KONTSEILUKO ZUZENDARITZA ETA 2000.EKO AURREKONTUAK

  • eta baita diputazioetakoak ere. Horiei buruz Kontseiluaren zuzendaritzak egin dituen gestioez galdetu diogu Idazkari Nagusia den Xabier Mendiguren Bereziarturi.

1999ko abenduaren 19an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
O

rdubeteko elkarrizketa bat izan genuen estraina Kontseiluaren Idazkari Nagusiak eta biok. Solasaren apunteak hartu ahala, zenbait gai nahiko arantzatsuak zirela eta, hurrengo baterako berriro geratzea proposatu nion, erantzunak lasaiago pentsatu eta zifrak kontrastatu ahal izateko posta elektronikoz galderak berriz pasata. Ondorengo elkarrizketak, kuestionarioari Xabier Mendigurenek idatziz erantzundakoa biltzen du).
Euskararentzako diru kontu publikoei buruzko zuen gestioen iturburutzat, duela urte bete, abenduaren 21an, zenbait alderdirekin sinatutako «Bai Euskarari» akordioa aipatu izan du Kontseiluak. Zein izan da gestio horien nondik norakoa urte bete honetan, nork hartu du parte eta norekin, zein izan da kronologia...?
Abenduaren 21ean sinatu zen Konpromiso Politikoaren puntuetako bat zen, dakizunez, kontu publikoei dagokiena. Bertan esaten zenez, alderdiak konprometitu egin ziren diru-laguntzen kopuruak nabarmen handiagotzera, batetik, eta dirulaguntza lerro berriak aztertzera, bestetik. Oro har, esan dezaket Konpromiso horrek abiapuntua besterik ez duela jarri eta ondoko lanetan mamituko dela orduan jasotakoa. Konpromisoa sinatu zuten alderdiek zuk aipatu duzun puntu horri heldu diote agiri hori garatzen hasteko eta une honetan Kontseiluak egindako proposamena dute mahai gainean.
Ulertu behar da oso urte berezia izan dela euskal politikagintzan eta maila orokorrean alderdiek elkarrekin lan egiteko izan dituzten zailtasun eta oztopoak euskalgintzak aurkeztutako planteamenduan ere ikusi dira. Eusko Jaurlaritzako legealdiko ituna sinatu duten hiru alderdi abertzaleekin egindako gestioak dira arlo honetan aipagarrienak. Hiruei bakarka eta elkarrekin aurkeztu zaie gure proposamena eta oraindik azterketa fasean dagoela jakinarazi digute. Iazko aurrekontu luzapenaren inguruan gestio mota bera izan genuen.

1998ko aurrekontuak prorrogatu egin ziren Jaurlaritzan 1999rako, neurri osagarri batzuekin. 1999ko dirukontuetan islatu al dira Kontseiluak ezarri nahi zituen irizpideak?
Kontseiluak orduan eta gaur egun ere, diru partida zehatzei baino ikuspegi globalari areago heldu nahi dio gai honetan. Izan ere, euskararen normalizazioak unean uneko diru kopuru zehatz batzuk baino askoz gehiago behar du, besteak beste, laguntza politika jakin eta eraginkor bat, hizkuntza politika ulertzeko modu berri bat eta kopuruak finkatzeko elkarrizketa marko zabalagoak. Planteamentu honetatik elementu batzuk ikusi ditugu jadanik, besteak beste, solaskidetzari dagokiona. Hortik aurrerakoa datozen egunotan ikusi ahal izango dela uste dut.

Administrazioei euskarak behar duen konpromiso handiago baten alderako keinuak eta metodologia berri bat lantzen hastea aipatu da Kontseilutik. Zertan mamitu da hori urte honetan?
Harreman nahikoa gora-beheratsuak izan dira, aurrez esan dizudan bezala, egoera soziopolitiko nahasi honek erabat baldintzatu duelako guk askoz arautuagoa nahiko genukeen harreman markoa. Konpromiso handiagoa behar-beharrezkoa dela garbi ikusarazi diegu eta zeinbait esparrutan igerri dugu mezu honek ondorioak izan dituela. Zuzeneko komunikazioa bermatzea, adibidez, aurrerapauso handia izan da euskalgintzarentzat, orain arte zeharka baino ez baikenuen jasotzen arlo politikoan gertatzen ari zenaren berri. Horrek lan egiteko modu bat ekarri du eta hortik etorriko dira, nire ustez, behin eta berriro eskatu diren konpromisozko jarrera sendoagoak.

Dirudienez, hezkuntza alorra alde batera geratu da gestioetatik. Kontseiluaren gestioa «euskalgintza» deitzen den alorrean (kultur produkzioa, editoriala, komunikabideak, lan mundua...) zentratu dela esan al daiteke, alegia Jaurlaritzan HPSk hartuko lukeen eremuan? Zein eremutan zentratu dira Kontseiluaren gestioak?
Kontseiluak euskararen aldeko politika eraginkor eta zentzuzkoa bultzatzea du helburu. Arlo guztietan ari gara lanean, berdin kulturan zein hezkuntzan edota industrian, zerbait aipatzeagatik. Euskalgintzako alorra, hala ere, lehentasunezkoa da guretzat, bertan jatorria baitute gure bazkide ia guztiek eta, gainera, interlokuzio arautu eta egonkorrik eskaini ez duen esparrua delako. Jaurlaritzan ez ezik, gainerako erakunde publiko guztietan ere ikuspegi hori bera dugu, ez baitugu ahaztu behar, kopuruz eta erantzukizunez garrantzitsuena izanik ere, Euskal Herrian eta beraz, euskararen lurraldean, erakunde publiko gehiago ditugula.

Kontseiluko zuzendaritzaren partaide den AEKk irailaren 25eko batzarrean proposamen bat atera zuen bozkatzera, Kontseiluaren zeregina erakunde edo elkarte bakoitzaren dirulaguntza gestionatzea ez zela espreski adierazia gera zedin. Zein interpretazio egin zenuen proposamen horrena, zuk edo Kontseiluko zuzendaritzak?
Batzarrera eramandako proposamen horixe Zuzendaritzak aurkeztutako Kudeaketa Planean bertan jasota zetorren. AEKko ordezkariak esplizituki horrela jasotzeko eskatu zuen eta, nahiz eta guri jatorrizko proposamenak horixe bera adierazten zuela iruditu, jakina, horrelaxe jasotzea egoki iruditu zitzaigun, argitasunaren mesedetan egindako ekarpen oro oso aintzat hartzekoa da eta.

Kontseiluak aipatu izan du Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako lehendakariorde baten beharra, gainerako instituzioen koordinazioa ere egingo lukeena. Baina aurrekontu guztien % 2a euskarari destinatzea ere. Bideragarri ikusten da? Zein epetan?
Gure ustez, bideragarria ez ezik, behar-beharrezkoa ere bada. Euskararen normalizazioak ikuspegi global baten behar gorria du eta, gure ustez, koordinazio eta ekimen berrietarako sustatzaile izango den egituratze berriak aztertu behar dira. Tamalez, euskara ia beti egon izan da kultur jardunarekin lotuta, administrazio-alorrean batez ere. Dena den, euskararen adierazpen batzuk kultura badira ere, bertsolaritza esaterako, gure gizarteak eskuartean duena hizkuntzaren normalizazio-prozesua da eta horrek kulturaren esparruaren mugak gainditzen ditu.
Esan nahi baita, euskararen normalizazioa edozein erabaki politiko-administratibo hartzeko unean kontuan eduki behar dela, alegia, zentralitatea zor zaiola herri honen egituratze-prozesuan. Euskara, nolabait esateko, erakunde publikoen jarduerarako zehar lerro gisa ulertzea eskatzen dugu; gune jakin batetik atera eta zernahirako kontua izango duen dimentsioa ematea, hain zuzen ere. Epeei dagokienez, bestalde, guk berehalako egituratzea eskatu badugu ere, ulertzen dugu zail dela egiturazko aldaketak egun batetik bestera egin ahal izatea.

Azken denboretan euskararen biziberritzeko egiten diren proposamen, plangintza eta asmoetan nabarmena da, niri hala iruditzen zait, ez dela gehiegi aipatzen berreuskalduntze erakundeek beren eguneroko funtzionamendua normaltzeko oraindik duten behar larria. Nola ikusi duzu zuk Kontseiluaren buruzagitzatik?
Nire ustez arlo horren garapena funtsezkoa da euskararen beraren normalizaziora iristeko. Egia da azken bolada honetan bestelako esparruetan egin beharreko lana azpimarratu izan dela, baina horrek ez gaitu ahalegin koordinatutik desbideratu behar. Nire ustez heldutasun seinalea da esparru berrietarako aztertu behar diren estrategiak detektaturik edukitzea eta zentzu horretan, lanaren munduan edota teknologia berrien esparruetarako egin diren proposamenak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Ez dut uste eskluienteak direnik planteamendu horiek eta ahalegin hori guztia era koordinatu batez eramatearen garrantziaz ohartu behar dugu. Konplexutasunaren paradigma oso bat kudeatzen ikasi beharra daukagu.

Kontseiluak alderdiekiko negoziaketa edo gestio horietan euskalgintzako hainbat sektore eta erakunderen behar ekonomikoak biltzen dituen agiri bat erabili du. Nondik eta nola bildu eta sailkatu dira kopuru horiek?
Aurrekontuen inguruan gure iritzia emateko orduan, arestian aipatu dizudan filosofia hori guztia transmititu genien alderdiei. Haiek kopuru zehatzak nahi zituzten, baina gu ez geunden hori egiteko moduan. Hurbilpen gisa edo, guk erabiltzen ditugun datuak aipatu genizkien eta horretarako Kontseiluko bazkideekin hitz egin genuen. Beraz, bakoitzari galdetuz jasotako datuak dira eta keinu gisa finkatu nahi zen kopuru orokor baterako hurbilpen soil bat besterik ez da, etorkizunean zorrotz landu behar den metodologia bati kalterik egin behar ez diona.

Kontseiluak udaberrian bisitatutako zenbait erakundek adierazi zuen, ARGIAk esate baterako, irizpide nagusiak aztertu eta finkatu gabe kopuruak markatzea desegokia zela. Egia al da udazken honetan udaberriko bisitaldi haietan bildutako kopuruez osatutako agiria ari dela erabiltzen Kontseilua bere gestiotan?
Agiri hori gure barne erabilerako osatu genuen, beharrezkoa baikenuen lehen pausoa eman ahal izateko. Udazken honetan egindako gestioetan berriro eskatu zaizkigu kopuru zehatzak, eta orduan esandako gauza bera esan zaie: kopuru zehatzak finkatzea gobernu ardura duten alderdiei dagokiela eta guk irizpideak ezartzen laguntzeko gure iradokizun eta eskariak baino ez ditugula.

Aipatzen dugun agiri horretako kopuruen artean begiratzen hasita, nabarmena egiten da urte beteko aurrekontuetarako «Euskaldunon Egunkaria»k gaurko 156 milioitatik 1.050tara pasatzea aipatzen dela, gainera inpresio zentro baterako 1.200 miolioi beharko lituzkeela aipatuz, ondorengo lerroan astekariak 19,5 milioitatik 30era igotzea, haur eta gazte aldizkariak 15,2 milioitatik 20ra eta abar datozenean... Nola esplikatzen dira horrelako diferentziak?
Zirriborrotzat jo genuen barne agiri horretan, «Euskaldunon Egunkaria»k, beste askok bezala, hurrengo urteetarako begiz jotako proiektu eta inbertsio berrien aurreikuspena egiteko lana hartu zuen, jakinik horrek ez duela esan nahi guztiz diruz-lagunduak izango direnik.
Halaz ere, pentsatzekoa da aukera izanez gero funtsezko eran hobe daitekeela euskarazko komunikabideen egoera larria, egun dauden laguntzak baino egokiago batzuen bidez, eta horretarako ona dela sektoreak berak eskatzen duenari kasu egitea. Diferentzien esplikazioa? Hortxe duzu: batzuk erantzun egin zioten barne-zirriborroaren galdetegiari eta beste batzuk ez.

Kontseiluaren partaide diren erakundeak eta euskaltzaleak lasai egon al daitezke erakunde horretatik egiten ari diren gestioen gardentasunaz? Euskararen aurrekontuetan egon daitezkeen hobekuntzak denei hein berean edo irizpide garbien arabera iritsiko al zaizkie?
Arlo honetan zein Kontseiluak dituen gainerako ildoetan erabateko gardentasunaz funtzionatzen ari gara. Etengabeko kontraste eta informazio igorpenak izaten ditugu bazkide guztiekin eta guztien behar eta aurreikuspenak kontuan izaten ahalegintzen gara. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar Kontseiluak ez dituela aurrekontu horiek erabakitzen eta, beraz, banaketaren ardura osoa erakunde publikoena da. Guk egin dezakegun gauza bakarra irizpide garbi horiek behingoz ezar daitezen ahalegintzea da. Kontseilua existitzen ez zenean ere, irizpide horiek erabat garbiak ote ziren era berean jar genezake zalantzan.

Gaur administrazio publikoek, Jaurlaritzatik hasita, irizpide batzuk dituzte dirulaguntzak banatzerakoan, edo euskal munduko enpresa eta erakundeen finantzazioan laguntzeko. Kontseilutik irizpide horiek aldatzea planteatu da? Beste irizpide berririk?
Gure planteamendua, esan dizudan bezala, orokorragoa da. Zalantzarik gabe, arrazoizko antolaketa eta irizpideak eskatu edo exijitu behar zaizkie erakunde publikoei eta horrek orain arteko dinamika goitik behera aztertzea eskatzen du. Irizpide berriak, beraz, azterketa hori elkarrekin egin eta gero etorriko dira, etorri behar badute behintzat.
Nolanahi ere, garbi adierazi diegu alderdi politikoei euskararen normalizaziora zuzendutako ekimen guztiak zentzuz eta tentuz aztertu behar direla marko programatiko orokor baten barruan. Lehen aipatu dizudan euskararen zentralitatea, adibidez, ezinbesteko baldintza iruditzen zaigu irizpideak finkatzeko orduan

Kontseiluak partiduekin erabilitako paperak eta zifrak

Udaberrian etorri zen Kontseiluko zuzendaritzako kidea eta Elhuyarreko burua den Iñaki Irazabalbeitia ARGIAra. «Bai Euskarari» konpromisoari jarraituz, alderdi politikoek (EAJk, EAk eta EHk) hori mamitzeko Kontseiluak zein diru kopuru beharrezko ikusten zituen azkar zehazteko eskatzen omen zuten. Eta Irazabalbeitiak esan zigunez, urgentziazko datu bilketa egiten ari zen Kontseilua. 1999ko aurrekontuak egiteko garaia zen.
ARGIAri zenbat diru behar zuen galdetzen zitzaionez, elkarrizketan geunden Joxemari Irazusta lehendakariak –ni neu ere bileran nintzen– kopuruetan hotz-hotzean sartzea desegoki ikusten genuela adierazi zion, euskal kultur mundua sektore, erakunde, enpresa eta jarduera oso ezberdinez osatuta dagoela eta lehenago irizpideak finkatzeko lan bat egiten ez bazen, politikariekiko harremana bazar bat bilakatzeko arriskua zegoela. Era berean, dirulaguntzen gestioa ez dagokiola Kontseiluari ere gogorarazi zitzaion.
Gero, 1999rako Eusko Jaurlaritzak 98ko aurrekontuan prorrogatu zituen, EAJ, EA eta EHren babesarekin. Pasa zen uda, eta irailaren 25ean Kontseiluak egin zuen batzar nagusian dirulaguntzen inguruan tentsioa zegoela sumatu zuen ARGIAko ordezkaritzak: Kontseiluaren zuzendaritzan dagoen AEK-k subentzioak erakunde bakoitzak bere gain negoziatzea eta Kontseiluak dirulaguntzen negoziatzeari espreski uko egitea proposatu eta bozketan aurrera atera zenean.
Aurrekontu berriak egiterakoan, hiru alderdi abertzaleek ere euskalgintzako enpresa eta erakunde bakoitzak aurrera begira zer asmo zuen jakitekotan, bakoitzarekin harremanetan jarriko zirela ondoriozta zitekeen guzti horretatik.
Geroztik Kontseiluaren zuzendaritzako inork ez dio eskatu ARGIAri ez dirulaguntza publikoen irizpideak nola ikusten dituen adierazterik, ez bere edo berekin sektore berean daudenen jardueraren finantziazioa nola baloratzen duen, ezta hurrengo urteetarako ze nolako planak dituen aurkezteko ere.
Orain berriz, EAJ, EA eta EHrekin Kontseiluaren zuzendaritzako kideek 2000. urteko aurrekontuei begira egindako gestioetan erabili duten dokumentu bat ezagutu dugu, ARGIAk bere iturrietatik eskuratuta. Dokumentu laburra da, kazetari honen ustez berezia: Kontseiluak elaboratzen dituen beste material askoren aldean argumentazioetan orri gutxi erabiltzen ditu, eta aldiz diru kopuruen erabilera modu erabat arbitrario batean burutu duela dirudi, ez dago proportziorik enpresa edo atal batzuek dituzten kopuru eta xehetasunen eta beste batzuen artean...
Xabier Mendiguren idazkari nagusiari galdetu diogu kopuru horiez eta dokumentuaz. Aurrez aurreko lehen solasaldian Mendigurenek erantzun zigun Kontseiluaren zuzendaritzak zifren dantzan ez zuela sartu nahi, baina alderdi politikoek arren eta arren eskatuta kopuruetan hurbilketa bat egin behar izan zutela. Aldiz, hori ukatu gabe, orriotan aurkezten ditugun idatzizko erantzunetan arazoa euskalgintzako elkarteotan dagoela eman digu aditzera: Kontseiluko zuzendaritzak lan batzuk eskatu euskal munduko erakundeei eta horietatik «etxeko lanak» erakunde batzuek bakarrik egin baliztuzte bezala. Kazetari honek zertifika dezake ARGIAren kasuan behintzat hori ez dela horrela izan.
Une honetan Mendiguren idazkari nagusia eta Joxe Jabier Iñigo idazkari teknikoarekin batera, Kontseiluan zuzendaritza horrela dago osatua: lehendakari Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkaria da, eta beste kideak UEUtik Iñaki Marko, EHEtik Gabi Basañez, Jakineko zuzendaria eta Egunkariako lehendakaria den Joan Mari Torrealdai, Elkarlanean-Zabaltzeneko Mikel Arrizabalaga, Elhuyarko Inaki Irazabalbeitia, IKAko Asis Arbide, Topaguneko Fernando Muniozguren, Ikastolen Elkarteko Paulo Agirre eta AEKko Erramun Osa. Honek hartu zuen iraileko batzarrean geroztik Andoaingo Kultur Parkeko arduradun izendatu duten Joan Mari Larrarteren lekua.
EAJ, EA eta EHrekiko bilkura eta negoziaketetan (Jaurlaritzako eta diputazioetako dirukontuei buruzkoetan) zuzendaritzako zein kidek hartu duen parte galdetu genion Kontseiluaren idazkari nagusiari, eta ez digu erantzun


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude