ANIZTASUNA

Euskal sozietatea anitza dela esatea oso modan dago. Bai, badakigu, eta gehiago dena, bagenekien. Euskaldunak eta erdaldunak; baskoak eta espainiolak eta frantsesak; langileak eta burgesak: horrelakorik bada, bazen eta, denbora baterako behintzat, izanen da. Berriz, aurtengo giro politikoak lehentasuna ematen die paktu eta itunei, bitartekaritza eta negoziaketei. Ideia horien ildotik doaz intelektual progresista anitz; gero, politikari zintzoek jarraikiko diete. Nire ustez, bake nahiaz baliatuko dira erreboltaren kontzeptu nagusiak arbuiatzeko.
Gure kultura politikoaren abiapuntua izan da zapalkuntzaren konstatazioa; ondorioa, borroka; klasekoa eta askapen nazionalekoa. Logika zahar horrek ere beregana ditzake paktuaren kontzeptuak, baina abiapuntua eta helburua ukatu gabe. Hau da, askatasunaren bidean, menperakuntzaren aurkako borrokan, badira garaiak paktatzeko, negoziatzeko eta bitartekaritzak bilatzeko.

ZER
dugu orain berri? Abiapuntuak eta helburuak ukatzeko tirria. Badirudi konfliktoen kudeaketa paktistak berak arazoa desagertarazten duela. Herritarren iritzi pertsonal eta aktualei ematen zaie lehentasuna, aniztasun konfliktiboaren arrazoi historiko eta sozialak ahaztuta. Jokaera, aniztasun horren baitan zoriontsu bizitzea edo, bederen, ahal den eta bake handienean. Ez dezagun identitatea konflikto-gai bilaka. Jarrera arrunt post-moderno horrek gure belaunaldiko baloreak ederki zafratzen ditu.
Euskadiko herritarren konzientzia nazional desberdinen arazoa ikertu dugu abertzaleek nazionalismo progresisten bide tradizionaletatik. Soberania ez dugu inoiz izan azken mende hauetan, eta inguruko estatu nazionalek boterea erabili dute gure nortasuna ahultzeko eta berea indartzeko. Hizkuntzaren eta kontzientziaren egoera, hein handi batean horrela esplikatzen dira, menperakuntza eta alienazioaren ondorioak bezala. Gure helburua askatasun nazionala izanik, eta Euskal Herriko herritar guztiak kontutan harturik, integrazioari eman diogu eginkizun historiko nagusia, integrazio irekiak eskaintzen baitie biztanle guztiei prozesuan eta komuynitatean parte hartzeko posibilitate osoa. Modelo historiko eta etikoa da, hemeretzigarren mendeko tradizio progresista modernoez kargatua. Zinez, dena ez zuen konpontzen eta, batez ere, ez zion irtenbide onik ematen arazo larri bati: zer egin integratu nahi ez dutenekin. Proiektu iraultzaile eta askatzailea guztiz polita eta erakargarria zela eta, errefraktarioen kopurua hutsaren hurrengoa izanen zela pentsatzen genuen, baina sobera optimista ginen.

ORAINGO
modeloak, berriz, ez du «erreparakuntza historikoaz» edo «integrazioaz» deus entzun nahi. Kontzeptu horiek «nazionalismo etniko baztertzailearen» azken putarrak bezala ditu. Hemen, sozietatea anitza da berez, eta ez da urrunago bilatu behar. Helburuak araberakoak dira: «herritartasun multikulturala» eta «abertzaletasun konstituzionala». Hau da, nazionalismo zibiko minimalista bat, nazioaren ideia pluralista onartzen duena eta komunitate desberdinak, haien desberdintasun eta guzti, integratzeko gai dena; besteen aukera nazionalak gureak bezain errespetagarriak dira eta ez dira konflikto-gai izan behar. Hots, gure sozietatea kudeatu beharko genuke «sozietate post-nazionala» balitz bezala.
Nik uste, jarrera horrek garaiak eta planoak nahasten ditu. Hasteko, ez gara historiaren bukaeran, eta gurea ez da batere egoera post-nazionala. Gero, jendeari zor zaion errespetua ez da botereei zor zaiona. Norbaitek frantses edo espainiol izan nahi badu gaurko Euskal Herrian, errespetu guztia zor diogu, eta arazoari helduko diogu konbentzimenduaz, orekaz eta oportunitateen berdintasuna segurtatuz. Berriz, gobernatzen gaituzten botereen errespontsabilitateak beste hein batekoak dira, eta horretarako bai balio dute ideia zaharrek, betiko ideiek: menperakuntzaren aurka zilegi da errebolta. Azken finean, jendeen errespetuaren aurka doa boteretsuen errespetatzea

Medikua eta idazlea


Azkenak
Zahartzaroak

Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]


2024-05-27 | Jakoba Errekondo
Bertan bertan... erlesemeari

Maiatzak 4 zituen, larunbatarekin. Ez zen giro bereziki beroa, baina bai, hotzik ez behintzat. Halako batean burrunda, burrunda galanta, aspaldi entzun gabekoa. Hor azaltzen da etxeko atarian erle pila, milaka erle hegan, hegada sinkronizatu dotorean, dunbots batean. Erlesemea.


Eguneraketa berriak daude