldioz jositako eta harkaitzez betetako pagadi zaharretan aurkitzen bada ere, populazioa asko emendatzen den urtetan, lurralde berriak okupatzera behartua dagoenez, pinudietan ere aurkitu izan da. Honez gainera baserri eta bordatan ere gustura egiten du habia, baratze eta fruitu arbolak gertu baititu. Habitik 100m bitarteko erradioan mugitzen da, baina eremu txiki honetan, lotarako lekua aldatzeko joera izugarria du.
Egun osoa lotan igaro ondoren, eguzkia sartzearekin batera, janari bila irteten da. Gau ilunean bazkatzera ateratzen den animalia bakarra ez denez, muxarrak kontuz ibili behar izaten du, bera ere, beste hainbatentzat mokadu goxoa baita. Bere etsai nagusiak, etxeko katua (

Felis catus
), basakatua (

Felis silvestris
), lepahoria (

Martes martes
), hontza handia (

Bubo bubo
), hontza ertaina (

Asio otus
) eta urubia (

Strix aluco
) dira.
Elikadurari dagokionez, fruitu, kimu, zuhaitz-azal eta hostoz elikatzen da udaberrian eta udan. Aldiz, irailetik aurrera, loaldirako erreserba ugari metatu behar duenez, pago-ezkur, ezkur, intxaur eta urrak jango ditu barra-barra. Noizbehinka intsektu edo antzeko animalia txikiren bat jan dezake.
Azarorako, muxarra pottolo-pottolo dago, gantzezko geruza sendoa eratua dauka eta neguari aurre egiteko prest dago. Nahiz eta noizean behin esnatu, hibernazioan zehar ez du ezer jaten, energiaren kontsumo urria, pilatutako gantzen konbustiotik datorkio batik bat.
Azaroan, tenperaturaren beherakada nabarmena somatzen duenean, lotara sartzen da, zuhaitz-zulo, haitzen zirrikitu, baserri edo borden ganbara edota berak egindako zuloetan.
Hibernazioan, muxarrek, metabolismoa bortizki aldatzen dute, arnas erritmoa bihotz-taupadak eta aktibitate muskularra murrizten dute, eta honekin batera gorputzeko tenperaturaren beherakada izugarria jasan, ia-ia izozte puntura iritsi arte. Honela, gutxika-gutxika gantzen erreserba agortzen doa, eguneko 0.2gr galduz. Hibernazioa bukatzerako bere pisuaren erdia galdua izango du.
Neguloa maiatzaldean amaitzen da, handik lau astetara berriz, araldia hasiz. Araldian, oihu hunkigarriak igortzen dituzte, guruin sexualen bidez usain-markak lurrean utziz. 30-32 egunetako ernaldia izaten dute eta abuztuaren bigarren hamabostaldian kumeak jaiotzen hasten dira. Urtean kumaldi bakarra izaten dute, 6-7 kume erdituz, kume horiek 5-9 urte bizi daitezkelarik.
Uda euritsu eta freskoek hurrengo udaberriko kume kopurua murrizten dute, baina benetan muxar kopuruan eragiten duena, pago-ezkur produkzioa da. Udazkenean pagoek pago-ezkur gutxi emanez gero, udaberrian kume gutxiago jaioko dira. Muxarraren etsaiak aztertzerako orduan, gizakia ezin ahaztu. Erromatarren garaitik, jaki preziatua izan da, beraiek «gliraria»tan hazi eta gizentzen zituzten artifizialki. Jaki goxoa izateaz aparte, muxarren gantzek dituzten propietateak direla-eta, sendagai moduan erabili izan da. Zintzo aurpegia eduki arren, berak ere zenbait frutarboletan esanguratsuak ez diren kalteak eragin izan ditu.
Gehienoi urruneko animalia iruditzen bazaigu ere, baserri eta bordatako ganbaratan bizi direnak erabat ohituta daude gizakira. Birritan pentsatu gabe azaltzen dute beren mutur txikia egurrezko bigen artetik eta ezkur, ur edo intxaurren bat gerturatuz gero, azkar asko hartuko dute inongo lotsarik gabe. Animalia txiki honetaz gozatu nahi izanez gero, saiatu beregana inguratzen, bera ez da askorik apuratuko-eta

Hibernazioa neguan bizirauteko estrategia

Neguan tenperaturak jaisteak, animalia askorentzat tenperatura horietara egokitzeaz gain janariaren murrizketa esan nahi du. Honen aurrean, estrategia desberdinak garatu dituzte animalia ornodun zein ornogabeek.
Zenbait hegazti eta ugaztunek lurralde epelagoetara migratzen dute: kukuak Zaireko oihanean beldarrak harrapatzen dihardu eta enara berriz, Nigeriako termitegien atzetik ibiltzen da. Ornogabe asko, kieszentziaz baliatzen dira, liztorrak adibidez, inguruneko tenperatura jaitsi aurretik hibernatzeko leku egokiak bilatzen ditu, zuhaitzen zirrikituak, lurreko zulotxoak... hurrengo udaberrira arte. Urtxintxa, hartza, azkonarra eta zenbait xaguxarrek berriz, energi gastua murrizten dute urtaro hotzenean lo kuluxkak eginez. Bihotzeko taupaden frekuentzia murriztu, baina gorputzeko tenperatura bere horretan mantentzen dute. Noizik eta behin esnatu egiten dira zerbait ehizatzeko edo ezkutatutako probisioetaz baliatzeko. Hau, ez dugu nahastu behar hibernazioarekin Benetako neguloa triku europarrak, hamsterrak, marmotak, zenbait saguzar intsektujalek, soro muxarrak eta muxar grisak egiten dutena da. Gorputzeko tenperatura izugarri jaisten da eta honekin batera arnasketa, bihotzeko taupadak eta zirkulazio sistemaren aktibitatea murrizten dute. Aktibitatearen jaitsiera orokorra, hormonalki kontrolatua dago, honela, gorputzeko tenperatura gehiegitxo jaisten bada, esnatu eta metabolismoa martxan jarriz beroa ekoizten du. Ezaugarri honek, desberdintzen du hibernazioa kieszentziatik, kasu honetan gorputzeko tenperatura gehiegi jaitsiz gero, animaliak ez du erantzuten eta hil egiten da

«1999, pago-ezkur urte oso ona izan da, baina ez hain ona muxarrarentzat»

Z

ein funtzio betetzen du muxarrak gizartean?
Jateko edo sendagai moduan erabiltzeko ehizatu izan da, kearekin edo gantxo baten bidez. Jateko orduan, jaki paregabea dela diote dastatu dutenek eta sendagai moduan, pelotariek ondo aski ezagutzen dute. Oso gantz fina denez, erraz barneratzen da azalean. Batez ere gihar eta artikulazio arazoetarako erabili ohi da, nahiz bere eraginak aztertzeke dauden.

Gizakia arriskua al da muxarrarentzat?
Ez zuzenki, muxarrak jateko edo sendatzeko ehizatzeak ez du populazioan eraginik, baina bai basoa kudeatzeko moduak. Arazoa, basoaren gaztetze eta sinplifikazioan datza. Muxarrak apurtutako edota zaharrak diren zuhaitzetan bizi ohi dira, zuhaitz gazteek zulorik ez dutenez ez du babeslekurik topatzen. Honekin loturik muxarrrez elikatzen diren hainbat animalia ere arriskuan legoke.

Muxar urte ona izan al da?
1999, pago-ezkur urte oso ona izan da, baina ez hain ona muxarrarentzat. Orokorrean, muxarraren populazioa handitzen da janaria emendatzen den heinean. Aurten ez dira proportzionalki hazi eta tartean, beraz, gaixotasunen bat izan ote den susmatzen dugu.

Proiektu berririk aurkeztu al da?
Ez, lehenagotik lantxo batzuk eginak badaude ere ez zaie jarraipenik eman. Gehienbat Europako Erdialdean aztertzen da, zientifikoki badituelako hainbat ezaugarri. Alde batetik ugaria da ia Europa osoan eta bestetik hibernazioa dela-eta, prozesu honetan ematen diren adaptazio ekologikoak oso ezezagunak ditugu oraindik ere.

Zein ingurune bereiziko zenuke muxarraren ugaitasunagatik?
Pago motzez osatutako pagadi zahar eta zulodunak, Aralar, Aizkorri eta Nafarroako Pirinioak batik bat. Mende honen hasiera arte, pagoak, beste hainbat zuhaitzaren antzera, egurretarako edo ikatzetarako erabiltzen ziren. Ganadua basoan sartzen zenez, pagoak 2-2,5m-tara mozten zituzten. Horrela, animaliek ezin zuten kimurik jan


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude