"KOSOVOKO GERRAN BARREGARRI GERATU GARA EUROPARROK"


1999ko uztailaren 04an
E

uroparen ideia orain berrogei urte luze sortu zen. Europa ekonomikoa lehenik, Europa politikoa gero. Gogoratuko al zeniguke zein testuinguruan hasi zen Europa gauzatzen?
Ez dugu inoiz ahaztu behar Europa sortu zela, batez ere, bakea egiteko. Puntu garrantzitsua eta askotan ahanzten duguna bakean bizi garelako. Hainbat estatu-politikarik –Jose Antonio Agirre lehendakariaren garaia zela– sortu zuten Europa bakea helburu. Izan ere, azkeneko guda aurretikan ez dugu hogeita hamar urte gudarik gabe pasatu Europan. Hori zen orduan estatuburuen kezka handiena. Bakea lortzeko proiektu integratzailea behar zen ordea, baina oso zaila gauzatzekoa, estatu bakoitzak bere konpetentziak gorde nahi zituen eta. Zailtasunak ikusita ekonomiaren ideia lantzera pasatu ziren estatuak.

Gaur egun Europa politikoa egiteko baliabideak ba al ditugu?
Baliabideak baditugu, eta eduki beharra daukagu nik uste. Niretzat Europa ekonomikoak ez du jarraituko ez baldin bada Europa politikoarekin batera egiten. Ekonomia ez da nahiko indartsua estatu guztiek bat egin dezaten, estatuek beste proiektu bat behar dute ondoan, eta ekonomia izan daiteke bide bat, denak bat egiteko. Ezin da arrazoi bakarra eta azkenekoa izan, bideetako bat bai, ordea.

Europaren hastapenean gerra saihestea eta bakea lortzea arrazoiak izaki ere, beste gerra bat bizi izan da Europan; Balkanetan...
Zoritxarrez Balkanetako zoritxarreko gerra izan daiteke arrazoi bat Europako Batasuna gauzatzeko. Jakina, une honetan lehen arrazoia moneta da, euroa. Ordea, moneta daukagunez gero, monetak berak politika fiskal eta ekonomiko bakar bat egitera behartzen gaitu. Aldi berean, gure ekonomia eta politika bermatzeko kanpo harremanetarako politika bat edukitzera behartuta gaudelarik. Zentzu honetan, Kosovoko gerran, erridikulu galanta egin ondoren, horrenbeste sofrimendu sortu dela ikusita, gu europarrok ez gara gai izan arazoa gainditzeko, eta estatubatuarrek etorri behar izan dute beste behin ere arazoan esku sartzera. Europarrok barregarri geratu gara Kosovoko gerran. Pentsatzen dut Europa konturatu dela zein erridikulu handia egin duen eta ezin duela horrela jarraitu.

Gerra ondoren, arazoa bideratu aldera, NATOren Javier Solana idazkaria beste eginkizun berri baterako izendatu dute. Zer da hori hain justu?
Javier Solana PESC jauna bezala izendatua izan da. Figura hau, gutxi-gorabehera, kanpo harremanetarako ministro moduko bat da. Baina jakina, ez da benetako ministro bat, zeren eta benetako ministroa izateko gobernua izan behar du Europak, eta oraindik halakorik ez daukagu.

Ez dirudi oso logikoa...
Ez da oso logikoa, ez. Nik uste dut etxea alderantziz egiten ari garela, teilatua jarriz lehenengo. Hala izanik ere, nahiz alderantziz izan, denon artean egiten badugu, etxea egin daiteke. Europa egiten hasteko modu bakarra dirudi...

Denon artean diozu. Europa eraikitzeko egiturak nola daude egun?
Europak dituen egiturak sei kide zireneko Europarenak dira. Gaur egun 15 kide dira, hemendik bost urtera hogei bat izango dira eta hogeita bost kide izatera irits daiteke Europako Batasuna. Oraingo egiturek ez dute balio, jakina, eta hurrengo Gobernuarteko Konferentziak biharko Europaren antolamenduaz jardungo du. Aurki burutuko da, eta Europa egiteko benetako momentua izango da.

Europar Konstituzio bat egiteko modurik ikusten al duzu epe laburrean? Zerk oztopatzen du berau gauzatzea?
Ez dakit, baina ona izango litzateke Europarentzat Konstituzio bat egitea. Gaurko egunean, Europa elkarte integratu bat izan beharrean, gaurko estatuen arteko elkarte moduko bat da, horregatik dugu Maastrichteko Hitzarmena. Gero, eta aurrerago joan ahala, elkarte horrek batasun bat izatera pasatu beharko luke. Konstituzio bat egitea oso zaila da, edonola ere.

Zaila, hasteko, Europako Banku Zentrala ez bada Europako parlamentuaren kontrolpean. Defizit demokratikoa ere badago nolabait.
Europaren modeloa estatuaren araberako eredua da. Estatuek Europa herri federal bat dela onartuko dutenean, orduan izango da posible Europa demokratiko bat gauzatzea. Gaur egunean ez da posible, demokrazia falta bat dago. Europako Parlamentuak ez du, nik uste behintzat, nahiko eskumen botere kontrol on bat egiteko, ez gobernuarena, ez exekutiboarena, ezta Bankuarena ere.

Horregatik izan da parlamentu honetarako hauteskundeetan boto emaleen kopurua hain apala apika. Europaren ideiak ez du iradokitzen gogo bizirik, antza.
Bai. Gaurko egunean ez da erraza Europaren ideiarekin liluratzea, eta ez da erraza ere, gaurko estatuek Europari eskumenak izatea eta ematea onartzen ez diotelako. Konpetentzia horiek ematen ez diren bitartean jendeak ez du ikusiko Europa benetako indar interesgarri modura. Izan ere, Alemania, Frantzia edota Espainiak berak barne arazo bat dutenean Europari egozten diote. Inflazioa eta langabezia gora badoaz edo ekonomia behera, errua Europarena da beti. Beti kontra hitz egiten dute. Aitzitik, armada bat, kanpo harremanetarako ministerio bat, moneta nahiz mugak erabat zehaztuak, harmonizazio fiskala, azpiegiturak zein ikerketa alorra izango dituen egunean europarrek Europa aintzakotzat hartuko dute.

Eskuduntza hauen harian, Madrilek Europako Auzitegiaren aurrean EAEko autonomia fiskalari buruz jarritako helegitea dut gogoan. Nola hartu duzue berau Eusko Jaurlaritzan?
Bada, oso gaizki hartutako kolpea izan da, jakina. Europan gaur egun teknikoki 15 estatu gaude, baina 19 finantz ministerio. Hau da, 15 gehi Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Europari hori ez zaio gustatzen. Europak lehenengo estatuak ezagutzen ditu, gauza errazak gustatzen zaizkio, modelo gaitzak ez ditu gustoko. Gertatzen da, ordea, Espainiak ez duela gure modeloa defenditu; eta ez hori bakarrik, Espainiak salatu egin gaitu. Gero, gaia Europara iritsi denean nahi izan gaitu defenditu, baina ordurako salaketa egina zegoen...

Beraz, autonomia estatutua iruzurra da Europarekikoan. Franco garaiko marko juridikoa itzultzea nahi dute Madrilen...
Ezin dugu hori esan, ze, nahiz ez izan nahiko genukeen egoera, ezin da konparatu duela 20 urte bizi genuen egoerarekin. Oro har, eta Europarekikoan eman ditugun aurrerapausoak, adibidez, Jose Antonio Agirrek berak ez zituen pentsatuko. Ez dezagun, beraz, perspektiba galdu. Egun dugun estatutua Errepublika garaikoa baino askozaz hobeagoa da. Horrek ez du kentzen arazoak ditugula onartzea. Europan gure partehartzea da horietako bat.

Non dago Europarekiko harremanetan arazoaren jatorria.
Bada, gure estatutua 1979koa dela, eta orduan ez ginen Europan –Espainia barrukoaz ari naiz–. Espainia 1986an sartu zen Europako Batasunean eta ez zuen eraman autonomia estatutua delakoa Europaren antolaketara. Guk beti salatu izan dugu hori. Zentzu horretan, gure eskumenak kontuan hartuz, Europa mailan hartzen diren erabakietan partehartzea eskatzen dugu, edo behintzat Espainiak borondate izatea harantza eramaten den prestakuntza sailean. Gure konpetentzia esklusiboko gai bat izanik, normalena da Europako ministroen kontseiluan gu egotea, zeren estatua barnean izanda ere, konpetentziak gureak dira, eta guri dagokigu horiek gauzatzea.

Zergatik ez da egiten?
Bada, beti bezala, boterea daukatenek ez dutelako berau utzi nahi. Estatu Espainarrari daukan boterea uztea kosta egiten zaio. Hala ere, Eusko Jaurlaritzan lanean segitzen dugu autonomia eta estatuaren arteko harmonizazio bat lortze aldera. Estatuko gainontzeko autonomia guztiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Europako Batasunean autonomien partehartzea arautuko duen dokumentu bat osatzea. Eta alderdi guztiek onartzen dute hori, bai Euskadiko PPk bai PSE-EEk, baita sozialista eta populista katalanek eta galiziarrek.

Beraz, erkidego autonomoentzako badago etorkizunik Europaren markoan?
Jakina baietz. Eztabaida asko izango da oraindik, baina iritsiko da momentua, eta ez epe luzean, Bruselan dauden batzorde guztietan (baita COREPERen ere, Estatuen Ordezkaritza Iraunkorra) estatuekin batera arituko garela. Euskadiri nahiz gainontzekoei informazioa edukitzea baimenduko zaigu, oso puntu inportantea. Estatuen borondatea prestatzen ariko gara, eta kasu batzuetan ministroen kontseiluan egongo estatuko ordezkariekin batera.

Euskal Herrira etorriaz. Hauteskundeek emaniko emaitzak ez dira EAJrentzat hoberenak izan.
EAJk bazekien bake prozesuak ondorio batzuk edukiko zituela alderdiarentzat, eta berekoikeriaz begiraturik, bagenekien oraingo hauteskundeen emaitzak ez zirela onuragarriak izango guretzat. Hala ere, bakea lortzeko prezioa hori bazen, prest ginen prezio hori ordaintzeko. Eta jarraituko dugu aurrera. Zeren eta gure apustuak ETAren biolentzia geldiaraztea ekarri du eta HBk edo EHk instituzioetan partehartzea. Hori esanda ere, Euskal Herriaren pluralitatea hor dago, eta guk ezingo dugu bakea lortu, pluralitatearen puzzle hori osatu gabe, ezta zati bakar bat kanpoan utzi ere.

Emaitzek puzzlearen zatiak moldatu dituzte eta berau osatzea korapilotsua dirudi, hasteko, itun ugari baitituzue: Madrilen PPrekin, Gasteizen EHrekin...
Egoera oso korapilotsuan gaude, baina bagenekien gutxi-gorabehera horrela izango zela. Eta gu ez gara egoera honetatik nola atera behar dugun asmatu behar dugun bakarrak. Hasteko, jakinekoa da denok ez garela paktu guztietan kabitzen, baina ea gauza garen bake prozesua bideratzeko mahai bakar baten inguruan biltzen.

Mahaia biltzeko zein izan daiteke puntu komuna zure ustez?
Lehenengo-lehenengoa, euskaldunok erabaki dezagun guk izan nahi duguna. Euskal alderdi guztiak puntu horretan ados jar gaitezkeela uste dut. Orain hogei urte, estatutua egin zenean –arrazoiak arrazoi, HB kanpoan zegoela ere–, modu batez edo bestez, euskal alderdi denak bildu ziren bere hasieran Madrilera proposamen batekin joateko. Gero gauzak ez ziren behar bezala bideratu eta gaur egun horregatik gaude gauden bezala. Baina Franco hil ondorengo izpiritu hura berreskuratu behar dugu euskaldunok eta euskal alderdi guztiok.

Nahikoa izango litzateke?
Ez, jakina. Gero Madrilek konfiantza eta leialtasuna izan beharko luke euskaldunekiko. Betikoa

EUROPAR ERAIKUNTZAN ADITUA
EUROPAR ERAIKUNTZAN ADITUA
Pauen jaio zen 1942an, familia jeltzale donostiar herbesteratu baten baitan. Parisen ikasi eta Madrilen lan egin du. Ingeniaria da. Ezkondua eta lau seme-alabaren aita. Donostian bizi da eta Gasteiz du lantoki: Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako arduraduna da. Akitania-Euskadi eta mugazgaindiko eskualde arteko gaietan aditua. Europako hauteskundeetan EAJren bigarren hautagaia izana.


Azkenak
"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


Eguneraketa berriak daude