"OBRA IKUSITA `ERREGIMEN'EKO MAISUEK ZORIONDU GAITUZTE"


1999ko maiatzaren 30ean
Obrak Bartzelonan zazpi hilabete eman ditu, «El Grec» Jaialdiko ezustekoa, Madrilen beste zortzi etengabe. Zein da «El Florido Pensil»i eman diozuen ongarria?
Nik uste zenbait elementu biltzen dituelako izango dela; «katarsis» kolektiboa pizten du. Alde batetik, iraganeko mamuekin jokatzen duelako. Jendeak oroimenean iltzatuta dituen bizipen piloa ekartzen dizkio gogora. Bestetik hizkuntzaren gatazka plazaratzen da. Obra liberatzailea da, gazte jendearentzako ere, «gurasoen txapa» entzun beharrean ikusi egiten dutelako. Era berean, eskola, nahiz eta aldatu egin den, oraindik badu alderdi konprenigaitz hori, alegia, zertarako balio dit hau ikasteak? Ikasleen arteko lehiak ere hor dirau. Horrelakoa izan behar duzu, gehien ikasten duena da garailea.
Ahoz ahokoa ere oso lagungarri izan zaigu, Baina honetaz aparte, badu beste zerbait «deskribaezina» jendea erakarri duena. Izatez, ez da formula bat jarraitzen duen antzezlana, ez dago izen ezagunik, ekoizpen xumea da «El Hombre de la Mancha» obraren ondoan. Dena den, zentzu teatralean ez da Tanttakak burutu duen lanik borobilena; niri behintzat, «Agur Eire, agur» hobea iruditu zitzaidan.

Nola heldu zenion egokitzapenari? Zer erantsi diozu obrari liburuan ez zegoena?
Guillem Jordi Graels dramaturgoak nire urtebetetzean Sopeñaren liburua oparitu zidan, inolako asmorik gabe. Irakurtzean, kontxo! esan nuen; honekin egin liteke zerbait. Donostiako «Mundaiz» Ikastetxean ikasitakoa naizenez, giro hori bizi izan dut, antzezlaneko pupitreak nik neuzkanak dira. Abiapuntua beraz, bost heldu umez jantzita eta bost pupitre izan ziren. A ze matraka jasan behar izan genuena! Baina ez 50 urteren bueltan dabiltzan gizonen begipean, inozentziaren ikuspegitik baizik. Halaxe, umeak txandaka ikasle bilakatzen doaz. Behin molde narratiboa daukazula tiraka hasten zara.
Liburuaren muina bere horretan utzi dugun arren, eszena berriak ere asmatu ditugu; adibidez: liburuan ez da sexua ikutzen, apaizaren eszena bat sartu dugu katekesian. Pertsonaia bakoitzaren ingurune soziologikoan ere sakontzen dugu. Aipatzen ez den arren, Eibar edo Bergaran dago girotua, baserriko «kasheroa», aberatsaren seme sasi-ilustratua azaltzen dira. Hizkuntzaren kontuak asko aberastu du istorioa. Maisuarekin euskaraz kanpoan eta gazteleraz barruan. Amaieran ere bost umeren biografia ematen dugu, zer bilakatu ziren, eta abar. Hain zuzen, Andres Sopeña egileak, nahi genuena egiteko esan zigun, antzerkiaz ezer ez dakit eta! Liburuan dagoen Santuen ikonografia oso polita da, tamalez, ezin izan dugu horrekin gehiegi jokatu. Amaierako epilogoa propio idatzi du, Frankok testuliburuetan ipinarazten zituen esaldiekin eta.

Gaur egungo publikoak «ikus-entzunezko» heziketa bat edukitzeak zenbaterainoko eragina dauka antzezlanak taxutzerakoan?
Bai, eragin handia du. Azken 30 urteotan publikoaren gustua ere aldatu egin da, ikus-entzunezko heziketa izugarria dugu, informazioa gureganatzeko modua askoz sintetikoagoa da, klasikoak hor egonda ere. Hori da gure erantzukizuna, baina politikari edo sortzaileok askoz atzerago gaude publikoaren ondoan, «El Florido Pensil»en molde narratiboak ez dio ikusleari dena «bandejan» ematen, hori eskertu egiten du. Euskararen kontua ere onera doa. Iaz «Dakota» euskaraz estreinatzeko zenbait emanaldi egin genituenean, gehiegi zela esan ziguten; ba, leporaino egon zen egunero.

Pako Sagarzazu, Mikel Garmendia, Jose Ramon Soroiz, Kike Diaz de Rada eta Zorion Egileor. Egokitzapena egiten ari zinela boskote hori al zenuen buruan? Zer nabarmenduko zenuke aktore bakoitzagandik?
Bira oso luzea izaten ari denez, hasierako boskotea aldatuz joan da. Gisa honetan beste gauza batzuk egin ditzakete. Baina egia esanda, liburua egokitzen ari nintzela, haien irudia ikusten nuen esaldiak esaten. Beren neurrira egina dago, bakoitzaren izaera kontuan hartuta. Banan banan hasiz gero, Mikel Garmendiaren ironia nabarmenduko nuke. Ikuskizuna oso gertukoa egiten zaio, garai hura bete betean bizi izan zuelako. Soroizek berriz, saltzeko gaitasun ikaragarria du, barruko kemena, edozer sinesgarri egiten du. Beste batek esanda ez du graziarik; logikatik ateratzen den dohaia du. Hurrengoa, Pako Sagarzazu; ba, erregistro aldaketa handia egiten du umea eta helduaren artean. Nabaritzen zaio irratian «Doña Elvira»ren rola urtetan antzeztu izana. Kike Diaz de Radaren pertsonaia ez da erraza, ez baitu halako esaldi barregarririk. Baina, herriko aberatsaren semearena egiten badu ere, jakin izan du pertsonaiari alde «hauskorra» ematen. Azkenik, Zorion Egileorrek ondo ematen du pobrearen rola egiten; pianojole aparta da, gainera. Azken batean, nork bere «ni»a erabiltzen du; beraien arteko «kimika» oso ona izan da, gainera.

Hiru urteren buruan, anekdota franko edukiko dituzue kontatzeko, ezta?
Bai, mordoska ditugu. Onak gehienak. Esaterako, Granadako herri batera joan, eta hara non akomodadorea gugana hurbiltzen zaigun, «ni naiz Andres Sopeñari sarrera mozten ziona» hau da, liburuan agertzen den antzoki berean ginen. Burgoseko herri txiki batean berriz, soinketako irakasle herrena agertzen denean, mundu guztia atzera begira jarri zen norbaiten bila; pertsonaia hori nonbait benetakoa zen. Beste hainbeste inspektore Falangistaren agerraldian. Gertatu zaigu ere bizirik geratzen diren «errejimen»eko maisu eta maistrek zorionak ematea, inolako erresuminik gabe. Txarretik ere izan dugu. Madrilen tramankulu Frankista guztiak ostu zizkiguten, bandera, argazkiak, gertatu izan zaigu behin kontratua eginda zegoela, ia antzezteko bezperan zinegotzi edo alkate batek emanaldia suspenditzea, bonba mehatxuak edo telegramak ere ez dira falta izan.

Zimeldu arte mantenduko al duzue lorategia?
Eskatzeari uzten duten arte iraungo du. Zertarako laga funtzionatzen duen zerbait? Izan garen tokietara bueltatzen ari gara. Iaz, Bilbora bigarren aldiz joan ginenean, uste genuen ez zuela hain harrera onik jasoko. Bada, emanaldi guztietan Arriaga leporaino bete zen.

3X3 konpainiaren «Dakota» obrak katalanez arrakasta handia erdietsi du, hemen ostera, ez hainbeste.
Hemen ere ondo ari gara egiten. Ez da nik ekoiztu dudalako baina oso momentu onak dituen lana da. Faktore askoren arabera izaten da gustatzea ala ez, egun horretan ze aldarte duzun, norekin zauden... Nahiz eta nekez lortuko duen «El Florido Pensil»en oihartzuna, antzezteko «Dakota» askoz ere zailagoa da bestea baino. Eszena bikainak dauzka, afaltzen ari direla, Apaolazak Ramon Agirre haginlariari aitortuarazi nahi dionekoa emaztearekin oheratzen dela. Komedia naturalista da, gai garaikideak oinarritzat hartzen dituena.

Zeintzuk dira esku artean dituzun proiektuak.
Niri erronkak gustatzen zaizkit; kontatzeko era ezberdina dela, eszenaratzea dela, eta abar. Horren haritik Tanttakaren lan guztiak oso anitzak izan dira, «Flaeminio», «Denak errudun», «Umekeriak» bakarrizketa. Hortaz, gure hurrengo egitasmoa ere ezberdina izango da. Alessandro Bariccoren «Novecento» izeneko bakarrizketari helduko diogu. Duela gutxi film bat egin du Tim Roth aktore britaniarrak, oso komertziala izan arren, nahikoa ongi dago egokitua. «Ozeanoko pianojolearen kondaira» du izena. Ontzi batean bizi den pianojole umezurtzaren istorioa kontatzen du. Ez da inoiz lehorreratu, ez du beraz, agiririk. Bera jaso zuen gizon beltza hiltzean, bakarrik geratu eta ospe handiko jazz band batean jotzen hasiko da. Gauzak okertuko dira ordea. Ontzia mugertuta dagoenez, jaitsi dadila ohartaraziko diote, lehertu egin behar dute eta. Baina berak uko egingo dio alde egiteari. Bakarrizketa eta musika nahastuko dira, Pinpix (Soroiz) euskaraz eta Kike Diaz de Rada gazteleraz, Iñaki Salvador pianoan dutela. Errelismo fantastiko kutsuko obra da. Gizon hau eguneroko kapritxo arrunten aurrean bizkarra emanda bizi da, gizartearen zurrunbilotik kanpo. Jendeak galdetzen dit: zergatik ez duzu emakumeen «Pensil» bat egiten? Ba, ez. Zerbait ezberdina egin behar da. Horri lotua, beste proiektu batean ere ari gara: «Emakumeak beren oheetan», bost emakumezko, bakoitza belaunaldi batekoa. Nork bere adineko hainbat pertsonaia egingo ditu, beti ere leku ezberdinetan, ariketa espiritualak, hotelak, ospitaleak; sexualitatearen inguruko hausnarketa bat izango da.

Iñaki Salvador kanpoan musikari mirestua da. Hemen ez da sobera ezaguna. Orokorrean, gure sortzaileek ez dute merezi bezalako onespenik jasotzen. Ez al zaizu iruditzen hemen ez dakigula gure abagune kulturala saltzen?
Bai, jakina. Hemen ez dugu Katalunian sortzaileen alde egiten duten defentsa. Hangoa mitifikatu gabe, baina egia da, ez dakigu gure abagune kulturala baliatzen. Inoiz ez bezala egon arren, kanpoan arrakasta lortu arte oharkabean pasatzen gara. Adibide ugari dago. Ur konpainiari duela hiru urte «Antzerkiko Sari Nazionala» eman arren, ze oihartzun izan du? Hutsaren hurrengoa. «El Florido Pensil» Madrilen estreinatu genuen arte ETBkoei ez zitzaien argia piztu gure berri eman behar zutela. Orain ere, telebistan eman berri dute. Konparazioa egin «Arcilla Sarietan» gehienera «Euskal talderik onenaren saria» irabaz dezakezu, ez ordea, sari orokorra. Bost axola zaizkit sariak baina hala da. «El Florido Pensil» estatu mailan garrantzitsuenak diren «Max sarietarako» izendatua dago. 5.000 profesionalen botuak jasotzen ditu, horietatik 3.000 Kataluniakoak, 1.000 Madrilgoak eta gainerakoak, elkargoetakoak. Horren berri eman ordez, kontrakoa egiten dugu hemen. Ahal bada ondokoa txikitzen saiatzen gara. Hala ere, noizbait gurea baloratzen hasiko ote garen itxaropena ez dut galtzen


Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude