UDA BAT ESTATU BATUETA KO EUSKALDUNEN ARTEAN

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Afaria prestatzeko ohitura nuen garai hartan. Iluntzero, EEBBetako euskaldunen berriak heltzen zitzaizkidan Euskadi Irratiaren bidez, Joseba Etxarri kazetariaren ahotsean. Afaria konpainia ederrean prestatzeko aukera ohi nuen, bizilaguna iritsi bitartean. Sarri antxean aditu izan nituen saio horiek, bat baino gehiago alegia. Hala ere, batek irauten du nire gogoan: Mutrikuko emakume bat dut oroimenean, Nevadako herri txiki batean –Gardnervillen, orain dakidanez–, urtean behin egiten den oturuntza bat kontatzen. Jaten dutena egin zitzaidan niri harrigarrien: aharien koxkabiloak! Zeremonia zertan den Mutrikuko emakumeari –Elvira Zenoz, orain dakidanez–, aditu eta ikara sortzen zitzaidan. Oilo ipurdia, beharbada.
Uztaila-abuztuetan EEBBetako mendebaldera abiatzen denak ez du aharien koxkabiloen oturuntzan parte hartzerik izango, festa horrek ere bere-bere sasoia baitu eta, gainera, ateak itxita egin izan baita. Gehienez ere, Elvirari galdetu eta zer edo zer gehiago jakin ahal izango duzue. Elvira mutrikuarrak kontatzeko gogorik ez badu, berriz, beti izango duzue inguruan euskaldunen bat solaserako prest. Izan ere, horixe baitu onena EEBBetako mendebaldeak: euskaldun asko, berriketarako gogoak.
Garai ona da uda EEBBetara abiatzeko. Jakina, mendebaldeari buruz ari naizela, beti dira hor Grand Canyon, Yosemite, Las Vegas, San Frantzisko eta abar. Horietan denetan da zer ikusia eta zer gozatua. Baina horiek beti leku berean irauten dutela, on da asteburuak euskal festarik festa ematea, parranda eta gaupasa egiteko aukera larregirik ez baita osterantzean. Hasi, adibidez, uztailaren 4an hasiko gara.


LEHENENGO KERA: ELKO-NEVADA, UZTAILAREN 4AN.

EEBBetako Independentzia Egunarekin ospatzen da Elkoko Euskal Festa. Hogeitaka urte dira horretan ari direla. Nazio jaia da eta lanik egin beharrik ez dute estatubatuarrek. Hortaz, festara biltzeko aukera aproposa. Egunak asko laguntzen du eta euskaldunak erruz bildu ohi dira Elkora. Urtea joan, urtea etorri, jendetza da Elkoko jaialdian. Euskal komunitate handia bizi da herrian, bizkaitarrak eta nafarrak

fifty-fifty
, eta seguru da bi eguneko jaiaren arrakasta.
Ibiltari dabilenari komeni zaio Independentzia Egunaren bezperan Elkon izatea. Eguerdia orduko, kale agerraldia da kale nagusian. EEBBetako auto modurik ohikoenak ikurrinaz jantzirik, trikitilariak daramatzatela, aizkolariak...

parade
eginez. Dantzariak ere ez gutxi, hainbat herritatik heldutako taldeak izango dira kale agerraldian. Horiekin batera, bertako indioak, suhiltzaileak, moto gaineko poliziak eta era askotako fauna. Itsuenari ere begiak irekitzeko moduko ikuskizuna. Lehengo bertsolaria txapela daramala eta bertako konterriko sheriffa, nahas-mahas harrigarrian. Begiak zabal izan, beraz.
Futbol zelai gisako batera jotzen dute gero. Han, EEBBetako euskaldunen izpiritua azalduko da argi eta garbi. Euskal dantza, herri kirolak, bertsoak... ingelesezko oihu eta orro artean, garagardoz eta txorizo otartekoz horniturik, eskuprograma gogoangarria lagun. Bertako euskaldunekin hitzegiten hasteko tenorea da. «Nongoa zara? Zenbat denborarako etorri zarete? Non izango zarete EEBBetan zaudeten bitartean? Ezagutzen duzu honako herri hau? Eta halako?». Elkarrizketa behin eta berriro eta mila aldiz errepikatuko da, honekin eta harekin. Hala ere, aholkua: ez ezazu hemendik hara duela 20 urte joandako euskalduna izutu euskara batuaren kontuekin, ikastola, euskaltegi, Athletic eta Reala, TAU, euskaldunberri eta Lizarra-Garaziekin. Ez dizute piperrik ulertzen. Ez ahalegindu sakon hitz egiten. Sar euren munduan, jarri arreta beren hizkuntza fosilari –duela hogeitaka urte Euskal Herrian hitz egiten zen moduan hitz egiten dute, ez balitz ingelesezko hitz euskaldunduak dituztelako: pikinikia (picnic), aizekrimia (ice-cream), pikapa (pick up), traka (truck)...–, bizi beraienetik, eman haria eta saia beren historia ezagutzen, Euskal Herriaren historia bizia, zeurea baita, liburuetan apenas estudiatzen den arren.
Harremana zuzen bideratuz gero, euskal ostaturen batean –Star, Biltoki...– afaltzen elkar ikusiko duzue hurrena, txurrut bat egitera gonbidatuko zaituzte, «tragoa erosiko dizut» (to buy a drink), bata bestearen ondoan afalduko duzue eta elkarrizketa surrealista xamarra izango duzue, baina beren eta yankeen mundua ezagutzen hasteko atea irekitzen ariko zara... Elkon erromeria izan ohi da afal ondoren. Bertan, euskal talderen bat –izan bertakoa edo hemendik eramandakoa– eta beste bat amerikarra, txandaka jardungo dute, arin-arinaren ondoan country bat jotzen eta eromenean: antropologoak mestizajeaz mintzo direnean zertaz ari diren ulertuko duzu, nahiz eta aho bete hortz izango zaren, ezin ulerturik: bi mundu dira, batean. EEBBetako

melting pot
: gizarte nahastea.
Hurrengo egunean, nahaste-borraste bera: meza goizean, garai bateko estilora, eta ingelesez eta euskaraz, aldarearen alde batean ikurrina eta bestean EEBBetako bandera. Kantak ere, Moisesen denborakoak, haur garaian herriko parrokian kantatutakoak. Meza aditzen, parkean, arbolapean, jendea praka motxetan eta betaurreko beltzez... Ordurako jakina izango duzu pilota txapelketaren finalak jokatu dituztela goizeko 7etan. Eskupilota, alegia, nahiz eta eskularrua ere erabili izan duen batek baino gehiagok, edo ziklista eskularrua, adibidez. Hemengoentzat dementziala, hangoentzat baleko da. EEBBak.
Meza ondoren berriketaren tartea, jatekoa gero, herri kirolak, dantzak... bezperan ikusitakoak atzera agurtzeko azken aukera, nor bere herrira abiatu baino lehen. Ez ahaztu distantziak luze direla eta jendeak sasoiz aldegingo duela. Gogoan hartu beharrekoa: zenbait lagun ez duzu berriro behin ere ikusiko. Bizian behin ikusi dituzu, lagun egin, mahaia banatu, solasaldia... eta kitto: baliteke bizian berriro ez ikustea. Luzaro, min ematen du horrek. Kontuz, beraz.


BIGARRENA: ELKO ONDOKOAK. LOTU BIDEARI.

Euskaldunen peskizan jardutea bide egoki da estatubatuarren bizimoduaz jabetzeko. Finean, estatubatuar ere badira bertan diren euskaldunak. Estatubatuarrekin nahasian bizi dira, haiekin ezkondu dira ere, semeak estatubatuar puroak dituzte, ingelesez bai, euskaraz ez.
Eman dezagun astean zehar ohiko leku turistiko ikusgarriak bisitatzen ditugula; mendebaldean gaudela, lehen aipaturikoak: Grand Canyon, Yosemite, Lake Tahoe, San Frantzisko eta beste. Hori astegunez. Jai egunetan, euskaldunen arrastoari segitu besterik ez dago. Elkoko jaiaren hurrena Boise-Idahoko jaialdia dugu nabarmenena. Boisera bidaia erakargarri izan liteke. Winnemuccatik abiaturik, batik bat. Hara, hemendik hara denak Renora bisita egin ohi du. Bertako unibertsitatearen Basque Studies Program-ek hainbat bisitari biltzen du udan. Ikustekoa da. Isla bat amerikar itsasoan.
Eman dezagun Elkon jaia izan, turismo egin eta Renon garela. San Inazio da uztaila bukaeran, eta Boiseko bizkaitarrek –Boiseko euskaldunak bizkaitarrak baitira, denak edo ia-ia denak– egun horixe aukeratu zuten beren euskal jaia egiteko. Uztailaren hasieran Elkon, turismoa batera eta bestera hurrena, eta hilaren akaberan Boisen, Renotik abiaturik. Renotik Boisera joateko ipar-ekialdera hartu beharra dago. Hiru bat ordura dugu Winnemucca. Hemen atsegin, hilerri aurreko Burger King erraldoira sartu, burger bat eta soda freskagarria eskatu, jarri eta horman zintzilikaturik dauden euskal dantzarien argazkiak begiratu, harri-harri eginik. Euskal Herrian baino sentiberatasun handiagoa dute EEBBetako Burger King-ek.
Winnemuccatik Boisera Paradise Valley barrena hartu Oregon aldera. Bidean, McDermittetik pasatuko zarete. Herrira sarreran, bi kale izen, euskarazkoak: Lasa bata, Albisua bestea. Oraindik ere badira euskal jatorrikoak indio erreserba honetan. McDermittetik aurrera, «Basque» ageri du mapak. Hiruzpalau etxe eta oraindik «Basque» dioen txartela, eta «jail» (gartzela). Ez da herria, ez da gartzela. Adarra jotzeko jarritako izena, besterik ez. Pasadizoan daudenak uxatzeko, beharbada. Autoan berriro, pare bat ordu eta Jordan Valley herria, Oregonen. Garai batean euskaldun askoren bizileku. Kanposantura joan baino ez dago.
Herrira sarreran, Jim Basque Gas Station & Motel, eta, kale nagusian zertxobait aurrerago, Madariagatarren beste gasolindegia. Bietan ere pozik hartuko zaituzte nagusiek. Lehena berritsuago besteak baino. Ingelesez lehenak, euskaraz ere bai bigarrenak. Satika da Jimen deitura. Asmatzen baduzue, bizitza kontatuko dizue: bonba nuklearrak Nevadako desertuan lehertarazten zituztenean ikusten zuten euri distiragarriaz hizketan liluratuko zaituzte. 1913an bere ama EEBBetara etortzean zekarren Biblian gordetako Sabino Aranaren zapiak barrena irauliko dizue... Jimen kamioiei argazkiak egingo dizkiezue: Basque Gas Station!
Pilotalekua ere bada Jordan Valleyn, eta «Basque» omen jatetxea. Izena bai, izanik ez... Jordan Valley ez da nolanahiko herria euskaldunentzat. Bertan sortu ziren, adibidez, Joe Eguren, Boiseko komunitatean eragin handiko euskalduna, euskal gaiak jorratuz idazle ere izan zena, euskara-ingelesa hiztegia ere ondu zuena, euskarazko eskolak Boisen bertan eman zituena. John Elorriaga ere Jordan Valleyn sortua da. Elorriaga US Bank-eko buru da. Eta abar eta abar. Jordan Valley.
Boise pare bat ordura dago autoz.

Bacon
(polizia) usainik ez badago azkarrago ere helduko zarete batzuk. Baina heltzea da kontua. Boisen ere handia da oso euskaldunen presentzia. Finean, aurreko ezaugarri berak ditu bertako euskal jaiak, baina kaletarrago da festa, alegia, ziudade da Boise, eta horrek bestelako ukitua ematen dio bertako komunitatearen jokabideari. Jo bertara, eta ikus. San Inaziotan, Oñatiko Korputz dantza ikusiko duzue bertako eliza nagusian. Etxe bloke jakin bat jo gabe ere ez zarete libratuko: Euskal Etxea, Museoa eta Gernika taberna, euskaldunen lurra. Ez zarete alferrik galduko.


HIRUGARRENA: ABUZTUAN, LEHENA BERRIZ ERE.

Abuztuan ere ez dago plana aldatu beharrik. Herriak baino ez. Turismoa batetik, euskaldunen jaiak bestetik. Abuztuko amabirjinarekin batera Euskal Kantari Eguna zer edo zer desberdina da Gardnervillen, Nevadan. Eta bertako zenbait kale izen ere ez dira nolanahikoak: Burrukia Street, Zezena, Zaldia, Oloa, Laborantcha... Kantua da bertako jaiaren protagonista. Gainerakoan, lehena berriz ere. Abantaila, Elkon eta Boisen ikusitako bat baino gehiago ikusiko duzuela bertan. Azkenerako, lagun.
Gardnervilleko jaiaren ondoren Renokoa dator, astebete geroago. Eta Elkon egindako lagunak, Boisekoren bat, Gardnervillekoak... Renon. Eta meza, eta dantzak, eta herri kirolak, eta... betikoa, ezer ez eta festa. Uda pasatzeko modu surrealista samarra aukeran, baina ez ahanzteko modukoa, jendearekin nahasiz gero. Hortxe dago koxka!
Azken aholku bat ematekotan, hara aurretik irakurri Joseba Etxarriren liburua. «Euskaldunen Amerika». Askoz etekin handiagoa aterako diozue bidaiari, nahiz eta derrigorrezkoa den EEBBetako euskaldunen mundua nork bere erara deskubritzea


Azkenak
Iruñeko polizia-etxean hil zen Ndiayeren omenezko plaka kendu dutela salatu dute

“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]


Musikaren analisi feministak
Orbain bizien oinordeko, lerroarteak zabaltzeko

Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]


2025-07-23 | Garazi Zabaleta
Aukera Natura
Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]


2025-07-23 | Jakoba Errekondo
Sagastien joeraren hipotesia

Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]


Enborrik zulatzen ez duen okila

Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Martxa eta burujabetzak

Madalenetan murgilduta gaudela irakurriko duzue askok artikulu hau, bestela ere pentsatu gure etorkizuneko egunerokoan, jai giro herrikoiak aurrez irudikatzen duen herria baita urte osorako desio dugun herri eredua, deskantsu pixka bat gehiagorekin, noski. Badira urte batzuk... [+]


Egia esan

Egia esan, ez dakit nola hasi zen, hedabideetan, kirolarien elkarrizketetan, egia esan errepikatzeko ohitura. Pilotariak, txirrindulariak, futbolariak… Aipamen hori egin ezean, gezurra esango zuten? Ebanjelioetako Benetan diotsuet imitatu nahia?

Hedabideetan ere agertu... [+]


2025-07-23 | Tere Maldonado
Nire garuna ote naiz? (I)

Antza denez, dualista naiz, izan nahi ez dudan arren. Esaldia bukle bat da: izan nahi ez dudan zerbait naiz, orduan: nor da esaldian ezkutuan dagoen nia, dualista izan nahi ez duena? Edo, alderantziz, dualista dena da, hain zuzen, ni hori (izan nahi ez badu ere)? Nahaspila... [+]


Mutualitateen itzalean: langileen osasuna mehatxupean

Demagun zure laneko giroa kaxkarra dela. Lan gehiegi dago, baina ez da kontratazio berririk egiten edo, egiten bada, eskasa. Lankideen arteko harremanak ez dira batere osasuntsuak, eta mobbing horizontala eta bertikala edozein momentuan hedatu daiteke. Oso estres maila handia... [+]


Gorputz hotsak
“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Kontalaritza eskola
Ofizio bat, transmititu eta eraberritzeko

2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]


Eguneraketa berriak daude