EAJ-EA-EH AKORDIOAREN ITZALPEKO HAUTESKUNDEAK

  • dira. Udal hauteskundeak, Batzar Nagusiak, Nafarroako Legebiltzarra eta Europako Legebiltzarra. Guztia EAJ, EA eta EHk sinatutako akordioaren itzalpean.
Euskal Herriko hauteskundeek gehientsuenetan izan ohi dute pipermina arrazoi askorengatik: ea HBk gora ala behera egiten zuen; ea EAJk –garai batean– gehiengo absolutua lortzen zuen; EAJ eta EAren banaketaren ondoren, Carlos Garaikoetxeak gidatzen duen alderdia ea noraino iristen zen; popularren apurkako gorakada; Ezker Batuaren lorpen arrakastatsuak; UAren sorrera eta gainbehera; CDNren agerpena. Baina iazko urriko Eusko Autonomi Erkidegoko autonomikoek eta oraingo hauteskunde hirukoitzek marka guztiak hausten dituzte, arreta eta gogortasunari dagokionez.
Urriko EAEko hauteskunde autonomikoak, ETAk iazko irailaren 13an iragarritako su-etena eta Lizarra-Garaziko akordioaren itzalean hazi ziren. PPk eta PSE-EEk armairu zaharretatik ateratako maleten diskurtsoaren inguruan egituratu zen kanpaina. Abertzale eta ez abertzaleen arteko banaketa bultzatzen zuten mezuetan oinarritu ziren popular eta sozialistak. Hautesleek, nolabait bada ere, banaketa horren azpian egiazko errealitate bat ere badagoela erakutsi zuten beren botoekin. Bere burua hauteskundeetara aurkezten zuen indar berri bat ere bazen: Euskal Herritarrok, ezker abertzalearen marka elektoral berria, arrakastatsu agertu izan zena eta askoz urrutiago ere iritsi daitekeela erakutsi duena.
Denbora ziztu bizian abiatzen da Euskal Herrian; oraingoan hauteskunde hauei benetako itzala emango diena, EHk EAJ eta EAren gobernua sostengatzeko maiatzaren 17an sinatu zen akordioa izango da. Horrek eta horren inguruan sortutako ika-mikek daramate ostiralean hasi zen kanpainaren haria.
Aurreko hauteskundeetan maleten metaforak joko handia eskaini bazien batzuei, oraingoan Balkanetako Gerrak, serbiarrak eta Milosevic bera izaten ari dira konparazioetarako aktualitateko osagaiak. Irudi luke EHk izan beharko lukeela PP eta PSE-EEren mamu beltza, baina ez, EAJ da: Xabier Arzalluz bera eta Ibarretxe lehendakaria. Lehena, EAJren nazionalismo moderatua muturrera eramaten ari omen delako egurtzen dute. Bere gobernua

«ETAk zuzentzen duelako»
astintzen dute Jaurlaritzako burua. Tentsio uneak goia jo zuen Enrique Villar EAErako Gobernu Ordezkariak EH, EA eta EAJ «erahiletzat» jo zituenean; baina tenperaturak behera egin beharrean, Arzalluzek igoarazi zituen, EAJk Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne Ministroarekin harremanak apurtzen zituela iragarri zuenean. EHk presoak zerrendetan sartu izanak ere –HBren ohiko jarrera da– sukarra eragin du PPn. Teatro ugari eginez, popularrek EAJ eta EAri bizkarreratu diote EHren jarrera hori ere.
Udal hauteskundeak, Batzar Nagusietarako hauteskundeak, Nafarroako Legebiltzarrerakoak eta Europako Parlamenturakoak. Herritarrak hiru papertxo sartu beharko ditu hautesontzian. Kualitatiboki zein kuantitatiboki dira, beraz, garrantzitsuak hauteskundeok.
Inkestek era guztietako emaitzak iragartzen dituzte eta gainera hiru hauteskunde mota desberdin izatean emaitzak korapilatu egiten dira. Baina, oro har, ez bide da egundoko aldaketarik izango. Hori bai, orain arte euskal politikagintzan koalizioak mugatuagoak izan badira, aurrerantzean asko zabaldu daitezke bata edo bestearekin gobernua osatzeko aukerak. Gainetik begiratuta, EAJ-EA-EH ententeak bereak eta bi egingo dituela dirudi, gutxienez EAEko udaletxe gehienak hartuz. Laguntza behar dutenean IU-EBren sostengua ere lor dezake. Beste blokea PPk eta PSE-EEk osatuko lukete –Araban UAren laguntzarekin–, hauteskundeen aurretik akordiorik lotu ez badute ere, ondorengorako oso posible dela iragarri baitute. Maiatzaren bukaeran, PSOEko Politika Autonomikorako Idazkari Ramon Jauregik bat egin zuen Mercedes de la Merced PPko Formazio arduradunarekin:

«gure alderdiek bat egin behar dute fronte nazionalistaren aurrean».
Egungo egoera politikoan joera nagusi horiek ari dira indartzen baina emaitzek gauza asko alda dezakete. PP sozialistekin helduko da akordioren batera, baina PSE-EEk hartu berri duen norabideak –abertzaleenganako zubiak irekiz– zer eskaintzen duen ikusteko dago. Sozialistak aspaldi konturatu dira euskal kontuetan PPren segidismoa egiteak dakarkionaz. Baina alderdiaren egoera ez da bide berriei ekiteko onena. Arnaldo Otegik elkarrizketa batean zioenez, bide berri hori pertsona berberekin egitea aski zaila da, eta ez zaio arrazoirik falta.


EAJ-EA KOALIZIOA.

Urrian EH izan bazen hauteskundeetako kume berria, oraingoan EAJ eta EAk osatutako koalizioa izango da, ezagun zaharren artean osatutako bilgunea. Banaketaren hamairu urtera, bi alderdien batuketa baino gehiago lortzeko gai diren erakutsi beharko dute. Zauri zahar baten itxieraren hasiera ikusten du askok koalizioan. Beste askok, EAren amaieraren hasiera antzematen du.
Akordio parlamentarioa sinatu berri, EH indarrez dator hautesontzien plazara, urriko emaitzak hobetzeko esperantzan. Aurreikuspenek, gainera, hori iragartzen diote. Erantzukizunez betea dakar motxila, era guztietako instituzioetan –gobernuak barne– partehartzeko ateak zabalik dauzka eta. Alkatetza asko ere galdu dezake EAJ-EAk bildu ditzakeen botoen ondorioz. Gipuzkoako Diputazioan gobernukide izatea ere ezin da baztertu.
PPk bere politika gogorrarekin jarraitzen du, Euskal Herriko lubakiak Espainian boto ugari eman diezaiokeelakoan. Inkestek iragartzen dutenaren arabera, hala izango da Espainian. EAEn, PSE-EEren jarrera desberdinak zer lehia egingo dion ikusi behar, azkeneko hauteskunde guztietan popularrek sozialisten hauteslegotik eraman izan baitituzte botoak.
Txikitasunean kide izatera behartuta dirudite UAk eta IU-EBk, emaitzek ez baitiete aldaketa handirik iragartzen. UAren kasua gaitzagoa da, PPk egin ahalak egingo baititu Mosqueraren taldekoak irensteko.
Ezker Batuari dagokionez, urriko astinduaren ondoren berean jarraitu du eta ez dirudi gehiago galduko duenik, nahiz eta lehengo emaitzetara itzultzea ere gaitz ikusten den. Espainiar Estatuaren inmobilismoa mugiarazi gura duten ez abertzale eta ezkertiarren artean izan dezake bazkarik; aurreko batzuetan gertatu legez EHren askatik jatea, ostera, gaitzagoa izango zaio.


NAFARROAN UPN.

Arabara eta Nafarroara begira egongo dira soegile eta herritar asko ekainaren 13ko gauean. Arabara, estatalista eta abertzaleen arteko lehia gogorra izango delako. Nafarroara, besteak beste, abertzaletasunak zein emaitza izango duen ikustera, apustu berriak egin baititu. Batetik EH Nafarroako hauteskunde batzuetara aurkezten den lehenengo aldia da. HBren 1995eko ia 24.000 botoak eta Batzarreren 6.000 paseak baino gehiago lortuko dituztelakoan dira nafar ezker abertzalekoak. 79an HBk lortutako 40.000 botoak gainditu nahi dituzte. Inkesta gehienek emaitza onak ematen dizkiote EHri baina bada 95ean HBk lortutakotik gertu uzten duena ere, adibidez «El Mundo» egunkariak.
Abertzaleen beste berrikuntza Nafarroan EA-EAJ koalizioaren eskutik dator. Jeltzaleen banaketa nonbaiten gogorra izan bazen, Nafarroan izan zen. Zauri zaharrak akaso itxi barik egon arren ere, indarrak batzeko gai izan dira, lehendakaritzarako hautagaien artean, emakume bakarra aurkeztuz: Begoña Errasti. 20.000 botora iritsiko ote?
Baina Nafarroak badu garailea: UPN. Inkesten arabera zalantza bakarra, ea 20tik gora zenbat parlamentari lortzen dituen (95ean 17). PPrik ez da Nafarroan baina azken boladan ez dira gutxi izan Nafarroatik pasatu diren PPko buruzagiak, UPN sostengatzera: Jose Mari Aznar, Loyola de Palacio, Javier Arenas, Jaime Mayor Oreja, Angel Acebes, Mariano Rajoy... Nafarroak Estatu arazoa izaten jarraitzen du.
Gero gobernua nola osatzen duen ikusi behar, baina sozialistekin egindako aurreko legealdi akordioak errepika daitezke berriro. Juan Cruz Alliren Convergencia Democraticarekin ere errepika daiteke gobernu koalizioa, nahiz eta

nafar azeriak
ondoratzea ezagutuko bide duen. PSNk Juan Jose Lizarberekin du erronka; aurreko ustelkeria kontuak gainditzea lortu duen ikusiko da baina zailtasunik ez zaio falta, orain arteko bere ibilbideak erakutsi duen legez. Gobernuak eskuintiar jarraituko du ala, ezustekoa emanez, koalizio zabalik sortuko da? Erantzuna 13an


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude