FRANTZI IPARRA

Lagun bati entzuten nion lehengo batean, nola Iparraldean somatzen den Frantziako hegoaldea dela, Hegoaldean Espainiaren iparraldea garela antzematen den bezala, iparrak eta hegoak Mendebaldeko zibilizazioan dituzten konnotazio guztiekin. Ez da aurreiritzia, konstatazioa baizik.
Zera bezalaxe, Frantzia Espainia baino Estatu aurreratuagoa izan dela azken mendeetako historian, eta frankismoaren garaian enbidiaz begiratzen genuela Bidasoaz goitik zegoen guztia, hasi Getaria edo Sokoa inguru horretan haizeak harro astintzen zuen ikurriñatik eta jertseak egiteko artiletara, hemengoak ez bezalako kolore eta ikutukoak. Ikurriña toailetaraino iritsi zen halako batean eta Merkatu Batuak berdindu ditu produktuak. Pintxoak salbu, horien bila Donostiaraino etorri behar izaten dute Bidasoaz harunzkoek.

PINTXOEZ
gain, enbidiarik izatekotan, Iparraldekoei suertatu izan zaie azken urteotan parte hori. Egitura eta egikera instituzionalek kutsu kolonialista erakusten dute Hegoaldekoekin konparatzean. Abadiako gazteluan erreportaje bat egiteko baimena Parisera eskatu behar dela, Otsozelaiako kobetan aurkitutako aztarnak Parisen daudela... sukaldeko kontu horietan aurkitzen ditu azkenean batek zentralismo hantuste eta lapurraren frogarik behinenak. Gauzak horrela, Iparraldekoei lirikotasuna negarti bihurtzeak ezin ba harritu. Eta jakina, ohitu gara, euskal munduaren barruan behintzat, Iparraldekoei bizkarrez gaindik begiratzen, adeitasun osoz, hori bai, baina zorte eskaseko senide gizarajoari begiratzen zaion bezala. Gizarajoak, gajoak, gaixoak... horiek esplizitoki ez bada ere, gure buru eskeman aplikatu izan dizkiegun kalifikatiboak. Enkarguak egitea suertatu izan zaie, Hegoaldetik zihoazenei aterpe ematea, laguntza eskaintzea, eta horren izenean edo aitzakian, sarritan, dinamika propioak bazterrera uztea. Lizarrakoari ere gero erantsi zitzaion Garazi, zalapartaka, «politically correct»ak horrela agintzen zuelako, eta inoren konbentzimendua zalantzan jarri gabe, ziur naiz senide txikiarekiko kontzesio modura sentitu zuela –genuela– askok izen bikoizketa hori.

ETA
hara non urtebetera, 99ko udazken honetan, Iparraldekoek mirespen zeinua pintatu diguten kopetan. Hamahiru mila lagun kalean Departamenduaren alde. Alkate xingoladunak eta kamixeta berritsutako gazteak elgarretaratze berberean, Hegoaldetik begiratuta pentsaezina gertatzen zaigun abaniku kolore aniztuna osatuz. Eta bi astetara berriz, hor bildu dira beste milaka batzuk Garazin autobidearen proiektuaren kontra. Bi mobilizazio hauen ondotik, zin dagizuet, beste begi batzuekin ikusten dut Iparraldea. Pobreak ikasi duela arrantza egiten, aberatsak errukiz emango dion arraina jaten ibili gabe. Eta arrantza bere erara egingo duela gainera, beste inoren eskolarik jarraitu gabe.
Bi gertakizun hauen ondoren mintzaide izan ditudan Iparraldeko lagunek klabe hau ematen zidaten: belaunaldi berri bat irten da plazara Iparraldeko herrigintzan, 60ko hamarkadatik zuzia zeramaten banaka haiekin zubia egin eta horien herentzia jaso eta eguneratzen ari dena. Oinarriak eta helburuak garbi izanez eta aldi berean pragmatismo galanta erakutsiz, ritmoak eta tempoak tentuz zainduta, patxadan tinko eta amildu gabe. Frantzi iparrak hotz deserosoa ekarri ohi digu Hegoaldera. Oraingoan astindu piztaile eta sortzailea dakarkigulakoan nago. Hemendik aurrera arreta eta jakinmin haundiagoz zainduko ditugu Iparraldeko mugimenduak


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude