DENBORAPASAENEA


1999ko irailaren 26an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Etxe berezia da. Ez da zaharren egoitza ezta Gaztetxea ere. Taberna, joku-gela, gimnasio, hotel, eliza, eskola, ... edo antzekoekin ez du zerikusirik. Etxe birtuala da. Oraindik asmatu gabekoa ez baina, oso gutxik aintzakotzat hartzen duena. Bere ordez darabiltzagunak medikuenea, psikologoenea, psikiatrenea, e.a. dira. Profesionalen etxeak dira hautatuenak. Ahal bada, denboraren gurpilean denborarik galdu gabe aurrera egiteko moduan jarriko gaituzten haiek bisitatzen ditugu. Ahal bada, geuk deusik egin gabe, sendagai mirakulutsu baten bidez berriz martxan jarriko gaituztenak.
Gure ezagun batek dionez, egun, bi langile mota omen gaude: eskubide

denak omen
ditugunak eta guk dugun egoera lortu nahi dutenak. Gainontzekoak, langabezian daude (soldatari dagokionez), izatez langileak diren arren. Eskubide

denak omen
ditugun langileon (gehienon) bizitzako helburu nagusiak: soldata bikaina, elkarte tripazale eta goi mailako futbol talde bateko bazkide izan,

beharrezko
erosotasun guztiak eskuratu: txaleta, autoa, Harley Davidsona, hiru telebista, garbigailu ia denak, neskamea edo mutilmea, oporretarako apartamentua, ...omen dira, eta beste langileak, gure mailara noiz iritsiko zain.
AIPATURIKO dena lortzen dugunean, ia beste ezer gehiago nahi/behar dugun ez dakigunean edo daukaguna zertarako dugun edo guk daukaguna nori falta zaion edo ... galdera hauekin batera hasten dira, askotan behintzat, profesionalenerako joan-etorriak. Ez ez garelako gauza galdera horiek hausnartzeko baizik eta, ez dugulako astirik hartu galdera horiek geure buruari egiteko. Zergatik ez dugu astirik hartu? Ez digutelako tarte txikienik ere utzi nahi, bizitzako galdera potoloak geure buruari egin diezaizkiogun. Dena antolatzen digutelako!
Denborapasaenean ez dago aukerarik galdera horiei erantzun gabe ibiltzeko. Dena, era xamurrean, pentsatzen ikasteko antolaturik dago. Eguneroko zereginek uzten diguten astia antolatzen ikasten da, oharkabean. Monitoreak pentsatu du zer egin edo nondik hasi: jokuak, ipuinak, elkarrizketak, ... Batzutan ez du deus antolatu, zer egin orduan? Erreka ertzean jarri eta harri ttikiak uretara botatzeak sortzen duen hotsa, freskura sentsazioa, irudiak, bizi txipristinak, ...dastatzeko astia eman digu. Edo

idien pausoan
ibiltzen ikasiko dugu; inorako presarik gabe, hankak aurrera bota eta egin dezatela bidea nahi duten alderantz. Zeren presa dugu? Egunero paseatzera irten eta ia korrika dabiltzan horiek bezala, zertarako? Goenkale ikustera berandu iritsiko direlako? Psikologoenean errezetatu dietelako, beraz, egin

beharra
dutelako? Noiz egin behar ditugu gauzak geuk hala nahita?
Aspaldi batean ezagutu omen zuten denborapasaenean, inor ez omen zegoen soberan – ezta oso-beheran ere –. Denak ziren beharrezko, denak maila beretsuan. Tertuliak bere lekua zuen, lanak bezala. Amandrea edo aittajaunak, hezurrak gogortu ahala burua lijertzeko abilezia zutenez, etxe eta auzoko haur eta gaztetxoei aspaldiko ipuin eta kantak erakutsiz arnas-berritzen zuten historia, eurentzat eta besteentzat. Gauak egiten zuen gainerakoa. Ordezkaezinezkoa zen bakarra, bera zen, gaua. Egun, gaua eta eguna, denbora eta astia, denborapasa eta egotea, ... maila berean darabiltzagu. Egañak bapatean egia zion: «... garuna, (laguna), gehiegik gutxiegi erabiltzen duna».
DENBORAPASAENEA, errealitate birtualetik edo balizko sailetatik honago ekarri behar dugu. Langileok lortuko ditugu baldintza hobeak (hobeak?): soldata igoerak, segurtasuna lantokian, lan-ordu murrizketa, e.a., aldiz, hobekuntza horiek emateko erabakia bere esku duenak, egundoko lorpenak balira bezala salduko dizkigu aurretik eta atzetik ziri ederra sartuz. Oñatin bizi zen asturiar aittona bixi hark zion moduan, «

Al cliente hay que joderle y dejarle contento
».
Hala da, orokorrean ordu gutxiago arituko gara lantokian baina ordu gehiago emango dugu lanaz pentsatzen, arduratzen eta hurrengo egunekoa antolatzen. Azkenean, eguneko hogeita lau orduak horretan. Oharkabean, normalena hori delakoan, besteek ere horixe egiten dutelako. Elkarte tripazaleko afarian, futbolean eta edonon, lanari bueltaka!
Denborapasaenea martxan jartzea beste erremediorik ez daukagu. Hartara derrigortuak gaude beste zerbaitetan pentsatzera, gutxiegi darabilgun hau astintzera, gauza anitzetaz gogojardunera. Txaletean ditugun leiho eta leihatilek (telebista eta irratiek), irekita daudenean irensten diguten freskotasunari, haiek itxita (edo irekita) nola eutsi asmatu behar dugu. Freskotasun horrek, patxadaenea, amets borda, atsegindegi, hitzontzienea, algara-etxola eta gainerako larreak ihintzez ase ditzan, ordezkaezina den gau izartsuan ... eta garunean


Azkenak
Eguneraketa berriak daude