GURE MENDEA OSPATUKO DUGU "TRIVIAL", CD-ROM ETA LIBURUZ

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mende eta milurte berria ditugu aurrean. Atzean, euskal kulturarentzat funtsezkoak izan diren urteak utziko ditugu. Ezin atzean utzi ordea, urte horietako emaitza oparoa. Azken kultur generazioa belaunaldi berriari toki egiten ari zaion honetan, ezinbestekoa da iraganekoek ezarritako oinarria gerokoek ere baliatzea, ezinbestekoa beraz kultur ondarearen transmisioa. ARGIA astekaria argitaratzen duen Komunikazio Biziagoa enpresak, transmisio behar horri erantzuteko, ARGIAren kultur material ondarea baliatu du euskal kulturaren erreferentzia obra izan nahi duenaren prestaketarako. «Gure mendea» izeneko proiektuari ekin diote helburu horrekin, Garbiñe Ubedaren zuzendaritzapean eta Eusko Jaurlaritza eta Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren babespean. Eta xede nagusia transmisioa izanik, bere esku dituen soporte guztiak, ohikoenak zein berrienak, erabiliko ditu horretarako. «Gure mendea»k, papera gaindituz, euskarri digitaletara egingo du jauzi.
XX. mendeko euskal kulturaren errepasoa egiterakoan, kulturaren baitan oro har bereizten ditugun alor guztiak jorratuko dira –artea, antzerkia, literatura, musika...– baita euskal kulturaren alor bereziak ere –euskara, bertsolaritza...–. Esparru zabal hau modu desberdinetan landuko da.
Batetik, hemerotekara jo da eta hor ARGIAren ondareak pisu berezia hartu du. Zeruko ARGIA 1919an sortu zenetik hona, etenak eten, iritzi artikulu zein elkarrizketa ugari argitaratu da, ia mende osoa hartzen dutenak. Horietatik esanguratsuenak jaso dira, beti ere gainontzeko komunikabideek eskaintzen duten iturria alde batera utzi gabe.
Bestalde, gertakarien kronologia bat eskainiko da. Modu laburrean, zer, noiz, non eta zergatik gertatu zen azaltzea du xede atal honek.
Balantzea egiteko orduan, azken mendeko kulturaren protagonistak ere kontuan hartuak izan dira eta kulturgile nagusien profilak jasoko ditu «Gure mendea» proiektuak. Hor izango dira, besteak beste, Piarres Laffitte, Xalbador, Uztapide, Txirrita, R. M. Azkue, Jon Mirande, Jesus Guridi...
Azkenik, ehun urteak jasotzeko ehun gai hautatu eta horien kronika burutuko da. Iñigo Aranbarri azkoitiar idazlea ari da eginbehar horretan. Egileak askotan anekdota hutsa hartzen du oinarri, gero, hortik abiatuta, kronika zorrotza osatzeko. Berari dagokio batez ere, ehun urte hauen joanak utzi duen lorratza adieraztea, gertakari askoren jatorriaz kontzientziatzea, gure kulturaren eta gure hizkuntzaren irabaziak eta galerak transmititzea. Finean, datu bilketa hutsetik at, sentimentua darie Aranbarriren kronikei. Esate baterako, Euskara batuaren inguruan, idazleak ez du Euskaltzaindiaren bilera ezberdinen inguruko datu zehatz zerrenda eskainiko. Euskara batuaren prozesuak sortutako esperantzak eta desesperantzak modu labur, irakurterraz eta ederrean agertuko ditu.
Lanaren mamia modu anitzetan landu da, esan bezala, eta azalak ere forma ezberdinak hartuko ditu. Hots, jorratutako edukiekin produktu desberdinak jarriko dira kalean. Produktu desberdinak konplementarioak izango dira, bakoitzak bere funtzioa beteko duelarik.
«Gurea mendea» 300dik gora orrialdeko liburu mardula izango da, alde batetik. Funtsean, Iñigo Aranbarriren ehun kronika edo artikuluak bilduko ditu. Argazkiz hornitua eta kronologiaz eta aurkibidez osatua izango bada ere, liburu honen xedea ez da XX. mendeko euskal kulturaren entziklopedia izatea. Irakurgai atsegina izateko helburuarekin sorturiko lana da.
Entziklopedia kontsultagarria nahi duenak CD-ROMera jo beharko du. «Gure mendea» CD-ROMak, bere abantaila guztiez baliaturik, erreferentzia-obra izatea du helburu. Bertan, Aranbarriren ehun kronikez eta kronologiaz gain, hemeroteka lanaren emaitzak eta kulturgileen profilak eskainiko dira. Kontsultak errazteko, menu batez gain, CD-ROMak bilatzailea, informazioa libreki bilatzeko tresna, jarriko du erabiltzailearen eskura. Honek hitz edo izen bat aukeratu eta bilatzaileak zuzenean eramango du bertara. Hau guztia, euskal munduko CD-ROM formatoko argitalpenetan, multimedia teknologian eta Interneteko produktuetan aitzindari den Josu Landaren lanari esker burutuko da. CD-ROMean bilduriko eduki guztiak Interneten ere izango dira eskuragarri.


MENDEAREKIN JOKOAN.

Metodorik pedagogikoenetakoa da jokoa eta euskal kulturaz ere jokatuz ikas daiteke. Horregatik, Komunikazio Biziagoak Trivial joko berezia ere ipiniko du kalean. Ohiko trivialaren antzera, galdera sorta zabala du oinarri jokoak, baina kasu honetan galderak euskal kulturaren ingurukoak izango dira, noski. Hemen Joxean Elosegiren lana azpimarratu behar da, irundarrak, euskarazko joko eta denborapasetan aitzindari izaki, ezagun baitu esparru hau.
Liburuarekin batera, Durangoko liburu eta disko azokan aurkeztuko da mahai jokoa, baina, handik aurrera ere, trivial hau osatuz joango da: galdera-sorta berriak prestatu eta argitaratuko dira apurka, hasierako taula eta elementu berberekin erabili ahalko direnak. Aurrera begira, jokoaren bertsio elektronikoa Interneten jartzeko asmoa du Komunikazio Biziagoak.
Aipatu bezala, hau ez da Interneten zabalduko den produktu bakarra izango, CD-ROMa bera ere sarean ipiniko baita. Internet bidez mundu guztiak izango du eskuragarri lan erreferentzial hau. Horregatik 2000. urtean edukiak gaztelera, ingelesa eta frantsesera itzuli nahi dira.
Oraingoz, mendea amaitu baino lehen, euskarazko «Gure mendea» emango da argitara. Datuak kontsultatuz, sarean nabigatuz, trivialean jokatuz edo irakurgai atsegin moduan, «Gure mendea»k, XX. mendeko euskal kultura, XXI. mendeko euskaldunen eskura jarriko du


Azkenak
2025-09-04 | ARGIA
Hizkuntza politika “ausart eta berrituaz” eztabaidatuko dute TMeLaborategiaren udako eskoletan

Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]


Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa" eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Analisia |Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Valle de Odietako makroetxaldearen epaiketa
Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Euskalduntze prozesu osoa doakoa izateko pausoak eskatu ditu AEK-k

Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez... [+]


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua:
“Jaurlaritzarena zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa da”

Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta... [+]


Eguneraketa berriak daude