PANPINAK ORKESTRAREN MAGALEAN AIENEKA


1999ko ekainaren 06an
Donibane-Lohizunen gertatu zen istorio hau. Garai hartan, batez ere arrantzale herria zen. Eta bertan, egunero, kalez-kale, arrainak saltzen neskatila gazte bat ibiltzen zen: Kattalin Txiki; arrantzale zahar baten alaba, neskatila azkarra eta arina. Baina bazuen ezaugarri nabarmen bat: txikiegia zen. Bere ustez, oso txikia. Bazuen, beraz, txiki konplexua. Eta horrek min handia ematen zion bihotzean. Aspalditik zuen pentsatua gizon handi batekin ezkontzea, horrela seme alabak ere luzeak sortuko zitzaizkion itxaropenez. Aitaren itsasuntzian zebilen Jesus Apur izeneko arrantzaleari ez zion inoiz jaramonik egin, bera bezain txikitxoa baitzen. Jesus zeharo maiteminduta zegoen berarekin. Biek antzeko tamaina zutenez, elkarri laguntzeko eta elkar ulertzeko modu ona zutela iruditzen zitzaion. Kattalin Txikiri aitaren itsasuntzian zebilen beste arrantzale bat gustatzen zitzaion: Juantxo Argala. Hura mutil luzea! Nolako gogoetak egiten zituen Kattalin Txikik Juantxo Argalarekin! Baina egun batean. Isabela Lizarrarekin jarri zen senargai eta Kattalin Txikiren ametsak pikutara joan ziren. Orduan Kattalin Txikik eskutitz bat igorri zion Altzoko Erraldoiari, ea berarekin ezkondu nahi ote zuen galdetzeko. Baina Erraldoiak beste eskutitz batez erantzun zion. Letra handiz eta estalki galantaren barruan, hauxe idatzi zion:

«Eskerrik asko, neskatxa, zure eskaintzagatik. Ez dut uste ordea, betirako uztartzeko erabakia inoiz hartuko dudanik
». Erraldoiaren erantzunak oso betilun utzi zuen Kattalin Txiki eta, etxeko leihoan negarrez ari zelarik, handik suertatu zen Pospolo Farolo, herriko mozkorrik handiena. Neskatxa hain goibel ikusirik hala galdetu zion:

«Zer gertatzen zain, Kattalin Txiki?» «Gizon garai eta luze batekin ezkondu nahi dudala. Baina horrelako inork ez du nirekin ezkondu nahi». «Ezkont hadi ba nirekin!»
Kattalin Txikik bazekien ongi Pospolo Farolo kupel ustela zela, baina begiratu batean jabetu zen oso altuera handia zuela. Eta barruko irrikiak bultzaturik, bapatean baietz esan zion. Pospolo Farolok, orduan, eragozpen bat gogorarazi zion:

«Ezkontzeko, baina, etxea eta gauza asko beharko ditugu. Eta nik dirurik ez daukat». «Ez dio axolarik»
erantzun zion Kattalin Txikik eta, berehalako batean, gelatik ekarri zituen bere aurrezki guztiak eta Pospolo Farolori eman. Harek diru haietxen bitartez, mozkorraldi luzea igaro zuen eta hiru hilabeteetan ez zen berriro herrian agertu. Itzuli zenean, ez zuen sakelean sosik. Ezta buruan oroitzapenik ere. Kattalin Txiki etsita zegoen. Jesus Apurrek laster jakin zuen Kattalin Txikiri jazotakoa. Joan zitzaion eta honela esan zion:
«

Kattalin Txiki, badakit ez nauzula maite, epotxa bezain motza naizelako. Baina nik zu bihotzez maite zaitudanez, har itzazu nire bizitza guztiko aurrezkiak. Horiekin agian beste gizon luze batekin ezkonduko zara eta zoriontsu izango. Eta zu pozik ikustean, ni ere zoriontsu izango naiz, bihotzak negar egingo badit ere».
Hitz horiek entzutean, Kattalin Txiki konturatu zen zein bihotz zabala zen Jesus Apur, eta benetan gizon maitagarria zela. Eta senargaitzat hartzea erabaki zuen. Denbora asko baino lehen ezkondu egin ziren eta zoriontsu bizi. Geroztik, Kattalin Txikiri honela kantatzen zioten karriketan arrainak saltzen ibiltzen zenean:

«Kattalin Txiki Txiki, Kattalin arina, Nola epotxarekin ezkondu zara ba?»
Eta berak umore onez, era honetan erantzuten zien:

«Emaztea da motza, senarra epotxa, elkarturik bihotzak, hau da gure poza!».

BALLETA IZATEKO SORTUA.

Ipuina Jose Inazio Ansorenak sortu zuen duela hamalau bat urte. Garai hartan, «Txirri, Mirri eta Txiribiton» pailazoak «Don Don Kikilikon» saioa egiten hasi ziren ETBn. Eta bertako Amona Martxelonen ipuinak atalerako idatzi zuen kontakizuna. Urte batzuk geroxeago, Tomas Aragües eta Ansorenak Donostiako Kontserbatorioan elkarrekin lan egiten zutela, Ipuin Sinfonikoen Lehiaketa baterako deialdia egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Bien artean hitz egin ondoren, ipuintxoa eraberritu eta Aragüesek musikatzea erabaki zuten Ballet tankera har zezan. Kontuak kontu, lehiaketa hartan Txotxongiloren «Erreka Mari» obra garaile gertatu eta Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuten. «Kattalin txiki» ordea, bigarren geratu zen. Orain baina, iritsi zaio txanda. Eta, ballet itxuran eskaini beharrean, irabazi zioten berberek egin dute antzezpena.


HARIZKO TXOTXONGILOAK.

Duela hogeita zortzi urte Manolo Gomez eta Enkarni Genua senar emazteak «Txotxongilo» taldea sortu zuten panpinen mundu liluragarria bultzatzeko asmoz. Denbora honetan, ume eta helduen miresmena lortu dute, gutako asko beren txotxongiloak ikusiz hazi baikara. Emanaldi honetarako ordea, erronka berri bat dute, harizko txotxongiloak mugiaraztea, alegia. Betiko estilotik ateratzen den lana da, txotxongiloek ez dute deus esaten eta lehentasuna musikak du. Oholtzara igo baino lehen harrapatu dugu Enkarni,

«orain arte eskukoak, itzalak eta erabili ditugu, baina harizko panpinak inoiz ez. Beraz, abentura bat da guretzat eta erraza ez den arren, ekinaren ekinez lortzen da. Jatorriz ballet izateko egina dago, orduan, beste modu batera egin dugu egokitzapena. Alde batetik saiatu gara ipuinak kontatzen duena eta musikak adierazten duena irudikatzen. Zentzu horretan, guretzat oso pozgarria da Euskadiko Orkestrarekin lan egitea».
Lan hau egiteko bi lagun minen laguntza eskertu nahi dute, Alberto Saavedra panpinen osatze lanetaz eta Pilar Genua berriz jantzietaz arduratu dira.


BAKOITZARI BERE DOINUA.

Tomas Aragües maisua Euskal musika garaikidearen handietako bat da. Teruelen 1935ean jaioa, musikaren irakaskuntzan, koru eta orkestra zuzendaritzan jardun du; konposagile gisa ere nabarmendu da, Suite Erromantikoa (1982), edo Euskal Requiem (1991), besteak beste.

«Esan didate dramatikoegia atera zaidala, baina tira. Oberturan pertsonaien doinu guztiak laburbilduta entzuten dira. Herri izaera azpimarratzeko txistuak hartzen du protagonismoa»
adierazi du Tomas Aragüesek. Unerik dramatikoena berriz, binako dantza iruditzen zaio,

«Apurrek adierazten dionean maite duela, arbuio bakoitzaren ondoren, onomatopeia gisa. Beste momentu bereziak ere badira: Pospolo Faroloren agerraldia eta Apurrek bere aurrezkiak eskaintzen dizkionean».
Estreinaldi honek jarraipena izatea nahi luke Aragüese musikagileak.

«Hemen lan mordoa estreinatzen diren arren, emanaldi bakarrean geratzen dira»
.
Ipuintxo zuzena da, gizakion itsukeria ongi jasotzen duena, ikasbide eta guzti. Horretan iaioa da Jose Inazio Ansorena, konplexuen gainetik gure burua onartu behar dugula, itxura fisikoa aparra baino ez dela. Emanaldia ikusirik, esan behar da Aragüesen musikak istorioaren muinetik aterata dirudiela, entzumenaren bidez sentimenduak helarazi eta kontakizuna koloreztatuz (EOS-eko 36 musikarik bikainki joa eta Juanjo Menak zuzenduta).
Dena den, badago zerbait funtzioa hankamotz uzten duena. Hain zuzen, haurrei begira egina dagoenez, obrak irabazi egingo luke alde bisuala gehiago markatuko balitz. Esate baterako, eszenaratzeak ez du laguntzen ikuslea istorioan gehiago murgil dadin.
Nahiz eta obran musikak protagonismo osoa duen, iruditzen zaigu txotxongiloen jarduna nolabait estalita geratzen dela, albo batean zokoratuak daudelako baino gehiago, argitasuna falta zaielako. Txotxongiloek argitasuna, itzalak, dizdirak, kolore biziak behar dituzte haien xarma gureganatu dezagun. Enkarni eta Manolok trebetasuna erakusten dute, panpinen mugimendu bakoitza biziki zainduz, airean flotatzen baleude bezala. Ea hurrengoan antzoki handiago batean txotxongiloak hobeki kokatuta eta argiztatuta ikusten ditugun


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude