Milurtekoaren bukaerak lausoturik uzten du hamarkadaren amaiera. Denbora neurtzeko lagin guztiak bezala, konbentzionala da erabat hamarkada, baina oroimenean gordeta dauzkagun kromoak klasifikatzeko baliagarria erabat. Konta litezke hamarkadak orokorrean: 1950ekoa, 1960koa... edo konta litezke norberaren bizitzaren arabera: 20 urte nituenekoa, 30etakoa... Batzuetan kromo orokorrak eta partikularrak ez datoz bat, laburpen kontraesankorrak ematen dituzte. Hamarkada basati baten erdian izan ditzake batek kromo partikularrik ederrenak. Dena den, oroitzapenaren argi itzaletatik, irudi batzuk gailentzen dira, guztiok egutegi antzekoak erabili izan bagenitu bezala urteen joan etorria markatzeko.
Guregana iritsi berri zen «technicolor»ean irudikatzen dut 60ko hamarkada, mantxa kargatu eta artifizialetan, ñabardurei kaso handirik egin gabe, kolorearen leherketa nahikoa balitz bezala.
Nylon-a eta kardatua, umegoei hortzak zorrozten zizkiguten neska gazteen gona borobil puztuak, autodunen kategoriara igota «seiscientos»arekin, «plan playero»ak eta kanta inozoak. Modeloa Francoren familiak jartzen zuen, hurbilekoak eta bere inguruan zuen tribuak, gerra ondoko protekzionismoan sosak egindakoek, «ecos de la sociedad»en agertzen ziren haiek. Industriari esker soldata orokortuta, aberats berrien hamarkada zen hori, usteak dena baino borobilago egiten zuen munduan. Distira sekula ere ez sobran.
DISTIRA kontuan 80koari eman zion erreleboa 60koak. Orain koloreak are definituago, argazkietan ez ezik bideoan. «Malvaloca»koek, dantzen bidez hamarkada bakoitza erretratatzen zuten ikuskizun hartan, ezin hobeto asmatu zuten: bikotea dantzan, elkarri sekula begiratu ere egin gabe, bakoitza bere baitan, norberaren edertasuna eta perfekzioa bakarrik kontuan. Izan ere, ni-aren erreinua zen hura, dena norberaren loriarako eta besterik ez. Aurreko hamarkadan kolektiboari begira bizi izandakoak, desenkantuaren aitzakian, norberaren oskolean sartu ziren zorionaren bila. Gaztarora iritsi berriei mundua oihan basati modura erakutsi zitzaien, ehiztari depredatzailearena egiteko antzokia. Iruzurra lege, horretarako gai ez zena, gizarajoa-gajoa. Post modernismoaren gidaritzapean balore kontserbadoreak gora, hipokresiaz gainezka. Kokaina diskretoa zen oso, ez zerion kerik, ezta belar usain sarkorrik ere.
PLASTIKOZKO ogitarteko horretan itoa geratu zen 70eko hamarkada. Naifa itxuraz, lorez apaindua toki batzuetan, utopiaz gehienetan. Garaiko gazteek zilegizkoa zuten errebelde izatea. Esan eta egin, salatu eta irauli. Askatasuna egarri, norberaren bizitzan eta taldearenean. Irudimen sortzailea– gogoratu bestela musika– aurreiritziak kanpora, hesiak lurrera. Hazi hori hibernazioan egon zen hurrengo urteetan, lurpean zanpatua. Ernetzeko zantzuak egin zituen ordea mendearen azken hurrengo hamarkadan. Herabe, apurka, kontraesanean, hotsik jo gabe. Zailduta egotearen bentaja nabari zaio ordea. Hogei urte lehenagoko inozentzia sendatuta, hamar urte lehenagoko zinismoa gaindituta. Ez da oso aldarrikapen zalea, prosaiko samarra aukeran, ez dauka 70eko senidearen erromantizismorik, baina sendoagoa ageri da, haren eskarmentuaren jakitun. Hitz bakar batek bil dezake: solidaritatea. Kontzeptua mamitzen eta ontzen doa, eta olioa bezala zabaltzen da, tantaka, apal, gazteriatik gizatalde zabalagoetara.
Bi milagarreneko margarita hostoak aletzen goazen neurrian, desio bat: azken hamarkaden arteko alternantziari ihes egiteko gai izan dadila, bide luzea baitauka oraindik azken urteotan txukuntzen hasitako alorra lantzen