"POZGARRIA DA IKASLEAK EUSKARA MUNDUAN IKUSTEA"

  • Nemesio Etxaniz joaten zitzaion eskoletara, ikasleekin batera kantuan aritzeko; Ramon Saizarbitoria eta Xabier Lete, besteak beste, izan zituen lagun taula gainean, Jarrai antzerki taldearen garaietan; Zeruko ARGIAn kolaboratu zuen «Maribeltz» ezizenez, baita «Panpin» haurrentzako aldizkarian ere, Arrate Irratian bere saiotxoa izan zuen... Erretiratzeak lasaitasuna ekarri dio, baina ez dio irakaskuntzari erabat uko egin. Astean bitan helduekin aritzen da.
I

kastolen mugimenduaren hastapenetan, 50eko hamarkadako urte latzetan, hasi zinen euskarazko irakaskuntzan, Elbira Zipitriaren eskutik. Nola ezagutu zenuen Elbira eta nola hasi zinen mundu horretan?
Magisteritza ikasketak amaituta etxez-etxe hasi nintzen eskola partikularrak ematen. Jone Forkadak eman zidan Elbiraren berri; bazela irakasle bat eskolak euskaraz ematen zituena. Gu euskaldunak izanik, bere etxera joango ginela erabaki genuen. Han, ikastola ezagutuz, berarekin urte osoa eman nezan proposatu zidan, praktika moduan. Eta hala egin nuen. 1955. urtean Fermin Calbeton kaleko etxebizitza hartan egon nintzen, goiz eta arratsaldez, San Inazio bezpera arte –ordura arte ez baizuen Elbirak oporrik ematen–. Orduan esan zidaten Donostiako erdialdean ikastola bat zabaltzea komeni zela, beste guztiak alde zaharrean zeudelako. Pedro Egaña kaleko bigarrenean hasi nintzen orduan, etxe horretako bertako neska mutilekin eta beste batzuekin, zazpi guztira. Handik Artzai Onera pasa nintzen eta hor urte batzuk eman nituen. Baina 50 ikasle ingurura iritsi eta etxebizitza batean ez zegoen guztientzako lekurik.

Nola lortu zenuen egoitza berria?
Karlos Santamaria, Joxe Migel Zumalabe eta Joxe Mari Lasartek, azken honen bitartez, eskaini zidaten Amara auzoko Juan de Olazabal pasealekuko egoitza, Santo Tomas Lizeoaren egoitza. Baina berehala hura ere txiki geratu zen. Sagrado Corazón ikastetxea itxi eta egoitza hura aprobetxatu genuen bi urtez-edo. Bitartean Ibaeta auzoan lur sailak eskuratu eta ikastolaren eraikuntza abian jarri zen. Gaur egungo Santo Tomas Lizeoan jardun genuen handik aurrera.

Urte horietan ez zenuten, noski, material handirik izango euskaraz lan egiteko...
Materiala? Ezertxo ere ez. Ikasleek kajatxo batean zotzak ekartzen zituzten eta horiekin lurrean marrazkiak egiten eta hizkiak osatuz idazten ikasten zuten. Testu liburuei dagokienez, «Xabiertxo» genuen bakarra, irakurtzen hasteko erabiltzen genuen «Martin Txilibitu»z gain.

Material eskasarekin ere, metodo pedagogikoan ahalegin bat egin zenuten. Euskarazko eskola bultzatzeaz gain eskola berritzailea ere nahi zenuten.
Elbirari esker ikusi nuen eskola berriak guk ezagutu genuenarekin ez zuela zer ikusirik. Harek erakutsi zidan objetuak ikusi eta ukituz ikasten dela. Matematikarako, adibidez, hori oso egokia zen, haurrak objektuak biltzen ikasten zuen matematika, eta gainera euskara oso hizkuntza egokia zen horretarako. Guk eskolan ez genuen inoiz kantuan egiten eta gure haurrek asko abesten zuten. Abesteagatik abesten zutela uste zuten askotan, baina abestiaren bidez hiztegi aberatsa, egiturak... ikasten zituzten konturatu gabe. Eskola aktiboa zen Elbirarena.

Andereñoen Residentzian ere aritu zinen.
Bai, baina ez ikasle bezala, irakasle lanetan baizik, beste irakasleen prestaketan laguntzen. Ilunabarretan, astean behin edo bitan, joaten nintzen Euskal Herriko geografia ematera. Geografia zentzu zabalean hartuta: ohiturak, gizartea... Ikastetxeetan Espainiako geografia ematen zen orduan, baina gu haurrek euskal kulturaz ikas zezaten saiatzen ginen.

Garai hartan Katalunian ere bazen bertako eskolen aldeko mugimendu indartsua. Harremanik izan al zenuten haiekin?
Harremanak bagenituen eta behin talde bat etorri zen geurea ezagutzera. Ikastolan lanean ari nintzela sartu ziren –Itun Zaharra ematen ari nintzen orduan– eta gai guztiak euskaraz ematen genituela ikusi zuten. Zeharo harrituta geratu ziren. Haiek katalanez hitz egin bai, baina gai guztiak gazteleraz lantzen zituztela esan ziguten. Orduan gu izan ginen harrituak, gu baino askoz ere aurreratuagoak zeudela pentsatzen baikenuen. Pedagogia metodoak hizkuntza poliki-poliki sartzearen aldeko zirela argudiatu zuten eta horregatik gauzak pixkanaka-pixkanaka egin behar zirela. Guk esan genien gurasoek jakinaren gainean sartzen zituztela haurrak euskara hutsezko ikastolara. Inor ez genuen derrigortzen. Gurasoei agintzen genien, haurrak eskolaurrean ikasten ez bazuen, beste ikastetxe batera eramateko gomendioa egingo geniela. Baina, horrelako kasurik ez nuen inoiz izan.

Eta, alderantziz, gurasoek ez al zuten kezkarik haurra gazteleraz moldatuko ez ote zen?
Aukera hori egiten zuten gurasoak oso kontzietziatuta zeuden. Giro euskaldunean bizi ziren eta ez zuten zalantzarik izaten. Gehienek ez behintzat. Batzuk ikusten nituen pasiatzen Amarako egoitzaren inguruan, esanez: «Mira, aquí hay una ikastola. Qué bonito que sepan cantar en euskera, verdad?» Beren haurrak hasieran ikastolan sartu eta amaitu baino lehenago ikastetxe «serio» batetara eramatea aurreikusita zeukaten gurasoak ziren. Nik esaten nien: «hemen programa bat daukagu, eta programa honen arabera haurrek gurekin bederatzi urtera arte jarraituko dute. Asmo hori ez baduzue, ez daukazue tokirik». Baina, orokorrean ez zen horrelakorik izaten.
Bederatzi urte zituztenean, azken urte horretan, asko lantzen zuten gaztelera. Elbirak bezala, nik ere San Inazio eguna arte izaten nituen jo eta ke lanean, ikastetxe berrirako prest egon zitezen. Ez zuten inolako eragozpenik izaten.

Maila horretan ez, baina ikastola legez kanpokoa izaki, gainerako ikastetxeek ez al zuten eragozpenik jartzen?
Kartila behar zuten ikastetxe berri batean sartzeko. Eta guk, noski, ezin kartilarik eman. «Baina, non ibili da orain arte haur hau?» galdetzen zuten. Eta hor erantzuna asmatu beharra zegoen, «etxean aritu da, eskola partikularrak hartzen...». Azkenean, nola edo hala, kartila eskuratu eta sartzea lortzen zuten. Baina, azterketa zorrotza gainditu behar zuten lehenago. Guk horretarako oso ongi prestaturik izaten genituen haurrak. Bederatzi urtetarako sekulako zatiketak egiten zituzten eta gaztelerazko gramatika ere goitik behera ezagutzen zuten, «las nueve partes de la oración» eta guzti.

Legez kanpo aritzeak beste ondorio batzuk bazituen eta baditu. Zuk zeuk erretiratzeko orduan ondorio horiek jasan dituzu, ezta?
Gu erretiratu gara dagozkigunak baino urte gutxiago kotizatuta. Gure eskakizuna lanean emandako urte horiek ere kotizatzea da. Badirudi orain legeren bat aurkeztuko dutela jatorrizko hizkuntzaren irakaskuntzan aritu ginenen ingurukoa. Horren zain gaude. 1955ean lanean hasi, baina 72 arte ez nintzen kotizatzen hasi. Berrogeita bi urte eman ditut lanean eta hogeita hamabostekin nahikoa da ehuneko ehuna jasotzeko. Baina hogeita bost besterik ez dizkidate onartzen.

Hasierako Santo Tomas Lizeotik, erretiratu zinenekora, eboluzio handia ezagutuko zenuen...
Sekulakoa.

Eta tartean arazo asko gainditu beharko zenituzten. Nola bizi izan zenuten, adibidez, euskara batuaren afera?
Batuaren arazoa hor izan genuen, batzuk alde, besteak kontra. Nik erabakia berehala hartu nuen. Pentsatu nuen, euskal akademia bat badugu, espainol akademia bat ere badago eta espainolez idazteko hark esandakoa jarraitzen da. Bada, nik idazterakoan Euskaltzaindiaren arauak jarraituko ditut. Baina beti ere, ahozkoan, bakoitzak bere hizkera erabiltzearen aldekoa izan naiz.

Ikastolan Nemesio Etxanizen laguntza ere izan omen zenuen.
Laguntza handia izan nuen. Asmatzen zituen abestien estreinaldia gure ikastolan egiten zuen. Hambostero-edo, abesti berri bat erakusten zien haurrei. Olerkiak ere ekartzen zizkigun; gogoan ditut Moro katuarena, esne saltzailearena, tximinoena... Horiek guztiak mailakatu egiten genituen bakoitzaren balio pedagogikoaren arabera. Zaharrenentzat, bederatzi urte ingurukoentzat, gazteleratik itzulpenak egiten zituen, film ezagunak kontatzen zituen...

Irakaskuntzan eman dituzun berrogei urtetan ikasleen perfila ere aldatuko zen. Nola gogoratzen dituzu Lizeoko lehen ikasle horiek eta nola berrienak?
Lehen horiek niretzat zintzoak, jatorrak... zoragarriak dira. Berriak askoz ere lotsagabeagoak dira, uste dute denetik badakitela eta erdara asko hitz egiten dute euren artean. Lehenengo haiei ez zitzaien burutik pasa ere egingo elkarrekin erdaraz hitz egitea. Donostiak ez dakit zer duen, baina hemengo haurrak askotan aritzen dira erdaraz. Ikastolan «euskaraz, euskaraz...» behin eta berriro errepikatzen ibili behar duzu. Eta otsoa bazina bezala begiratzen zaituzte; batek besteari ukalondokoa eman eta «Karmele, Karmele dator...» Nik ez nekien zer egin euskara maita zezaten. Jo eta ke erdaraz aritzen ziren, eta gaizki, gainera, «has hecho las etxekolanas» eta horrelakoak esanez.
Azken urteetan, garrantzia handia ematen nion ahozko hizkuntzari eta hori lantzen saiatu nintzen bereziki. Idatzi, nahiko ongi idazten dute, baina ahozkoan dituzte arazoak.
Eta barre ere egiten dizute askotan! Baloiarekin jolasean geundela «atxi!» esan –guk, txikitan, Orion esaten genuen bezala– edota «idiota»ren ordez, «tuntun paela» bota eta barrez ez ziren ba hasten! Edo bestela harrituta begiratzen zintuzten, horrelakoak inork gehiago esango ez balitu bezala. «Donostiar hauek...» pentsatzen nuen nik. Donostiako haurrek euskaraz hizketan ez daukate graziarik.

Zure lana ez zen ikastolara bakarrik mugatu. 60ko hamarkadan Jarrai antzerki talde berritzailean ere jardun zenuen. Zer suposatu zuen talde honek?
Lehenago Santo Tomas egunean egiten ziren soilik euskarazko antzezpenak. Antzezlanak baserri girokoak-eta izaten ziren gehienbat. Jarrai eskema horiek apurtzen hasi zen, atzerriko antzezlan onak itzultzen, bertako lan berriak taularatzen... Batzuk nahiago zuten San Tomas egunean barre egitera joaten jarraitu, baina gazte jendeak bestelako antzerki bat nahi zuen. Iñaki Beobide zen zuzendari, eta Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Gurmendi... bertan ibili ziren.
Antzoki Zaharrean, igande eguerditan, antzerki emanaldiak izaten ziren, erdarazkoak guztiak. Guk pixkanaka-pixkanaka ziklo horretan sartzea lortu genuen.

Zentsura ere hor ibiliko zen, ezta?
Egiten genuen guztiak pasa behar zuen zentsuratik. Gogoan dut behin Monzonen obra bat aurkeztu genuela eta M. Olaso bezala firmatu genuela testua. Jakingo zuten, noski, zein zen M. Olaso hura, baina badaezpada disimuloan ibili behar.

Zeruko ARGIAn ere zeozer idatzi zenuen urte haietan.
«Gazte naiz» sailean idazten nuen Saizarbitoria, Beobide eta beste batzurekin batera. Ez nuen, ordea, nire izenez sinatzen, «Maribeltz» bezala baizik. Nire izaera horrelakoa da: beti ibili izan naiz akuilua, eztena sartzen. Artikuluak ere horrelakoak ziren eta hobe nuen ez sinatzea.

Jarrai, Ez dok Amairu, «Gazte naiz» saileko artikuluak... inguru horretan ibilita kritikak ere jasoko zenituzten, noski.
Anonimoak eta guzti bidaltzen zizkiguten. Eskutitz bat argitaratu zuen Elena Iribarren folkloristak egunkarian «El alma vasca se pierde» izenez. Hori bera bidali ziguten Jarraiko guztioi, baita Don Nemesiori ere. Anonimoa zen, baina ondotxo dakit nork bidali zidan... Horrela ibiltzen ginen eta horregatik ez nuen nahi nire izena Zeruko ARGIAn ager zedin.

Haurrentzako aldizkari batean ere jardun omen zenuen.
«Panpin» aldizkaria egiten genuen Iñaki Beobideren etxean, alde zaharrean. Eta Arrate Irratian ere irratsaio bat bagenuen. Nik emakumeen inguruko saioa egiten nuen, munduan garai hartan puri-purian zeuden emakumeen berri emanez, amari eskatutako errezetak eskainiz... Egia esan, denetarik egin dut.

Eta hainbeste urtetan hainbeste eginda, ondo hartu al zenuen erretiratzea?
Nik lana beti oso gustura egin dut 65 urteak bete arte. Baina erretiratuta ere, oso pozik nago. Erretiratu aurreko azken hiru hilabeteetan ez nuen klaserik eman. Materiala bildu eta antolatzen aritu nintzen. Eta konturatu nintzen haurren garraisiak, eskaileretako burrunba, autobusen joan etorriak... ez nituela jasaten. Gustura hartu nuen erretiratzea.

Baina, ez zara erabat erretiratu.
Astean bi egun ematen dizkiot euskarari. Astelehen arratsaldeetan hiru emakume etortzen zaizkit eta astearteetan Bagerakoekin aritzen naiz. Mintza praktikak egin eta alfabetatzean ere aritzen gara.

Omenaldi ugari jasoa zara. Euskal Idazleen Elkarteak omendua izan zinen, iaz Ohorezko Euskaltzain izendatua... Nola hartzen dituzu horrelakoak?
Lotsatu egiten naiz hasieran, urduri jartzen naiz. Baina, pozik hartzen ditut. Nire eskuetatik zenbat haur pasa diren pentsatze hutsarekin... Argi dago zerbait egin dela, egindako lan guztiak emaitzak izan dituela eta batzuk hori eskertu egiten dizutela.

Emaitzak aipatu dituzula, hasi zinenean esperotakoa bete al da?
Bete eta, sarritan, gainditu. Zazpi ikaslerekin hasi nintzenean, nola pentsatuko nuen gure ikastolak egunen batean 2.000 ikasle izango zituela? Poz handia ematen du ikasle izandakoak euskara munduan ikusteak. Telebista jarri eta hor ikusten ditut Ramon Agirre, Aizpea Goenaga, Ane Gabarain... euskaraz aritzen diren aktoreak eta gure ikastolatik pasatakoak denak. Poz handia ematen du, era berean, Miren Azkarate nire ikaslea izan eta orain Euskaltzaindian dagoela ikusteak. Ez dut esaten neure meritua denik, meritua bakoitzak egindako lanak duelako. Baina, gerora euskararen munduan sartu direnek, txikitatik izan dute euskara barruan eta guk horretan lagundu dugu

ELBIRA ZIPITRIA
«Benetako irakaslea. Niretzako eredua. Euskalduna eta abertzalea»

RAMON SAIZARBITORIA
«Gazte denborako laguna. Garai hartan gaztediarentzako eredu»

XABIER LETE
«Poeta. Poeta guztiak bezalaxe bere bizitzan gorabeherak izan dituena»

RIKARDO ARREGI
«Euskalduntze alfabetatzea aurrera atera zuena. Askori euskara ikasteko eta lanzeko irrikia sortu zion gizona»

PAKITA ARREGI
«Ikastolak asko zor dion emakumea garai latz haietan egindako lan isilagatik»

JOXE MIGEL ZUMALABE
«Gizon jakintsua, apala eta abertzale fina»

KARLOS SANTAMARIA
«Gizon irekia, zuhurra, isilpean lan egiten irakatsi zidana»

NEMESIO ETXANIZ
«Laguntza handia eman zidan lagun handia. Omenaldi batean jendaurrean esan zuen gizon guztiek emakume bat dutela alboan, San Frantziskok Santa Klara zuela eta ni nintzela bere Santa Klara. Nire txanda iritsi zenean zer esan behar nuen? Bera zela nire San Frantzisko»

IÑAKI BEOBIDE
«Euskal kulturaren munduan lan handia egina»


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude