JAURLARITZAKO HPS-KO DIRUAK 2000. URTEARI BEGIRA


1999ko abenduaren 12an
Berrikuntza bat izan da EAEko aurrekontuak 1999an (1998koak prorrogatuz baina horientzako neurri osagarriak planteatuz) EAJ, EA eta EHren adostasunaren gainean erabaki izana. Eta are berrikuntza garrantzizkoagoa gerta daiteke 2000. urteko aurrekontu berriak hiruko abertzalearen akordioaren gainean onartu eta martxan jartzea.
2000. urteko aurrekontu horiek EAJ-EA Gobernuak prestatu ditu; aurretik, hiru alderdien artean burutzea zegoen pentsatua, baina udaz geroztik halako harreman hozte bat egon da, eta EHk orain abenduaren 20-21-22an eztabaidatu eta agian onartuko diren aurrekontuei bere emendakinak aurkeztuko dizkie. Hori hola joango da ETAk su-etenaren bertan behera uzteak bestelako ondoriorik ez badakar Gasteizko Legebiltzarreko orekan.
Aurrekontu berri hauek beste berezitasun bat ere badute. Kontseiluak bilkurak egin ditu bai gobernuan dauden bi alderdiekin eta bai babeslea den EHrekin aurrekontu hauei begira. Beraz, euskal kultur munduan dabiltzan agente nagusiek ondo eztabaidatu eta aztertutako aurrekontu eta emendakinen aurrean egon behar dugu.


1999KO KONTUAK.

Juan Jose Ibarretxe buru duen Jaurlaritza berriak hiru alderdien babesa jaso zuen udaberrian, eta hasieran 1999ko aurrekontuak oinarri horien gainean egitea pentsatzen zen. EHrentzako, hala ere, horretarako maniobra tarterik ez zegoen: Gasteizko Legebiltzarrean osoki parte hartzen hasteaz gain, EAJ-EArekin gobernu hitzarmena sinatu eta hilabeteko tartean aurrekontu berri batzuetan murgiltzea, abiadura handiegia zatekeen. Ondorioz, 1998ko aurrekontuak prorrogatu eta hiru alderdien artean hitzartutako helburu estrategikoei erantzuteko neurri osagarriak onartzearen bidetik abiatu zen Jaurlaritza. Gauza bera islatu da 1999an Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzak erabili dituen kontuetan ere.
1999rako Jaurlaritzak diru kopuru berezi eta osagarri bat izendatu zuen, «Euskadi 2001» izen generikoz ezagunagoa izan dena, azpiegitura mailan egin beharreko inbertsio estrategikoetarako. HPSk eskuratu zuen horietako zati bat, kultur azpiegitura «ez hormigoizkoetan» –bertako iturriek grafikoki definitu izan dutenez– hiru proiektu nagusitan mamitu dena. Bata Habenet proiektua finantziatzeko da. Izenak berak dioenez, HABE erakundearen ondarea eta produkzioa digitalizatzeko erabiltzen ari da, eta helduen ikasketa mailan helburu anbiziosoago batzuen lehen urrats izan nahi du. Bigarrena, Euskaltzaindiaren informatizazioa eta bere emaitzak

on-line
ipintzeko plana finantziatzera bideratu da. Eta hirugarrena, «Euskal Prentsa On line» proiektua da.
Ekainaren 14an aurkeztu zien HPSk «Euskaldunon Egunkaria», «Elhuyar», «Jakin», Topagunea eta ARGIAri euskarazko prentsa idatzi guztia Interneten jartzea finantziatzeko bere asmoa, horretarako bi urtetan 71 milioi pezeta aurreikusi zituela argituz, aurtengoz lehen atala bazegoen ere aurreikusia aurrekontuetan. Hainbat gorabeheraren ondoren, urte bukaera gainean dela eta deialdi zabala egiteko ezintasunean, «Egunkaria»ri eta ARGIAri –plana martxan jarritakoan zeuden egunkari eta nazio mailako astekari bakarrak zirenak– beren proiektuak aurkeztu eta finantziatzeko aukera eskaini zaie plan orokorraren lehen fase moduan; 2000.ean abian ipiniko den fasean gainerako komunikabide idatzientzako deialdia zabaltzeko erabakia adierazi du HPSk.


HPS-REN ILDOAK.

Komunikabide nagusiek jadanik publikatua dutenez, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak 2000. urteko aurrekontuetan %25eko igoera ezagutuko du, Jaurlaritzak presentatutako proiektuaren arabera.
Kultura Sail osoak 2000. urterako 24.806 milioi pezeta dauzka izendatuak, 1999ko sosak 20.362 milioitaraino igo direlarik. Horietatik –2000.ean– 4.401 milioi dagozkio HPSri (99an 3.555 milioi izan ditu). Eta diru horietatik, HABEri dagozkionak 2.827 milioi dira.
2000ko aurrekontuak justifikatzerakoan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapena aipatzen du HPSk, «plan hori baita adostasunean eta partehartze zabalean oinarrituriko hizkuntza-politika baten bizkarrezurra». Horren arabera, lan-lerro nagusi hauek izendatzen ditu:
1.- Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak (HAKOBA, Jaurlaritza, diputazio eta udaletako hizkuntza ahaleginak bilduz) hasitako lana indartzea.
2.- Euskara planak bultzatzea EAEko erakunde publiko eta pribatuetan.
3.- Helduen euskalduntze eta alfabetatzeko ekintza guztiak eta euskara planak norabide berean jartzea.
4.- Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak bultzatzea.
5.- Euskal Herriko toponimiaren inguruko jarraibideak finkatu eta bateratzea.
6.- Komunikabideen arteko lankidetza sustatzea.
7.- Normalkuntzaren alorrean ekarpen berezia eragiten duten gizarte azpiegiturazko inbertsio proiektuak sustatzea.
2000. urteko aurrekontuak aztertzean Euskara planek 353 milioi dituzte izendatuta atal berezi batean, horietatik 77 udaletxeetako euskara planetarako eta 75 erakunde pribatuetakoentzako. HPSren gainerako sosak –4.048 milioi pezetak– Koordinaziorako eta Euskara sustatzeko atalean daude sartuak. Kopuru horren barruan, gastu arruntetarako transferentzia eta dirulaguntzak 3.459 milioitara iristen dira, eta hauen barruan 2.827 milioi HABEren ohiko gastuetarako dira. Hemendik joango zaie gero dirulaguntza AEK, IKA eta euskaltegi pribatuei.
Administraziotik kanpo aterata, Euskaltzaindiari 110 milioi izendatu zaizkio 2000.erako, euskarazko komunikabideei 336 milioi, Euskalgintza ataleko subentzioetarako 94 eta teknologia berrietarako 30, UZEIri emango zaizkion 26ez gain, nagusienak aipatzearren.
Inbertsio errealen kapituluan 150 milioi dauzka erabakita HPSren aurrekontu proiektuak. Eta atal honetan aurkitzen dugu lehenbizikoz aurrekontuen beste zenbait tokitan ere aurkitzen den berrikuntza: 20 milioiko partida bat dago kanpaina ibiltari batentzako izendatua eta horren ondoan 2001 eta 2002rako konpromisozko kreditu bat aipatzen da, azpiegitura ekonomiko eta sozialen plan baten barruan. Euskarazko erreferentzia obrak Interneten jartzeko 55 milioi daude, 2003a arte esan dugun konpromisozko kredituz lotuta dauden 165 milioien barruan. Gauza bera gertatzen da zabalkunderik handieneko aplikazio informatikoak euskaratzeko ipini diren 75 milioiekin, ondorengo urteetarako 225 milioi baitaude konprometituak.
Kapital eragiketetako transferentzia eta dirulaguntzak daude beste kapitulu batean, 283 milioirekin. Horietatik 150 milioi irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuen euskara azpiegiturak sendotzeko atalean daude, eta 2003. urtea arte gainera beste 420 milioiko kreditua dago hitzartua; eta azpiatal honetako gainerako 28 milioiak Euskaltzaindiaren informatizaziorako dira. Aipatu dugun atal berean daude erabakiak HABEren inbertsioetarako 73 milioi eta euskal prentsa idatzia

on line
ipintzeko (gorago aipatu dugun proiektuaren bigarren fasean) 31 milioi.
Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek 2000. urteko aurrekontuak baloratzean, kopuru osoaren handitzea aipatzen dute. Atal guztietan gertatu da handitze hori, eta HABEren kapituluari dagokionez, berreuskalduntze mailan administraziotik kanpo dauden erakundeen dirulaguntzen igoera nabarmentzen dute iturriok. Azpiegituretan egin beharreko inbertsioetan lehen aldiz ondorengo urteetarako planak aurrekontuan lotuta agertzearen garrantzia ere azpimarratzen dute.
HPSren aldetik interes nabarmena dago 2000. urteko aurrekontuen gaian bi osagai azpimarratzeko. Batetik, euskara sustatzeko diru kopuruak nabarmen hazi direla, atal guztietan. HABEren kasuari dagokionez, igoera hori gainera batik bat administrazioa ez diren berreuskalduntze erakundeek izango dutela diote. Beste aldetik, aurrekontu orokorren atal honek 91tik gaurdaino ezagutu duen bilakaera baloratzen dute HPSn. Alegia, Mari Karmen Garmendia 94an sailburu sartuz geroztik aurrekontuek ezagututako gorakada. Erreportaje honi lagunduz doa Kultura Sailak erabili duen grafiko bat, bai Jaurlaritza osoak eta bai Hizkuntz Politikak eta Euskararen Sustapenak Jaurlaritzan 91tik gaurdaino eta 94tik gaurdaino ezagutu duten bilakaera deskribatzen dituena. 91n 100 pezeta gastatu baziren, Jaurlaritza osoak 2000.an 180,7 gastatuko ditu eta HPSk 137,4. Alderaketaren oinarri 1994a hartuta, Jaurlaritzak 2000an 136,3 gastatuko du eta HPSk 140,4.


EUSKAL HERRITARROK

talde parlamentarioan garbi utzi nahi izan dute komentatzen ditugun aurrekontuok EA eta EAJrenak direla. Hauetan ikusten dituzte kultur mundutik eta batik bat Kontseilutik egindako eskarietara hurbiltzeko keinu batzuk –euskalgintzako azpiegituretarako partida hazi dela eta euskara planetarako dauden dirutzen handitzeak, adibidez– badirela, nahiz eta EHren ustez aski ez izan.
EHren emendakinak honako ardatzotatik joango dira: motibazio kanpaina handi baterako partida, euskara planak areago sendotzea, euskalgintzako azpiegituretarakoak zehaztea eta euskal prentsa sustatzea. Kapitulu honetan, instituzioetako publizitatea handitzea, harpidetzen sustapena, euskara teknologia berrietan sendotzea, herri telebista eta aldizkariak gehiago laguntzea, eta «Euskaldunon Egunkaria»rentzako gaur duen subentzioaz at gestiorako partida berezi bat.
Ikusteke dago guk EHko legebiltzarkideekin hitz egin genuenean lantzen ari ziren emendakinak azkenean zertan zehaztuko diren, ea EAJ-EAk zein hartuko dituzten ontzat, eta baita aurrekontuei orohar EHk zein boto emango dien ere. Garbi utzi behar da egoera politiko orokorra kontuan hartuz, batzuek bake prozesua eta besteek nazio eraikitzea deitzen dioten hori ondoko hilabeteetan salbatu eta sendotzea dela helburu nagusia.
Emendakin hauetan islatzen da Kontseiluak EAJ, EA eta EHrekin aurten egin dituen gestioen emaitza. Kontseiluak euskal kultur munduaren dirulaguntzak gehitzeko egindako gestioak azkenean «euskalgintza» deitu daitekeen alorrean zentratu dira nagusiki. Ikastolen munduak, adibidez (Hezkuntza sailari dagokion alorra da) bere aldetik egin ditu gestioak bere finantziazioari buruz, eta Kontseiluak ere mundu hori gaurko bere gestiogintza mailarako handiegia dela deritzo. Berreuskalduntzeko akordio eta partidak ere gestio horretatik at joan direla dirudi.
Aurrekontuei buruzko eztabaida abenduaren 20, 21 eta 22rako dago aurreikusia. Orduan jakingo dugu bai aurrekontuak EAJ, EA eta EHrenak diren (agian beste alderdiren batenak ere bai) eta esku artean dugun proiektutik eta emendakinetatik zer pasa den aurrera. Orduan ezagutuko ditugu euskal kultur munduan eragina duten beste atal batzutan (Kultura Saileko beste sailburuordetzan, Hezkuntzan...) nola geratu diren gauzak

Kontseiluaren gestioak Bai Euskararitik 2000.eko aurrekontuetaraino

Iazko abenduaren 21ean Kontseiluak Bai Euskarari akordioa sinatu zuen hainbat alderdi politikorekin. Geroztik, alderdi horiei eta batez ere EAEko hauteskundeen ondoren Jaurlaritza berriaren sustengu izango ziren hiru alderdi abertzaleei konpromiso horiek 1999ko aurrekontuetan islatzeko eskatu zien.
Udaberrian Kontseiluaren zuzendaritzako kideek bisita egin zieten euskal kulturako kideei, urte berriari begira beren diru beharrak zein izango ziren galdetzeko, alderdiek euskararentzako diru behar handiago horiek zertan mamitzen ziren jakin nahi zutelako. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, batik bat aurrekontu berrietan euskarak behar dituen diru kopuru handiagoekiko keinu garbiak eta aurrera begirako metodologia bat finkatzea eskatu du Kontseiluak aurten EAJ, EA eta EHrekin egindako gestioetan. Horrekin batera euskal kulturako erakundeen behar ekonomikoei buruzko dokumentu edo zirriborro bat prestatu zuten.
Irailaren 25eko Batzar Nagusian Kontseiluko zuzendaritzako kide den AEKren ordezkari gisa Erramun Osak honako proposamen hau atera zuen bozketara, aktan bildua gera zedin: «Kontseiluaren eginkizuna ez da euskalgintzako elkarte bakoitzaren subentzioak negoziatzea, partida orokorrak handitzen saiatzea baizik, nahiz eta kasuren batean hala behar dela iritziz gero hori egiteko aukera erabat baztertzen ez den». Bai AEKk proposamen hori egitea (berez datorrela diruen gauza bat espreski baieztatzea eskatuz) eta bai bozketa aurretik sortu zen giroak adierazi zuten bazela egonezinen bat subentzioen negoziaketa prozesuaren inguruan. Proposamena 227 baiezko, 55 ezezko eta 21 abstentziorekin pasa zen aurrera.
2000.erako HPSk prestatu dituen aurrekontuez iritzi nabarmen bat ez du azaldu Kontseiluak, adieraziz bere irizpideak horietan mamitu zitezen udazken honetan ere egin dituela tripartitoarekin, eta aurrekontuen balorazio xehe bat egin gabe Kontseilutik eskainitako irizpideak betetzen saiatu eta keinu beharrari erantzuteko borondate bat ikusi dutela hiru alderdi abertzaleen aldetik.
Datorren asteko ARGIAn, euskararen aurrekontuen inguruan egin dituen gestioez, horietarako erabili diren zifrez, kontakto horien emaitzez eta abar, Kontseiluak berak dituen balorazioak eskainiko ditugu


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude