EUROPAKO BISOIAREN EUSKAL BABESLEKUA GALZORIAN


1999ko azaroaren 14an
Duela gutxi arte bisoi hitza ez genuen ezagutzen, animalia horren larruaz eginiko berokia ez bazen behintzat. Berokiak gogora dakarkigun bisoia eta gure ibaietan aurki daitekeen bisoia espezie oso desberdinak dira. Berokiarekin erlazionatutakoa bisoi amerikarra da. Bestea, Oka, Arga edo Debako ibaiertzetan ezkutatuta bizi dena bisoi europarra da. Nahiz eta gero eta entzunagoa izan eta bere biologiari buruzko informazio zientifikoa gorantz doan, gure faunako ugaztunik ezezagunenetakoa da. Zoritxarrez, beharbada, ezagutzeko aukerarik gabe desagertuko da. Erdialdeko Europatik desagertzen hasi zen joan den mendearen erdialdean (Erdialdeko Europaren zati handi bat hartzen zuen hasieran) eta bisoiaren banaketa eremua etengabe murrizten ari da. Adituen arabera desagertzeko arriskurik handienetakoa duen espezietakoa da. Bideragarriak diruditen populazio bakarrak Frantziako hegoaldean eta Iberiar Penintsulako iparraldean daude.
Bisoi europarra, ibai, erreka eta ingurune hezeetan eta hauen gertuko lurretan bizi den haragijale txikia da.
Antzina, Europako zati handi batean bizi zen, Iberiar Penintsularen iparraldetik, kontinentean zehar ekialderantz Uraletaraino. Baina XIX. mendean hasi eta oraindik jarraitzen duen atzerakada prozesu baten eraginez, jatorrizko banaketa eremuaren zati handi batean desagertu ondoren kontserbazio egoera larrian dago gaur egun (IUCN erakundearen arabera –1994. urtean desagertzeko arriskuan dauden espezieak jaso eta sailkatzen dituen zerrenda «gorri» eguneratua aurkeztu zuen–, azken 10 urte edo 3 belaunaldietan % 50eko murrizketa jasan dute beraien populazioek). Gaur egun, bisoi europarrak bi populazio bananduetan aurkitzen dira: Europako hegomendebaldean dago lehena (Bordeletik Errioxaraino dagoen lurraldean, Euskal Herria barne) eta ekialdean bestea (Bielorrusia eta Errusiako zati batean). Danubio ibaiaren deltan ere bisoiaren populazioren bat egon daiteke, azken hilabetetan eginiko behaketa berrien arabera. Ekialdeko herrialdeen egoera sozioekonomikoak alde batetik eta bertako bisoien atzerakada etengabeak bestetik, espezie honen kontserbazioaren itxaropena hegomendebaldeko populazioan jarri dute neurri handi batean. Populazio honen zati handi bat Euskal Herrian egoteak, nazioarte mailan ugaztun honen kontserbazioaren arduradun nagusien artean jarri gaitu.
Bisoiaren kontserbazioan lan egiteko orduan bi arazo nagusi aurkitu dira: lehena, espezieak jasan duen eta jasaten duen atzerakadaren arrazoiak ezezagunak direla oraindik (hipotesi asko dago baina nabaritasun gutxi) eta bigarrena, espeziearen biologiaren zenbait alderdik ikertu gabe jarraitzen duela (zeintzuk dira espeziearen habitat beharrizan zehatzak, nolakoak dira bisoien populazioen ezaugarri demografikoak, elikadura beharrizanak, ugalketa arrakastatsuaren baldintzak, uraren kutsadura, kanalizazio, ibai ertzeko landarediaren mozketa eta bestelako giza jardueren eragina nolakoa eta zenbaterainokoa den...). Hori guztia dela eta, datozen urteetan ikerketa eta kontserbazioa inoiz baino lotuago joan beharko dute.
Euskal Herrian eginiko hainbat lanek bisoiaren distribuzioa partzialki erakusten zuten eta espeziearen biologiaren aspektu batzuk ezagutzeko oinarrizko lan batzuk ere eginak dira, baina oro har, bisoi europarra animalia ezezaguna da hemen.
Testuinguru honetan Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornodunen Departamentuko ikerlari talde bat duela urte pare bat bisoi europarra ikertzen hasi ginen. Bestalde, Zarauzko Izadi taldeak Eusko Jaurlaritzari bisoi europarra Euskal Autonomia Erkidegoan nola banatuta dagoen aztertzeko eskaera egin zion. Eusko Jaurlaritzak baiezkoa erantzun du eta Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Sailak hartu du lana bere gain eta urte eta erdiz bisoiari buruzko datuen eguneraketa lanean arituko dira. Une honetan ditugun datuen arabera eta desagertze arriskua ikusita, animaliatxo hau aurkezteaz gain kontserbatzeko aukeren inguruko iritzia luzatzen dugu.


ESPEZIEAREN DISTRIBUZIOA.

Ezezaguna da oraindik bisoi europarrak Eskal Herrian duen banaketa zehatza. Espeziearen distribuzio eguneratua ezagutzeko argazki tranpak oinarri dituen metodo berri bat prestatu dugu lehendabizi. Metodoaren jatorria, Estatu Batuetako USDA Forest Service delakoak hango zenbait karniboro detektatzeko prestaturikoa da; Gipuzkoako Foru Aldundiko Basafauna Zerbitzuaren laguntza ekonomikoarekin, metodologia berri hori lurralde honetako baldintza eta materialetara moldatu dugu. Zenbait saiakuntza egin ondoren, emaitza onak ematen dituen laginketa protokolo bat finkatu dugu: ohiko metodoen bidez karniboroen harrapaketak ez dira ahaleginen % 5era iristen eta metodo berriarekin lortutako etekina % 35 ingurukoa da. Etekin handiko metodoa izatea bisoiaren distribuzioa epe labur batean eguneratzen lagungarri izango zaigu eta laginketak maiz errepikatuz bisoien joera poblazionalak objektiboki baloratzera iritsi gaitezke (aurreko informaziorik ez dagoenez, ezinezkoa da oraingoz hori hemen egitea). Metodoa prestatu ondoren laginketa sistematikoekin hasi gara. Ezin dugu emaitzik aurreratu baina orain artekoa aztertuta lehen ondorio interesgarriak atera daitezke. Hauen artean aipagarria izan daiteke ibai ertzak hasieran uste baino karniboro gehiagok erabiltzen dutela eta bisoiez gain, lepazuriak (

Martes foina
), katajinetak (

Genetta genetta
), azkonarrak (

Meles meles
) eta etxe-katuak (

Felis catus
) sarritan aurkitzen dira; lepahoriak ere (

Martes martes
) bisoiaren habitatean aurkitu ditugu urteko garai batean. Datu hauekin ibai ertzeko basoen ikuspegi berria daukagu eta hori bisoiaren biologiaren zenbait aspektu ongi baloratu ahal izateko oso erabilgarria izango da.


PORTAERA ESPAZIALA.

Gipuzkoako ibai bateko bisoi europarrak «radiotrakin» bidez ikertzen hasi gara. «Radiotrakin»a zera da, animaliei irrati emisore txiki bat erantsi eta horren seinalea hartuko duen rezeptore baten bidez animaliak edozein unetan zehaztasunez lokalizatu ahal izatea. Horrela, animalien eguneroko bizitzaren ezaugarri asko ezagutu ahal ditugu: aktibitate orduak, ibaian gehien erabiltzen dituzten zatiak, giza-jardueren aurrean erakusten dituzten erreakzioak... Lehen emaitzek giza jardueren aurrean nahikoa tolerantea den animalia bat erakutsi digute, baina aldi berean diskretua. Bere gordelekuak giza etxebizitzatatik oso gertu, arrantzaleak ibiltzen direneko lekuetan edo baratzeetan jartzeko gai da esate baterako, baina bere jarduera gizakia gutxien agertzen denean egiten du. Hurrengo hilabetetan egingo den jarraipenak habitat beharrizanak ezagutzeko balioko du: ibai ertzen egitura, populazio bideragarriak mantentzeko baldintza egokiak dituzten gutxieneko ibai luzerak eta abar.


ELKARLANA.

Bisoi europarraren kontserbazioak berau ikertzen dugun talde guztion koordinazioa beharko du. Arlo honetan, aipagarria da Euskal Herrian dihardugun bi ikerlari taldeen arteko harremana eta elkar aditzea (EHU-ko Zoologia departamentukoa bata, Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Ornodunen Departamenduko kideona, bestea). Aipagarria da ere Europako ekialdean bisoia ikertzen ari direnekin mantentzen dugun harremana. Azken hauekin aurtengo ekainean elkartu gara, Finlandian ospatu den «Third European Mammal Congress» delakoak eskainitako aukerari esker; bertan, azken emaitza eta iritziak elkarri emateko aukera izan dugu. Han jasotako berri eta iritzien artean, berriz ere zera nabarmendu behar da: bisoi europarra kontserbatzeko aukera, aurrerantzean hemen egingo den lanaren menpekoa izango dela neurri handi batean.
Honek guztiak azken gogoeta batera eramaten gaitu: erronka berri honi aurre egiteko gai izango ote gara? Zein da bisoi europarraren etorkizuna Euskal Herrian?


ITXARONGO AL DU BISOIAK?

Jakin badakigu hasteko, ohiko kontserbazio neurriak (habitataren babesa,...) eta ikerketa konbinatua beharko direla. Legediaren aldetik, jadanik indarrean dauden hainbat lege zorroztasunez betetzearekin nahikoa da oraingoz bisoiaren habitata (ur korronteak eta hauen inguruko lurrak) babesteko eta, dakigunaren arabera behintzat, bisoiak arrisku berezirik gabe bizi ahal izateko. Bestalde, gure herriaren egoera sozioekonomikoa nahikoa ona da; honelako gai batek ez du erabateko lehentasunik lortuko, baina naturaren kontserbazioaren arloan lehen mailakoa dela onartu eta horrek eskatzen dituen neurriak hartzeko moduko egoera bai ematen da hemen. Aspektu teknikoari dagokionez, ugaztun hau ikertzen gabiltzan taldeok gaiaren inguruan sortuko diren ikerketa lerro berriak garatzeko ahalmen nahikoa daukagula esan dezakegu (zer esango dugu ba?); emandako lehen urratsetan lortutako emaitzak ikusi ondoren, hori pentsa daiteke behintzat.
Hala ere, ez gaitezen baikorrak izan; ez oraingoz behintzat. Euskal Administrazio Publiko konplexuak egiten duen naturaren babeserako politikak zertxobait berritu beharko ditu: espezie nahiko ezezagun batek lehentasuna eskatzen du; espezie bakar bati zuzenduriko ikerketa lerro jarraiak mantendu (finantzatu) beharko ditu (berria hemen); ibai bazterreko habitata babesten duen legedia zorroztasunez bete eta betearazi beharko du; kontserbazioa ikerketa zientifikoan oinarritutako prozesu dinamiko bezala ulertu beharko du... Dudarik gabe, Euskal Herrian egiten den naturaren babesa egoera berri baten aurrean aurkitzen da; itxarongo al du bisoiak eman beharreko aldaketak iritsi arte?

Habitataren aldaketa

Bisoiaren bizitokia lineala da; uraren masa eta ibilbideetara, eta hauen inguruko guneetara atxikitzen da. Badirudi, edozein aldaketak bere presentzia kolokan jarri dezakeela. Horrela, drenajea eta ibilguen kanalizazioa, maila freatikoaren alterazioa eta urbazterreko begetazioa desagertzea bisoia desagertzearen arrazoitzat hartu dira.
Bisoi europarraren kopuruak behera egitearen beste arrazoitzat uraren kontaminazioa jotzen da. Uraren ibilguen kontaminazioa bisoi europarrarengan nola eragiten duen ez da aztertu, baina bai amerikarrarengan. Animalia hau metilmerkurioarekiko, PCBkiko eta intsektizida organokloratuekiko (DDT, DDE, dieldrine) oso sentikorra da eta ehun kontzentrazio txikia nahikoa da bere ugal prozesuarengan nabarmen eragiteko. Gure ibaien kontserbazio egoera desberdina da. Nafarroako iparraldekoak eta Kantaurira isurtzen duten ibaien buruak egoera onean daude. Bestalde, Zadorra, Ebro eta kantauriar ibaien zati ertain eta behekoak oso aldatuta daude. Dena dela, bisoiak itxuraz bederen tolerantzia erakusten du, egoera oneko zein txarreko ibaietan bizi baita

Bisoi europarra amerikarrarengandik ihesi: handiagoak dira eta aldaketak errazago jasaten dituzte azken hauek

Bisoi amerikarra 20ko hamarkadan iritsi zen Europara. Kontinentean animalia arrunta bihurtu da, ihes egiten baitzuten eta baita gizakiak askatu ere. Bisoi amerikarrak kalte egiten dio populazio europarrari. Nola? Bi espeziek nitxo ekologiko berberak erabiltzen dituzte, amerikarra handiagoa da eta inguruneko aldaketetara hobeto moldatzen da. Beraz, amerikarrak europarra ordezten du.
80ko hamarkadan bisoien granja anitz eraiki ziren. Horietako gehienek ez zuten etekin ekonomikorik izan, ez baitzituzten baldintza egokiak eta bertan behera geratu ziren. Bisoiak ihes egitea eragozteko segurtasun neurri kaxkarrak zituzten eta bateren batek enpresa ixterakoan animalia guztiak aske utzi zituen. Duela gutxiko kontua bada ere, enpresa kopurua eta beraien eboluzioa ezagutzea ezinezkoa da ez zeudelako Administrazioak kontrolatuta. Gaur egun, enpresa horietatik gutxi batzuk jarraitzen dute lanean. Espainian 400.000 bisoi amerikar daude 70 granjetan gatibu. 50 granja Galizian daude eta gainerako 20ak Gaztela-Leon, Katalunia, Aragoi, Valentzia eta Euskal Herrian. Abere hazkuntza irregular honen ondorioz gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan daude bisoi amerikar basatiak


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude