M-21

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Maiatzaren 21ak argazki bat utzi zuen, azti ibili ziren egunkariek lehen orrian jaso zutena: Elorrieta eta Diez Bilboko Gran Víako asfalto gainean eserita, irrifartsu, pankartak ere atsedenean, zahatoa eta bokatak bakarrik falta zitzaizkiela belarrik gabeko erromeria borobiltzeko. Bazeukan bihurrikeria ikutua irudiak. Besteak beste haurrak bakarrik esertzen direlako kale gorrian, helduak nekez, eta gutxiago Gran Vía bezalako abenida batean. Artetak harrapatu izan balu eszena hori!

ARGAZKI
horretan dozena bat lagun besterik ez ziren kabitzen ordea, eta bitartean milaka ginen hiriburuetako kaleetan genbiltzanak, bailaraz bailara etorrita, zutabez zutabe osatuz multzoa. Ez zen poliziaren mehatxuak abenturaz eta erromantizismoz tintatzen zuen manifetakoa. Ertzain ilara bana aldamenetan, sobran ziruditen haietako batzuek zeramatzaten

pasamontañasak
eta momenturen batean astindu zituzten sirena hotsak. Artaldeko kide sentiarazten zaituen manifa horietakoa zen, apaltasun ariketa bat, heroismorik gabea, kontsignak oihukatzeko baino lagun zaharrekin hitz egiteko giro aproposagoa. Baten batzuek pertsiana jaitsi gabe zeuden taberna edo denda bakanetako kristalak apurtzeko gogoz geratuko ziren, emozio tanta batzuren truke; ertzainek adina, segurasko, multzoaren estilo patxadatsuak kendu zien hori burutik.
Estilo horretan, eta inori dominarik jarri nahi izan gabe, Bazuen zerikusirik manifestarien batez besteko adinak. Izan ere, 68 (gurean 70)eko belaunaldiaren hondarrak han baitzeuden. Manifestazio klase ezberdinak ezagututako jendea, 80ko hamarkada hortera eta bihozgabe horretan beherapenetan egonak, eta erreibindikazio eta jarrera kolektiboen indartzeak berriro ere kalera atera dituenak. Buzoduna izan beharrik gabe, langabezian egon gabe, egun horretan eskatzen zena gizartearentzat aurrerapausua dela konbentziturik, beren burua konprometitzen dutenak. Heroismorik gabe, berriro diot, baina ilusioz. Izan ere, asteko hogeita hamabost lanorduen eskaera panfletorik utopikoenetako puntu bat besterik ez zen duela hogeita bost urte. Orain hortxe dago, atarian. Hain hurbil dago, egon ere, Hendaiatik gora lege indarra duela. Horregatik, enpresarien elkarteetako bozeramaleen adierazpen apokaliptikoak ez dira oso sinesgarriak gertatzen, «topikoak» baizik, Elorrietaren hitzetan. Espero zitekeen papera ari dira jokatzen, baina bistan da ez zaiela komeni luzaroan gotortzea gizartearen bilakaerak berekin dakarren joeraren kontra.

BEHARBADA
horregatixe du balio erantsia huelga honek. Ez da lehertzear dagoenaren garrasia, hotz hotzean beretzako bezainbat besteentzako ere bizibide duin eta erosoa opa duenaren solidaritate ekintza baizik. Meritua ez da hainbeste soldata egun baten galtzea, jarrera hartzea baizik bakoitzak bere lantegian, bere inguruan, eta kalera irtetzea eszeptizismo antzuk alde batera utzita. Jarrera hartze horrek molestatu egiten baititu epelak, inoren eta ezeren kontra nabarmendu nahi ez dutenak, gauzak bere horretan egotearekin konformatzen direnak, hatz bakar bat mugizeko bildurrez, zuhurtzia xurkeriarekin nahastuta.
Maiatzaren 21ak, gainera, huelga orokor benetakoetan gertatu ohi denez, beste abantaila batzuk ere ekarri zizkigun: egunkariak irakurri beharrik ez, irratiaz musika lasai entzun ahal izatea eta telebista iragarkien eten gogaikarririk gabe ikustea, paseatzeko astiaz gain. Atsedena, azken batean, gainezka eginerazten digun zurrunbilotik at. Hurrengorik balego, manifestarientzat abituallamentu postuak jartzea iradokiko nieke sindikatuei, eta

mise en scène
modu berriak bilatzea, adibidez «Eusko gudariak»baino kanta aproposagoren batekin bukatzea


Azkenak
Eguneraketa berriak daude